268. ALDIZKARIA - 2020ko azaroaren 17a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

508/2020 EBAZPENA, urriaren 17koa, Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez deialdi bat onesten baita lau prestakuntza beka emateko, Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuan aritzeko. DDBN identifikazioa: 531365.

Apirilaren 19ko 172/2004 Foru Dekretuaren bidez, araubide orokorra ezarri zen Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan prestakuntza bekak emateko.

Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren Zuzendaritza Nagusiak esperientzia praktikoa eman nahi die unibertsitate titulua dutenei, lan egin dezaten enpresen nazioartekotzearen kudeaketaren arloan eta Europako funtsen kudeaketaren eta kontrolaren arloan. Horretarako, prestakuntza beken deialdi hau onetsi du, Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuan aritzeko.

Jarduera hauetan eginen da prestakuntza: batetik, 2017-2020ko Nafarroako Nazioarteko Planaren ondoriozko jardueretan, eta, bestetik, Europako eskualde-politikari dagozkion betebeharren ondoriozkoetan. Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuaren eskumena dira bi jarduera-eremu horiek.

Adierazitakoarekin bat, eta erabiliz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak,

EBAZTEN DUT:

1. Lau prestakuntza beka emateko deialdia onestea oinarri arautzaileetan adierazitako espezialitateetako graduak dituztenendako, Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuan aritzeko.

2. Deialdiaren oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinean jaso dira.

3. 152.640 euroko gastua baimentzea, kreditu egokia eta nahikoa izatearen baldintza etengarriarekin; gastu hori zenbait urtetan banatuko da, honela:

–2021. urterako gastua, guztira 50.880 euro, honela ordainduko da: “Prestakuntza bekak” izeneko 810003-81400-4800-145100 partidaren baliokide izateko Nafarroako 2021eko Aurrekontu Orokorretan gaitzen den partidaren kargura. Diru hori, hain zuzen ere, 1.000 euroko hamabi hilekori dagozkio, gehi hilero 60 euro prestakuntzan dagoen pertsona bakoitzeko, Gizarte Segurantzaren kotizazio gisa.

–2022. urterako gastua, guztira 50.880 euro, honela ordainduko da: aurreko apartatuan aipatutako partidaren baliokide izateko Nafarroako 2022ko Aurrekontu Orokorretan gaitzen den partidaren kargura. Diru hori, hain zuzen ere, 1.000 euroko hilekoei dagozkie, gehi hilero 60 euro prestakuntzan dagoen pertsona bakoitzeko, Gizarte Segurantzaren kotizazio gisa.

–2023. urterako gastua, guztira 50.880 euro, honela ordainduko da: aurreko apartatuan aipatutako partidaren baliokide izateko Nafarroako 2023ko Aurrekontu Orokorretan gaitzen den partidaren kargura. Diru hori, hain zuzen ere, 1.000 euroko hilekoei dagozkie, gehi hilero 60 euro prestakuntzan dagoen pertsona bakoitzeko, Gizarte Segurantzaren kotizazio gisa.

4. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen eta, haren aurka, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean, hartan espediente zenbakia adierazita (goiburuan agertzen da, Erreferentzia: Esped. RE (4) SPI20-14 hitzen ondoren).

Iruñean, 2020ko urriaren 17an.–Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren zuzendari nagusia, Izaskun Goñi Razquin.

ERANSKINA

Oinarri arautzaileak

1. oinarria.–Xedea.

Deialdi honen xedea da oinarriak ezartzea lau prestakuntza beka norgehiagokako araubidean emateko. Beka horiek unibertsitateko tituludunentzat dira, hain zuzen ere, gizarte eta ekonomia zientzietako arlo hauetako gradua dutenentzat: ekonomia, enpresen administrazioa eta zuzendaritza, komunikazioa, nazioarteko harremanak edo ikasketak, nazioarteko merkataritza edo antzeko beste gradu batzuk. Bekadunak Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuan arituko dira, Nafarroako Gobernuko Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko Departamentuan.

Beken xedea da unibertsitateko tituludunen prestakuntza sustatzea enpresen nazioartekotzearen arloan, eta, horrekin batera, Europako funtsen kontrolaren arloan trebatzea. Jarduera horiek dira, batetik, 2017-2020ko Nafarroako Nazioarteko Planaren ondoriozko jarduerak, eta, bestetik, Europako eskualde-politikari dagozkion betebeharren ondoriozkoak. Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuko eskumena dira bi jarduera-eremu horiek; horregatik, prestakuntza gauzatuko da zerbitzu horren zuzendaritzapean eta haren lokaletan (Iruñeko Arrieta kalea 8, 5. solairua).

2. oinarria.–Beka kopurua.

Deialdian lau prestakuntza beka eskaintzen dira:

a) Bi beka, Europako funtsak kudeatu eta kontrolatzeko esparrura zuzenduta, jarraian adierazten diren arloetan (edo antzekoetan) gradua edo lizentzia dutenentzat: ekonomia, enpresen administrazioa eta zuzendaritza, nazioarteko harreman edo ikasketak, eta nazioarteko merkataritza.

b) Beka bat, enpresak nazioartekotzeko esparrura zuzenduta, jarraian adierazten diren arloetan (edo antzekoetan) gradua edo lizentzia dutenentzat: ekonomia, enpresen administrazioa eta zuzendaritza, nazioarteko harreman edo ikasketak, eta nazioarteko merkataritza.

c) Beka bat, hau ere enpresak nazioartekotzeko esparrura zuzenduta (komunikazioaren arloa), jarraian adierazten diren arloetako tituluak (edo antzekoak) dauzkatenentzat: komunikazioa, kazetaritza, ikus-entzunezko komunikazioa, marketina.

3. oinarria.–Beken iraupena.

Prestakuntza bekek 12 hilabeteko iraupena izanen dute hasieran. Hala ere, Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuak proposaturik, luzatzen ahalko dira, epe bererako, hiru urte egin arte gehienez (hasierako aldia eta luzapenak barne), aurrekontu-baliabideen arabera. Bekak emateko ebazpenean zehazten den egunean hasiko dira bekak.

Bekak luzatzen badira, ez da inola ere aldatuko haien izaera.

4. oinarria.–Beken zenbatekoa.

Prestakuntza beka urtean 12.720 eurokoa izanen da gehienez, Gizarte Segurantzako kotizazioak barne, eta onuradunari hilean 1.000 euro gordin ordainduko zaizkio. Diru kopuru horri pertsona fisikoen errentaren gaineko zergari dagokion atxikipena eginen zaio, indarra duten arauei jarraikiz hala egin behar baldin bada.

Bekadunari ordaintzen zaion dirua ez da inola ere soldata edo ordainsaritzat hartuko, laguntza ekonomiko publikotzat baizik.

5. oinarria.–Baldintzak.

1. Baldintza hauek guztiak betetzen dituzten pertsona fisikoek hartzen ahalko dute prestakuntza beka:

a) Adinez nagusia izatea.

b) Espainiako nazionalitatea izatea edo Europar Batasuneko estaturen batekoa edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiak berretsitako nazioarteko tratatuen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzen duen estaturen batekoa.

c) Nafarroan bizitakoa izatea gutxienez deialdiaren data baino urtebete lehenago.

d) Jarduteko gaitasun osoa izatea eta desgaitua ez egotea Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen laguntza eta dirulaguntza publikoak jasotzeko, bat etorriz Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluarekin.

e) Deialdiaren oinarrietan eskatzen den unibertsitateko titulu ofiziala izatea, Espainiako agintariek emana edo homologatua.

f) Eskatutako titulua eskuratua izatea prestakuntza bekarako deialdia egin aurreko hiru urteen barrenean.

g) Ez izatea ezintasun fisikorik edo gaixotasunik, bekaren xedeko prestakuntzan aritzea galaraz diezaiokeenik.

h) Gaztelania menderatzea. Ama hizkuntza ez bada, gaztelaniaren ziurtagiria izan beharko da, C1 mailakoa, Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren arabera.

i) Ingelesezko ziurtagiria izatea, B1 edo tarteko mailakoa, Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren arabera eta Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen irailaren 13ko 210/2010 Ebazpenaren I. eranskinean ezarritakoaren arabera (2010eko 117. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, irailaren 27koa).

2. Beka eskatzearekin batera, baimena ematen zaio departamentu honi egiaztatzeko betetzen ote diren aurreko apartatuko a) eta c) letretan adierazitako baldintzak. Baimena ematen zaio, orobat, egiaztatzeko onuradunak bere zerga betebeharrak egunean dituen beka emateko proposamena egiten den unean (Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 13.2.e) artikulua).

Goiko d) eta g) letretako baldintzak betetzen direla egiaztatzeko, eskabidean datorren erantzukizunpeko adierazpena erabiliko da. Eta azkenik, b), f), h) eta i) letretako baldintzak betetzen direla egiaztatzeko, 6.3 oinarrian adierazitako dokumentazioa aurkeztu beharko da eskabidearekin batera.

Baldintza guztiak prestakuntzaldiak iraun bitarte bete beharko dira.

3. Ebaluazio batzordeak ez ditu baloratuko oinarri honetan eskatutako baldintzak betetzen ez dituztenen eskaerak.

6. oinarria.–Eskaerak aurkezteko epea eta modua.

1. Deialdiko prestakuntza bekak eskatzeko epea hilabetekoa izanen da: deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasiko da, eta hurrengo hilabetean bukatuko, hileko egun berean.

2. Eskaerak zuzenduko dira Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko Departamentuko Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzura, eta aurkeztuko dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez. Horretarako, ziurtagiri digitala eduki beharko da, edo NANa+PINa.

Hala egiterik ez badago, eskaerak aurkezten ahalko dira Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako tokietatik edozeinetan.

3. Eskabidean adieraziko da 2. oinarriko zein beka lortu nahi den, eta agiri hauen kopiak erantsi beharko dira:

a) Eskatutako titulua. Tituluan ikasketak noiz bukatu ziren agertu ezean, kasuan kasuko unibertsitateak emandako ziurtagiria aurkeztu beharko da, hori frogatzeko. Titulua atzerriko unibertsitate batek luzatu badu, ikasketen homologazioaren ziurtagiria aurkeztu beharko da.

b) Ingelesezko ziurtagiria, B1 edo tarteko mailakoa, Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren arabera eta Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen irailaren 13ko 210/2010 Ebazpenaren I. eranskinean ezarritakoaren arabera (2010eko 117. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, irailaren 27koa).

c) Curriculum vitae-a, alegatutako merezimendu guztiak zehatz-mehatz zerrendatuta (orri batean gehienez), eta behar diren ziurtagiriak.

d) Ikasketa espedientearen ziurtagiria, maila bakoitzeko ikasgai guztien kalifikazioekin, berariaz aipatuta zein deialditan gainditu zituen; orobat, espedientearen batez besteko nota, 0tik 10erako eskalan.

e) Alegatutako gainerako merezimenduen egiaztagiriak.

f) Erantzukizunpeko adierazpena, 6.3 oinarriko d) eta g) letretako baldintzak betetzeari buruzkoa.

4. Epearen barrenean aurkeztutako eskaerak goian adierazitako baldintzak betetzen ez baditu, organo eskudunak interesdunari eskatuko dio hamar egun balioduneko gehieneko epean zuzendu dezala, eta adieraziko dio ezen, zuzendu ezean, eskaerari uko egiten diola ondorioztatuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena eman eta argitaratuko dela.

5. Prestakuntza beka jasotzeko eskaera aurkezteak berekin dakar eskatzaileak deialdiaren oinarriak onartzea.

7. oinarria.–Ebaluazio batzordea.

Ebaluazio batzordea arduratuko da izangaien baldintzak egiaztatzeaz eta haien eskaerak ebaluatzeaz, beka mota bakoitzeko lehentasun hurrenkera bat ezartzeko asmoz, hurrengo oinarrian ezartzen diren balorazio irizpideei jarraikiz.

Kide anitzeko organo hori honako hauek osatuko dute:

Batzordeburua:

Miren Ausín Lecuna, Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuko zuzendaria.

Ordezkoa:

María Rosario Subiza Espinal, Nazioartekotzeko Laguntzen Ataleko burua.

Batzordekide titularra:

Ana Osés Marín, Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuko Europako Programen Ataleko burua.

Ordezkoa:

Javier Garmendia Fernández, Europako Programen Jarraipen Bulegoko burua.

Idazkaria:

Dolores Miranda Beguiristain, Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuko Europako Funtsen Kontrolerako Ataleko burua.

Ordezkoa:

Daniel Echeverría Jadraque, Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuko Kanpo Sustapenaren Ataleko burua.

8. oinarria.–Bekak emateko irizpideak.

Prestakuntza bekak emateko, irizpide hauek erabiliko dira:

1. Alegatutako merezimenduak, baremo honi jarraikiz baloratuko direnak:

1.1. Lau beketarako: ikasketa-espedientea.

Espedientearen batez besteko nota 35 puntuz baloratuko da gehienez, eskala honen arabera:

BATEZ BESTEKO NOTA

PUNTUAK

7tik behera

20

7 edo 7tik gorakoa eta 9tik beherakoa

25

9 edo 9tik gorakoa

30

9 edo 9tik gorakoa eta “Ohorezko matrikularen” aipamena

35

1.2. Europako funtsak kudeatu eta kontrolatzeko esparrura zuzendutako beketarako –2 a) oinarrian aurreikusiak–:

1.2.1. Ingelesa jakitea.

Hizkuntza Eskola Ofizial batek luzatutako ingeleseko ziurtagiria (B1 mailatik gorakoa) izanez gero, edo Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen irailaren 13ko 210/2010 Ebazpenaren I. eranskinean aipatzen diren titulu edo ziurtagirietatik beste edozein (2010eko 117. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, irailaren 27koan, argitaratu zen ebazpen hori), puntuazio hau emanen da:

ZIURTAGIRIA

PUNTUAK

B2

8

C1

10

1.2.2. Europar Batasunarekin zerikusia duten prestakuntza-ikastaroak: 20 puntu gehienez.

10 ordutik beherako ikastaroak ez dira kontuan hartuko.

Prestakuntza jardueretan parte hartu izana honela baloratuko da: 0,10 puntu kreditu akademiko bakoitzeko edo 10 orduko prestakuntza tarte bakoitzeko.

Deialdi honetan parte hartzeko beharrezkoa den titulu akademiko bat eskuratzeko ikasketak ez dira apartatu honetan baloratuko.

1.2.3. Beste prestakuntza-ikastaro batzuk, kontabilitateari, auditoretzari eta administrazio publikoari buruzkoak: 20 puntu gehienez.

Aurreko apartatuan ezarritakoaren arabera baloratuko dira.

1.3. Enpresa nazioartekotzeko esparrura zuzendutako bekarako –2 b) oinarrian aurreikusia–:

1.3.1. Ingelesa jakitea.

Hizkuntza Eskola Ofizial batek luzatutako ingeleseko ziurtagiria (B1 mailatik gorakoa) izanez gero, edo Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen irailaren 13ko 210/2010 Ebazpenaren I. eranskinean aipatzen diren titulu edo ziurtagirietatik beste edozein (2010eko 117. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, irailaren 27koan, argitaratu zen ebazpen hori), puntuazio hau emanen da:

ZIURTAGIRIA

PUNTUAK

B2

8

C1

10

Hizkuntza Eskola Ofizial batek luzatutako frantseseko edo alemaneko ziurtagiria (B1 mailatik gorakoa) izanez gero, edo Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen irailaren 13ko 210/2010 Ebazpenaren I. eranskinean aipatzen diren titulu edo ziurtagirietatik beste edozein (2010eko 117. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, irailaren 27koan, argitaratu zen ebazpen hori), 4 puntu emanen dira.

1.3.2. Nazioarteko merkataritzarekin, esportazioarekin, eta nazioarteko ekonomia eta finantzekin zerikusia duten prestakuntza-ikastaroak: 20 puntu gehienez.

10 ordutik beherako ikastaroak ez dira kontuan hartuko.

Prestakuntza jardueretan parte hartu izana honela baloratuko da: 0,10 puntu kreditu akademiko bakoitzeko edo 10 orduko prestakuntza tarte bakoitzeko.

Deialdi honetan parte hartzeko beharrezkoa den titulu akademiko bat eskuratzeko ikasketak ez dira apartatu honetan baloratuko.

1.3.3. Bestelako prestakuntza-ikastaroak, gai hauekin lotuak: zuzendaritzarako trebetasunak, proiektuen kudeaketa, ekitaldien kudeaketa edo administrazio publikoko kudeaketa. 20 puntu gehienez.

Aurreko apartatuan ezarritakoaren arabera baloratuko dira.

1.4. Enpresa nazioartekotzeko esparrura (komunikazio arloa) zuzendutako bekarako –2 c) oinarrian aurreikusia–:

1.4.1. Hizkuntzak jakitea.

Hizkuntza Eskola Ofizial batek luzatutako ingeleseko ziurtagiria (B1 mailatik gorakoa) izanez gero, edo Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen irailaren 13ko 210/2010 Ebazpenaren I. eranskinean aipatzen diren titulu edo ziurtagirietatik beste edozein (2010eko 117. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, irailaren 27koan, argitaratu zen ebazpen hori), puntuazio hau emanen da:

ZIURTAGIRIA

PUNTUAK

B2

6

C1

8

Hizkuntza Eskola Ofizial batek luzatutako euskara ziurtagiria (B2 maila edo hortik gorakoa) izanez gero, edo Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen irailaren 13ko 210/2010 Ebazpenaren I. eranskinean aipatzen diren titulu edo ziurtagirietatik beste edozein (2010eko 117. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, irailaren 27koan, argitaratu zen ebazpen hori), 4 puntu emanen dira.

1.4.2. Prestakuntza-ikastaroak, gai hauekin zerikusia dutenak: sare sozialak, marketin digitala, online komunitateen kudeaketa, web-orriak eta abar: 30 puntu gehienez.

5 ordutik beherako ikastaroak ez dira kontuan hartuko.

Prestakuntza jardueretan parte hartu izana honela baloratuko da: 0,10 puntu kreditu akademiko bakoitzeko edo 10 orduko prestakuntza tarte bakoitzeko.

Deialdi honetan parte hartzeko beharrezkoa den titulu akademiko bat eskuratzeko ikasketak ez dira apartatu honetan baloratuko.

1.4.3. Bestelako prestakuntza-ikastaroak, hauekin lotuak: nazioartekotzeko trebetasunak, proiektuen kudeaketa, ekitaldien kudeaketa: 10 puntu gehienez.

Aurreko apartatuan ezarritakoaren arabera baloratuko dira.

2. Aurrez aurreko elkarrizketa:

Gehienez 15 puntu emanen dira, kontuan hartuta zenbateraino menperatzen diren bete beharreko eginkizunekin lotutako gaiak, baita motibazioa, ekimena eta erantzunen argitasuna eta ordena ere.

Eskatzaileei telefonoz eta posta elektronikoz deituko zaie, elkarrizketa egin baino 72 ordu lehenago gutxienez. Elkarrizketa egitea nahitaezkoa da; horrenbestez, agertzen ez denak ezin izanen du beka eskuratu.

9. oinarria.–Beka emateko ebazpena.

1. Aurreko oinarrian adierazitakoaren araberako ebaluazioa bukaturik, ebaluazio batzordeak hautatutako pertsonen aldeko proposamen loteslea igorriko dio organo eskudunari, beka jasotzeko baldintza guztiak betetzen dituztela adierazita. Onartutako pertsona guztiei emandako puntuazio osoa ere adieraziko da proposamen horretan.

2. Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren zuzendari nagusia izanen da bekak ematea edo ez ematea ebatziko duen organo eskuduna.

Ebazpena gehienez ere hiru hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita. Ezarritako epea bukatzen bada berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi gabe, ulertzen ahalko da eskaerak administrazio isiltasunez ezetsi direla. Hala ere, organo eskuduna behartua dago bekak eman edo ukatzeko berariazko ebazpena ematera eta jakinaraztera, oinarri hauetan xedatutakoari jarraikiz.

3. Onuradun batek uko egiten badio bekari, edo beste arrazoiren bat tarteko, bekaren bat hutsik geratzen bada, onuradun izan ez direnei emanen zaie, beka mota bakoitzerako ezarritako lehentasun hurrenkerari jarraituz.

10. oinarria.–Betebeharrak eta horiek ez betetzearen ondorioak.

1. Prestakuntza bekaren onuradunek honako betebehar hauek izanen dituzte:

a) Bekaren xede den prestakuntza jarduera egin eta frogatzea.

b) Beka emateko finkatutako betebehar eta baldintzak betetzea.

c) Beka bukatu aurreko hilabetean, egindako lanari eta lortutako emaitzei buruzko txosten bat aurkeztea, tutorearen adostasuna barne.

d) Organo eskudunek eman den bekaren gainean egiten dituzten egiaztapen lan guztiak onartzea.

e) Xede berarekin jasotako bestelako beken edo dirulaguntzen berri ematea beka eman duen organoari.

f) Organo eskudunari jakinaraztea emandako bekari espresuki uko egiten diola, jarduerak utzi baino hamabost egun natural lehenago gutxienez.

g) Beka dela-eta egindako jardueraren zuzeneko ondorioa den edozein argitalpenetan bekaduna dela adieraztea.

h) Sekretua eta konfidentzialtasuna gordetzea prestakuntza jarduera gauzatu bitartean ezagutzen duen isilpeko informazio tekniko edo administratiboaren gainean.

i) Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren Zuzendaritza Nagusiaren barne araudia edo funtzionamendu araudia betetzea, han arituko baita.

2. Bekadunak bere gain hartutako betebehar eta jarduerak betetzen ez baditu, haiek egitean ardurarik jartzen ez badu, errendimendu eta aprobetxamendu eskasa badu edo lanak kalitate gabekoak badira, beka aldi baterako edo betiko kentzea erabakiko du organo eskudunak, interesdunari entzun ondoren.

Beka galtzeak diru-zuzkiduraren zati proportzionala galtzea ere ekarriko du, ezertan galarazi gabe eska daitezkeen diru-itzultzeak eta berandutze-interesak, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan xedatutakoaren arabera.

11. oinarria.–Prestakuntza jardueraren hasiera eta uko egitea.

1. Prestakuntza beken onuradunek hamar eguneko epean hasi beharko dute jarduera, beka eman zaiela jakinarazi eta biharamunetik hasita.

Horrela egiten ez badu, ulertuko da onuradunak bekari uko egiten diola, non eta organo eskudunak ez duen erabakitzen ezinbesteko arrazoiren bat edo behar bezala justifikatutako beste edozein gorabehera gertatu dela.

2. Emandako bekari berariaz uko eginez gero, Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren Zuzendaritza Nagusiari horren berri eman beharko zaio, jarduera utzi baino hamabost egun natural lehenago gutxienez.

Emandako bekari edozein arrazoirengatik uko eginez gero, zilegi izanen da ebaluazio batzordeak ezarritako zerrendan hurrengo dagoenari eskaintzea beka, deusetan galarazi gabe lehenengo bekadunak uko egin arte zituen betebeharrak.

12. oinarria.–Jarduerak eta tutoretza.

1. Bekadunak, oro har, Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuaren bulegoetan arituko dira (Arrieta kalea 8, 5. solairua, Iruña), astean 30 orduz gehienez. Bekaren iraupenaren hilabete bakoitzeko 2,5 egun naturaleko atsedenaldia dagokie.

Bekadunek prestakuntzarako behar diren joan-etorriak ere egin beharko dituzte, eta eskubidea izanen dute zerbitzu eta bidaien arabera izaten diren gastuengatik funtzionarioei ematen zaizkien ordain berberak jasotzeko.

2. Hauek dira Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuan egin beharreko jarduerak:

1.–Europako Programen Atalean egin beharreko jarduerak:

a) Europako Gizarte Funtsaren (EGIF) Programa Operatiboen, Gazte Enplegurako Programa Operatiboaren (GEPO) eta Eskualde Garapeneko Europako Funtsaren (EGEF) Programa Operatiboaren jarraipena egitea Nafarroan.

b) Parte hartzea Programen Jarraipenerako Batzordeetan, koordinaturik horiek gauzatzen dituzten departamentu, unitate eta entitateekin.

c) EGIF, GEPO eta EGEF programetako diru-sarrerak kontrolatzea eta kudeatzaileen artean banatzea.

d) EGEF, GEPO eta EGIF programa operatiboak kudeatu eta kontrolatzeko sistemak deskribatu, aldatu eta eguneratzea.

e) Txostenak egitea bitarteko erakundeak egindako gastuen egiaztagiriei buruz, hala eskatzen dietenean kudeaketa, ziurtapen eta auditoretza arloetako agintariek edo Europako Batzordeak.

2.–Europako Funtsen Kontrolerako Atalean egin beharreko jarduerak:

a) Nafarroako EGEF eta EGIF programa operatiboei aitortutako gastuak egiaztatzeko lanak, kudeaketa agintaritzek, delegazioz, bitarteko erakundeari esleitzen dizkiotenak. Egiaztapen lanen artean, prozedura hauek egonen dira:

–Onuradunek aurkezten dituzten itzulketa-eskaera guztien egiaztapen administratiboak.

–Eragiketa zehatzei buruzko “in situ” egiaztapenak.

b) Deskribatzea, aldatzea eta eguneratzea EGEF eta EGIF programa operatiboak kudeatzeko eta kontrolatzeko sistemak, kontrolari dagokionez.

c) Beharrezkotzat jotzen diren kontrol mekanismoak ezartzea irregulartasunak harrapatzeko aitortutako gastuetan eta zuzenketa finantzarioa egiteko, eta mekanismo horien jarraipena egitea.

d) Txostenak egitea bitarteko erakundeak egindako egiaztapenen edukiaz, hala eskatzen dietenean kudeaketa, ziurtapen eta auditoretza arloetako agintariek edo Europako Batzordeak.

3.–Kanpo Sustapenaren Atalean egin beharreko jarduerak:

a) Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuaren ekintzak sustatzeko ekitaldiak antolatzea.

b) Erakundeen eta enpresen misioak antolatzea Nafarroako Nazioarteko Planaren xede diren herrialdeetara.

c) Txostenak egitea zerbitzuan garatzen diren ekintzei buruz.

d) Misioaren betearazpenarekin eta jarraipenarekin lotuta esleitzen zaizkion zereginak.

e) Nafarroako talentua kudeatzeko plana prestatzeko zereginetan laguntzea.

f) Nafarroa Nazioartekotzeko 2021-2024 Plana prestatzeko zereginetan laguntzea.

4.–Komunikazio-lanetan garatu beharreko jarduerak:

Hautatutako pertsonak laguntza emanen du Nafarroa Nazioartekotzeko Planeko ekintzei lotutako komunikazio-lanetan:

a) Nafarroa Nazioartekotzeko Planaren sare sozialak eguneratzea (Twitter, Linkedin eta Youtube).

b) Web-orriak kudeatzea eta eguneratzea: blogpin.navarra.es, herrialde eta ekitaldi ezberdinetako mikrositeak, nafarroa.eus-en webgunean.

c) Ekitaldiak antolatzea.

d) Zabalkunderako kanpainak sare sozialetan eta beste hedabide batzuetan.

3. Prestakuntza jarduera zuzentzea eta gainbegiratzea egokituko zaio Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuko zuzendariak izendatzen duenari. Pertsona horrek tutoretza lanak eginen ditu, eta, zehazki, arduratuko da bekadunak egin beharreko zereginak agintzeaz, ordutegiak finkatzeaz eta haren eginbehar orokor eta berariazkoak betetzen ote dituen begiratzeaz.

13. oinarria.–Lan harremanik ezaren adierazpena eta kalte-ordainak jasotzeko eskubidea.

1. Beka edukitzea ez da zerbitzuak ematea, eta egoera horrek ez dakar berekin lan harremanik, administratiborik edo estatutupekorik sortzea Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarekin, ez eta antzeko eskubiderik eskuratzea ere. Administrazioak ez du konpromisorik hartuko beka bukatutakoan bekaduna bere plantillan sartzeko.

Bekadunaren lan edo jarduerak Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuko funtzionario edo kontratudunek gainbegiratuko dituzte, eta haiek izanen dira lan horien erantzuleak. Bekadunak ezin izanen ditu funtzionarioei dagozkien eginkizunak bete edo berarentzat hartu, ez eta hirugarrenen aurrean administrazio publikoaren kide, ordezkari edo agente gisa agertu ere.

2. Bekadunek eskubidea izanen dute apirilaren 19ko 172/2004 Foru Dekretuan ezarritako kalte-ordainak jasotzeko, foru dekretu horren bidez ezarri baitzen Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan prestakuntza bekak emateko araubide orokorra.

Horren ondorioetarako, prestakuntzan aritzen direnek Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko bekadun guztientzat sinatu duen aseguru kontratuaren istripuengatiko estaldura izanen dute.

14. oinarria.–Bateraezintasunak.

Deialdi honetako prestakuntza bekak bateraezinak dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo beste administrazio publiko batzuek emandako beste beka batzuekin.

15. oinarria.–Araubide juridikoa.

Oinarri hauetan aurreikusten ez den orotan, arau hauetan xedatutakoari jarraituko zaio: 172/2004 Foru Dekretua, apirilaren 19koa, araubide orokorra ezartzen duena Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan prestakuntza bekak emateko, eta 11/2005 Foru Legea, azaroaren 9koa, Dirulaguntzei buruzkoa.

16. oinarria.–Publizitatea.

Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu emandako bekak Ogasuneko eta Administrazio Publikoetako Ministerioaren Dirulaguntzen Datu Base Nazionalaren bitartez (http://www.pap.minhafp.gob.es/bdnstrans/GE/eu/index), honako hauek adierazita: deialdia, zein aurrekontu kredituri egotzi zaion, onuradunak eta emandako diru kopurua.

Deialdi honen emaitzak Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko tramiteen katalogoaren laguntzen fitxan ere argitaratuko dira (www.nafarroa.eus).

17. oinarria.–Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.

Oinarri arautzaile hauen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesdunek, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iragarkiaren kodea: F2012348