268. ALDIZKARIA - 2020ko azaroaren 17a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

OTSAGABIA

Aldaketa, Udalaren gimnasioko kirol instalazioen erabilera
eta hilerria arautzen dituzten udal ordenantzetan.
Behin betiko onespena

Otsagabiko Udalak, 2020ko abuztuaren 17an egin bilkuran, erabaki zuen hasiera batez onestea aldaketa honako ordenantza hauetan:

–Udalaren gimnasioko kirol instalazioen erabilera arautzen duen ordenantza.

–Hilerria arautzen duen ordenantza.

Iragarkia 2020ko 204. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, irailaren 10ean, baita Udalaren iragarki-taulan ere, eta horren ondotik jendaurrean egoteko epea iragan da inork erreklamazioa, kexa edo oharrik aurkeztu gabe. Hortaz, behin betiko onetsitzat jotzen dira eta haien testua argitara ematen.

Argitara ematen da orok jakin dezan eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan ezarritakoa betetzeko.

Otsagabian, 2020ko urriaren 28an.–Alkateordea, Mikel Aoiz Iriarte.

ORDENANTZA FISKALA, UDALAREN GIMNASIOKO KIROL INSTALAZIOEN ERABILERA ARAUTZEN DUENA

1. artikulua. Ordenantza honetako tasa ezarri da Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 28. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoaren babespean (martxoaren 2ko 4/1999 Foru Legeak aldatu zuen lege hori).

2. artikulua. Otsagabiko Udalaren gimnasioko instalazioak erabiltzen dituzten pertsona fisikoek ordaindu behar dituzte ordainarazpen hauek.

3. artikulua. Instalazio horietara sarbidea ematen duen sarrera edo udal baimena eskuratzen denean sortzen da ordaindu beharra.

4. artikulua. Abonatu bilakatuko dira horretarako ezarritako tasak ordaintzen dituztenak.

14 urtetik beherakoak ezin dira abonatu bilakatu, eta debekatuta dute sartzea eta instalazioak erabiltzea.

14 urtetik 16 urtera bitartekoek instalazioak erabili ahal izateko, guraso, tutore, legezko ordezkari edo guraso-ahala dutenetako batek lagunduta eta haren zaintzapean egon beharko dute, baldin eta horietako bat abonatuta badago instalazioetara.

Udal gimnasioko instalazioak erabiltzeko abonatuei luzatzen zaien txartela pertsonala eta besterenezina da, eta haren titularrari baizik ez dio ematen instalazioak erabiltzeko eskubidea.

5. artikulua. Indargabetua.

6. artikulua. Aplikatzeko tarifak ordenantza honen tarifen eranskinean agertzen dira.

Erabiltzaile bakoitzak tarifen eranskinean jasotako kuotetako bat ordainduko du kirol instalazioak erabiltzeagatik.

‘Hilekoa’, ‘hiru hilekoa’, ‘sei hilekoa’ edo ‘urtekoa’ izeneko kuotek aukera ematen dute instalazioak denbora-tarte horietan erabiltzeko, erabiltzaileen alten eta bajen kasuan hamabostaldi naturaletan, hilabeteko lehen egunetik hamalaura eta hamabostetik dagokion hileko azken egunera bitartean.

“Asteburuak, Eguberriak eta Aste Santua” izeneko kuotek bide ematen dute instalazioak erabiltzeko asteburuetan (urte guztiko larunbat eta igande guztiak); Eguberrietan, abenduaren 24tik urtarrilaren 6ra, biak barne, eta Aste Santuan, Ostegun Santutik hasita Pazko biharamunera arte, biak barne.

“Hileko”, “hiruhileko”, “seihileko” eta “asteburuak, Eguberriak eta Aste Santua” izeneko kuotak ordainduko dira instalazioak erabili baino lehen.

Kuota ezin izanen da hainbanatu, eta erabiltzaileak ez du eskubiderik izanen zenbatekoa itzultzeko, ongi justifikatutako aparteko kasuetan izan ezik; udal administrazioko organo eskudunak baloratuko ditu inguruabarrak eta, bidezkoa bada, gelditzen diren hilabete naturalen zenbatekoa itzuliko du, bajaren data onartzen den hilabetea izan ezik.

7. artikulua. Ez da egun baterako sarrera-txartelik emanen.

8. artikulua. Instalazioak abonamenduaren bitartez erabili nahi dituztenek, Udalak finkatzen duen moduan eta finkatzen dituen baldintzetan eskuratuko dute.

Horretarako, instalazioetan txartel elektronikoaren bidez sartzeko sistema ezarriko da. Txartel horretan agertuko dira erabiltzaileak ordaindutako kuotaren arabera baimenduta dauden egunak, orduak eta sarrerak.

Baja emanez gero, txartel elektronikoa udal bulegoetan utzi beharko du erabiltzaileak.

9. artikulua. Udalak, hala dagokionean, zehaztuko du denboraldiak noiz hasi eta noiz amaituko diren, urtaro bakoitzean instalazioak zein ordutan ireki eta itxiko diren, eta zein egunetan egonen diren itxita.

Oro har, hau izanen da instalazioak erabiltzeko ordutegia:

Astelehenetik larunbatera, 9:00etatik 22:00etara.

Igandeetan, 9:00etatik 15:00etara.

10. artikulua. Instalazioen barrenean diren bitartean, erabiltzaileek aldean eraman beharko dituzte txartelak eta arduradunei erakutsi eskatutakoan, bestela kanpora bidaliko baitituzte.

11. artikulua. Erabiltzaileek beti errespetatuko dituzte instalazioak erabiltzeko arauak; horiek instalazioak erabiltzeko erregelamenduan bildurik daude eta ikusgai daude haien esparru bakoitzean.

12. artikulua. Instalazioetan sartu ahal izateko nahitaez eduki beharko dira ordainduta tarifen eranskinean zehazten diren kuotak.

13. artikulua. Udalaren kiroldegian sarrerarik edo erabiltzeko baimenik gabe sartze hutsa iruzurtzat joko da.

14. artikulua. Udalak urtero zehaztuko du urte bakoitzeko kuoten zenbatekoa.

15. artikulua. Taldeek, bai bertakoek bai kanpokoek, instalazioak erreserbatzeko egin nahi dituzten eskaerak udal bulegoetan aurkeztuko dituzte, erreserbarako eskaeraren edo horretarako prestatutako eskabidearen bitartez.

Tarifen eranskinean ezarritakoa izanen da tasa, kirol motaren batean ofizialki lehiatzeko antolaturiko abonatuen taldeen kasuan izan ezik, haiendako Udalak kuota berezi murriztuak ezarri ahalko baititu.

16. artikulua. Ordenantza honetan arautu gabeko orotan, instalazioak erabiltzeko dagoen araudiari jarraituko zaio.

17. artikulua. Gainerako arau-hausteetan eta zehapenei dagokienez, Ordenantza fiskal orokorrean xedatuari jarraituko zaio, edo, bestela, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legean eta harekin bat heldu diren arauetan agindutakoari.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenbizikoa.–Ordenantza honetan jasotzen ez den orotan, aplikatuko da Ordenantza fiskal orokorrean eta Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legean xedatua.

Bigarrena.–Ordenantza honek indarra hartu eta ondorio juridikoak izanen ditu ordenantzaren testua oso-osorik Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu, eta Estatuko edo Foru Komunitateko Administrazioek toki entitateen egintza edo erabakiak deuseztatzeko duten eskumena erabiltzeko epea iragandakoan.

TARIFEN ERANSKINA

Honela finkatu da inskripzio kuota:

1.–14 urtetik 16 urtera bitartekoak: gurasoen, tutoreen edo guraso-ahala dutenen baimenarekin: salbuetsirik.

2.–16 urtetik goiti:

–Hileko kuota. 25,00 euro hilabetean

–Hiru hileko kuota. 60,00 euro hiruhilekoan

–Sei hileko kuota. 110,00 euro seihilekoan

–Urteko kuota. 150,00 euro urtean

–Asteburuko, Eguberrietako eta Aste Santuko kuota: 100,00 euro.

HILERRIA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA

Hilerria arautzen duen ordenantzako 5. artikuluaren testua aldatu da. Hona hemen:

“5. artikulua. Otsagabiko udal hilerrian ehortziko dira Otsagabiko edozein etxetakoak diren edo izan diren eta/edo hilerrian hobiaren titular edo zergadun gisa agertzen diren pertsonak. Zerbitzuagatik lurperatze eskubideak ordainduko dira, Lurperatzeko zerbitzuaren tasa arautzen duen ordenantzan ezarritakoari jarraituz. Hildakoan hobirik ez duten pertsonendako, Otsagabiko Udalak baimena eman ahalko du hilerriko eremu komunean lurperatzeko.

Hobien kontzesioaren adjudikazio prezioa ordenantza honen “Tarifak” eranskinean jasotzen da.

Tarifen eranskina

1. Hobien kontzesioaren adjudikazioa lursail orokor eta komunean: 150,25 euro.

Iragarkiaren kodea: L2012733