272. ALDIZKARIA - 2020ko azaroaren 20a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.1. Kargu-uzteak, izendapenak eta bestelako egoerak

384/2020 FORU AGINDUA, azaroaren 6koa, Eskubide Sozialetako kontseilariak emana, Olga Cuairán Yeregui andrea behin-behineko zentroko zuzendari izendatzen duena Sesmako Virgen del Carmen egoitzarako.

COVID-19aren agerraldi bat detektatu da Sesmako Virgen del Carmen egoitzan, zeinak baimena baitauka adinekoentzako egoitza-zentro gisa 42 lagun hartzeko. 2020ko azaroaren 7an, agerraldiak 22 egoiliarri eta zentroko bi langileri eragiten zien.

Aurreko asteetan, Eskubide Sozialetako Departamentuko Ikuskapen Zerbitzuak eta Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko Lan Osasunaren Zerbitzuak bisitatu zuten egoitza, bi zerbitzuak zentro soziosanitarioetara joaten ari baitira laguntzera beharrezko prebentzio neurri egokiak har daitezen SARS-COV2 birusaren transmisioa prebenitzeko establezimendu horietako egoiliarren artean.

Bisita horietan, zailtasunak atzeman ziren erabiltzaileen sektorizaziorako, eta handitzat jo zen erabiltzaileen arteko transmisio arriskua, inor kutsatzen bazen.

Agerraldia atzemandakoan, Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziak aztertu zuen beharrezkoa zen zuzendaritzari laguntzea antolamenduan beharrezko neurriak har zitzan ukitutakoak eta kontaktu hurbilak bakartzeko, birusaren hedapenari eustera begira.

Azaroaren 6an, ostiralarekin, ahozko proposamena igorri zitzaion fundazioko patronatuari. Hura, egun berean, Agentziak krisi garai hauetan esku hartzearen alde agertu zen guztiz, eta eskatu zuen COVID-19aren osasun krisia kudeatzen esperientzia handiagoa zuten langileek esku har zezatela Sesmako egoitzan, normaltasuna azkarrago berreskuratzeko.

Koronabirusaren (COVID-19) osasun krisiak eragindako inpaktuari aurre egiteko premiazko neurriak onesten dituen apirilaren 6ko 7/2020 Foru Legearen 4. artikuluak ezartzen duenez, alde batetik, Eskubide Sozialetako Departamentuak zentro soziosanitario berriak abian jartzen ahalko ditu, horien bidez indartzeko edo modu alternatiboan emateko sektore kalteberek edo COVID-19aren ondoriozko osasun krisiak nahiz krisi horren kariaz harturiko neurriek ukitutako kolektiboek behar duten arreta, eta, bestetik, Eskubide Sozialetako Departamentuak abian jartzen dituen behin-behineko zentro soziosanitario horietako zuzendaritza postuak izendapen librearen bidez beteko dira, Nafarroako Administrazio Publikoetako bateko edo horietako bati atxikitako funtzionarioen artetik, Eskubide Sozialetako kontseilariaren foru agindu baten bidez.

Espedientean jaso dira egoitzaren egoerari buruzko Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziak emandako txosten-proposamena, patronatuarekin hartutako erabakia eta zentroko zuzendari izateko pertsonaren betekizunak.

Horrenbestez, bidezkoa da Sesmako Virgen del Carmen egoitzako behin-behineko zentroko zuzendaria izendatzea.

Horregatik guztiagatik, Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziaren Estatutuak onesten dituen azaroaren 6ko 301/2019 Foru Dekretuan eta koronabirusaren (COVID-19) osasun krisiak eragindako inpaktuari aurre egiteko premiazko neurriak onesten dituen apirilaren 6ko 7/2020 Foru Legean ezarritakoarekin bat,

AGINTZEN DUT:

1. Sesmako Virgen del Carmen egoitzan behin-behineko zentro bat abian jartzeko baimena ematea, bertako egoiliarrek behar duten arreta indartzeko eta modu alternatiboan emateko.

2. Olga Cuairán Yeregui andrea izendatzea Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako behin-behineko zentro horretako zuzendari (50 toki baino gutxiagoko behin-behineko zentro batekoa).

3. Foru agindu hau jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan, Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako Kudeaketaren eta Baliabideen Zuzendariordetzari, Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiko Langileriaren Gastuaren Kontrolaren eta Nominen Zerbitzuari eta Langileriaren Kudeaketako Zerbitzuari, ukitutako egoitzari eta izendatutako pertsonari.

4. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2020ko azaroaren 6an.–Eskubide Sozialetako kontseilaria, M.ª Carmen Maeztu Villafranca.

Iragarkiaren kodea: F2013381