268. ALDIZKARIA - 2020ko azaroaren 17a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2020ko azaroaren 4an hartua, zeinaren bidez onesten baita Biurrun-Olkozko udalerria sartzea Iruñerriko Taxi Zerbitzu Bateratuaren Lurralde Eremuan.

Taxiei buruzko uztailaren 6ko 9/2005 Foru Legeak (aurrerantzean, Taxiei buruzko Foru Legea) honako hau xedatzen du xedapen gehigarri bakarraren 6. apartatuan:

“Nafarroako Gobernuak, garraioen arloko eskumena duen departamentuak proposaturik, 1. apartatuan aipatutakoez beste udalerri batzuk sartu ahal izanen ditu Iruñerriko Mankomunitatean, taxi zerbitzuaren ondorioetarako, udal interesdunak hala eskatu eta gero. Horretarako, Iruñerriko Mankomunitatearen adostasuna eta Nafarroako Taxien Kontseiluak eginiko txostena beharko dira.

Apartatu honetan xedatutakoari jarraikiz taxi zerbitzuaren ondorioetarako Iruñerriko Mankomunitatean sartzen diren udalerrietako lizentziak eskualdaezinak izanen dira. Lizentzia horiek berez iraungiko dira titularraren uko egite, erretiro edo heriotza kasuetan, bai eta taxi lanetan aritzeko ezintasun iraunkorreko deklarazioa egiten den kasuetan ere”.

Biurrun-Olkozko Udalak erabaki zuen, 2019ko abuztuaren 20an egin osoko bilkuran, Iruñerriko Mankomunitateari eskatzea Biurrun-Olkozko udalerria sar dezan Iruñerriko Taxi Zerbitzu Bateratuaren Lurralde Eremuan.

Mankomunitatearen Batzar Nagusiak, 2020ko ekainaren 8an egindako bilkuran, erabaki hauek hartu zituen: aldeko txostena ematea Biurrun-Olkozko udalerria Iruñerriko Mankomunitatean sartzeko, taxi zerbitzuari dagokionez; espedientea jendaurrean jartzea 15 egun balioduneko epean; eta, Mankomunitatean sartzeko izapidea ebatzi ondoan, Nafarroako Gobernuko Lurralde Kohesiorako Departamentuari eskatzea behar diren izapideak egiten has dadin, aipatu udalerria sartzeko Iruñerriko Taxi Zerbitzu Bateratuaren Lurralde Eremuan.

Erabaki hori argitaratu zen Iruñerriko Mankomunitatearen iragarki taulan eta 2020ko 144. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, uztailaren 1ekoan.

Mankomunitateko Estatutuen 37.c) artikuluan ezartzen da ezen jendaurreko epea igarotzen baldin bada inork alegaziorik aurkeztu gabe, Mankomunitatean sartzeko erabakia behin betikotzat hartuko dela. Kasu honetan, ez zen alegaziorik aurkeztu.

Hortaz, Iruñerriko Mankomunitateko presidenteak abuztuaren 17an emandako 391/2020 Ebazpenaren bidez, Nafarroako Gobernuko Lurralde Kohesiorako Departamentuari eskatu zitzaion bideratzen has zitzan Biurrun-Olkozko udalerria Iruñerriko Mankomunitateko Taxi Zerbitzu Bateratuaren Lurralde Eremuan sartzeko izapideak. Arestian aipatu den moduan, Nafarroako Taxien Kontseiluak txostena eman behar du horretarako, Nafarroako Gobernuak onetsi aurretik.

Nafarroako Taxien Kontseiluak erabaki zuen, 2020ko urriaren 2an egin bilkuran, aldeko txostena ematea aipatu udalerria Mankomunitatean sartzeko eskaeraren gainean.

Taxiari buruzko Foru Legearen 48. artikuluan ezarri da zer baldintza bete behar dituzten udalerriek zerbitzu bateratuaren lurralde eremu batean sartzeko. Artikulu horretan adierazitakoaren arabera, hauek dira bete beharreko baldintzak: udalerriek jarraitutasun geografikoa izan behar dute eta kudeatzeko bideragarritasun ekonomikoa egon behar da. Horretaz gain, kontuan hartuko da udalerri eskatzaileak udalerriaz gaindiko entitate bateko partaideak izatea, zeinak bere gain hartuko baititu Taxiari buruzko Foru Legearen 50. artikuluan adierazitako eskumena eta araubide ekonomikoa.

Biurrun-Olkozko udalerriak badu jarraitutasun geografikoa egun Iruñerriko Mankomunitateko Taxi Zerbitzu Bateratuaren Lurralde Eremuan dauden bi udalerrirekin: Galarrekin, iparraldean, eta Tebas-Muru Artederretarekin, ekialdean.

Kudeatzeko bideragarritasun ekonomikoari dagokionez, Iruñerriko Mankomunitatea da, 2005. urtetik, Iruñerriko Mankomunitateko Taxi Zerbitzu Bateratuaren Lurralde Eremua kudeatzen duen entitatea, eta, gaur egun, 315 lizentzia dituen zerbitzu bat kudeatzen du.

Bestalde, Biurrun-Olkozko udalerrian ez dago udalerriari berari atxikitako lizentziarik. Beraz, udalerri hau eremura sartzeak eragin oso txikia izanen luke, eta ez luke eraginik izanen kudeatzeko bideragarritasun ekonomikoan.

Hirugarren baldintzari dagokionez, Biurrun-Olkozko Udala Mankomunitateko kidea da 1987. urtetik.

Beraz, Garraioen Plangintzaren eta Araubide Juridikoaren Zerbitzuaren iritziz, Biurrun-Olkozko udalerriak betetzen ditu Iruñerriko Mankomunitateko Taxi Zerbitzu Bateratuaren Lurralde Eremuan sartzeko baldintzak, Taxiari buruzko Foru Legearen 48. artikuluan ezarritakoak; eta txostenean adierazi du betetzen dela foru lege horrek berak xedapen gehigarri bakarreko 6. apartatuan horretarako errekeritzen duen prozedura.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuak, Lurralde Kohesiorako kontseilariak proposaturik,

ERABAKITZEN DU

1. Onestea Biurrun-Olkozko udalerria sar dadin Iruñerriko Mankomunitateko Taxi Zerbitzu Bateratuaren Lurralde Eremuan.

2. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea. Argitaratzen den egunetik beretik izanen ditu ondorioak.

3. Erabaki hau jakinaraztea Biurrun-Olkozko Udalari eta Iruñerriko Mankomunitateari, eta igortzea Garraioen Plangintzaren eta Araubide Juridikoaren Zerbitzura.

4. Adieraztea erabaki honek administrazio bidea amaitzen duela, eta honen aurka, aukeran, berraztertzeko errekurtsoa jartzen ahal dela Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean edo, bestela, zuzenean, aurkaratzen ahal dela Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean.

Erabaki hau argitaratu edo jakinarazi, zein den kasua, eta biharamunetik hasita zenbatuko dira epeak.

Administrazio publikoek, berraztertzeko errekurtsoaren ordez, aurretiazko errekerimendua egin dezakete, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2020ko azaroaren 4an.–Nafarroako Gobernuko kontseilari-idazkaria, Javier Remírez Apesteguía.

Iragarkiaren kodea: F2013218