268. ALDIZKARIA - 2020ko azaroaren 17a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

2502/2020 EBAZPENA, urriaren 27koa, Hezkuntza Departamentuko Langileen Araubide Juridikoaren Zerbitzuko zuzendariak emana, Terapia Okupazionaleko diploma edo gradua sartzen duena Hezkuntzako kontseilariaren martxoaren 11ko 32/2013 Foru Aginduaren I. eranskinean jasota dagoen osasun langileen profilean. Foru agindu horren bidez, irakasleek frogatzen ahal dituzten berariazko profilak zehaztu ziren eta horiek egiaztatzeko prozedura ezarri zen.

2020ko uztailaren 20an, Ana Isabel Martínez Muñoz andreak, Nafarroako Terapeuta Okupazionalen Elkargo Ofizialeko lehendakariak, eskabide bat aurkeztu zuen Nafarroako Gobernuaren Erregistroan, eskatzeko sar dezatela Terapeuta Okupazionaleko diploma edo gradua Hezkuntzako kontseilariaren martxoaren 11ko 32/2013 Foru Aginduaren 1. eranskinean jasota dagoen osasun langileen profilean. Foru agindu horren bidez, irakasleek frogatzen ahal dituzten berariazko profilak zehaztu ziren eta horiek egiaztatzeko prozedura ezarri zen.

Hezkuntzako kontseilariaren martxoaren 11ko 32/2013 Foru Aginduaren bidez, irakasleek frogatzen ahal dituzten berariazko profilak zehaztu ziren, eta haiek egiaztatzeko prozedura ezarri.

Hala, foru agindu horren 1.3 artikuluaren arabera, berariazko profil bat frogatzen duen irakasleak profil hori duen lanpostua aukera dezake, baldin eta lanpostu hori eskaintzen bada bera titularra den kidego, espezialitate eta hizkuntza berean, edo aldi baterako kontratatua izateko sartua dagoen zerrendan.

Foru agindu horren I. eranskinean ezartzen dira osasun profila egiaztatzeko onartzen diren titulazioak, honako hauek alegia: Erizaintzako diploma edo hari dagokion gradua, OLTa edo hari dagokion gradua, Medikuntzako lizentzia edo hari dagokion gradua, eta Fisioterapiako diploma edo hari dagokion gradua.

Hezkuntza Departamentuko Langileen Araubide Juridikoaren Zerbitzuko zuzendariak martxoaren 18an emandako 81/2020 Ebazpenaren bidez, Farmaziako lizentzia edo gradua sartu zen Hezkuntzako kontseilariaren martxoaren 11ko 32/2013 Foru Aginduaren I. eranskinean jasota dagoen osasun profilean.

Nafarroako Terapeuta Okupazionalen Elkargo Ofizialetik jasotako idazkian azaltzen da martxoaren 18ko CIN/729/2009 Aginduan bildutako araudiaren zati bat, haren bidez ezarri baitziren terapia okupazionalaren lanbidean aritzeko gaikuntza ematen duten unibertsitate titulu ofizialak frogatzeko baldintzak, baita 44/2003 Legean bildutakoa ere, zeinaren bidez osasun arloko lanbideak antolatu baitziren, eta han eginkizun hauek esleitzen dizkie terapeuta okupazionalei: “behar diren teknika eta jarduera okupazionalak egitea eta aplikatzea gutxitutako edo galdutako funtzio fisiko edo psikikoak indartu edo ordezteko eta funtzio horien garapena bideratu eta bultzatzeko”.

Nafarroako Terapeuta Okupazionalen Elkargo Ofizialak egindako eskaera azterturik, Lanbide Heziketaren Plangintza eta Berrikuntzarako Zerbitzuak egiaztatu du beharrezkoa dela osasun profilean sartzea Terapia Okupazionaleko diploma edo gradua daukatela frogatzen duten pertsonak.

Prozedurari dagokionez, martxoaren 11ko 32/2013 Foru Aginduaren azken xedapenetako lehenean ahalmena ematen zaio Hezkuntza Baliabideen zuzendari nagusiari eta, hark eskuordetuta, Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariari foru agindu horretan araututako profilak sortu edo aldatzeko.

Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen urriaren 30eko 267/2019 Foru Dekretuarekin bat, gaur egun, Langileen Araubide Juridikoaren Zerbitzuko zuzendariak betetzen ditu lehengo Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariaren eginkizunak.

Horiek horrela, erabiliz Hezkuntza Departamentuko Hezkuntza Baliabideen zuzendari nagusiaren azaroaren 28ko 208/2019 Ebazpenaren bidez eskuordetutako ahalmenak,

EBAZTEN DUT:

1. Terapia Okupazionaleko diploma edo gradua sartzea Hezkuntzako kontseilariaren martxoaren 11ko 32/2013 Foru Aginduaren I. eranskinean jasota dagoen osasun langileen profilean. Foru agindu horren bidez, irakasleek frogatzen ahal dituzten berariazko profilak zehaztu ziren eta horiek egiaztatzeko prozedura ezarri zen.

2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal da, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aurrera.

4. Ebazpen hau igortzea Idazkaritza Tekniko Nagusira, Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzura, Langileen Araubide Juridikoaren Zerbitzuko Kontrol Administratiboaren Atalera eta Nafarroako Terapeuta Okupazionalen Elkargo Ofizialera, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2020ko urriaren 27an.–Langileen Araubide Juridikoaren Zerbitzuko zuzendaria, Javier Lacarra Albizu.

Iragarkiaren kodea: F2012599