271. ALDIZKARIA - 2020ko azaroaren 19a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

324E/2020 FORU AGINDUA, azaroaren 5ekoa, Osasuneko kontseilariak emana, zeinaren bidez profesionalak gaitzeko prozedura ezartzen baita, aho-hortzak zaintzeko zerbitzuak eman ditzaten Haurren Aho-hortzetako Osasun Laguntzaren Programaren esparruan (PADI), Nafarroan.

Abenduaren 28ko 249/2011 Foru Dekretuak arautzen du Nafarroako Haurren Aho-hortzetako Osasun Laguntzaren Programa. Eta hark xedatzen duenez, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak bermatu behar du Nafarroan bizi diren 6 urtetik 15era bitarteko haurren aho-hortzetako osasun laguntza oinarrizkoa, zeina doakoa izanen baita.

Foru dekretu horren 1. artikuluarekin bat, Nafarroan honako hauek artatzen ahalko dituzte Haurren Aho-hortzetako Osasun Laguntzaren Programaren onuradunak: Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko odontologo nahiz estomatologoek, edo sektore pribatukoek, baldin eta horretarako ituna egina badute.

Sektore pribatuak, orain arte, programa horretako arreta-zerbitzuak eman ditu esparru-akordioen babesean eta kontratazio publikoko arauei jarraikiz adjudikatutako kontratuen bidez. Prozedura horretan, bere burua eskaintzen zuten interesdun guztiak hartzen ziren, baldin eta deialdiko baldintzak betetzen bazituzten. Ez zen ezartzen eskaintzak alderatu edo balioztatzeko irizpiderik; ez zen mugatzen adjudikaziodunen kopurua, eta adjudikaziodun berriak sartzen ahal ziren esparru-akordioaren indarraldi osoan zehar. Sistema hori, alabaina, ez zaio ongi egokitzen kontratu publikoaren definizioari, Europar Batasuneko Justizia Auzitegiaren jurisprudentziak ezarri duenaren arabera.

2014/24/EB Zuzentarauak 4. kontuan hartuzkoan ezartzen du ezen, baldintza jakin batzuk betetzen dituzten operadore guztiek zeregin jakin bat egiteko baimena dutenean inolako hautapen-sistemarik egon gabe, horrelako egoerak ez direla berez kontratazioak, baizik eta baimen-araubide soilak.

Beste alde batetik, 2014/23/EB Zuzentarauak 54. kontuan hartuzkoan onartzen duenez –gizarte, osasun eta hezkuntzako zerbitzuei dagokienez eta aintzat hartuta horiek zerbitzu delikatuak direla–, agintari publikoek askatasuna dute zerbitzu horiek beraiek emateko edo zerbitzu horiek emakidarik egin gabe antolatzeko, esaterako, horien finantzaketa sinple bat eginez. Beste aukera bat da operadore ekonomiko guztiei lizentziak eta baimenak ematea, baldin eta betetzen badituzte botere edo entitate adjudikazio-emaileak aldez aurretik jarritako baldintzak, muga edo kuotarik ezarri gabe; horretarako, agintari publikoek behar adinako publizitatea egin behar dute, eta errespetatu behar dituzte gardentasunaren printzipioa eta diskriminaziorik ezaren printzipioa.

Azkenik, Kontratu Publikoei buruzko apirilaren 13ko 2/2018 Foru Legeak gure ordenamendua egokitu zuen aipatutako araudi europarrarekin bat egin zezan, eta 7.1 j) artikuluan, osasun-zerbitzuak emateko sistema hau bere aplikazio-eremutik kanpo utzi zuen.

Horren ondorioz, foru agindu honen bidez prozedura eraginkor bat ezartzen da, gardentasuna eta tratu-berdintasuna bermatzen dituen bat. Prozedura horrek sektore pribatuko profesionalei aukera ematen die gaikuntza eskuratzeko, aho-hortzak zaintzeko zerbitzua eman dezaten Nafarroako Haurren Aho-hortzetako Osasun Laguntzaren Programan sarturik, ezartzen diren baldintza eta betekizunekin, eta zerbitzua kalitatez emateko bermeekin.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak ematen dizkidan eskumenak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. artikulua. Xedea.

Foru agindu honen xedea da prozedura bat ezartzea, estomatologiako mediku espezialistak, odontologoak eta hortzak zaintzeko helburu soziala duten pertsona juridikoak gaitzeko. Gaikuntza horri esker, aho-hortzak zaintzeko zerbitzua ematen ahalko dute Nafarroako Haurren Aho-hortzetako Osasun Laguntzaren Programan sarturik (PADI), zeina abenduaren 28ko 249/2011 Foru Dekretuak arautu baitzuen.

2. artikulua. Gaikuntzarako baldintzak.

1.–Haurren Aho-hortzetako Osasun Laguntzaren Programako osasun-arreta emateko gaituak izaten ahalko dira honako baldintza hauek betetzen dituzten pertsona fisiko edo juridikoak:

a) Hortz kontsulta edo klinika baten titularra izatea.

b) Hortzak zaintzeko zerbitzua ematea Nafarroako Foru Komunitatearen lurraldean dagoen kontsulta batean edo kontsulta batzuetan.

c) Hortzak zaintzeko zerbitzua emateko kontsultak edo kontsultek edukitzea osasun-zentro gisa aritzeko funtzionamendu baimena, Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuak emana; gainera, kontsulta horiek aparatologia egokia edukitzea, hortzak zaintzeko programa honetako osasun-zerbitzua emateko behar den aparatologia, alegia.

2.–Gaikuntza horri esker aho-hortzetako arreta ematen duten profesional guztiek honako betekizun hauek beteko dituzte:

a) Odontologo titulua edo estomatologiaren arloko mediku titulua izatea, legeria indardunaren arabera jarduera profesionalerako bidea ematen diona.

b) Parte hartzea Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak aldian-aldian antolatzen dituen eguneratze-ikastaroetan.

c) Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak ematen dituen jarraibide eta gomendioak betetzea.

d) Lanbide Elkargoei buruzko legeria indarduna betetzea.

e) Gaikuntza aldian zehar edukitzea erantzukizun zibil profesionaleko poliza bat, indarrean dagoena eta bere gain hartzen dituena Programako pazienteei egiten zaizkien kalteak; urte baterako gutxienez ere 300.000 euro izanen ditu.

3. artikulua. Gaikuntza lortzeko baldintzak.

1.–Pertsona fisiko edo juridiko batek aho-hortzak zaintzeko zerbitzua eman nahi badu abenduaren 28ko 249/2011 Foru Dekretuarekin bat, aurkeztu beharko du gaitzeko eskabidea, foru agindu honen I. eranskineko ereduaren araberakoa. Pertsona horrek foru agindu honen 2. artikuluko betekizunak bete beharko ditu. Eskabidearen batera aurkeztuko du I. eranskinean agindutako dokumentazioa.

2.–Horretarako, interesdunek gaikuntza eskabideak aurkezteko epea abiaraziko da urte bakoitzeko lehen seihilekoan, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko kudeatzaileak ebazpen bat emanda, zeina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko baita.

3.–Eskabidea (I. eranskina) digitalki sinatuko da, eta Nafarroako Gobernuaren Erregistro elektronikoaren bidez aurkeztuko, edo, bestela, horretarako jartzen den sistema telematikoaren bidez. Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Aho-hortzetako Osasunaren Atalari zuzenduko zaio.

4.–Aurkeztutako dokumentazioak akatsak baditu edo zalantzak sortzen baditu, eskatzaileari zuzentzeko edo argitzeko eskatuko zaio, edo beharrezkotzat jotzen den dokumentazioa ekartzeko. Hori egiteko hamar egun balioduneko epea eman, eta adieraziko zaio epe horretan egin ezean bere eskaerari uko egin diola ulertuko dela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearekin bat.

5.–Haurren Aho-hortzetako Osasun Laguntzaren Programaren esparruan osasun-arreta emateko gaikuntza honek gaikuntza eman ondoko urtean izanen ditu ondorioak, eta haren indarraldia mugagabea izanen da. Horretarako, interesdunek adierazpen bat aurkeztu beharko dute, gaikuntzako baldintzei eusten dietela dioena, eta aldaketarik izan bada, horien berri emanen dute (hori guztia, foru agindu honen II. eranskinarekin bat). Adierazpen hori urtero aurkeztuko da, artikulu honen 2. apartatuan adierazitako epean. Adierazpena aurkezten ez bada, gaikuntza automatikoki iraungiko da.

6.–Gehienez ere 3 hilabeteko epean (eskabideak aurkezteko epea bukatzen denetik aitzina kontatzen hasita), Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko kudeatzaileak ebazpena emanen du, gaitutako pertsona fisiko eta juridikoen zerrenda onesteko. Ebazpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

4. artikulua. Gaitutakoen betebeharrak.

Gaikuntza erdietsi duen pertsona fisiko edo juridiko orok honako betebehar hauek beteko ditu, gaikuntzaren indarraldian zehar:

a) Bermatzea betetzen direla gaikuntza lortzeko eskatu ziren baldintza eta betekizunak, zerbitzua ematea ahalbidetzen duten haiexek.

b) Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari jakinaraztea aldaketa guztiak: bai gaikuntzaren baldintzetan izan diren mudantzak, bai aho-hortzen zainketa egiten duten profesionalen betekizunetan izandakoak.

c) Egunean edukitzea momentu bakoitzean indarrean dauden xedapenek ezarritako zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak.

d) Betetzea momentu bakoitzean indarra duten xedapenek honako alor hauetan ezarritako betebeharrak: laneko segurtasuna eta osasuna, eta laneko arriskuen prebentzioa.

e) Gaitutako pertsonak bermatzea gaikuntza aldian zehar indarrean duela erantzukizun zibil profesionaleko poliza bat, indarrean dagoena eta bere gain hartzen dituena Programako pazienteei egiten zaizkien kalteak; polizak urte baterako gutxienez ere 300.000 euro izanen ditu, gaikuntzaren esparruan diharduen profesional bakoitzeko.

f) Betetzea Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak ematen dituen jarraibide eta aholkuak.

g) Datu pertsonalak babesteari buruz indarrean dagoen araudia betetzea eta zerbitzua ematean eskuratzen den informazioaren isilpekotasuna errespetatzea.

h) Erraztea Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak egiten dituen ikuskatze-jarduketak, aho-hortzak zaintzeko zerbitzuaren kalitatea eta segurtasuna bermatzeko lanean diharduenean.

i) Erakunde horrekin lankidetzan aritzea eta, eskatuz gero, hari ematea Programaren garapena eta ezarpena kontrolatzeko behar duen informazioa.

5. artikulua. Hortzak zaintzeko zerbitzua ematea.

1.–PADIren esparruan gaitutako odontologo edo estomatologoek zerbitzu hau eskatzen duten pazienteak artatuko dituzte inolako diskriminaziorik egin gabe.

2.–Gaitutako pertsonak baimena eskatzen ahalko du pazienteren bati osasun-zerbitzu gehiago ez emateko eta uko egiten ahalko dio paziente gehiago hartzeari, 249/2011 Foru Dekretuaren 7. artikuluan aipatutako inguruabarretako bat tartean dagoenean.

3.–Desgaitasunen bat duten pazienteek tratamendu berezia behar dutenean, hortzen osasun-arreta hori eginen da Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak adierazten dituen zentroetan.

4.–Aho-hortzetako arretan, Programak ezarritako lanak eginen dira, harago joan gabe, salbu eta Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak berariazko baimena ematen badu kasu berezi batzuetan, beharrezkoa delako zehaztu ez den hortzetako terapia bat egitea, adingabearen hortzen osasunerako egokia den bat.

6. artikulua. Gaitutako pertsonen ordainsariak.

1.–PADI baliatzen duten pertsonei emandako zerbitzuak Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak ordainduko ditu, 249/2011 Foru Dekretuaren 4.1 artikuluari jarraikiz, eta foru agindu honetako III. eranskinean agertzen diren tarifa eta zerbitzu-sariekin bat.

Ogasunaren alorreko eskumena duen departamentuaren bidez eginen da ordainketa, banku-transferentzia batekin.

2.–Gaitutako pertsonek ezin izanen dute jaso Programaren erabiltzaileek emandako dirurik Programa honetan zehaztutako zerbitzua dela-eta, eta zerbitzu horregatik ez diete inolako fakturarik ordainaraziko beste entitate publiko edo pribatu batzuei.

3.–Zerbitzuak, oro har, hiru hilean behin ordainduko dira. Horretarako, aldez aurretik aurkeztuko dira egindako lanen egiaztagiriak eta onarpen taloia, zeinak Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak ezarritakoarekin bat egiten den kapitazio-ordainketaren egiaztagiri gisa balio baitu.

Nolanahi ere, unitate kudeatzaileak arrazoitu ondoren, ordainketak egiten ahalko dira denbora-tarte luzeago bat hartuta.

7. artikulua. Gaikuntza iraungitzeko zioak.

Honako arrazoi hauengatik iraungiko da gaikuntza:

a) Gaitutako pertsonak berariaz uko egitea zerbitzu hau ematen jarraitzeari.

b) Errebokazioa, eta beste edozein arrazoi, funtzionamenduaren gaineko osasun-baimena iraungitzearekin lotua dagoena.

c) Ez betetzea ez gaikuntzarako behar diren baldintzak, ez gaikuntzatik eratorritako betebeharrak edo foru agindu honetan ezarritako betebeharrak. Bereziki, gaikuntzarako baldintzei eusten zaiela dioen adierazpena ez aurkeztea edo izandako aldaketen berri ez ematea.

d) Ez betetzea Nafarroako Osasunari buruzko azaroaren 23ko 10/1990 Foru Legea eta hura garatzen duen araudia, gaitutako pertsonei dagozkien puntu guztietan.

Xedapen iragankor bakarra.–2020ko gaikuntzak.

1.–2020an jada Haurren Aho-hortzetako Osasun Laguntzaren Programako zerbitzuak ematen ari diren pertsonek, hurrengo urterako gaikuntza nahi badute, erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko dute 25 eguneko epean (foru agindu honek indarra hartzen duenetik aitzina), hau da, Programako laguntza eman ahal izateko frogatu zituzten baldintzei eusten dietela dioen adierazpena, eta, aldaketarik izan bada, horien berri emanen dute, foru agindu honen II. eranskineko ereduaren arabera.

2.–2021erako gaikuntza eskuratu nahi duten beste odontologo, estomatologo eta hortzak zaintzeko helburu soziala duten sozietateek, hau da, berriek, aurreko apartatuan adierazitako epean aurkeztu behar dute eskabidea, foru agindu honen I. eranskineko ereduaren araberakoa.

3.–Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko kudeatzaileak emandako ebazpen baten bidez, xedapen honen babesean gaitutako pertsonen zerrenda onetsiko da. Gaikuntza horren indarraldia izanen da foru agindu honen 3. artikuluko 5. apartatuan adierazten dena.

Lehen xedapen gehigarria.–Gaikuntza.

1.–Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko kudeatzaileari ahalmena ematen zaio III. eranskineko zenbateko ekonomikoak eta gainerako eranskinen edukia aldatzeko.

2.–Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko kudeatzaileari ahalmena ematen zaio Haurren Aho-hortzetako Osasun Laguntzaren Programa (PADI) kudeatu, garatu eta betearazteko behar diren jarraibideak emateko.

Bigarren xedapen gehigarria.–Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

I. ERANSKINA

Pertsona fisikoak edo juridikoak gaitzeko eskabidea, osasun zerbitzuak eman ditzaten PADIn (PDFa).

II. ERANSKINA

PADIrako gaikuntzako baldintzei eusten zaizkiela dioen adierazpena (PDFa).

III. ERANSKINA

Nafarroako Haurren Aho-hortzetako Osasun Laguntzaren Programaren (PADI) ordainsariak eta tarifak

Nafarroako PADI ordaintzeko modalitateak.

PERTSONAKO TARIFA

EUROTAN

Haurrak, 6 urtetik 10 urtera bitartekoak

49,20

Haurrak, 11 urtetik 15 urtera bitartekoak

54,67

HORTZEKO EKINTZAKO ORDAINSARIAK

EUROTAN

Apizektomia/kistektomia

171,41

Apikoformazioa

55,15

Behin betiko koroa akrilikoa

185,61

Erretxinazko eta metalezko koroa osoa

213,80

Metal preziatuzko koroa osoa

185,61

Behin-behineko koroa, dentistak egina

48,15

Behin-behineko koroa, protesikoak egina

84,84

Endodontzia

89,08

Hezur barneko hortz edo hagin iraunkor bat ateratzea

163,26

Supernumerario bat ateratzea

39,18

Behin-behineko hortz edo hagin bat ateratzea, ostektomiarekin

93,31

Fenestrazioa

73,47

Aurreko hortz-taldearen ferulizazioa

127,28

Fluorizazio topikoa

21,21

Frenektomia

84,84

Berregite-lan handia

68,57

Metalezko hortzondoa, itsatsia eta sustraibakarra

118,79

Erro barreneko bernoa, aurretik egina

24,49

Behin-behinekoa, erretxinazkoa (protesi erauzgarri partziala hortz 1 edo 2rekin)

160,04

Pulpotomia

55,15

Berregite-lan txikia

54,83

Mamiaren zuzeneko estaltzea

28,59

Hortz-haginak berriz ezartzea

81,64

Ehun bigunetako jostura

40,82

Iruñean, 2020ko azaroaren 5ean.–Osasuneko kontseilaria, Santos Induráin Orduna.

Iragarkiaren kodea: F2013308