272. ALDIZKARIA - 2020ko azaroaren 20a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

146E/2020 EBAZPENA, urriaren 30ekoa, Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez ingurumen ukipenetarako baimena ematen baita proiektu honetarako: autokontsumorako 132 kW-eko eguzki-instalazio fotovoltaiko bat jartzea Funesko hondakin-uren araztegian, Funesko udal-mugartean. Sustatzailea Nafarroako Toki Azpiegiturak SA (NILSA) da.

2020ko ekainaren 1ean, Biodibertsitatearen Zerbitzuan sartu zen aipatutako espedienteari dagokion ingurumen ukipenetarako baimen eskaera. Espedientea abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko I. epigrafean (energia instalazioak) jasotzen direnetakoa da. Foru dekretu horren bidez onetsi zen Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du ingurumen ukipenetarako baimenak barne hartuko duela lurzoru urbanizaezinean baimen daitezkeen jardueretarako baimena ere, eta uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuak, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duenak, 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela.

Proiektatutako jarduketaren xedea da soberakinik gabeko autokontsumorako eguzki-instalazio fotovoltaiko bat instalatzea, Funesko hondakin-uren araztegiaren (HUA) eremu hesituaren barnean.

HUAren inguruan, honako hauek daude: 750 metro mendebaldera, Funes; 400 metro iparraldera, NA-6630 errepidea, Funes eta Martzilla artean; 1,6 km iparraldera, “Sotos Gil y Ramal Hondo” natura-erreserba; kilometro bat mendebaldera, Arga ibaia; 1,4 km hegoaldera, Arga eta Aragoi ibaien elkargunea; eta 200 metro hegoaldera, Madre Vieja lekunea, Soto Sardillas ibarbasoan. HUA dago Soto Sardillasko meandro abandonatuaren mugen artean, Arga ibaiaren ezkerraldeko bazterrean, non HUA aipatu meandroaren eskuinaldean baitago, ur-ibilgutik 130 metrora, gutxi gorabehera, “Aragoi eta Arga ibaien beheko tarteak” ES 2200035 KBEtik 20 metrora, harengandik hurbilen dagoen puntuan.

NA-6630 errepidetik sartzen da, pista batetik, meandro abandonatuaren ibilgua zeharkatu ondoren. Ureztalurrez inguratuta dago, eta bada ubide bat HUAren ekialdetik eta hegoaldetik igarotzen dena, eta, makaldi bat zeharkatu ondoren –KBEaren barnean–, meandroaren ubidera iristen dena, Madre Vieja lekunean. Han, askotariko landaredi naturala dago, eta habitat egokia da espezie babestu ugarirentzat, izan ugaztun –adibidez, bisoi arrunta (Mustela lutreola) eta igaraba (Lutra lutra)–, narrasti –esaterako, apoarmatu istilzalea (Emys orbicularis)– nahiz hegazti.

Proiektatzen da 384 modulu fotovoltaiko jartzea, 24 paneletan banatuak (16 modulu panel bakoitzeko). Modulu horiek araztegiaren inguruko itxituraren barruan kokatuko dira, HUAren hegoaldeko eta mendebaldeko lurzoruan, eta guztira 1700 m² hartuko dituzte. Ezpondaren perimetroan paratuko dira, bi mailatan: lerro bat ezpondaren oinarrian, eta bestea haren gainean. Zoruan ainguratutako altzairuzko egituren gainean kokatuko dira, eta panelak uholde-mailaren gainetik altxatuko dituzte. Lau inbertsoreri konektatuta egonen dira, eta horietako bakoitzetik zuzenean injektatuko da energia instalazioko koadro orokorrera. Proiektatzen da lorategi-zonako 3 zuhaitz oin kentzea: zurzuri bat (Populus alba), astigar bat (Acer negundo) eta ezki bat (Tilia platiphyllos). Hirurak tamaina ertainekoak dira. Ingurumen-ukipenen azterlanean proposatzen da plaka foltovoltaikoen altuera aldatzea lurzoruari dagokionez, uholde-mailarik txarrenetik gora jartzeko. Maila hori 1,5 metrokoa da ezpondaren gainean, eta 2 metrokoa, berriz, haren oinarrian kokatutakoen kasuan.

Lurraldearen Antolamenduaren Atalak aldeko txostena eman du. Ingurumen Eraginaren Atalak aldeko txostena eman du, baina baldintza batzuk ezarrita.

Ikusirik espedientean dauden txostenak, eta erabiliz Ingurumeneko zuzendari nagusiaren azaroaren 8ko 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordetutako eskumenak,

EBAZTEN DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea proiektu honetarako: autokontsumorako 132 kW-eko eguzki-instalazio fotovoltaiko bat jartzea Funesko hondakin-uren araztegian, Funesko udal-mugartean. Sustatzailea Nafarroako Toki Azpiegiturak SA (NILSA) da.

2. Baimen honek neurri hauek aplikatzeko betebeharra ezartzen du:

Ingurumen arlokoak:

–Materialak pilatzeko gunea araztegiaren eremuaren barnean kokatuko da.

–Arreta berezia jarriko da errepidetik sartzen diren ibilgailuen joan-etorrietan, eremura sartzeko meandroaren ibilgua zeharkatzen baita, eta kontu handiz erabiliko dira gasolioa, olioak edo hormigoia eta bestelako gai kutsagarriak obrak gauzatzeko lan guztietan.

–Lur mugimenduak euri aldiez kanpo eginen dira.

–Baimendutako hondakin kudeatzaile batek kudeatu beharko ditu obran bertan erabiltzen ez diren hondeaketako soberako lurrak. Sortzen diren gainerako hondakin guztiak era egokian kudeatu behar dira, haien ezaugarrien arabera, bat etorriz hondakinei buruzko araudi indardunarekin.

–Obratik hurbilen dauden eta ukituko ez diren zuhaitzak babestuko dira, enborrean eta adarretan kalterik ez sortzeko.

–Sustatzaileak obrak hasi baino 48 ordu lehenago jakinaraziko dio Ingurumena Zaintzeko Atalari (Tuterako Koordinazio Unitatea), obra-zuinketa egiaztatzeko. Horretarako, mezu elektronikoa bidali beharko du gmatudela@navarra.es helbidera edo 609-904957 telefonora deitu.

–Lanak bukatuta, garbitzeko kanpaina bat eginen da, proiektuaren jarduketa eremuan gelditzen diren hondar eta zabor guztiak kentzeko.

Hirigintza arlokoak:

–Baimen honek soil-soilik balio du soberakinik gabeko autokontsumorako eguzki-instalazio fotovoltaikoaren instalazioak (moduluak, panelak, inbertsoreak, koadroak, etab.) ezarri eta gauzatzeko, aurkeztutako dokumentazioaren eta baimen honek ezartzen dituen determinazioen arabera.

–Jarraituko zaio egin diren eta espedientean jaso diren txosten sektorialetan xedatutakoari, eta/edo kasuan kasuko baimenetan xedatzen denari.

–Bat etorriz Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak 2020ko irailaren 25ean emandako txostenarekin:

  • Instalazioa urpean gera daitekeenez plakaren euskarriaren aldean, sustatzaileak bermatu behar du egiturak uholde bat jasaten ahal duela.
  • Sustatzaileak, jarduera hasi baino hilabete lehenago gutxienez, Ebroko Konfederazio Hidrografikora bidali beharko du uholde-arriskua duten eremuetako jarduketetarako erantzukizunpeko adierazpena, aplikatuz 9bis.3 eta 14bis.3 artikuluak. Helbide honetan dago aipatu aitorpena:

http://www.chebro.es/dph/documents/modelodeclaracionresponsableinundaciones.pdf

–Egin gogo den jarduerak uki ditzakeen edo hartarako trabagarri izan daitezkeen azpiegiturei eta zortasunei dagokienez, sustatzaileak, obrak egin baino lehen, behar diren kontsultak eginen ditu, eta, hala badagokio, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetatik.

Zehazki, sustatzaileak dagokion arroko erakundearen baimena eskatu beharko du.

–Bat etorriz Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 117.4 artikuluan xedatutakoarekin, ebazpen honen bidez babesten diren jarduera edo jarduketak egin edo martxan jarri beharko dira baimena eman eta bi urteko epean gehienez. Epe hori iragandakoan, baimenaren ondorioak bukatuko dira, eta ez du eraginkortasunik izanen. Jarduera uzteak berekin ekarriko du jardueraren titularrak ukitutako lurrak leheneratu beharra, gehienez ere bost urteko epean, eraikuntzak eraitsita eta/edo kenduta. Ildo horretan, eta bat etorriz Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 119. artikuluarekin, lizentzia eman baino lehen, udalak sustatzaileari eskatuko dio aitorpen baten bidez konpromisoa har dezala, baimendutako jarduera utziz gero, bost urteko epean, gehienez, lurzorua leheneratzeko.

3. Proiektuaren ingurumen ukipenetarako baimena eskuratzeko ezinbestekoa da 3.000 euroko fidantza jartzea, baimendutako jarduerak kalterik sortzen badu horiek leheneratu edo gutxituko direla bermatzeko.

4. Baimen honek, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen ditu; izan ere, artikulu horretan lurzoru urbanizaezinean eginen diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira.

6. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

7. Ebazpen hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Lurraldearen Antolamenduaren Atalera, Funesko Udalera, Ingurumena Zaintzeko Atalera (Tuterako Koordinazio Unitatea) eta interesdunari.

Iruñean, 2020ko urriaren 30ean.–Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Enrique Eraso Centelles.

Iragarkiaren kodea: F2012984