268. ALDIZKARIA - 2020ko azaroaren 17a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

MONTEAGUDOKO, BARILLASKO ETA TULEBRASKO UDALEN BATASUNA

Udal ordenantza, administrazio elektronikoaren erabilera arautzen duena. Behin betiko onespena

Monteagudoko, Barillasko eta Tulebrasko Udalen Batasunak, 2020ko abuztuaren 13an egin batzarrean, hasiera batez onetsi zuen Administrazio elektronikoaren erabilera arautzen duen udal ordenantza.

Jendaurrean jartzeko iragarkia 2020ko 208. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, irailaren 15ean, eta jendaurreko epean inork ez du alegaziorik aurkeztu.

Hala, bada, argitara ematen da oso-osorik aipatu udal ordenantza, behar diren ondorioak izan ditzan, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325.1.b) artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

Monteagudon, 2020ko abuztuaren 30ean.–Batasuneko burua, Mariano Herrero Ibáñez.

MONTEAGUDOKO, BARILLASKO ETA TULEBRASKO UDALEN BATASUNAREN ORDENANTZA, ADMINISTRAZIO ELEKTRONIKOARI BURUZKOA

I. KAPITULUA

Xedea eta aplikazio eremua

1. artikulua.–Xedea.

Ordenantza honen xedea da erakunde publiko horren alde elektronikoak arautzea, eta egoitza elektronikoaren, erregistro elektronikoaren eta administrazioko kudeaketa elektronikoaren araubide juridikoa sortu eta zehaztea. Horren bidez gauzatzen da herritarrek duten eskubidea Udalaren zerbitzu publikoen sarbide elektronikoa erabiltzeko.

2. artikulua.–Aplikazio eremua.

Ordenantza hau aplikatuko zaio Monteagudoko, Barillasko eta Tulebrasko Udalen Batasunari, bai eta bertako herritarrei ere, udal-administrazioarekin dituzten harremanetan.

II. KAPITULUA

Identifikazio eta autentifikazio sistemak

3. artikulua.–Identifikazio eta autentifikazio sistemak.

Erabiliko diren identifikazio eta autentifikazio sistemak izanen dira urriaren 1eko 39/2015 Legearen I. tituluko II. kapituluan ezarritakoak (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea).

Toki administrazioaren aurrean elektronikoki identifikatzeko garaian, interesdunek edozein sistema erabiltzen ahalko dute, baldin eta sistema horrek aldez aurreko erregistro bat badu eta erabiltzailearen identitatea bermatzeko aukera ematen badu. Zehazki, honako sistema hauek erabiltzen ahalko dira:

a) Sinadura elektronikoko ziurtagiri elektroniko aitortu edo kualifikatuetan oinarritutako sistemak; ziurtagiri horiek izan beharko dute Ziurtapen-zerbitzuen emaileen konfiantzako zerrendako emaileek emanak. Horren ondorioetarako, aipatu ziurtagiri elektroniko aitortu edo kualifikatuetan sartutzat jotzen dira pertsona juridikoarenak eta nortasun juridikorik gabeko entitatearenak.

b) Zigilu elektronikoko ziurtagiri elektroniko aitortu edo kualifikatuetan oinarritutako sistemak; ziurtagiri horiek izan beharko dute Ziurtapen-zerbitzuen emaileen konfiantzako zerrendako emaileek emanak.

c) Gako itunduko sistemak eta toki administrazioak ontzat ematen dituen beste sistema guztiak, ezarritako modu eta baldintzetan.

Interesdunek edozein bitarteko erabiltzen ahalko dute sinatzeko, baldin eta ziurtatzen bada adierazitako borondatearen eta adostasunaren benetakotasuna, bai eta agiriaren osotasuna eta aldaezintasuna ere.

Interesdunek udal administrazioarekin bitarteko elektronikoen bidez harremanetan jartzea erabakitzen badute, honako bitarteko hauek onetsiko dira sinadura baliozkoa izan dadin:

a) Sinadura elektronikoko ziurtagiri elektroniko aitortu edo kualifikatuetan oinarritutako sinadura elektroniko aitortu edo kualifikatuko eta aurreratuko sistemak; ziurtagiri horiek izan beharko dute Ziurtapen-zerbitzuen emaileen konfiantzako zerrendako emaileek emanak. Horren ondorioetarako, aipatu ziurtagiri elektroniko aitortu edo kualifikatuetan sartutzat jotzen dira pertsona juridikoarenak eta nortasun juridikorik gabeko entitatearenak.

b) Zigilu elektronikoko ziurtagiri elektroniko aitortu edo kualifikatuetan oinarritutako zigilu elektroniko aitortu edo kualifikatuko eta zigilu elektroniko aurreratuko sistemak; ziurtagiri horiek izan beharko dute Ziurtapen-zerbitzuen emaileen konfiantzako zerrendako emaileek emanak.

c) Toki administrazioak ontzat ematen dituen beste sistema guztiak, ezarritako modu eta baldintzetan.

Oro har, administrazio prozeduran ezarritako edozein jarduketa gauzatzeko, aski izanen da interesdunek aurretik beren nortasuna egiaztatzea, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako edozein identifikazio bitarteko erabiliz.

Administrazio Publikoak honako prozedura hauetarako baizik ez die eskatuko interesdunei sinadura nahitaez erabiltzeko:

a) Eskaerak egiteko.

b) Erantzukizunpeko adierazpenak edo komunikazioak aurkezteko.

c) Errekurtsoak jartzeko.

d) Akzioetan atzera egiteko.

e) Eskubideei uko egiteko.

III. KAPITULUA

Egoitza elektronikoa

4. artikulua.–Egoitza elektronikoa.

Batasunaren egoitza elektronikoa sortu da.

Egoitza elektronikoaren titulartasuna toki administrazioarena izanen da.

Egoitza elektronikoak honako printzipio hauek bete behar ditu: gardentasuna, publizitatea, erantzukizuna, kalitatea, segurtasuna, eskuragarritasuna, irisgarritasuna, neutraltasuna eta elkarreragingarritasuna.

Norbere burua identifikatzeko eta komunikazio segurua bermatzeko, webgunea autentifikatzeko ziurtagiri aitortuak edo kualifikatuak erabiliko dira, edo horien baliokidea.

Egoitza elektronikoa urteko egun guztietan eta eguneko hogeita lau orduetan egonen da sartzeko moduan herritarrentzat. Mantentze-lan tekniko edo operatiboekin lotutako arrazoi justifikatuak tartean direnean baino ezin izanen da eten egoitzan sartzeko aukera, eta ezinbesteko denboraz baino ez. Aurretiaz iragarri behar da etenaldia, egoitza elektronikoan bertan, kasuan-kasuan posible den aurrerapenarekin. Egoitzaren funtzionamendua ezustean eteten bada, posible den guztietan, erabiltzaileari horren berri ematen dion mezu bat helaraziko zaio.

5. artikulua.–Prozeduren katalogoa.

Aipatu 39/2015 Legearen 53.1 f) artikuluan ezarritakoa betez, interesdunak eskubidea du, besteak beste, informazioa eta orientabidea jasotzeko indarreko xedapenen arabera egin nahi dituen proiektuek, jarduketek edo eskabideek bete beharreko baldintza juridiko edo teknikoei buruz.

Ildo berean, 39/2015 Legearen 16.1 artikuluak ezartzen du erregistro bakoitzera sartzeko egoitza elektronikoan agertuko dela bertan egiten ahal diren izapideen zerrenda eguneratua.

Ondorio horietarako, Batasunak publikoki jakitera emango du egoitza elektronikoko prozedura eta jarduketen katalogoa, eta eguneratua izango du katalogo hori.

6. artikulua.–Egoitza elektronikoaren edukia.

Egoitza elektronikoak, aplikatzekoa den legedian ezarritako edukia izanen du eta, betiere, honako hauek adieraziko dira:

a) Egoitzaren titulartasuna duen organoaren identifikazioa, bai eta kudeaketaren arduradunena eta bertan eskuragarri jartzen diren zerbitzuena ere eta, halakorik dagoenean, bertatik eratorritako azpiegoitzena.

b) Egoitza behar bezala erabiltzeko beharrezko informazioa, egoitza elektronikoaren mapa edo horren baliokidea den informazioa barne, nabigazio egitura eta eskuragarri dauden atalak zehazturik.

c) Egoitzaren ziurtagiriak egiaztatzeko sistema; zuzenean eta doan egon beharko du eskuragarri.

d) Egoitzan onartu edo erabilitako sinadura elektronikoko sistemen zerrenda.

e) Toki administrazioak erabiltzen dituen zigilu elektronikoen zerrenda (ziurtagiri elektronikoen ezaugarriak eta horiek ematen dituzten emaileen ezaugarriak barne), bai eta horiek egiaztatzeko sistema ere.

f) Erregistro elektronikorako sarbidea eta egoitzaren bidez irisgarri dauden erregistro elektronikoa edo elektronikoak sortzeko xedapenerako sarbidea.

g) Datu pertsonalak babesteari buruzko informazioa.

h) Informazio administratiboaren inbentarioa, Batasunak emandako prozeduren eta zerbitzuen katalogoarekin.

i) Herritarrak erabiltzen ahal dituen bitarteko elektronikoen zerrenda, toki administrazioarekin komunikatzeko duen eskubideaz baliatzean.

j) Iradokizunak eta kexak egiteko bitartekoak.

k) Espedientearen izapidetze-egoerarako sarbidea, halakorik dagoenean, aldez aurretik interesdunak bere burua identifikaturik.

l) Egoitzako organo edo erakunde publikoek egindako eta egiaztapen kode seguruarekin autentifikatutako agirien benetakotasuna eta osotasuna egiaztatzea.

m) Data eta ordu ofiziala.

n) Epeak zenbatzeko egun baliodun eta baliogabeen egutegia.

o) Adierazi eginen da zer egun eta ordutan egoten diren zabalik agiriak elektronikoki aurkezteko laguntza ematen duten bulegoak, interesdunek bitarteko elektronikoak erabiltzean laguntza jasotzeko duten eskubidea bermatzeko.

p) Direktorio geografiko eguneratua, interesdunari identifikatzen laguntzeko zein den haren etxetik hurbilen dagoen bulegoa erregistro gaietan laguntzeko.

q) Organo, zentro edo administrazio unitateen indarreko identifikazio kodeak.

7. artikulua.–Ediktuen taula elektronikoa.

Egoitza elektronikoak ediktu-taula elektronikoa izanen du. Han, legez edo erregelamenduz xedaturiko egintzak eta komunikazioak argitaratuko dira.

Batasunak jakinarazpen edo ediktuen argitaratze daten kontrola bermatuko du bitarteko tekniko egokiekin, epeak zenbatzeko ondorioetarako data horien egiaztapena ziurtatzeko.

8. artikulua.–Publizitate aktiboa.

Batasunak, aldian behin, informazio eguneratua emanen du argitara, haren berri izatea beharrezkoa denean jarduketa publikoen funtzionamenduarekin eta kontrolarekin loturik egiten duen jardueraren gardentasuna bermatzeko, Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeko bideari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legeak xedatutakoaren arabera.

Alde horretatik, Batasunak honako hauek emango ditu argitara:

–Informazio instituzionala, antolaketakoa eta plangintzakoa.

–Garrantzi juridikoa duen informazioa, hau da, araudi propioa, hala ordenantzak edo erregelamenduak nola ordenantza fiskalak edo izaera orokorreko beste edozein xedapen.

–Informazio ekonomikoa, aurrekontuen arloko informazioa, eta informazio estatistikoa.

9. artikulua.–Kontratatzailearen profila.

Egoitza elektronikotik Batasunaren kontratatzailearen profilera sartzeko aukera egongo da, eta horren edukia bat etorriko da kontratazioari buruzko araudian xedatuarekin.

IV. KAPITULUA

Erregistro elektronikoa

10. artikulua.–Erregistro elektronikoaren sorrera eta funtzionamendua.

Ordenantza honen bidez Batasunaren erregistro elektronikoa sortzen da, funtzionamendu-araubidea zehazten da eta ezartzen dira bitarteko elektronikoen bidez egiten diren eskabide, idazki eta komunikazioak aurkeztu eta bidaltzean bete beharreko baldintzak eta betekizunak.

Erregistro elektronikoaren funtzionamendua izanen da urriaren 1eko 39/2015 Legean (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa) eta ordenantza honetan ezarritakoaren araberakoa eta, horietan arautu ez diren alderdietan, aplikatzekoa den zuzenbide administratiboko araudian xedatutakoaren araberakoa.

11. artikulua.–Erregistro elektronikoaren izaera eta eraginkortasuna.

Batasun honek erregistro orokor bat izango du eta, bertan, Mankomunitatean aurkeztutako edo jasotako dokumentu guztien idazpena egingo da.

Administrazio guzti-guztien erregistro elektronikoak erabat elkarreragingarriak izanen dira, horrela bermaturik haien bateragarritasun informatikoa eta interkonexioa, bai eta erregistroko idazpenen eta erregistro guztietan aurkezten diren agirien transmisio telematikoa ere.

12. artikulua.–Erregistro elektronikoaren eginkizunak.

Batasunaren erregistro elektronikoak honako eginkizun hauek izango ditu:

a) Idazkiak, eskabideak eta komunikazioak jasotzea, eta haien sarrera idazpena egitea.

b) Idazki, eskabide eta komunikazioak aurkeztu izanaren hartu-agiri elektronikoak ematea.

c) Komunikazio eta jakinarazpen elektronikoak bidaltzea, eta haien irteera idazpena egitea.

d) Legez edo erregelamenduz ematen zaion beste eginkizun oro.

13. artikulua.–Erregistro elektronikoaren arduraduna.

Batasuneko administrazio zerbitzuek izanen dute erregistroa kudeatzeko erantzukizuna.

14. artikulua.–Erregistro elektronikoan sartzea.

Erregistro elektronikorako sarbidea Batasunaren egoitza elektronikoaren bidez eginen da, helbide honetan: https://agrupacionmbt.clmtec.es

15. artikulua.–Eskaerak, idazkiak eta komunikazioak aurkeztea.

Administrazio honi aurrez aurre aurkeztutako agiriak digitalizatu egin beharko ditu agiri horiek jaso dituen erregistroen alorreko laguntza-bulegoak, 39/2015 Legearen 27. artikuluan eta aplikatzekoa den gainerako araudian xedatuari jarraikiz, horiek administrazio-espediente elektronikora sartzeko. Jatorrizkoak interesdunari itzuliko zaizkio, hori eragozpena izan gabe aurkeztutako agiriak, arauz, administrazioak gorde behar dituen kasuetarako, edo objektuak edo digitaliza ezin daitekeen formatu jakin batean dauden agiriak aurkeztea nahitaezkoa den kasuetarako.

Erregistro elektronikoak aukera emanen du eskabideak, idazkiak eta komunikazioak aurkezteko eguneko hogeita lau orduetan eta urteko egun guztietan.

Erregistro elektronikoan egoitza elektronikoko data eta ordu ofizialak erabiliko dira.

Erregistro elektronikoak modu automatikoan sortuko du egindako aurkezpenaren hartu-agiri bat, pdf formatuan eta onartutako identifikazio-sistemetako baten bidez. Han, azaldu beharko dira aurkezpenaren data eta ordua, erregistroko sarrera-zenbakia eta aurkezpen-inprimakiari atxikitako eranskinen zerrenda. Aurkezpenaren hartu-agiria ez emateak esan nahiko du ez dela jaso dena delako agiria, eta horren berri eman beharko zaio erabiltzaileari.

16. artikulua.–Eskaerak, idazkiak eta komunikazioak errefusatzea.

Toki erakundeak errefusatzen ahalko ditu baldintza hauetan aurkezten diren agiri elektronikoak:

a) Kode gaiztoa dutenak edo sistemaren osotasuna edo segurtasuna arriskuan jar lezakeen gailu bat dutenak.

b) Agiri normalizatuak erabiliz gero, nahitaezko eremuak betetzen ez direnean edo agiriaren tratamendua ezinezko egiten duten inkongruentziak edo omisioak daudenean.

Erregistro elektronikoan aurkezten diren idazki eta komunikazioen eranskinak irakurgarriak eta ez-akastunak izango dira. Normalean onartzen diren formatuak erabili ahal izango dira (Batasunaren egoitza elektronikoan publiko egingo dira horiek).

Kasu horietan, egoera horren berri emanen zaio agiria bidali duenari, agiria errefusatzeko arrazoiak jakinarazita eta, posible denean, akats horiek zuzentzeko bitartekoak adierazita. Interesdunak eskatzen duenean, agiria aurkezteko saiakeraren frogagiria emanen da, bertan errefusatzeko arrazoiak azalduta.

17. artikulua.–Epeen kontaketa.

Interesdunek zein administrazio publikoek bete beharreko epeen zenbaketari dagokionez, erregistro elektronikoa jarraikiko zaie egoitza elektronikoko data eta ordu ofizialei; azken horrek behar diren segurtasun-neurriak izanen ditu osotasuna bermatzeko eta agerian egoteko.

Erregistro elektronikoa eguneko hogeita lau orduetan eta urteko egun guztietan egonen da erabiltzaileen eskura, salbu eta arrazoi teknikoengatik etenaldirik egin behar bada.

Epeen zenbaketari dagokionez, honako hauek bete beharko dira:

–Epeak ordutan zehazturik badaude, betiere ordu baliodunak hartuko dira kontuan. Ordu baliodunak izanen dira egun baliodun bat osatzen duten ordu guztiak.

Ordutan adierazitako epeak orduz ordu eta minutuz minutu zenbatuko dira, dagokion egintza gauzatzen den ordu eta minututik aurrera, eta ezin izanen dira hogeita lau ordutik gorakoak izan; horrelakoetan, egunetan adieraziko dira epeak.

–Epeak egunetan zehazturik badaude, betiere egun baliodunak hartuko dira kontuan; beraz, larunbatak, igandeak eta jaiegunak ez dira zenbatuko.

–Eskabideak, idazkiak eta/edo komunikazioak egun baliogabe batean sartuz gero, hurrengo lehen egun balioduneko lehen orduan sartutzat joko dira. Horretarako, sarrera idazpenean, agiria benetan jaso zen eguna eta ordua inskribatuko dira aurkezpenaren egun eta ordutzat, baina hurrengo lehen egun balioduneko lehen ordua jasoko da sarrera egun eta ordutzat.

–Eskabideen sarrera ezarritako epean jasotzat joko da, transmisioa egun horretan bertan hasten bada eta ongi burutzen bada. Epeen zenbaketari dagokionez, baliozkoa izanen da eta ondorio juridikoak izanen ditu erregistro-unitateak emaniko hartu-agirian ageri den sarrera datak.

–Egun baliogabeetan ez da aterako inolako idazki edo komunikaziorik erregistro elektronikotik.

–Toki administrazioaren erregistro elektronikoari dagokionez, egun baliogabeak dira larunbatak, igandeak eta Estatuko, Nafarroako eta Batasuneko buru den herriko jaiegunen egutegi ofizialean zehaztutakoak. Horren ondorioetarako, egoitza elektronikoan argitaratutako egutegia egonen da kontsultagai.

V. KAPITULUA

Jakinarazpen elektronikoak

18. artikulua.–Jakinarazpenen ezaugarri orokorrak.

Jakinarazpenak bitarteko elektronikoen bidez eginen dira lehentasunez, eta beti interesdunak betebeharra duenean halakoak bide horretatik jasotzeko.

Aurrekoa gorabehera, Batasunak jakinarazpenak bitarteko ez-elektronikoen bidez egin ahalko ditu honako kasu hauetan:

a) Interesduna edo haren ordezkaria berez agertzen denean erregistroaren alorreko laguntza-bulegoan eta une horretan komunikazio edo jakinarazpen pertsonala eskatzen duenean.

b) Administrazio-jarduketaren eraginkortasuna bermatzeko, beharrezkoa denean jakinarazpena egin behar duen administrazioko langile batek jakinarazpena zuzenean ematea.

Erabilitako bitartekoa edozein izanik ere, jakinarazpenak beti izanen dira baliozkoak baldin eta aukera ematen badute jasota uzteko honako hauek: jakinarazpena igorri edo eskuragarri jarri izana; interesdunak edo haren ordezkariak jaso izana edo hartara iritsi izana; datak eta orduak; jakinarazpenaren eduki osoa; eta igorlearen eta hartzailearen identitate fidagarria. Egindako jakinarazpenaren egiaztapena espedienteari erantsiko zaio.

Jakinarazpen elektronikoak jasotzeko betebeharra ez duten interesdunek noiznahi erabaki eta jakinarazten ahalko diote administrazio publikoari, horretarako ezartzen diren eredu normalizatuen bidez, hortik aurrerako jakinarazpenak bitarteko elektronikoen bidez egin diezazkien nahi dutela, edo, bestela, jakinarazpenak bitarteko horien bidez egiteari utz diezaion.

Interesdunek adostasun orokorra eman dezakete toki administrazioko izapide guztietarako, edo izapide baterako edo batzuetarako, adierazten dutenaren arabera.

Interesdunak, halaber, prozeduraren izapidetzean, toki administrazioarekin komunikatzeko modua aldatzen ahalko du, hasieran hautatutakoa ez beste bitarteko bat aukeratuz, hala une horretatik aurrera jakinarazpenak bitarteko elektronikoen bidez egiteko eskatuz nola jakinarazpen elektronikorako baimena atzera botaz eta jakinarazpenak postaz jasotzeko eskatuz. Kasu horretan, organo eskudunari jakinarazi beharko dio, eta ondorengo jakinarazpenak jasotzeko helbide postal bat adierazi.

Organo eskudunaren erregistroan jaso eta biharamunetik aurrerako jakinarazpenetarako izanen ditu ondorioak aldaketa horrek.

19. artikulua.–Jakinarazpen elektronikoak egitea.

Jakinarazpen elektronikoa agerraldi elektronikoaren bidez eginen da.

Agerraldi elektronikoaren bidezko jakinarazpenean, interesduna, behar bezala identifikatuta, dagokion administrazio jarduketaren edukira sartzen da toki administrazioaren egoitza elektronikoaren bidez.

Agerraldi elektronikoak, jakinarazpenaren ondorioak izan ditzan, honako baldintza hauek bete beharko ditu:

–Edukira iritsi aurretik, interesdunak abisu bat ikusi beharko du, adieraziko duena bertara iristea jakinarazpen-izaerako administrazio jarduketa izanen dela.

–Dagokion informazio-sistemak edukira sartu izana jasoko du, data eta ordua adierazita, eta une horretatik aurrera jakinarazpena egintzat joko da, legezko ondorio guztietarako.

Jakinarazpen-sistemak aukera emanen du ziurtatzeko zer egunetan eta ordutan jarri den interesdunaren esku jakinarazpenaren xede den egintza eta zer egunetan eta ordutan sartu den haren edukira.

Jakinarazpena bitarteko elektronikoz egitea nahitaezkoa denean, edo interesdunak espresuki hori aukeratu duenean, ez onartutzat joko da baldin haren edukian sartzerik gertatu ez bada hamar egun natural igarotakoan, jakinarazpena eskuragarri jarri zenetik zenbatzen hasita.

VI. KAPITULUA

Faktura elektronikoa

20. artikulua.–Faktura elektronikoa.

Toki administrazioak onartu eginen du, egin zaizkion zerbitzuei dagokienez, bitarteko elektronikoen bidez aurkeztea hirugarren batzuek eginiko fakturak, igorlearen eta agiriaren benetakotasuna egiaztaturik badago eta dagokion araudian zehaztutako gainerako baldintzak betetzen badira. Igorlearen edo agiriaren benetakotasuna egiaztatuta ez badago, egiaztatzeko eskatuko diote igorleari, administrazioak egokitzat hartzen dituen bitartekoen bidez.

Toki administrazioak fakturak formatu elektronikoan aurkezteko eskatzen ahalko du, eta jasoriko zenbatekoak ordainduko ditu, ahal dela, bitarteko elektronikoen bidezko administrazio prozedurak erabiliz.

21. artikulua.–Ordainketa elektronikoa.

Toki administrazioak ordaintzeko sistema elektronikoak ezarriko ditu herritarrek zergak, zehapenak, isunak, errekarguak eta zor dizkioten gainerako zenbatekoak ordaindu ahal izateko, aldez aurretik likidazioa eginik, hala behar denean.

Aurreko puntuan xedaturikoa betetzeko, toki administrazioak ordainketa elektronikorako pasabideak erabiltzen ahalko ditu, beste administrazio publiko batzuek gaituak, finantza erakunde zehatz batzuekin datuak modu seguru eta konfidentzialean online trukatu ahal izateko, horrela online ordainketa ezarririk izapidetze telematiko baten puntu guztietan.

Egindako ordainketaren frogagiria emanen dute ordainketa elektronikorako ezartzen diren sistemek.

LEHEN XEDAPEN GEHIGARRIA

Egoitza elektronikoa abian jartzea

Egoitza elektronikoa ordenantza honen behin betiko onespena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean eta baliabide teknikoek horretarako aukera ematen dutenean jarriko da abian.

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Erregistro elektronikoa abian jartzea

Erregistro elektronikoa ordenantza honen behin betiko onespena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean eta baliabide teknikoek horretarako aukera ematen dutenean jarriko da abian.

HIRUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Segurtasuna

Egoitza eta erregistro elektronikoen segurtasuna nahiz herritarren zerbitzu publikoetarako sarbidearen segurtasuna izanen dira Segurtasun Eskema Nazionalean ezarritakoaren araberakoak.

Batasunaren Batzarrak bere segurtasun-politika onartu beharko du, administrazio elektronikoaren esparruan Segurtasun Eskema Nazionala arautzen duen urtarrilaren 8ko 3/2010 Errege Dekretuaren 11. artikuluan ezarritako gutxieneko edukiarekin.

Egoitza elektronikoetan publizitatea eman beharko zaie dagozkien adostasun-adierazpenei eta segurtasun-bereizgarriei.

Ohiko auditoretza orokor bat egin beharko da gutxienez bi urtean behin. Informazio-sisteman funtsezko aldaketak egiten diren bakoitzean, horiek beharrezko segurtasun-neurrietan eraginik izan badezakete, ezohiko auditoretza bat eginen da, eta horren arabera ezarriko da bi urteko epea kontatzeko data. Auditoretza-txostenak Segurtasun Eskema Nazionalaren 34.5 artikuluan ezarritako edukia izanen du.

LAUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Datuen babesa

Telekomunikazio-sareen bidez ematen diren zerbitzuek eta harreman juridikoek bete egin beharko dituzte Datu Pertsonalak Babesteari eta eskubide digitalak bermatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan ezarritakoa, bai eta informazioaren tratamendu automatizatua, jabetza intelektuala eta informazioaren gizarteko zerbitzuak arautzen dituzten berariazko xedapenetan jasotakoa ere.

BOSGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Zerbitzuen zuzentarauaren leihatila bakarra

Batasunak bermatu egingo du, bere eskumenen alorrean, zerbitzu emaileek beren jardueran sartzeko eta jarduteko beharrezko informazioa eta inprimakiak jasotzen ahalko dituztela Zerbitzuen zuzentarauaren leihatila bakarraren bidez (www.eugo.es), bai eta agintari eskudunek beren eskariei dagokienez eman dituzten ebazpenak eta gainerako komunikazioak ere. Xede horretarako, Batasunak koordinazioa sustatuko du jarduera batean sartu eta jarduteko beharrezko inprimakiak normalizatzeko.

SEIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Garatzeko gaikuntza

Batasuneko burua gaitzen da antolakuntzaren arloan beharrezko diren neurriak har ditzan, ordenantza honetako xedapenak garatzeko, eta beharrezko alderdi teknikoak alda ditzan, komeni denean, normalizazioa eta elkarreragingarritasuna direla-eta edo, oro har, teknologiaren garapenari egokitzeko.

ZAZPIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Ordenantza honek ezarritakoak aplikatzea

Ordenantza honetan jasotako xedapenak aplikatu egingo dira Batasunaren tresna teknologikoen garapen maila kontuan izanik; Batasuna saiatuko da bere aplikazioak une bakoitzean erabilgarri dauden konponbideetara egokitzen, beharrezko egokitzapen aldien kalterik gabe. Horiek eskuragarri daudenean, horren berri emanen da egoitza elektronikoan.

AZKEN XEDAPENA

Indarrean jartzea

Ordenantza honen behin betiko testua Batasuneko Batzarrak abuztuaren 13an egin bilkuran onetsia da, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da eta ez da indarrean jarriko haren testua osorik argitara eman arte eta Toki Araubidearen oinarriak arautzen dituen Legearen (apirilaren 2ko 7/1985) 65.2 artikuluan ezarritako epea igaro arte. Indarrean izanen da espresuki aldatu edo indargabetu arte.

Iragarkiaren kodea: L2012968