268. ALDIZKARIA - 2020ko azaroaren 17a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ABLITAS

Udalaren Erregelamendu Organikoa. Behin betiko onespena

Ablitasko Udalak, 2020ko abuztuaren 3an egin ohiko osoko bilkuran, erabaki zuen hasiera batean onestea Udal Erregelamendu Organikoa.

Dagokion iragarkia 2020ko 186. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, abuztuaren 20an, eta jendaurreko epean inork erreklamaziorik aurkeztu ez duenez, zuzenean behin betiko bilakatu da 2020ko abuztuaren 3an osoko bilkurak hartutako erabakia, zeinaren bidez onetsi baitzen Ablitasko Udalaren Erregelamendu Organikoa. Haren testu osoa argitara ematen da, orok jakin dezan, eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1 artikuluan eta Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 70.2 artikuluan xedatua bete beharrez.

Erabaki honen kontra administrazioarekiko auzi-errekurtsoa paratzen ahal da, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, egoitza Iruñean baitu, bi hilabeteko epean, iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10.1.b) eta 46. artikuluekin bat.

Ablitasen, 2020ko urriaren 7an.–Alkatea, Carmelo Arriazu Serrano.

ABLITASKO UDALAREN ERREGELAMENDU ORGANIKOA

ATARIKO TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Erregelamendu honen xedea da arautzea Ablitasko Udalaren antolamendu eta funtzionamenduko araubidea, bai eta antolatzea ere legediak Udalbatzako kideei ematen dizkien eskubide eta betebeharrak eta udalerriko herritarrek eta entitateek informazioa eta parte-hartzea izateko dituzten eskubideak; hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 73.2 artikuluan eta Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 4.1 a), 20.1 c), 46.3, 69.2 eta 72. artikuluetan ezarritakoarekin bat.

2. artikulua. Udal antolaketa honako organo hauen arabera egituratuko da:

a) Gobernu eta administrazioko organo oinarrizkoak dira:

Udalaren Osoko Bilkura, alkatea eta alkateordeak, Toki Araubidearen Oinarriei buruzko Legeak xedatzen duenarekin bat.

Kontuen Batzorde Berezia , Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legeak xedatzen duenarekin bat.

b) Gobernu eta administrazioko organo osagarriak dira:

Zinegotzi ordezkariak eta informazio Batzordeak, halakorik izanez gero.

c) Udalaren tutoretzapean daude udal zerbitzu publikoen zeharkako kudeaketa moduen titularrak, baita udal zerbitzu publikoetako patronatuak eta kudeaketa organoak ere.

3. artikulua. Udalaren Osoko Bilkurari gobernu organoen kontrola eta fiskalizazioa dagozkio.

4. artikulua. Ablitasko Udalak arlo honetan legeria honi jarraituko dio:

–Nafarroako Foru Komunitateko arauak eta Estatukoak, eskumen banaketaren arabera.

–Erregelamendu Organikoa.

–Ordenantzak.

LEHEN TITULUA

Osoko Bilkura

I. KAPITULUA

Osaketa eta eraketa

5. artikulua. Udalaren Osoko Bilkura zinegotzi guztiek osatzen dute eta bertan alkatea da buru.

6. artikulua. Hauteskundeei buruzko legerian ezarritakoaren arabera hautatuko dira alkatea eta zinegotziak eta hartan xedatutakoaren arabera eratuko da, halaber, Udalaren Osoko Bilkura.

II. KAPITULUA

Bilkuren araubidea

7. artikulua. Osoko bilkurak izan daitezke:

–Ohikoak.

–Bereziak.

–Berezi eta presakoak.

8. artikulua. Udal hauteskundeen ondoren Udalbatza eratzeko egiten den lehen bilkura berezian zehazten den egunean eta orduan egingo da Udalbatzaren ohiko osoko bilkura. Ohiko osoko bilkurarako deialdia gutxienez 2 egun baliodun lehenago egin behar da; aztertu behar diren gai zehatzen zerrenda igorri beharko da.

Urriaren 1eko 40/2015 Legea betez, ezinezkoa denean salbu, deialdiak elektronikoki jakinaraziko zaizkie kide anitzeko organo horretako kideei, egoitza elektronikoaren bitartez.

9. artikulua. Bilkura bereziak udalburuak erabakitzen duenean eginen dira edo, gutxienez ere, Udalbatzako legezko kideen laurdenak eskatzen duenean.

Halako bilkurak dagokion eskaera egin eta gehienez ere15 egun baliodun igarota egin beharko dira. Udalburuak ez badu epe horretan deialdia egiten, epea bukatu ondoko hamargarren egun baliodunerako egingo da deialdia, besterik gabe, eguerdiko hamabietarako; Udalbatzako idazkariak hala jakinaraziko du.

Bilkura berezien deialdia arrazoitu beharko da, eta eztabaidak eta erabakiak zer gaitara mugatuko diren adieraziko da, baita bestelako kontuez ari daitekeen ere.

10. artikulua. Presako bilkura berezien deialdia Osoko Bilkurak berretsi beharko du, gehiengo soilez, eta bilkura egiteko Osoko Bilkurako kide guztiek izan behar dute deialdiaren berri.

III. KAPITULUA

Ohiko bilkuretako gai-zerrenda

11. artikulua. Ohiko bilkuren gai-zerrenda alkateak finkatuko du, idazkariak lagunduta eta, hala behar badu, alkateordeak entzunik.

12. artikulua. Gai-zerrendan sartutako gaien dokumentazio guztiak, eztabaidarako eta, hala behar badu, bozketarako oinarria izan behar duenez, zinegotzien eskura egonen da, deialdiaren egun beretik, espediente elektronikora sarbidea edukiz, jakinarazpen elektronikoa jaso ondoren.

Gai-zerrendan beti egongo da puntu bat, berariaz Udaleko gobernu organoen kontrolari eskainiko zaiona, haien funtzionamendua erregelamendu honetan arautzen baita; puntu hartan egun horretaraino Alkatetzak eman dituen ebazpenak erantsiko dira.

Halaber, gai-zerrendako azken puntua galdera eta eskaerei buruzkoa izango da.

IV. KAPITULUA

Bilkurak egiteko baldintzak

13. artikulua. Udalak udaletxean egingo ditu bilkurak, edo, ezinbesteko kasuetan, horretarako bereziki egokitutako eraikinetan, baina orduan deialdian jaso beharko da hala dela, eta beste tokiren batean egin direla egiaztatzen bada, baliogabeko bilkurak izango dira.

14. artikulua. Bilkuretan esaten dena behar bezala zabaltzeko, megafonia sistemak paratzen ahalko dira, eta jendaurreko deklaratzen diren bilkura guztien grabazio magnetofonikoak eta ikus-entzunezkoak egiteko baimena emango da.

15. artikulua. Osoko bilkurak jendaurrekoak izanen dira. Hala ere, eztabaida eta bozketa sekretuak izan daitezke, herritarren oinarrizko eskubidea ukitzen ahal duten gaiei buruzkoak badira, Espainiako Konstituzioaren 18-1. artikuluan aipatzen baitira, eta gehiengo osoz hala erabakitzen bada.

16. artikulua. Bilkurak ikustera joaten direnek ezin izanen dute parte hartu, eta alkateak, muturreko kasuetan, bilkura behar bezala egitea nola edo hala eragozten duen herritarra kanporatzen ahalko du aretotik. Hori hala izanik ere, bilkura bukatutakoan, Udalbatzak bertaratutakoei kontsultak egiteko aukera eman diezaieke, Udalaren interesekoak diren gai zehatzei buruzkoak. Alkatearen lana izango da txanda hori antolatzea eta ixtea.

17. artikulua. Bilkura oro, ohikoa nahiz berezia izan, ekitaldiaren batasunaren irizpideari lotuko zaio, eta ahaleginak eginen dira hasi eta egun berean bukatzeko.

18. artikulua. Osoko Bilkura baliozkoa izateko, kideen legezko kopuruaren 1/3 bertaratu beharko da.

Bilkura osoan mantendu beharko da quorum hori. Nolanahi ere, beharrezkoa izanen da udalburua eta idazkaria edo haien legezko ordezkoak bertan izatea.

19. artikulua. Justifikaturiko arrazoiak direla bide bilkurara etortzerik ez duten Udalbatzako kideek horren berri eman beharko diote alkateari.

V. KAPITULUA

Bilkuren nondik norakoa

20. artikulua. Ezin izanen da erabakirik hartu gai-zerrendan agertzen ez diren aferei buruz, salbu eta presakotzat jotzen badira. Horretarako, Udalbatza osatzen duten kideen gehiengo osoak aldeko botoa eman beharko du.

Idazkariaren edo kontu-hartzailearen nahitaezko txostena behar duten aferen kasuetan, aferaren zer-nolakoak direla bide edo beharrezkoak diren argitasunak direla-eta, bidezko ebazpenaren legezkotasunari buruzko zalantzak badaude, atzeratzeko eskatu beharko da eta hurrengo bilkuran eztabaidatzeko utziko.

Eskaera aintzat hartzen ez bada edo erabakia hartzen bada, legez kontrakoa dela berariaz ohartarazi arren, idazkariak aktan jasoko du alderdi hori, legez bidezkoak diren ondorioak izan ditzan.

21. artikulua. Ohiko bilkura oro hasi eta irekitakoan, aurreko bilkuretako akta onetsiko da.

22. artikulua. Zinegotziek proposamenei buruzko zuzenketak eta gehikuntzak aurkez ditzakete, bai idatziz, bilkura hasi aurretik, bai proposamenak eztabaidatu bitartean.

Informazio Batzordearen proposamenari boto partikularrak aurkezten bazaizkio, eztabaidatu eta haiei buruzko bozketa eginen da, proposamenari buruzkoa egin aurretik.

23. artikulua. Aferak mahai gainean geldituko dira edozein zinegotzik hala eskatuta, Osoko Bilkuraren gehiengo soilak onetsita.

24. artikulua. Aldaketarik proposatuz gero, gaiak lehenbizi eztabaidatuko dira eta ondotik egingo da bozketa.

Eztabaida sortzen bada, alkateak antolatuko ditu parte-hartzeak, arau hauei jarraikiz:

a) Alkateak baimentzen duenean soilik hartzen ahalko da hitza. Alkateak, bere karguaren arabera, egoki iruditzen zaionean hitz egin ahalko du.

b) Eztabaidaren hasieran, proposamena azaldu eta justifikatuko du kasuan kasuko Informazio Batzordeko buruak edo, bestela, batzordeko beste kideren batek, aipatu batzordeak horretarako berariazko mandatua eman dionean. Azken kasu horretan, irizpenean jasoko da mandatua; gainerako kasuetan, proposamena edo mozioa sinatzen duten zinegotzietakoren batek hitz egingo du, bere izenean edo proposamena egiten duen taldearen edo udal organoaren izenean. Eguneko gai-zerrendan dauden gaiak direnean, udal talde politiko baten ekimenez, haren bozeramaileak edo gaiari buruz parte hartzeko izendatu den zinegotzia mintzatuko da lehendabizi.

c) Horren ondoren, taldeak lehen txandaz baliatzen ahalko dira, gehienez ere 10 minutuz. Parte-hartze guztiek ezarritako iraupena izan dezatela zainduko du alkateak.

d) Parte-hartzeetakoren batean aipatuak direla uste duten zinegotziek aipatua izateagatik txanda eskatzen ahalko dute, eta txanda hori mugatuko da egindako adierazpenei erantzutera, gehienez ere hiru minutuz, eta ezin izanen da denbora hori baliatu gaiaren mamiari buruz eztabaidatzeko. Buruak berariaz ebatziko du aipatua izateagatik eskatu den txanda emango duen edo ez.

Aipamen gisa hartuko dira eztabaidan zehar egiten diren adierazpenak, halakoak non balio-iritziak edo baieztapen subjektiboak badira, eta zinegotzi baten izen onaz edo haren jokabideaz edo duintasunaz ari badira.

e) Talderen batek eskatzen badu, bigarren txanda izanen da, 3 minutukoa. Txanda hori agortutakoan amaitutzat jotzen ahalko du eztabaida alkateak, eta zinegotzi txostengilearen parte-hartzearekin itxiko da, non bere proposamena berretsi edo aldatuko duen, laburki.

f) Onartuko diren parte-hartze bakarrak buruak ohartarazteko edo eztabaidako gaiari lotzeko egiten dituenak izango dira.

g) Udalbatzako kideek eztabaidaren edozein unetan eska dezakete hitza, zerrendako gai bat planteatzeko, aplikatu nahi duten araua argudiatuz horretarako. Buruak bidezkoa dena ebatziko du, eta arrazoi horrengatik ez da eztabaidarik sortuko.

25. artikulua. Alkateak eztabaida bukatutzat joko du Udalean ordezkariak dituzten talde politiko guztiak mintzatutakoan, eta Udalbatzaren ebazpenak neurri gabe atzeratzen dituzten gorabeherak ebatziko ditu, betiere zuhurtziak agintzen dionaren arabera.

1.–Gaiari lotzeko deiak.

Zinegotziei gaiari lotzeko deia egingo zaie, hitza eman zaien gaitik zeharo urruntzen dituzten digresioak egiten dituztenean beren parte-hartzeetan. Gaiari lotzeko bigarren deia egin ondoren, buruak ohartaraziko dio hitza kenduko diola, berriz hirugarrenez gertatuz gero.

2.–Alkateak ohartarazpena egin diezaioke zinegotziari, honelakoetan:

a) Baldin eta Udalbatzaren, bertako kideen, erakunde publikoen edo beste edozein pertsona edo entitateren izen onarentzat iraingarriak diren hitzak esaten baditu edo iritziak adierazten baditu.

b) Bilkuretako ordena hausten badu, etenaldiak eraginez edo beste edozein modutara.

c) Hitza erabili nahi izanez gero, hura eman ez zaionean edo kendu ondoren.

Kide bati bilkura berean hiru aldiz egiten bazaio ohartarazpena, bigarrenean ohartarazita hirugarrenaren ondorioei buruz, buruak egoki jotzen duen diziplina neurri hauetako edozein hartzen ahalko du:

a) Zinegotziari hitza kentzea eta haren parte-hartzea bukatutzat ematea.

b) Zinegotzia bilkura aretotik kanporatua izan dadin agintzea, eta hori gauza dadin beharrezko neurriak hartzea.

3.–Alkateak, Udalaren jendaurreko osoko bilkuretan, zainduko du jendartean ordena izan dadila, eta zilegi izango du ordena nahasten dutenak, behar den jendetasunik ez dutenak edo adostasuna zein desadostasuna adierazten dutenak kanporatzea.

4.–Burutzak bilkura etetea erabaki ahalko du, helburu hauetarako:

–Udal talde politikoek bereizirik egin ditzaten aztertutako gai bati buruzko eztabaidak.

–Bozeramaileei galderak egiteko.

–Eztabaidetan atsedenaldia egiteko.

26. artikulua. Eguneko gai-zerrendan azaltzen ez den mozio bat Udalbatzari zuzenean jakinarazi nahi zaionean, Toki Entitateen Antolaketaren, Funtzionamenduaren eta Araubide Juridikoaren gaineko Erregelamendua onesten duen 2568/1986 Errege Dekretuaren 91.4 artikuluan ezarritakoari jarraikiz tramitatu beharko da.

Udalbatzari horren berri eman ondotik, egileak aferaren presa alegatu eta justifikatu beharko du eta, orduan, Udalbatzak, kideen legezko kopuruaren gehiengo osoaren quorumarekin, presakoa den ala ez erabakiko du.

Presakoa dela erabakiz gero, auziaren funtsa ebatziko da.

Izaera politikoko mozioak direnean, haien gaineko testu alternatiboak aurkezten badira, alkateak izango du eskumena erabakitzeko, testuaren edukia ikusirik, hura mozio berri bat bezala tramitatu behar den eta, beraz, artikulu honetan xedatutakoari jarraikiz edo zuzenketa bat bezala tramitatu behar den.

27. artikulua. Eskaera: jarduketa proposamen bat egitea, Udaleko gobernu organoetako batzuei. Osoko Bilkuraren barnean egiten diren eskaerak eztabaida daitezke, baina ez da inolaz ere horiei buruzko bozketarik egingo. Eskaerak ahoz edo idatziz egin daitezke, eta normalean hurrengo bilkuran eztabaidatuko dira, nahiz eta aurkezten diren bilkura berean ere eztabaidatzen ahalko diren alkateak edo buruak egoki ikusten badu.

Galdera: Osoko Bilkuraren barnean gobernu organoei planteatutako edozein gai. Galderak egin ditzakete Udalbatzako kide guztiek, edo udal talde guztiek, beren bozeramaileen bitartez. Bilkura batean ahoz egiten diren galderak oro har hurrengo bilkuran erantzunen ditu hartzaileak, nahiz eta zilegi izango den galdera hartu duenak berehala erantzutea. Hogeita lau ordu lehenago egiten diren idatzizko galderei oro har bilkuran emango zaie erantzuna, edo hurrengo bilkuran, berriz, behar bezala frogatutako arrazoiak izaten direnean. Nolanahi dela ere, galderen txandak ez du horietaz eztabaidatzeko aukerarik ematen.

28. artikulua. Hauteskundeen araubide orokorrari buruzko legeriaren arabera bateraezintasuna dakarten arrazoiak ukatu gabe, Udalbatzako kideek ez dute gai jakin baten gaineko eztabaidan, bozketan, erabakian eta betearazpenean parte hartuko, baldin eta Kontratu Publikoei buruzko 2/2018 Legean, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren 40/2015 Legean eta arau osagarrietan ezarritako arrazoiak tartean badira.

Halakoetan, interesduna aretotik aterako da, gai horri buruz eztabaidatu eta bozketa egiten den bitartean, zentsura mozioak direnean izan ezik, halakoetan, gelditu eta bere burua defendatzeko eskubidea baitu.

29. artikulua. Bilkurak behar bezala gauzatzeko, ez zinegotziek ez osoko bilkurara etortzen diren ikusleek ezin izango dute eraman pegatinarik, pankartarik, kamisetarik edo bestelakorik, haien anagramak edo leloak Udalbatzako beste kideak mindu edo horien adierazpen askatasuna hertsatzen ahal badu.

Alkateak, osoko bilkuran buru egiten baitu, gehienez ere hiru aldiz eskatuko du mota horretako anagramak edo leloak dituzten gauzak kentzeko, eta eskariari men egiten ez badiote, kanpora bidaliko ditu eramaileak.

Bilkura bukatuta, alkateak hitza eman ahalko die publiko gisa bertaratutakoei, honako salbuespen hauekin:

a) Udalaren eskumenetik kanpokoak diren gaiak direnean.

b) Galdegilearen beraren interes hutsagatik edo beste edozein pertsona jakinaren interes hutsagatik direnean.

c) Galdera erabat juridikoak direnean.

VI. KAPITULUA

Erabakiak nola hartu

30. artikulua. Erabakiak, oro har, bertaratutako kideen gehiengo soilaz hartuko dira.

Bozketa hasitakoan, ezin izanen da hura eten, arrazoia edozein delarik ere.

Udalbatza osatzen duten zinegotzien legezko kopuruaren erdia gehi bat da gehiengo osoa. Toki Araubidearen Oinarriei buruzko Legean eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legean ezarritako kasuetan eskatzen ahalko da gehiengo osoa.

31. artikulua. Botoa baiezkoa nahiz ezezkoa izan daiteke, eta abstenitzea ere posible da. Gai baten gaineko bozketa hasitakoan zinegotziren bat bilkura aretotik kanpo bada, bozketari begira abstentziotzat hartuko da.

Bozketaren emaitza berdinketa bada, beste bozketa bat eginen da, eta berdinketak bere horretan badirau, alkatearen botoak erabakiko du bozketa, kalitatezko botoa baitu.

32. artikulua. Bozketak honelakoak izanen dira:

a) Arruntak: ezetz eta baietz adierazteko betiko moduen bidez eginen dira, konparaziorako, eskua altxatuz.

b) Izendunak: idazkariak zinegotzien zerrenda irakurriko du, nork bere izena entzundakoan “bai”, “ez” edo “abstenitzen naiz” esan dezan, bozketaren zer-nolakoei jarraikiz.

c) Sekretuak: boto-txartelak erabiliko dira, zinegotziek banan-banan kutxatila batean sartuko dituztenak. Hala eginen da legeak aurreikusitako kasuetan, bidezko arrazoiak daudenean izan ezik.

33. artikulua. Erabakiak hartzeko bozketa arrunta erabiliko da, Osoko Bilkurak, halako kasu jakin baterako, bozketa izenduna egitea erabakitzen duenean izan ezik.

Aktan beti jasoko da zinegotziek emandako botoa, erabakiren baten aurkako botoa eman ondotik, erabaki horren kontra egiteko legitimitatea izan dezaten.

Nolanahi ere, zinegotzi guztiek bermaturik dute beren botoaren funtsa aktan azaltzeko eskubidea.

34. artikulua. Ordezkari bidezko botoa:

a) Amatasunaren kariaz bilkuretara joan ezin den zinegotziak bere botoa uzten ahalko du beste zinegotzi baten esku, erditu ondoko sei asteetan.

Aitatasunagatiko baja, edoskitzea edo haurdunaldia ez dira arrazoi izanen boto eskuordetzea egiteko, salbu eta arriskuko haurdunaldia dagoenean, mediku arduradunak behar bezala ziurtatua.

b) Ospitaleratua egoteagatik edo, behar bezala frogaturik, eritasun larria izateagatik bilkuretara joan ezin den zinegotziak bere botoa uzten ahalko du bertze zinegotzi baten esku.

c) Baja medikoa egiaztatzeko, osasun ziurtagiri sinatua aurkeztu beharko da, elkargokide zenbakia zehaztuta eta pairatzen duen eritasunaren larritasuna jasota.

d) Osoko bilkuretan baizik ez da posible izanen botoa eskuordetzea, inoiz ez batzordeetan, lan bileretan edo bozketa behar duten bestelako egoeretan.

e) Zinegotzi batek ez du inoiz izanen boto bat baino gehiago bere esku utzia.

f) Besteen esku utzitako botoen kopurua ez da inoiz izanen Udalbatza osatzen duten zinegotzien erdia baino gehiago.

g) Botoa eskuordetzeko aldia ez da inoiz urtebete baino luzeagoa izanen.

35. artikulua. Udalaren Osoko Bilkurak hartzen dituen erabakiak, erabakitzaileak direnak, legeetan ezarri bezala argitaratu eta jakinaraziko dira, baita udal ordenantzak eta hirigintza planak ere.

36. artikulua. Udalaren gobernu eta administrazio organoen erabakien eta horien aurrekarien kopia nahiz egiaztagiriak lortzeko eskubidea dute herritar guztiek.

37. artikulua. Udalbatzaren erabaki jakin batzuei buruzko akta onetsi aurretik luzatzen ahalko dira haien gaineko egiaztagiriak, inguruabar edo salbuespen horietaz ohartaraziz eta behar den aktan onetsiko dena ukatu gabe.

BIGARREN TITULUA

Informazio batzordeak

I. KAPITULUA

38. artikulua. Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen 7/1985 Legearen 20.c artikuluan xedatutakoari jarraikiz, Udalak sor ditzake azterlanerako, txostenetarako edo kontsultarako organoak, iraunkorrak nahiz hainbat gaitarako, eta horiek sortzeko edo aldatzeko organo eskuduna Osoko Bilkura izango da, betiere gehiengo soila aski izanik. Horretarako, Udalak, eratu ondoko hurrengo lehen bilkura berezian, komenigarri ikusten dituen batzordeak sortuko ditu.

Nolanahi ere, Osoko Bilkurak, gehiengo soila duela, erabakitzen ahalko du bestelako batzordeak izatea, gai berariazkoetarako edo izaera iraunkor eta orokorretakoak.

39. artikulua. Talde politikoen arteko proportzionaltasuna gordeko da informazio batzordeak osatzeko. Nolanahi ere, batzordekide ez den edozein zinegotzi ager daiteke edozein batzorderen bilkuretara, hizpidea izanik baina boto eskubiderik gabe.

Ogasuneko Informazio Batzordeak bere gain hartuko ditu Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 305. artikuluak Kontuen Batzorde Bereziaren esku uzten dituen eskumenak, eta, ondorio horietarako, izen horrekin jardungo du.

Batzorde horiek, Kontuen Batzorde Berezia kenduta, hilero egingo dituzte beren ohiko bilkurak, betiere hala behar duten gaiak daudenean, eta bilkura bereziak, berriz, batzordeburu bakoitzak erabakitzen duenean edo, bestela, gutxienez legezko kideen laurdenak eskatzen duenean.

40. artikulua. Osoko Bilkurari eta Alkatetzari, hark eskatzen duenean, erabakitzeko ematen zaizkien gaien azterketa eta irizpena da informazio batzorde iraunkor horien egitekoa.

41. artikulua. Ezein batzordek ezin du eztabaidatu beste baten eskumenekoak diren gaiei buruz, arazo komunak ez badira behintzat. Hala ere, informazio batzorde bi edo gehiago biltzeko deia egin daiteke, gai komunei buruz eztabaidatzeko.

42. artikulua. Alkateak edo hark eskuordetzen duen zinegotziak egingo ditu informazio batzordeetarako deiak, gutxienez ere bi egun lehenagotik, presako arrazoiak tartean direnean izan ezik. Batzordekideen laurdenak eskatzen duenean ere egiten ahalko da deia, deialdiaren arrazoiak azalduz gero.

Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 17. artikuluan ezarritakoa betez, salbu eta ezinezkoa bada, bitarteko elektronikoen bidez bidaliko zaizkie deialdiak kide anitzeko organoetako kideei, eta bertan eguneko gai-zerrenda jasoko da, eta horrekin batera azalduko da hura eztabaidatzeko beharrezkoa den dokumentazioa, espediente elektronikoan, jakinarazpen elektronikoa onartu eta gero.

Informazio batzordearen aurretik, lan bilerak egiten ahalko dira, gai zerrendan aipatu kontuak aztertu eta eztabaidatzeko.

43. artikulua. Bilkura bakoitzeko akta bat idatziko da, bertaratutako kideen izenak, aztertutako gaiak eta emandako irizpenak jasoko dituena. Aktei hurrenkeraren araberako zenbakia jarriko zaie artxibatzeko, eta irizpenen sorburu izan diren espedienteetako bakoitzari bere irizpena erantsiko zaio.

44. artikulua. Alkatea batzorde guztien berezko burua da, eta batzordeetan benetako buru izango da alkateordea edo hark eskuordetzen duen zinegotzia.

45. artikulua. Batzordeek aukera izanen dute edozein funtzionario edo arloko erantzule den Udalbatzako edozein kide beren bilkuretara ager dadin eskatzeko, gai zehatz bati buruzko argibideak eman ditzan.

II. KAPITULUA

Kontuen Batzorde Berezia

46. artikulua. Kontuen Batzorde Berezia udal talde guztien ordezkariek osaturik egongo da, eta alkateak egingo du buru edo, berak ardura hori inoren esku uzten badu, harexek.

47. artikulua. Batzorde horren eginkizuna da aurrekontua kudeatzeko kontu orokorrak eta ondareko kontuak aztertu eta haien gaineko txostena ematea. Bere jarduera bete ahalko du urte osoan zehar, eta batzordeak berak erabakiko du zenbatean behin bilduko den.

48. artikulua. Batzordeak, kontuak aztertutakoan, haien gaineko txostena egingo du, eta jendaurrean hamabost egunez eduki ondoren, Udalbatzaren Osoko Bilkurara igorriko da, hark onets dezan.

49. artikulua. Batzordeak, edozein bilkuratarako, alkatea eta aztertu beharreko gaiaz arduratzen diren udal teknikariak agertzeko eska dezake, bilkuran erabili beharreko agirietako informazioa osatzeko.

III. KAPITULUA

Bozeramaileen Batzarra

50. artikulua. Bozeramaileen Batzarreko kideak izango dira alkatea, batzarburu arituko dena, eta Udalbatzako talde politikoetako ordezkari bana, taldeek berek izendatuko dituztenak.

51. artikulua. Bozeramaileen Batzarrak alkateari edo Osoko Bilkurari proposamenak eta iradokizunak egingo dizkie haien eskumeneko gaiei buruz.

52. artikulua. Bozeramaileen Batzarrak hartzen dituen erabakiek irizpenen forma hartuko dute. Udal organo betearazleei igorriko zaizkie, Udal Idazkaritzak horretarako eginen dituen aktetan jasoak.

53. artikulua. Batzarrerako deialdiak alkateak egingo ditu, hark erabakitzen duenean edo batzarreko kideen heren batek eskatzen dionean.

IV. TITULUA

Alkatea

I. KAPITULUA

54. artikulua. Alkatea da Udalbatzako burua, eta nolanahi ere, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen 7/1985 Legearen 21. artikuluan eta Toki Entitateen Antolaketaren, Funtzionamenduaren eta Araubide Juridikoaren gaineko Erregelamendua onesten duen 2568/1986 Errege Dekretuaren 41. artikuluan ezarritako eskumenak ditu, bai eta legeek espresuki ematen dizkioten gainerakoak eta Estatuaren edo autonomia erkidegoen legediak Udalari eman eta Udalaren beste organo batzuen eskuetan uzten ez dituenak ere.

55. artikulua. Alkateak izendatu eta kenduko ditu alkateordeak Tokiko Gobernu Batzarreko kideen artetik, halakorik bada. Kasu horretan, halaber, alkateari dagokio Tokiko Gobernu Batzarreko kideak izendatu eta kentzea.

56. artikulua. Alkateak Tokiko Gobernu Batzarreko kideen (halakorik bada) edo alkateordeen esku utz ditzake beste inoren esku uzten ahal diren eskudantziak, eta aurrekoa gorabehera, halako zeregin jakin batzuk edozein zinegotziren esku uzten ahal ditu, Batzarrekoa izan ala ez.

57. artikulua. Alkateak, Osoko Bilkuran gehiengo osoz hala erabakita eta indarreko legeetan ezarritako baimenak izanik, herriari kontsulta egiten ahalko dio Udalaren eskumenekoak izan eta udalerriari dagozkion gaiei buruzko iritzia jasotzeko, Toki Ogasunari buruzkoak ez badira, eta Estatuaren eta Foru Komunitatearen arlo horretako legerian xedatuari jarraikiz.

II. KAPITULUA

Alkateordeak

58. artikulua. Alkateak nahi bezala izendatu eta kenduko ditu alkateordeak, Tokiko Gobernu Batzarreko kideen artean, halakorik bada.

59. artikulua. Alkateordeek, izendapenaren hurrenkeraren arabera, alkatea ordezten dute kanpoan edo eri dagoenean edo kargua hutsik dagoenean.

60. artikulua. Alkateak askatasunez erabakiko du alkateordeen kopurua, zinegotzien legezko kopuruaren herenaren mugaren barnean.

61. artikulua. Alkateak alkateordeak izendatzen dituen ekitaldi berean zehaztuko du zer eskumenetarako eskuordetzen dituen.

Osoko Bilkurari horren guztiaren berri eman beharko dio, biltzen den hurrengoan.

Alkateak alkateordeen esku utzitako eginkizunak kentzen ahalko dizkie noiznahi eta berriz bere gain hartu.

62. artikulua. Alkateak herritik kanpo 24 ordu baino gehiago ematen dituenean eta ez badu eskuordetzarik egin, alkateordeak edo eskumen hori duenak ordeztuko du, eta Udalbatzari eman beharko dio horren berri.

Era berean, udalburuak bilkuretako aztergairen bati buruz esku hartu behar ez duenean, dagokion alkateordeak zuzenean ordeztuko du bilkurako burutzan, apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 76. artikuluan ezarritakoaren arabera.

III. KAPITULUA

Zinegotzi ordezkariak

63. artikulua. Alkateak zinegotzien esku uzten ahalko ditu toki araubideari buruzko oinarrizko legeriak delegaezin gisa sailkatzen ez dituen eskudantziak.

Eskuordetza orokorrak alor batekoak edo batzuetakoak edo gai zehatzetakoak izango dira, eta haietan biltzen ahalko dira bai kasuan kasuko zerbitzuak zuzentzeko ahalmena bai oro har kudeatzekoak, hirugarrenak ukitzen dituzten administrazio egintzen bidez ebazteko ahalmena barne.

Halaber, alkateak eskuordetza bereziak egiten ahalko dizkie zinegotzi guztiei gai zehatz batzuk zuzendu eta kudeatzeko; gai horiek honako hauek izan ahalko dira:

–Proiektu edo gai zehatz bati buruzkoak.

–Zerbitzu jakin baterakoak, eta zerbitzuen barne zuzendaritza eta kudeaketa barne.

IV. KAPITULUA

Alkatearen kontrako zentsura mozioa

64. artikulua. Hauteskundeen Araubide Orokorrari buruzko 5/1985 Lege Organikoaren 197. artikuluan ezarritakoarekin bat, zentsura mozioa honela egingo da:

1. Udalbatzako legezko kideen gehiengo osoak, gutxienez ere, proposatu beharko du zentsura mozioa, eta bertan adieraziko da nor den alkategaia, edozein zinegotzi izan daitekeelarik. Mozioa proposatzeko idazkian berariaz adieraziko da alkategaiaren onarpena.

Zentsura mozioaren proposamen egileetariko bat zentsuratu nahi den alkatearen talde politikoko kide bada edo izan bada, aurreko paragrafoan eskatzen den gehiengoa handituko da, baldintza horietan dauden zinegotzi kopuruaren heinean.

Kasu hori bera aplikatuko da mozioa proposatzen duten zinegotzietariko batek utzi badio izateari hasieran atxiki zen udal talde politikokoa, edozein arrazoi dela eta.

2. Zentsura mozioa proposatzeko idazkian sinadurak agertuko dira, notario batek edo Udalbatzako idazkari nagusiak behar bezala kautotuak. Sinatzaileetako batek aurkeztuko dio idazkari nagusiari. Idazkari nagusiak egiaztatuko du zentsura mozioak betetzen dituela artikulu honetan eskatutako baldintzak, eta, egintza berean, behar den agiria emanen du eginbidea egiaztatzeko.

3. Horrela eginbideturiko agiria Udalbatzako Erregistro Orokorrean aurkeztu beharko du mozioaren sinatzaileetako edozeinek, eta ondoko hamargarren egun baliodunean, eguerdiko hamabietan, osoko bilkura eginen da, horretarako dei berariazkorik gabe. Udalbatzako idazkariak, agiria erregistroan aurkeztu eta beranduenez ere egun bateko epean, Udalbatzako kide guztiei jakinaraziko die inguruabar hori, bilkuraren eguna eta ordua zehaztuz, ager daitezen.

4. Osoko bilkuran adin-mahaia izanen da buru, alkateaz eta alkategaiaz beste, bertaratutako zinegotzi zaharrenak eta gazteenak osatua. Udalbatzako idazkariak eginen ditu idazkari lanak, horretarako bere postua kreditatu beharko duelarik.

5. Mahaiak zentsura mozioa irakurri besterik ez du egingo, eta tramitazioarekin jarraitu ahal izateko, egiaztatuko du une horretan 1. puntuko hiru paragrafoetan eskaturiko betekizunak mantentzen direla, eta alkategaiari, alkateari eta udal taldeetako bozeramaileei hitza emango die, labur aritu daitezen. Ondotik, zentsura mozioari buruzko bozketa egingo da.

6. Zentsura mozioko alkategaia alkate bilakatuko da, baldin eta mozioak Udalbatza legez osatzen duten zinegotzien gehiengo osoaren aldeko botoa jasotzen badu.

7. Ezein zinegotzik ezin du agintaldi berean zentsura mozio bat baino gehiago sinatu. Horretarako, ez dira kontuan hartuko aurreko zenbakietako baldintzak ez betetzeagatik tramitatzen ez diren mozioak.

8. Alkateak ustekabean kargua uzten badu ere, horrek ez du zentsura mozioaren tramitazioa eta bozketa geldiaraziko.

V. KAPITULUA

Konfiantza-arazoa

65. artikulua. Alkateak konfiantza-arazoa aurkezten ahal dio Osoko Bilkurari, honako afera hauetako edozein onetsi edo aldatzeko:

–Urteko aurrekontuak.

–Erregelamendu organikoa.

–Ordenantza fiskalak.

–Udal esparruko planeamendu orokorrerako tresnen tramitazioa bukatzeko onespena.

66.1. artikulua. Aurreko artikuluan aipaturiko aferen gaineko erabakiari dagokion konfiantza-arazoa aurkezten bada, Osoko Bilkuraren gai zerrendako behar den puntuan berariaz agertuko da inguruabar hori. Erabaki horietako edozein hartzeko, Toki Araubidearen Oinarriei buruzko Legean eskatutako botoen quoruma beharko da. Bozketarako deia jendaurrean eginen da, izenaren arabera deituta.

2. Konfiantza-arazoa aurkezteko, ezinbestekoa izanen da erabaki aurretik osoko bilkuran eztabaidatu izana eta onesteko beharrezkoa den gehiengoa lortu ez izana.

3. Konfiantza-arazoak ez baditu lortzen erabakia onesteko behar adina aldeko boto, alkateak, besterik gabe, kargua utziko du, eta jardunean ariko da, bere ordezkoak karguaren jabetza hartu arte. Alkate berria hautatuko da automatikoki deituko den bilkuran, konfiantza-arazoarekin lotzen den erabakia bozkatzen den egunaren ondoko hamargarren egun balioduneko hamabietan, Hauteskundeen Araubide Orokorrari buruzko Legearen 196. artikuluan ezarritako arauei jarraikiz. Hautaketaren ondorioetarako, berezitasuna izango da alkatea kendu egingo dela zerrendaburu postutik, eta haren lekuan jarriko dela zerrendan bigarren zegoena, bai Alkatetzarako hautagaitzen ondorioetarako bai alkatearen izendapen automatikorako, zerrenda bozkatuenetakoa bada eta hautagai batek ere ez badu erdiesten zinegotzien legezko kopuruaren gehiengo osoaren boto kopurua.

4. Aurreko zenbakian adierazitako hori ez da aplikatuko konfiantza-arazoa urteko aurrekontuen onespenarekin edo aldaketarekin lotuta dagoenean. Halako kasuetan, konfiantza-arazoaren kontrako bozketa egin eta hilabeteko epean ez bada zentsura moziorik aurkezten, alkategaia ere proposatuz, edo zentsura mozioak ez badu aurrera egiten, ulertuko da konfiantza eskaini eta proiektua onetsi dela.

Ondorio horietarako, ez zaio jarraituko aurreko artikuluko 7. apartatuan ezarritako mugari.

5. Alkateak konfiantza-arazo bakarra aurkez dezake urtean, agintaldiaren hasieratik hasita, eta gehienez ere bi agintaldi osoan. Udalbatzaren agintaldiaren azken urtean ezingo da konfiantza-arazorik proposatu.

6. Konfiantza-arazo bati lotutako aferaren bat onestearen aldeko botoa ematen duten zinegotziek, bozketa egin eta gutxienez ere sei hilabeteko epean, ezin izanen dute zentsura moziorik aurkeztu afera hori proposatu zuen alkatearen kontra.

Era berean, aipatu epean, zinegotzi horiek ezin izanen dute konfiantza-arazo horri loturiko aferaren kontrako botorik eman, bozketa baldintza beretan egiten bada. Kontrako botorik emanez gero, baliogabetzat hartuko da.

VI. KAPITULUA

Udal taldeak

67. artikulua. Zinegotziek, Udalbatzan jarduteko, taldeak osatuko dituzte, Udalbatzan postuak lortu dituzten alderdi politiko, federazio, koalizio edo batasunekin bat etorriko direnak.

Hautagaien zerrenda beretik hautatuak izan diren zinegotziek ez dute inolaz ere talde bereizirik osatzen ahalko, ez badute hauteskundeetako zerrendako alderdia, koalizioa edo hauteskunde-taldea utzi. Hori eginez gero, Talde Mistoan sartuko dira.

Zinegotzi bakarra lortzen duen zerrendak badu eskubidea zinegotzi hori, Udalbatzako jardueretan, taldetzat hartua izateko.

Zinegotziak ezingo dira aldi berean talde batean baino gehiagotan egon.

68. artikulua. Beren hauteskundeetako zerrendari dagokion taldean sartzen ez diren zinegotziek eta agintaldian zehar hasierako taldea uzten dutenek Talde Mistoa osatuko dute.

Udalbatzaren agintaldian zinegotziak ez dira sartzen ahalko hasierako taldean ez beste inon, Talde Mistoan ez bada.

69. artikulua. Udal taldeek, eratu ahal izateko, taldekide guztiek sinaturiko idazkia igorriko diote alkateari, Udala osatu ondoko bost egun balioduneko epean Udalbatzaren Idazkaritza Orokorrean aurkeztuko dena.

Eraketa idazki horretan berean taldearen bozeramailea nor den adieraziko da, eta ordezkoak ere izenda daitezke.

Artikulu honen 1. zenbakian finkaturiko epea bete ondoko lehen bilkuran, alkateak Osoko Bilkurari jakinaraziko dio zer udal talde osatu diren, zer taldekidek osatuak eta nor diren bozeramaileak.

Udalbatza eratzeko bilkuraren ondotik zinegotzi bilakatu direnek, zer zerrendatan hautatu diren, hari dagokion taldean sartu beharko dute edo, bestela, Talde Mistoan. Lehen kasuan 5 egun balioduneko epea izanen dute, karguaren jabetza hartzen dutenetik, kasuan kasuko taldean sartu direla egiaztatzeko; horretarako erabiliko den idatzia alkateari zuzenduko zaio eta kasuan kasuko bozeramaileak sinatuko du.

70. artikulua. Udal talde bakoitzak bere ordezkariak izendatuko ditu udal taldeetako zinegotziek osatu beharreko kide anitzeko organo guztietarako, bozeramaileak alkateari zuzenduko dion idazkiaren bidez eta Erregelamendu honek kasuan-kasuan ezartzen dituen moduetan.

V. TITULUA

Udalbatzetako kideen estatutua

I. KAPITULUA

Zinegotzien eskubideak eta betebeharrak

71. artikulua. Udal zinegotzien eskubideak dira legeek berariaz aitortzen dituztenak, eta bereziki, honako hauek:

1. Udalaren osoko bilkuretan parte hartzea eta, Udalaren erregelamendu organiko honek zehazten duenaren arabera, informazio batzordeetan, Kontuen Batzorde Berezian eta Udalaren beste ordezkaritza organoetan.

2. Udalaren aurrekontuaren kargura jasotzea dagozkien ordainsariak, kalte-ordainak eta sari ekonomikoak, Osoko Bilkurak hartzen dituen erabakiei jarraikiz.

3. Beren eginkizunak betetzeko, udal aferei buruz behar duten informazioa lortzea, alkatearen, Tokiko Gobernu Batzarraren (halakorik bada) eta Udalaren bestelako gobernu organoen eskutik eta erregelamendu honetan araututako baldintzetan.

4. Udal erabaki eta xedapenen aurka egitea, guztiondako legedi orokorrean ezarritako baldintzetan.

5. Eginkizunak betetzeko bitarteko materialak edukitzea, indarreko legedian eta erregelamendu honetan zehazturiko baldintzetan.

6. Hala nahi duten herritarrekin eta entitateekin udal egoitzetan biltzea, edo han biltzeko deitzea, beren karguari edo ordezkaritzari dagozkien kontuez jarduteko.

72. artikulua. Zinegotzien betebeharrak dira legeek eta aplikatzekoak diren beste xedapen batzuek berariaz aipatuak eta, bereziki, honako hauek:

1. Udalaren Osoko Bilkuretara eta dagokien kide anitzeko organoen bilkuretara joatea, bidezko arrazoiren bat izan ezik, zeren, halakoetan, Udalbatzako buruari jakinarazi beharko baitzaio behar bezain garaiz.

2. Interesen erregistroan beren ondasunen eta jarduera pribatuen aitorpena egitea, aplikagarria den legerian eta Erregelamendu honetan ezarritako baldintzetan.

3. Karguaren kariaz ezagutzen duten isilpeko informazioa gordetzea, Erregelamendu honek ezartzen duen gisara.

4. Bateraezintasunei buruz indarra duten arauei men egitea.

5. Udalerritik kanpo zortzi egun edo epe hori baino gehiago egon behar izanez gero, Alkatetzari jakinarazi beharko zaio idatziz, dela norberak zuzenean dela talde politikoko bozeramailearen bidez. Zehaztuko da kanpoan zenbat egun egoteko asmoa duen zinegotziak.

Zinegotziek beren betebeharretan huts egiten badute, alkateak zehatzen ahalko ditu, aplikagarria den legeriak baimendutako baldintzetan.

II. KAPITULUA

Dedikazioak eta eskubide ekonomikoak

73. artikulua. Udalaren Osoko Bilkurak, alkateak proposaturik, aurrekontuaren barnean zehaztuko du Udalbatzako zenbat kidek izanen duten dedikazio esklusiboa edo partziala, bai eta xede horretarako erabiliko den diruaren zenbateko osoa eta norberaren erantzukizunari dagozkion ordainsari edo kalte-ordainak.

74. artikulua. Edozein zinegotzi dedikazio esklusiborako nahiz partzialerako izendatzeko, zinegotziak berak onartu beharko du, eta Osoko Bilkurari jakinaraziko zaio. Dedikazio esklusiboaren nahiz partzialaren ondorioz, Gizarte Segurantzaren araubide orokorrean alta emango zaio eta eskubidea izango du Osoko Bilkurak xede horietarako aurrekontuan finkatzen dituen ordainsariak jasotzeko.

Dedikazio esklusiboak esan nahi du alkatea edo zinegotzia bere gain uzten diren udal arloko eginkizunetara emanen dela osoki, eta bateraezinak direla irabazi-asmoko bestelako ardura edo lanak, edo Udalarekiko dituen betebeharrei kalte egiten dietenak. Norberaren edo familiaren ondarearekin ikusteko duten bazterreko jarduerak beste salbuespenik ez da onartuko.

75. artikulua. Osoko Bilkurak kalte-ordainak, dietak eta abar zehaztuko ditu aurrekontuan, honako irizpide hauei jarraikiz:

1. Udalbatzako kide guztiek, aurrekontuan ezarri baldintzetan, badute eskubidea kudeaketa arloko erantzukizunak izanik dedikazio esklusiboa aitortua ez duten Udalbatzako kideek jaso beharreko dietak eta kalte-ordainak hartzeko.

2. Era berean, udal gobernuko organoetan parte hartzeagatik oro har hartu beharreko ordainaren eskubideak finkatzen ahalko dira aurrekontuan, Osoko Bilkuraren erabakiaren bidez egituratuko baita.

Informazio batzordeetan eta Bozeramaileen Batzarrean parte hartzeak tratamendu ekonomiko bera edukiko du.

3. Aipatu zenbatekoak, guztira, ez dira izanen arloko legeria orokorrean horretarako zehazten diren gehienekoak baino handiagoak.

III. KAPITULUA

Gobernuko aferei buruzko informazioa izateko eskubidea

76. artikulua. Zinegotziek badute eskubidea beren karguan aritzeko beharrezkoa duten informazioa jasotzeko, eta administrazio-espedienteak, aurrekariak eta gainerako udal agiriak ikusteko. Horren ondorioz, Udalaren gobernu organoek aipatu informazioa emateko obligazioa dute, eta betebehar horren erantzuleak dira Osoko Bilkuraren aurrean, deusetan ukatu gabe bidezko errekurtso administratibo nahiz jurisdikzionalak.

77. artikulua. Aurreko zenbakian xedatutakoak ondorioak izan ditzan, Udalbatzako edozein kidek jotzen ahalko du funtzionario arduradunarengana eta halako agiri jakin batzuk ikusteko eskatu. Funtzionario orok eskaera hori errazteko obligazioa du, zuhurtziagatik edo bestelako oztopoengatik eskaera alkateari zuzendu behar zaionean izan ezik. Halakoetan, alkateak behar den udal departamentuari informazioa emateko eskatuko dio, edo eskaera ukatuko, ondotik aipatzen diren baldintzetan.

78. artikulua. Alkateak edo informazio eskaera jasotzen duen zinegotzi ordezkariak kasu hauetan baizik ezin du eskaera ukatu:

–Informazio hori jakin edo hedatzeak kalte egiten ahal badie hainbat eskubide konstituzionali, hala nola ohoreari, norberaren edo familiaren intimitateari eta pertsonen beren irudi eskubideei.

–Gaiak herritar segurtasunari edo babes zibilari dagozkionean, eta hedapenak eragin negatiboa izan badezake, herri bakea aztoratu edo biztanleria larritzen ahal dela aurreikusten delako.

–Sekretu ofizialei eta datu estatistikoak eskuratzeko mugei buruzko legeria orokorrean zehaztutako gaiak.

Dena den, are aipatu kasuetan ere, alkateak zinegotziren batek eskatutako informazioa eman dezake, zinegotzi hark idatziz eta formalki hitz ematen badu informazioaren konfidentzialtasuna gordeko duela.

Lege mailako araudi berezia ere kontuan hartuko da, zenbait interes publikoren babesa edo datu pertsonalak babesteko arrazoiak direla medio sarbideari mugak ezartzen badizkio.

Aurrekoa gorabehera, zergen, osasunaren eta poliziaren arloko informazioa eskuratzea araudi berariazkoak zuzenduko du, bai eta beste edozein informazio ere, lege mailako arau batek berariaz deklaratzen duenean informazioak izaera erreserbatua edo konfidentziala duela.

Eskatutako informazioak datu pertsonalak izanez gero, sarbidea errazteko, kontuan hartuko dira Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EE) Erregelamenduaren 6. artikuluan araututako datuak babesteko printzipioak, datu pertsonalen tratamenduari dagokionez, pertsona fisikoen babesari eta datu horien zirkulazio askeari buruzkoa, eta indarrik gabe utzi zuena 95/46/EE Zuzentaraua (Datuak babesteko erregelamendu orokorra), bereziki xedea mugatu eta datuak minimizatzeari dagokiena.

79. artikulua. Agiriak edo informazioa eskatzen bada, eskaera aintzat hartu beharko da. Informazioa ukatzen bada, arrazoiak azaldu beharko dira beti.

80. artikulua. Orokorrean, informazioa zein artxibo edo administrazio egoitzatan dagoen, hantxe beharko da aztertu. Nolanahi ere, agiriak hartzen ahalko dira, baina inolaz ere udal egoitzetatik atera, zainketaren ardura duen funtzionarioa izanik erantzulea. Dokumentazioa espediente elektronikoan baldin badago, dokumentazioa jakinarazpen elektronikoz entregatuko zaio zinegotziari edo, hala badagokio, espediente elektronikora sarbidea emanez.

Udalbatzako kideek sekretupean gorde beharko dituzte eskuratutako informazioak, aurreko artikuluekin bat etorriz, eta informazio hori gaizki erabiliz gero kasuan kasuko erantzukizuna onartu beharko dute.

IV. KAPITULUA

Interes eta jardueren erregistroa

81. artikulua. Toki Araubidearen Oinarriei buruzko Legearen 75. artikuluaren esparruan, erregelamendu hau onetsi eta hilabeteko epean eratuko da Ablitasko Udalaren Interes eta Jardueren Erregistroa. Erregistro hori Udalaren Idazkaritza Orokorrean eratuko da eta oinarri hauek izanen ditu arau:

a) Interes eta jardueren erregistroa Udalbatzako idazkariaren erantzukizuna da. Liburu foliodun eta koadernatuan erabiliko da, aldez aurretik mekanizatu ahal izatea deusetan ukatu gabe.

Interes eta jardueren erregistroko liburuaren hasieran idazkariaren probidentzia eta alkatearen oniritzia jasoko dira. Aitorpen guztiek interesdunaren sinadura eduki beharko dute, baita idazkariaren egiaztapena ere, Udalaren fede-emaile publikoa baita.

b) Kide bakoitzak interesen zinpeko aitorpena aurkeztuko du jabetza hartu aurretik, udalean dituen arduretan edo deklaratutako ondasun edo jardueretan aldaketaren bat izaten den aldiro, agintaldia utzi edo amaitu aurretik. Interesen aitorpena aldez aurreko baldintza izango da Osoko Bilkuran edo beste edozein udal organotan karguaren jabetza hartzeko.

c) Erregistroko datuak aldatu direlako interesen aitorpena egin behar denean, gehienez ere hilabeteko epea egonen da horretarako, aldaketak gertatzen diren egunetik hasita.

d) Interes eta jardueren aitorpena zinpeko aitorpena izango da, eta betiere honako kontzeptu hauek jasoko ditu:

–Ondare higiezina.

–Ondare higigarria.

–Ibilgailuak.

–Merkataritzako edo industriako jarduera eta ogibideak.

–Besteren konturako lanak.

–Lanbide liberaletan aritzea.

–Bestelako diru iturriak.

Kasu bakoitzean, jabea nor den edo, behar izanez gero, diru iturriak zein diren adieraziko da, eta haien balioa zenbatuko. Orobat, berariaz aipatu beharko dira interesdunaren udal jarduerarekin ikusteko zuzena izan dezaketen jabetza edo jarduerak.

e) Duten karguagatik beren segurtasun pertsonala edo beren ondasun edo negozioen, beren familiako kideen, bazkideen, enplegatuen edo harreman ekonomiko edo profesionala duten pertsonen segurtasuna mehatxaturik izan dezaketen tokiko ordezkariek beren ondasunen eta ondare-eskubideen aitorpena egiten ahalko dute Probintzia Diputazioko idazkariaren aurrean edo, bestela, dagokion autonomia erkidegoko organo eskudunaren aurrean. Instituzio horietan xede horrekin sortutako Ondareko Ondasunen Erregistro Berezian inskribatuko dira aitorpen horiek.

Kasu horretan, beren entitateko idazkariari eramango diote ziurtagiri soil eta zehatza, frogatzen duena beren aitorpenak bete dituztela eta aurreko paragrafoan aipatzen den Interesen Erregistro Berezian inskribaturik daudela; horretaz arduratzen den funtzionarioak luzatuko du ziurtagiria.

f) Aipatu erregistroa publikoa izanen da eta Udalak haren laburpena argitaratuko du Gardentasun Atarian, eta horretan azalduko dira erregistroan dauden datu guztiak. Nolanahi ere, ondasun higiezinen kokapen zehatzari buruzko daturik ez da emango, eta titularren pribatutasuna eta segurtasuna bermatuko dira.

g) Udalaren Osoko Bilkurak, erregistroa onesteko erabakiarekin batera, Interes eta Jardueren Erregistroan aitorpena egiteko ereduak onetsiko ditu, eta eredu horiek bete beharko dira erregistroan sartzeko.

VI. TITULUA

Herritarren informazioa eta parte-hartzea

I. KAPITULUA

Herritarren eskubideak: informazioa eta parte-hartzea

82. artikulua. Herritar, egoiliar eta bisitari guztiek ondoko eskubide hauek dituzte, hala legeria orokorrean nola Erregelamendu honetan ezarritako baldintzetan:

–Udal aferei buruz informazio zabala, unean unekoa, eta objektiboa jasotzea, eta horretarako udal informazioa emateko egoki iruditzen zaizkion bideak sortu eta egokituko ditu Udalak, Kontrol eta Jarraipen Batzordearen proposamenak aintzat hartuta.

–Gardentasuna hobetze aldera eta herritarrek informazioa errazago eskura dezaten, osoko bilkurak audio aktaz edo audio bideoz grabatuko dira. Bermaturik daude Espainiako Konstituzioaren 18.1 artikuluan aipatzen diren oinarrizko eskubideak (ohorerako, norberaren eta familiaren intimitaterako, eta bakoitzaren irudirako eskubidea), Toki-araubidearen oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 70. artikuluan ezarri bezala, eta grabazioa eta hedapena saihestuko da herritarren funtsezko eskubidea ukitzen ahal duten gaietan, hala erabakitzen denean gehiengo osoz.

–Udaleko informazio eta dokumentazio politikoa, edo haiekin ikusteko zuzena duena eskuratzea, eta haien kopiak eta egiaztagiriak lortzea, betiere hirugarrenen eskubideak zainduz eta, informazioa xede komertzialetarako eskatzen denean, Udalak ezartzen dituen mugak begiratuz.

–Udal agintariei edo Udalaren bidez Estatuko agintariei eskaerak egiteko eskubidea erabiltzea.

–Udalaren osoko bilkuretara eta beste gobernu organoen bileretara agertzea, hala zehazten denean. Parte hartzeko eskubidea ere badute, Erregelamendu honetan zehazten den gisara.

83. artikulua. Herritarrek erregelamendu honetan aitortzen diren eskubideak betetzeko eska dezakete, behar diren errekurtso administratibo edo jurisdikzionalen bitartez, jendeak parte hartzeko dauden bideak ere erabil ditzaketelarik.

84. artikulua. Herritarren parte-hartzea sustatze aldera, batzordeburu batek komenigarritzat jotzen badu, lan bileran landu beharreko gaiei zuzenean lotuta dauden entitateak edo pertsonak gonbidatzen ahalko ditu etengabe edo noizean behin. Gonbidapen iraunkorra bada, gonbidatuak bere burua identifikatuko du Idazkaritzan, eta erregistro horretatik aurrera batzordearen deialdiak eta aktak jasoko ditu.

Udalbatzarekin zerikusirik izan gabe gonbidatu diren pertsonak noizean behin edo behin betiko kanporatzen ahalko dira bilkuretatik, batzordeburuaren ustez haien portaera txarra bada.

II. KAPITULUA

Informazioa kontsultatu eta eskuratzea

85. artikulua. Informazioa kontsultatu eta eskuratzeko, Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legean xedatutakoari jarraikiko zaio.

VII. TITULUA

Ablitasko Udaleko kide anitzeko organoen bilkurak baliabide elektronikoen bitartez egitea

86. artikulua. Kide anitzeko organoen bilkurak ezohiko egoeretan.

Udaleko kide anitzeko organoen bilkurek urruneko funtzionamendua izaten ahalko dute, baliabide elektronikoen bitartez, betiere Toki araubidearen oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 46.3 artikuluan aurreikusitako ezohiko inguruabarrak gertatzen badira.

Horretarako, alkateak edo buruak, edo indarrean dagoen legediarekin bat etorriz deialdiaren ondorioetarako modu baliagarrian ordezten duen pertsonak jasota utzi beharko du honako ezohiko egoera hauetakoren bat gertatu dela:

–Ezinbesteko kasuak.

–Arrisku kolektibo larria.

–Hondamendi publikoak.

Bilkurak baliabide elektroniko eta telematikoen bitartez modu baliagarrian eratu eta egite aldera, kide parte-hartzaileek Espainian egon behar dute eta haien nortasuna egiaztatu. Horretarako, parte-hartzaile bakoitzaren nortasuna egiaztatuko da, egoitza elektronikora ziurtagiri elektronikoa baliatuz sartu beharko dute-eta.

Bilkuran zehar parte-hartzaileen arteko komunikazioa denbora errealean bermatu beharko da; hala, bilkuren izaera publiko edo sekretua bermatzeko beharrezko baliabideak bideratu beharko dira, kasu bakoitzean legez dagokion gisan.

87. artikulua. Bilkurak egiteko modua.

Kide anitzeko organoen bilkurak urrutitik egiteko baliabide elektronikoei dagokienez, bideokonferentziak izango du lehentasuna; modu horrek parte-hartzailea bisualki identifikatzea ahalbidetuko du. Bideokonferentzia sistema horrek fitxategi bat sortu beharko du bilkuraren ikus-entzunezko grabazioarekin. Sortutako fitxategiak egiazkotasun estandar jakin batzuk bete beharko ditu; horretarako, zenbait ebidentzia teknologiko lortzen ahalko dira, bilkuran landutakoa fideltasunez jasotzea bermatu beharko dutenak. Ebidentzia horiek honako hau bermatu beharko dute:

1. Fitxategia jatorrizkoa dela eta, horrenbestez, bilkuraren edukia egiazkotasunez jaso duela.

2. Hirugarrenek ezin dutela fitxategia aldatu edo eraldatu.

3. Fitxategiaren ikus-entzunezko grabazioa zein egiazkotasuna bermatzeko lortutako ebidentzia teknologikoak irisgarriak direla eta zaindu eta gorde eginen direla bermatu beharko da, dagokion denboran eta modu seguruan, Segurtasuneko Eskema Nazionalean ezarritako betekizunekin bat etorriz.

Horrez gain, aldaketak egitea ezinezkoa izate aldera, sortuko den ikus-entzunezko grabazioaren fitxategia espediente elektronikoan sartu beharko da, egiazkotasuna bermatzeko ebidentzia teknologikoekin batera.

Baliabide elektronikoekin egindako bilkuraren egiazkotasuna ziurtatzeko eta sortutako fitxategiaren segurtasuna bermatzeko hash edo aztarna digitalak lortzen ahalko dira, bilkura telematikoaren ikus-entzunezko grabazioaren fitxategia errakuntzarik gabe identifikatu ahal izateko eta lortutako ebidentziak elektronikoki sinatu eta zigilatu ahal izateko, ikus-entzunezko grabazioari zenbait metadatu gehitu ahal izateko, ikus-entzunezko grabazioaren fitxategia eta ebidentziak modu seguruan zaintzeko edo antzeko beste lan batzuk egiteko.

88. artikulua. Parte-hartzaileak identifikatzeko sistema.

Kide anitzeko organoen bilkurak baliabide elektroniko eta telematikoen bitartez urrutitik modu baliagarrian eratu eta egite aldera, parte-hartzaileek Espainian egon beharko dute, eta haien nortasuna egiaztatu.

89. artikulua. Bilkuraren nondik norakoa.

Bilkura hasteko ordua jarrita, bilkuran parte hartuko duten kideek hamar minutu lehenago prest egon beharko dute, Idazkaritzak bilkura egiteko behar adinako quoruma dagoela egiazta dezan; horretarako, kide bakoitzaren ziurtagiri elektronikoa egiaztatu beharko da. Quorumari bilkura osoan zehar eutsi beharko zaio, eta, hortaz, Idazkaritzak kideen nortasunaren fede eman beharko du. Alkatetzak, quoruma dagoela egiaztatu ondoren, hasiera emanen dio bilkurari.

Gai-zerrendako lehen puntua bilkura modu telematikoan egitea baimentzeko erabakia onartzea izanen da; hura gauzatzeko baldintza teknikoak aipatu eta horrela egitea eragin duten kausak onartu behar dira.

Alkatetzak hartuko du hitza puntu bakoitzari heltzean, mintzaldien txandak antolatuz eta hitza argi eta garbi eskatzen duten zinegotziei hitza emanez, eztabaida normaltasunez egite aldera, osoko bilkurak egitea arautzeko arau orokorrekin bat etorriz.

Bilkura osoan zehar parte-hartzaileen arteko komunikazioa denbora errealean bermatu beharko da; hala, bilkuren izaera publikoa edo sekretua bermatzeko behar diren baliabideak bideratu beharko dira, kasu bakoitzean legez dagokion gisan.

Bilkuran zehar parte-hartzaileren baten komunikazioa hutsegite teknikoen ondorioz eteten bada, udaletxeko bilkuren aretoa utzi izan balu bezala hartuko da. Hala ere, bi egoera gertatzen ahalko dira:

1. Deskonexio puntuala:

Konexiorik eza puntuala baldin bada, eta galdu baina une bat geroago berreskuratu bada, Idazkaritzak egoera hori aktan jasoko du, bilkuratik birtualki zein ordutan atera den eta berriz ere zein ordutan bueltatu den adieraziz. Hala, hainbat egoera sortzen ahalko dira, deskonexioa zein une zehatzetan gertatu den kontuan izanda:

a) Deskonexioa sortu bada gai-zerrendako gai bati heldu zaionean, eta bozketa hasi eta gero berreskuratu bada, parte-hartzaileak ezinen du bozkatu; hortaz, boto hori abstentzio modura hartuko da. Bidenabar, bilkurara bozketa egin eta gero itzuliz gero, hala jasoko da aktan (Toki erakundeen antolakuntza, jarduera eta erregimen juridikoari buruzko Araudiaren 98.3 artikuluak ezarri zuenez, bozketa hasi ondoren Udalbatzako kideek ezinen dute bilkura utzi ezta bertara sartu).

b) Deskonexioa sortu bada gai-zerrendako gai bati heldu zaionean, eta bozketa hasi eta gero berreskuratu bada, parte-hartzailearen botoa abstentzio modura hartuko da.

c) Deskonexioa gertatu bada bozketa hasi eta gero, eta bilkurako parte-hartzaileak bozkatu badu, ulertu behar da botoa baliagarria dela; ez badu bozkatu, abstentzio modura hartuko da.

d) Deskonexioa gertatu bada gai-zerrendako gai bati heldu zaionean eta zenbait gai landu ondoren berreskuratu bada, deskonexioa gertatu den puntuan bilkurako parte-hartzailearen botoa abstentzio modura hartuko da. Deskonektatuta egon den puntuetan parte-hartzaileak ez du bozkatuko, eta boto hori ez da zenbatuko; besterik gabe, bilkuratik kanpo egonen da, eta bertaratuen aldeko, aurkako botoen eta abstentzioen emaitza izanen da bozketaren emaitza.

e) Konexioa berreskuratzean, bilkura une horretan lantzen ari den puntuan sartuko da parte-hartzailea. Oraindik bozketa ez bada hasi, normaltasunez bozkatzen ahalko du. Bozketa hasi bada, bilkurako parte-hartzaileak ezinen du bozkatu, baina abstentzio modura hartuko da; aktan jasota utziko da kasuan kasuko kidea bozketa egin ondoren sartu dela bilkurara.

2. Behin betiko deskonektatzea:

Deskonexioa behin betiko izanez gero, bilkura behin betiko utzi dela ulertuko da. Kasu horretan, honako egoera hauek sortzen ahalko dira:

a) Deskonexioa sortu bada gai-zerrendako gai jakin bat lantzen hasi ondoren eta ez bada berreskuratzen, halaxe jasoko da aktan. Puntu horren bozketari dagokionez, abstentzio modura hartuko da. Gainerako gaietan bozketa ez da zenbatuko.

b) Deskonexioa gertatu bada gai-zerrendako gai bat bukatu eta gero baina hurrengoa lantzen hasi aurretik, eta ez bada berreskuratzen, aktan ere jasoko da, eta une horretatik aurrera ez da zenbatuko.

90. artikulua. Botoa emateko sistema.

Bilkuretako erabakiei buruzko botoaren zentzua bermatu ahal izateko, eta akats teknikorik gerta ez dadin, banaka bozkatzeko sistema erabiltzearen alde eginen da; horretarako, Alkatetzak bertaratutako kide bakoitzari zer bozkatuko duen galdetuko dio (alde, aurka edo abstentzioa); hala, Idazkaritzak egiaztatu eginen du bertaratutako kide bakoitzak esandakoaren egiazkotasuna, eta jasota utziko du.

Bozketa sistema egiaztatzeko, azaldutako prozedura bi aldiz eginen da. Bozketaren emaitza egiaztatu ondoren, Idazkaritzak boz goran jakinaraziko du lortutako quoruma; nolanahi ere, ondoren, Alkatetzak erabakia onartu den edo ez egiaztatzen ahalko du.

Bozketa prozesu osoan zehar bermatu egin beharko da botoa egiazkoa dela eta kideek bozkatzeko askatasuna dutela.

91. artikulua. Baliabide elektronikoen bidezko bilkuraren akta.

Bilkura modu horretan zergatik egin den justifikatu beharko da, horrela egitea eragin duen inguruabarra aipatuz.

Bidenabar, bilkura egiteko lekua adierazten ez bada, horretarako justifikazioa jasota utziko da.

Bilkuran kargu publikodunek eta funtzionarioek izandako mintzaldiak euskarri bideografikoan oso-osorik jasoko dira. Bilkurak bideoz grabatzean bilkuran edo bileran gertatu den guztia bilduko da, irudiz eta audioz. Dokumentu horrek hizlari bakoitzak esandakoa hitzez hitz jasotzen du, eta agiri elektronikoan txertatzen da, esteka bidez.

Idazkaritzak akta egin beharko du, eta, gutxienez, honako datu hauek izan beharko ditu (Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 18.1 artikuluan araututakoa):

–Parte-hartzaileak.

–Bilkuraren gai-zerrenda.

–Bilkura noiz eta non egin den.

–Eztabaiden puntu nagusiak.

Bilkuraren grabazio fitxategian eztabaiden puntu nagusiak jasoz gero, ez da beharrezkoa izanen gai hori bilkuraren aktan agertzea.

–Hartutako erabakien edukia.

Aktari honako hauek gehitu beharko zaizkio:

–Bilkuraren grabazio fitxategia.

–Fitxategiaren egiazkotasuna eta osotasuna egiaztatzeko idazkariaren ziurtagiria.

–Beste dokumentu batzuk, euskarri elektronikoan.

Fitxategi horiek gordetzean fitxategien osotasuna, egiazkotasuna eta horietara sarbidea izatea bermatu beharko da.

92. artikulua. Bilkuren izaera publikoa.

Bilkuren izaera publikoa betetze aldera, bilkurak streaming bidez eskaintzen ahalko zaizkie herritarrei Udalaren egoitza elektronikoaren eta udalerriko sare sozialen bitartez.

93. artikulua. Datu pertsonalen babesa.

Bilkurak grabatu eta artxibatzea eta osoko bilkurak eskaintzea datu pertsonalen tratamendutzat hartuko da, datuak babesteko araudiaren ondorioetarako.

Udalak tratamenduaren deskribapena ere jasoko du Udalaren webguneko gardentasun atarian argitaratutako jarduera erregistroan.

Baliabide elektronikoen bitartez bilkura egin aurretik Datuak babesteko Erregelamendu Orokorraren 13. artikuluan aipatutako gai guztiak jakinaraziko zaizkie parte-hartzaileei, bereziki arlo horretan dagozkien eskubideen inguruan.

AZKEN XEDAPENA

Erregelamendu honek behin betiko onesten denean hartuko du indarra, Nafarroako Aldizkari Ofizialean noiz argitaratzen den kontuan hartu gabe.

Erregelamendu organiko honetan jasotzen ez diren gainerako arau guztietan, Administrazio Publikoaren eta toki entitateen funtzionamenduaren arloan eskumena duten Estatuko eta Nafarroako Foru Komunitateko legeetan ezarritakoa aplikatuko da.

Iragarkiaren kodea: L2012740