268. ALDIZKARIA - 2020ko azaroaren 17a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

AMESKOABARRENA

Udal ordenantza, Zakurrak eta etxeko beste animalia batzuk edukitzeari buruzkoa

Lagun egiteko animaliak Nafarroan babesteari buruzko apirilaren 4ko 19/2019 Foru Legearen hirugarren xedapen iragankorrean ezarritakoaren arabera.

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Xedea.

Ordenantza honek zakurrak eta etxeko beste animalia batzuk edukitzea arautzen du, bateragarria izan dadin pertsonen eta ondasunen higienearekin, osasun publikoarekin, lasaitasunarekin eta segurtasunarekin. Orobat, animaliei behar bezalako babesa eman nahi die.

Arreta berezia jarri zaie arriskutsuak izan daitezkeen animaliei, eta araudi zorrotzagoa aplikatu zaie, eduki ahal izateko baldintzei dagokienez.

Ordenantza hau aplikatuko da deusetan ukatu gabe indarrean den legediak ezartzen duena babestutako espeziei, animalien osasunari eta haien garraioari buruz.

2. artikulua. Organo eskudunak.

Udal ordenantza honetan araututako gaietan eskumena duten udal organoak honako hauek dira:

1. Udaleko Osoko Bilkura.

2. Udaleko alkatea edo berak eskuordetzen duen organoa.

3. Udaleko beste edozein gobernu organo, Osoko Bilkuraren edo alkatearen berariazko eskuordetzearekin, generikoa edo berezia izan, ordenantza honen aplikazio eremuan jarduten duena.

3. artikulua. Aplikazio-eremua.

Ordenantza hau Ameskoabarrengo udal-mugarte guztian aplikatuko da.

4. artikulua. Arau-hausteak eta zehapenak.

Gainerako administrazio publikoei oro har esleitutako ahalmenak deusetan ukatu gabe, ordenantza honetan ezarritakoaren aurkako arau-hausteak alkateak zehatuko ditu, edo hark espresuki eskuordetzen duen organoak. Horretarako, kontuan hartuko dira arau-haustearen graduazioa, osasun publikorako arriskua, herritarren arteko lankidetzan ez aritzea, elkarbizitzako oinarrizko arauei mespretxu egitea edo arau-haustearen larritasun maila erabaki dezaketen bestelako inguruabarrak.

Arau-haustearen izaeragatik, delitua egin dela susmatzen bada, horren berri emanen zaio Instrukzioko Epaitegiari.

5. artikulua. Definizioak.

–Lagun egiteko animaliak: pertsonek oro har etxean dituzten animaliak dira, batez ere lagun egitekoak. Horixe da animaliak edukitzeko arrazoi nagusia, irabazi-asmorik edo salerosketa asmorik gabe; orobat, ikusmen urritasuna duten pertsonak lagundu, gidatu eta haiekin ibiltzen direnak.

–Errentako animaliak: pertsonekin bizi ez arren, haiek mantendu, hazi edo gizentzen dituztenak, elikagaiak eta bestelako onurak lortzeko.

6. artikulua. Betebeharrak.

Lagun egiteko animalia baten jabeak eta/edo edukitzaileak betebehar hauek ditu:

1. Higiene eta osasun baldintza onetan edukitzea, nahitaezkoa den edozein tratamendu ematea bere kontura, eta albaitariaren aldetik behar duen arreta eta laguntza egokia ematea.

2. Alojamendu egokia ematea, arrazaren edo espeziearen arabera.

3. Egoki garatzeko behar duen elikadura nahikoa ematea.

4. Animalia babestea beste animalia edo pertsonen erasoetatik, arrisku egoeretatik, eta deserosotasun eta eragozpenetatik.

5. Animaliak beste pertsona edo beste animalia batzuei egiten ahal dizkien erasoak saihestea, bai eta eragin ditzakeen bestelako kalte edo eragozpenak ere.

6. Kasuan kasuko animalia edukitzeko beharrezkoak diren baimenak edo lizentziak lortzea.

7. Animalia inskribatzea dagozkion erregistroetan, ordenantza honetan eta indarra duen araudian xedatuaren arabera.

8. Hirigunean animalia lotuta eta kontrolatuta eramatea. Debekatuta dago edozein kasutan animalia libre edo erdi-libre ibiltzea hirigunean.

9. Animaliaren gorotzak biltzea bide eta espazio publikoetan. Behar diren neurriak hartzea animaliak ez dezan libratze edo pixarik egin ate, atari edo ataripeetan.

II. KAPITULUA

Etxeko animaliak edukitzeko arauak

7. artikulua. Etxebizitzetan eta bestelako esparru pribatuetan edukitzea.

Animaliak etxebizitzetan eta esparru pribatuetan edukitzeko tokiak higiene, osasun eta segurtasun baldintzak bete beharko ditu, bai animaliarentzat bai harekin bizi direnentzat eta baita bizilagunentzat ere, eta ez die inola ere arriskurik edo eragozpenik eraginen pertsonei.

Ukuiluko hegaztiak, untxiak, usoak eta bestelako animaliak etxean hazten ahalko dira, bai terrazetan, patioetan edo teilatu lauetan, baldin eta haien bizitokiak, instalazioen egokitasunak eta animalia kopuruak ahalbidetzen badute, kontuan hartuta higienea eta osasuna, bizilagunentzat arriskurik ez egotea, ez eta animalientzat beraientzat ere; orobat, aplikatzekoa den ingurumenari eta sektoreari buruzko araudiaren eta indarrean den hirigintzako planeamenduaren mende izanen da.

Udal agintariek, ofizioz edo salaketa baten ondorioz, kasu bakoitzean egoki juzgatzen dutena erabakiko dute, txosten tekniko eskudunei jarraituz eta etxebizitzan egindako bisiten ondorioz. Bizilagunek bisita horiek erraztu beharko dituzte.

Horren ondotik ikusten bada ezin direla animaliak etxebizitzan edo esparru pribatuan eduki, segurtasunagatik eta osasungarritasunagatik, edo bizilagunen lasaitasuna eta deskantsua eragozten direlako, jabeari errekerimendua eginen zaio animaliak atera ditzan. Bere kabuz egiten ez badu, dagokion zehapen espedientea irekiko zaio eta bidezko zehapenak ezarriko, animaliaren edo animalien kanporatzea barne.

Edonola ere, Udalaren esku-hartzeak eragindako kostuak animaliaren jabeari ordainaraziko zaizkio.

8. artikulua. Osasun arloko kontrola.

Lagun egiteko animalien edukitzaileak edo jabeak izanen dira arduradunak animaliei legeak ezarritako kontrol eta jarraipenak egiteko.

Amorruaren kontrako txertoa nahitaezkoa izanen da zakur eta katu guztientzat, indarrean den foru araudiari jarraituz.

9. artikulua. Animalien erasoak.

Zakur, katu edo beste animalia batek ausiki egindako pertsonak berehala emanen die horren berri osasun zerbitzuei eta/edo Udalari, tratamendua eman diezaioten, animalia aztertu ondotik hala egitea komeni bada.

Pertsonei ausiki edo eraso egin dieten animalien jabeak behartuta daude eraso duten pertsonari, haren legezko ordezkariei eta hala eskatzen duten agintariei animaliaren datuak ematera.

Animalia deslaia bada edo jabea ezezaguna badu, erasotako pertsonak eta udal zerbitzuak elkarrekin lan eginen dute animalia harrapatzeko.

10. artikulua. Abandonatzea edo lagatzea.

Zakurren edo bestelako animalien jabeek ez badute haiek edukitzen jarraitu nahi, horren berri emanen diote udal agintaritzari eta honek kudeatuko du haren bilketa.

Eskabidea bideratu arte, jabeak izanen du bere animaliaren ardura.

Sortzen diren gastuak jabearen kargura izanen dira. Betebehar hau ez betetzeak zehapena ekar dezake.

11. artikulua. Arauak espazio publikoetan.

Animaliak bide eta espazio publikoetan ibiltzen ahalko dira beraien jabeen gidaritzapean, edo haiek eskuordetutako pertsonekin, baldin eta ez badute arriskurik sortzen gainerako oinezkoentzat eta animalientzat.

Debeku da etxeko animaliak, araudiarekin bat lotuta badira ere, haurren jolastokietara sartzea.

Zakur guztiak ibiliko dira uhalaz lotuta eta dagokien identifikazioarekin. Arriskutsutzat jotzen diren arrazako zakurrek muturrekoa jarrita ibili beharko dute, metro bateko uhal sendo eta luzaezinarekin eta adin nagusiko pertsonek gidatuta.

Ikusteko desgaitasuna duten pertsonen gida-zakurrek ez dute muturrekorik beharko edonon daudela ere.

Animalia gidatzen duen pertsonak bildu beharko ditu, kasu guztietan, animaliak bide eta espazio publikoetan egiten dituen libratzeak, eta zainduko du atari, ataripe edo ateetan pixarik egin ez dezan.

12. artikulua. Identifikazioa eta inskripzioa, Lagun egiteko animalien udal erregistroan.

Zakur eta hudoak, bai eta erregelamenduaren arabera lagun egiteko animalia direnak, banaka identifikatuak izan beharko dute albaitariak jarritako mikrotxip bidez, jaio eta hiru hilabeteko epearen barrenean, gehienez ere, edo eskuratu eta hilabeteko epean.

Mikrotxipa jartzea nahitaezkoa izanen da eta jabearen kontura eginen da.

III. KAPITULUA

Animalia arriskutsuak eta arriskutsuak izan daitezkeenak edukitzea

13. artikulua. Definizioa.

Arriskutsuak izan daitezkeen animaliatzat hartzen dira:

–Basa faunakoak izanik, lagun egiteko animalia gisa erabiltzen direnak, eta, beren oldarkortasuna gorabehera, pertsonen eta beste animalia batzuen bizia edo osotasun fisikoa arriskuan jartzeko edo ondasunetan kalte nabarmenak egiteko gaitasuna duten espezieak edo arrazak.

–Halaber, arriskutsuak izan daitezkeen animaliatzat joko dira hurrengo apartatuan sartu diren zakurrak.

  • Arraza hauetakoak:
  • American staffordshire terrierra.
  • Staffordshire bull terrierra.
  • Mallorcako ausiki-zakurra.
  • Fila brasildarra.
  • Kanarietako ausiki-zakurra.
  • Bullmastiffa.
  • American Pitbull Terrierra.
  • Rottweillerra.
  • Bull Terrierra.
  • Bordeleko dogoa.
  • Tosa inua.
  • Dogo argentinarra.
  • Arraza horien arteko gurutzaketak, genealogia maila edozein delarik ere.
  • Aurreko horien arteko gurutzaketak edo beste arraza batzuekin egindakoak, antzeko tipologia lortzeko:
  • 20 kg baino pisu handiagoa.
  • 60 eta 80 cm arteko perimetro torazikoa.
  • Buru handia eta lepo motza.
  • Gihar sendoak.
  • Masailezur handia eta aho-zulo sakona.
  • Erresistentzia eta aiurri handikoa.

–Pertsona edo animaliei ausiki egin dien edozein zakur oldarkor, erasoa jakinarazi bada edo frogatzen ahal bada. Kasu horretan, animaliaren bizitokiko Udalak erabakiko du animalia hori arriskutsua izan daitekeen ala ez, irizpide objektiboei jarraituz, bai ofizioz bai alde batek eskaturik, eta animaliaren jabea entzun ondotik eta albaitari ofizialaren txostena ikusi ondotik, edo albaitari ofizialik ez bada, animalia bizi den probintziako Albaitarien Elkargo Ofizialak izendatu eta arlo horretan berariazko prestakuntza frogatua duen albaitariarena. Aipatutako txostenaren kostua Albaitarien Elkargo Ofizialak zehaztuko du eta animaliaren jabeak ordainduko.

–Erasotzeko trebatutako zakurrak.

14. artikulua. Arriskutsuak izan daitezkeen animaliak edukitzeko lizentzia.

Arriskutsutzat hartua bada, lagun egiteko edozein animalia edukitzeko administrazioaren lizentzia eskuratu beharko da aitzinetik. Lizentzia hori Ameskoabarrengo Udalak emanen du, eskatzaileak bere bizitokia udalerrian duenean.

Lizentzia lortzeko, eskabidea aurkeztu beharko da, eredu ofiziala erabiliz, bai eta honako baldintza hauek betetzen direla frogatzen duten agiriak ere:

1. Adinez nagusia izatea.

2. Ez izatea inoiz kondenatua honako delitu hauetakoren batengatik: homizidioa, lesioak, torturak, askatasunaren edo osotasun moralaren aurkakoak, sexu askatasunaren eta osasun publikoaren aurkakoak, lotura talde armatu batekin edo droga salerosketarekin. Ildo beretik, arriskutsu izan daitezkeen animaliak edukitzeko eskubideaz gabetua ez egotea epaile baten ebazpenaren ondorioz. Inguruabar horiek aurrekari penalen ziurtagiriaren bidez frogatuko dira.

3. Arriskutsuak izan daitezkeen animaliak edukitzeko ahalmen fisikoa eta gaitasun psikologikoa izatea. Baldintza hori beteko da zentro baimendu batek luzatutako gaitasun psikologikoaren ziurtagiria edo txostena aurkeztuta.

4. Arriskutsuak izan daitezkeen zakurrak edukitzeko lizentziaren kasuan, berariazko ikastaro bat gainditu beharko da, arriskutsuak izan daitezkeen zakurren oinarrizko trebakuntzari buruzkoa. Ikastaro hori behar bezala onartutako Albaitarien Elkargo Ofizial batek antolatua beharko du izan, edo baita zakurrak babesteko elkarte batek edo zakurrak hazteko eta trebatzeko federazio edo elkarte batek ere. Ikastaroa hezitzaile gaituek emanen dute.

5. Erantzukizun zibileko aseguru bat sinatu beharko da, 120.000 eurokoa gutxienez, arriskutsuak izan daitezkeen animaliek hirugarrenei sortzen dizkieten kalte pertsonal eta materialetarako.

6. Ameskoabarrengo Udalak ezartzen duen tasa ordaintzea.

Arriskutsuak izan daitezkeen animaliak edukitzeko administrazio lizentzia bost urterako izanen da, ematen den egunetik hasita, eta interesdunak eskaturik, udal organo eskudunak berritzen ahalko du, epea bukatu baino lehen, iraupen bereko hurrengo epeetarako.

Lizentzia indarrik gabe geldituko da, titularrak 2. apartatuan ezarri diren baldintzetako edozein betetzeari uzten dionean.

Lizentzia eskuratzeko frogatutako datuetan aldaketarik bada, titularrak hamabost eguneko epea izanen du, aldaketa gertatzen den egunetik hasita, edo, kasua bada, horren berri izaten denetik hasita, lizentzia eman duen Udalari jakinarazteko. Udalak inguruabar hori Lagun egiteko animalien udal erregistroan jasoko du.

Indarra duen administrazio lizentziaren gaineko esku-hartzea, etenaldia edo kautela-neurria, judizialki edo administratiboki erabakia, beste lizentzia bat ez emateko edo lizentzia ukitua ez berritzeko arrazoi izanen da, neurri hori indarrik gabe uzten ez den bitartean.

15. artikulua. Erregistroa.

Ameskoabarrengo Udalak arriskutsuak izan daitezkeen animalien erregistroa sortuko du, eta hartan, ezinbestean, honako datu hauek jasoko dira:

–Legezko erantzulea den jabearen datu pertsonalak eta harremanetarako helbidea.

–Animaliaren ezaugarriak, hura identifikatzen laguntzen dutenak.

–Animaliaren ohiko bizilekua.

–Gizakiekin batera edo bestela biziko den, alegia, zaintza, babes edo aipatzen den halako beste xede baterako den.

Lizentziaren titularrak aitzineko lerroaldean aipatzen den inskripzioa eskatu beharko du, hamabost eguneko epearen barnean, hura eskuratzen den egunetik hasita, edo, bestela, nahitaez inskribatu behar diren animaliak bere zaintzapean dauden egunetik hasita.

Orobat, 15 eguneko gehieneko epean, Erregistroan inskribatutako animalien arduradunek honako hauek jakinarazi beharko dituzte:

–Bizitokiz aldatu badira, aldaketa hori iraunkorra edo hiru hilabetetik goitikoa bada.

–Animalia antzutu, eritu edo hil bada.

–Animaliaren jokabidearekin edo egoerarekin ikusteko duen edozein inguruabar garrantzitsu. Horrek ez du eragotziko, Administrazioak, ofizioz, bere bitartekoen bidez edo beste agintari batzuk jakinarazita, bai eta partikularrek salatuta ere, biltzen dituen datuak idatziz jasotzea.

–Urtero udal erregistroan datu hauek aurkeztuko ditu: ziurtagiria, nahitaezko aseguruen eta ordenantza honetan ezarritakoen ordainketak eguneratuak dituela frogatzen duena. Orobat, albaitariaren azterketen eta nahitaezko txertoen ziurtagiriak ere. Horiek guztiak ordenantza honi nahiz goi mailagokoei dagokienez.

Arriskutsuak izan daitezkeen animaliek bere bizitzan izan dituzten intzidentziak, agintari administratibo edo judizialek ezagutzen dituztenak, animalia bakoitzaren erregistro orrian jasoko dira. Orri hori animaliaren heriotzarekin itxiko da.

Animalia saldu, eskualdatu, dohaintzan eman edo hil dela jakinarazi beharko zaio udal erregistroari, gertatu eta hamabost eguneko epean, eta hala jasoko da erregistroan dagokion orrian.

Animalia ebatsi edo galdu dela jakinarazi beharko zaio udal erregistroari, gertatu eta 24 orduko epean, bai eta bidezko agintariei ere (Guardia Zibila, Foruzaingoa).

Animalia bakoitzaren erregistro orrietan, animalia osasunaren ziurtagiria agertuko da, agintari eskudunak emana, eta hark urtero ziurtatuko du animaliak ez duela bereziki arriskutsu bihur dezakeen eritasun edo nahasterik.

Erregistroaren ardura duten agintariek berehalakoan jakinaraziko diete agintari administratibo edo judizial eskudunei erregistroan jasotako edozein inguruabar, balora dezaten eta, kasua bada, kautelazko edo prebentzioko neurriak har ditzaten.

Animaliaren titularrak ez badu artikulu honetan ezarritakoa betetzen, dagokion zehapen administratiboa jasoko du.

Arriskutsuak izan daitezkeen animalien udal erregistroan honako datu hauek jasoko dira:

–Erregistro mota:

  • Jabearena:
  • Izena.
  • Identifikazio agiria (NANa, IFK, pasaportea).
  • Helbidea.
  • Telefonoa.
  • Helbide aldaketa.
  • Jabe aldaketa.
  • Zakurrarena:
  • Izena.
  • Inskripzio data.
  • Jaiotza/Heriotza eguna.
  • Mikrotxip zenbakia, albaitaria eta ezarri zuten tokia.
  • Arraza, sexua, arrazaren araberako pisu zenbatetsia.
  • Helbidea.
  • Identifikatzeko bestelako markak.
  • Helburua: lagun egitea, ehiza, zaintza eta babesa, salmenta, bestelakoak.
  • Identifikaziorako ziurtagiri ofizialaren inprimaki zenbakia.
  • Jabeari arriskutsuak izan daitezkeen animaliak edukitzeko lizentzia eman zitzaion eguna.

Eta arriskutsua izan daitekeen animaliatzat hartzeko arrazoia:

–Zakurra 42/2008 Dekretuaren eranskinean agertzen diren arrazetakoa izatea.

–Administrazio eskudunak hala adierazi izana.

–Animalia otsailaren 12ko 42/2008 Dekretuaren 3. artikuluan jasotako espezie batekoa izatea.

–Jokabide oldarkorraren aurrekariak izatea.

–Erasorako trebatua izatea.

–Beste edozein arrazoi, zein den adierazita.

16. artikulua. Segurtasun neurriak eremu publikoetan.

1. Arriskutsuak izan daitezkeen zakurrak bide publikoetan eta erabilera publikoko toki eta espazioetan ibiltzen ahalko dira, oro har, baina ezin izanen dira inola ere adingabeen aisialdi eremuetan sartu.

2. Gainerako basa animaliak, heziak izan arren, ezin izanen dira kalean ibili.

3. Arriskutsuak izan daitezkeen zakurrak bide publikoetan gidatzen eta kontrolatzen dituen pertsona adinez nagusia izanen da eta aldean eramanen du hura edukitzeko baimena ematen dion lizentzia administratiboa, bai eta animalia arriskutsua izan daitekeen zakur gisa identifikatzen eta erregistratzen duen agiri autonomikoa (RAIRA) ere.

4. Arriskutsuak izan daitezkeen animalien garraioa eginen da animalien ongizateari buruzko berariazko araudiari jarraituz, eta egoerak eskatzen dituen neurriak hartuko dira, pertsonen, ondasunen eta bestelako animalien segurtasuna bermatzeko, garraioan eta zamalanak egin bitartean.

17. artikulua. Segurtasun neurriak eremu pribatuetan.

Arriskutsuak izan daitezkeen animaliak dituzten instalazioek ezaugarri hauek izan beharko dituzte, haiek kanpora atera ez daitezen:

a) Paretek eta hesiek behar bezainbateko garaiera eta sendotasuna izanen dute, animaliaren presioari, pisuari eta ekinaldiei eusteko.

b) Ateek behar bezainbateko sendotasuna eta erresistentzia izan beharko dute instalazio osoarena bermatzeko, animaliak ireki edo lekutik atera ez ditzan.

c) Kanpoaldetik seinalea bistan jarri beharko da, arriskutsua izan daitekeen animalia dagoela ohartarazteko.

IV. KAPITULUA

Arau-hausteak eta zehapen araubidea

18. artikulua. Zehapen prozedura.

Zehapen prozedura izanen da legez araututako zehapen ahalmenaren printzipioen araberakoa.

Zehapenak ezarriko dira arriskutsuak izan daitezkeen animalien arloko estatuko eta erkidegoko araudia eta ordenantza honetan ezarritako xedapenak betetzen ez direnean, Arriskutsuak izan daitezkeen animaliak edukitzeko araubide juridikoari buruzko abenduaren 23ko 50/1999 Legean ezarritako arau-hauste eta zehapenen araubideari jarraikiz eta, subsidiarioki, horretan ezarria ez dagoen orotan, azaroaren 24ko 11/2003 Legea aplikatuko da.

19. artikulua. Arau-hausteak.

1. Hona hemen arau-hauste arinak:

a) Animaliaren galera ez salatzea.

b) Ez saihestea animaliak eraso egitea edo edozein traba eta eragozpen sortzea pertsonei eta beste animalia batzuei, edo besteen ondasunetan kalteak eragitea.

c) Kasuan kasuko animalia edukitzeko beharrezkoak diren baimenak edo lizentziak ez lortzea.

d) Animalia deslaiei edo abandonatuei elikagaiak ematea, bai eta bestelakoei ere, ondorioz eremu publikoetan, orubeetan edo higiezinetan eragozpenak, kalteak edo osasungaiztasun guneak sortzen badira.

e) Animaliek bide eta espazio publikoak zikintzen uztea eta lagun egiteko animaliak bide publikoetan utzitako gorozkiak berehalakoan ez biltzea.

f) Edozein espezietako animalia hilak eremu publikoan abandonatzea.

g) Ordenantza honetako betebeharren kontrakoa den edo debekuak hausten dituen beste edozein jarduketa, arau-hauste astun edo oso astun gisa sailkatuta ez badago.

2. Hona hemen arau-hauste astunak:

a) Animaliei tratu txarra ematea, mina, sufrimendua edo ezintasunik ez dakarten lesioak eraginez.

b) Aplikatu beharreko araudian aurreikusitako nahitaezko txertaketak eta tratamenduak ez egitea.

c) Animaliak higiene eta osasun baldintza egokietan edo aplikatu beharreko araudian finkatutako baldintzetan ez edukitzea.

d) Animaliei albaitariaren aldetik behar duten laguntza ez ematea.

e) Animaliak hazi eta merkaturatzea behar diren baldintzak bete gabe.

f) Animalien borroketara joatea.

g) Kalez kaleko salmentan aritzea, baimendutako instalazio, feria edo merkatuetatik kanpo.

h) Gaixorik dauden animaliak saltzea, jakinaren gainean egon arren.

i) Agintari eskudunek edo haien agenteek eskatzen dituzten datu eta argibideak emateari uko egitea edo eman nahi ez izatea, baita argibide okerrak edo dokumentazio faltsua ematea ere.

j) Arau-hauste arin bat baino gehiago egitea 3 urteko epean, ebazpen irmo baten bidez halakotzat jo bada.

k) Animalia ate, atari edo ataripeetan libratzea edo pixa egitea.

3. Hona hemen arau-hauste oso astunak:

a) Animaliei tratu txarrak ematea, baliaezintasuna edo heriotza eraginez.

b) Animaliak alde batera uztea.

c) Animaliak mutilatzea helburu estetiko hutsengatik, albaitariek egindakoak salbu.

d) Elikagai pozoituak uztea espazio eta toki publikoetan, salbu eta enpresa baimenduek erabiltzen dituztenak izurriteak kontrolatzeko.

20. artikulua. Zehapenak.

Aurreko artikuluan aipatutako arau-hausteei isun hauek ezarriko zaizkie:

–100 euro eta 500 euro bitarte, arau-hauste arinak.

–501 euro eta 2.000 euro bitarte, arau-hauste astunak.

–2.001 euro eta 30.000 euro bitarte, arau-hauste oso astunak.

21. artikulua. Zehatzeko eskumena.

1. Aurreko apartatuetako zehapenak ezartzeko eskumena izanen dute:

a) Nekazaritza eta Arrantza Departamentuak, errentako eta esperimentazioko animaliei dagozkien arau-hauste guztietan.

b) Barne Kontseilaritzak, lagun egiteko animaliei dagozkien zehapen oso astunak eta astunak ezartzeko.

c) Ameskoabarrengo Udalak, lagun egiteko animaliei edo pertsonei dagozkien zehapen arinak edo astunak ezartzeko.

22. artikulua. Zehapenak mailakatzea.

Zehapenen mailakatzea eginen da irizpide hauei jarraituz:

–Arau-hausteak gizartean edo osasunean zer eragin izan eta zer kalte egin duen.

–Irabazi-asmo bidegabekorik izan den eta arau-haustean zer etekin ekonomiko atera den.

–Animaliari egindako kaltearen garrantzia.

–Arau-hausteetan berrerortzea.

–Arau-haustearen gaitzespen mailan eragina izan dezakeen beste edozein, izan aringarri izan astungarri.

23. artikulua. Datu pertsonalen fitxategia sortzea.

Arriskutsuak izan daitezkeen animalien erregistro bat sortzeak datu pertsonalen bilketa eta tratamendua eskatzen du eta horiek Udalaren ardurapeko fitxategi batean erregistratzea. Ondorioz, ezaugarri eta egitura hauek dituen fitxategi bat sortu beharra dago:

–Arriskutsuak izan daitezkeen animalien erregistroa.

  • Xede eta erabilera aurreikusiak: arriskutsuak gerta daitezkeen animalien zentsua izatea, halako animaliak edukitzeko lizentzia ematea eta lizentzia hori emateari dagokion tasa kobratzea.
  • Datuak nondik eta nola biltzen diren: interesdunek emanen dituzte, lizentzia idatziz eskatzean.
  • Norbanako eta talde ukituak: udalerrian bizi diren animalia arriskutsuen jabeak.
  • Fitxategiaren oinarrizko egitura:
  • Identifikazio datuak: izen-deiturak, helbidea, IFZ, irudia, telefonoa...
  • Ezaugarri pertsonalei buruzko datuak.
  • Osasunarekin ikusteko duten datu pertsonalak (gaitasun fisikoa eta psikikoa).
  • Datu ekonomikoak, finantzarioak eta aseguruenak.
  • Tratamendurako erabilitako sistema: Papera.
  • Datuen komunikazioak: ez daude aurreikusita.
  • Organo arduraduna: Ameskoabarrengo Udala.
  • Zer zerbitzutan erabil daitezkeen sartzeko, zuzentzeko, deuseztatzeko eta kontra egiteko eskubideak: Ameskoabarrengo Udala.
  • Segurtasun maila: altua.

Datu Pertsonalen Babesari buruzko 15/1999 Legearen 20. artikuluan ezarritakoari jarraituz, fitxategia sortuko da xedapen orokor baten bidez, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko.

LEHEN XEDAPEN GEHIGARRIA

Ordenantza honetan espresuki jasotzen ez den orotan honako hauek aplikatuko dira: Arriskutsuak izan daitezkeen animaliak edukitzeko araubide juridikoari buruzko abenduaren 23ko 50/1999 Legea eta lege hori garatzen duen martxoaren 22ko 287/2002 Errege Dekretua (azaroaren 30eko 1570/2007 Errege Dekretuaren bidez aldatua).

Toki Administrazioari buruzko Foru Legea; Ingurumena Babesteko Jarduera Sailkatuen Kontrolari buruzko abenduaren 5eko 16/1989 Foru Legea; Animaliak babesteari buruzko maiatzaren 31ko 7/1994 Foru Legea; Itsuentzako gida-zakurrak arautzen dituen apirilaren 4ko 7/1995 Foru Legea eta animalien osasunari, ingurumenari eta animalien ekoizpenari buruzko xedapen orokorrak nahiz aplikagarriak diren gainerako guztiak.

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Alkateari edo hark espresuki eskuordetzen duen organoari ahalmena ematen zaio ordenantza hau interpretatu, garatu eta aplikatzeko garaian beharrezkoak diren agindu eta xedapen guztiak emateko.

HIRUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Ordenantza honetan araututako jardueren titularrek sei hilabeteko epea izanen dute araudi honetara egokitzeko, udal bandoa argitaratu eta biharamunetik hasita.

LAUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Ordenantza honek Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean ezarritako izapideak bete ondoren hartuko du indarra.

Zudairin (Ameskoabarrena), 2020ko urriaren 15ean.–Alkatea, Estibaliz Erdocia Ormazabal.

Iragarkiaren kodea: L2012705