268. ALDIZKARIA - 2020ko azaroaren 17a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

145E/2020 EBAZPENA, urriaren 30ekoa, Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena Caparroson ura abeltegi batetik uraska berri batera eramateko proiektu baterako. Sustatzailea Caparrosoko Udala da.

2020ko apirilaren 2an, Biodibertsitatearen Zerbitzuan sartu zen aipatutako espedienteari dagokion ingurumen ukipenetarako baimen eskaera. Espedientea abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko N) epigrafean sartua dago (Uraren goi hornidurarako eta saneamendurako hodiak, lurzoru urbanizaezinean paratzen direnean eta dekretu horren beste eranskin batean bilduta ez daudenean). Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du ingurumen ukipenetarako baimenak barne hartuko duela lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarako baimena ere, eta haren ondorioak izanen dira uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuak, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duenak, 117. artikuluan ezarritakoak.

Proiektuaren jarduketaren xedea da ardi aziendarendako uraska bat paratzea Caparrosoko La Balsa de los Toros izeneko urmaelaren ondoan, eta ura eramatea Caparrosoko 17. poligonoko 43. lurzatian dagoen abeltegitik uraskaraino, dentsitate handiko 25 mm-ko polietilenozko hodi baten bidez, zeinak 2.137 metro luze eginen baitu lurpean, 40 x 70 cm-ko zanga batean.

Espedientean jasota daude Lurraldearen Antolamenduaren Atalak eta Caparrosoko Udalak egindako txostenak. Ingurumen Eraginaren Atalak espedientearen aldeko txostena eman du, baina baldintza batzuk ezarrita.

Espedientean dauden txostenak ikusirik eta Ingurumeneko zuzendari nagusiaren azaroaren 8ko 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordetutako eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea Caparroson ura abeltegi batetik uraska berri batera eramateko proiektu baterako, Caparrosoko udal-mugartean. Sustatzailea Caparrosoko Udala da.

2. Baimen honek neurri hauek aplikatzeko betebeharra ezartzen du:

Ingurumen arlokoak:

–Ezagutzen ez den aztarna arkeologikoren bat agertzen bada, legeak agintzen du Arkeologia Atalari horren berri eman behar zaiola berehalakoan, hala jasota baitago ondare historikoaren arloan indarra duen legerian (Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legearen 59. artikuluan eta Espainiako Ondare Historikoari buruzko ekainaren 25eko 16/1985 Legearen 42.3 eta 44. artikuluetan). Aditzera ematen da, hala egin ezean, eginbehar hori ez betetzeagatik ondare historikoari eragiten zaion edozein ukipen arau-hauste astuntzat joko dela, aipatu foru legearen 101.h artikulua aplikatuz.

–Hodia kanalizatzeko zangaren trazadurak ahalik eta gutxien eraginen dio landaredi naturalari, halako moduz non lanerako kalearen trazadura eta zabalera makinak behar duena adinakoak izanen baitira, ez handiagoak.

–Zanga irekitzean, landare lurra gordeko da geroago zangaren azaleko partea betetzeko.

–Soberan geratzen diren materialak eta obra-hondarrak kudeatzaile baimendu baten eskura jarriko dira, hondakinak nolakoak diren kontuan hartuta.

–Obrak egin bitartean, arrapalak jarri beharko dira, hara ezustean eror daitezkeen animaliak atera ahal izateko. Zanga ireki eta ahal den lasterren bete beharko da, barnean animaliarik harrapatuta ez dagoela egiaztatu ondoren.

–Uraskak sistemaren bat izan behar du barrura erortzen diren animaliak bertatik atera daitezen.

–Belar-sastrakak garbitu, lurrak mugitu eta hodia paratu aurretik, eremua ikuskatu beharko da, fauna-espezieei eragozpenik ez sortzeko.

–Azpiegitura egiteko behar diren obrak bukatu ondoren, ukitutako eremuak leheneratu eginen dira.

Hirigintza arlokoak:

–Baimen honek uraska batera ura eramateko lanak baizik ez ditu babesten, aurkeztutako dokumentazioarekin bat eta baimen honetan ezartzen diren determinazioei jarraituz.

–Baimen hau emateak ez ditu ezertan galarazten hirugarrenek dituzten eskubideak ukitzen ahal diren lurzati pribatuen gainean. Zehazki, Herri-lurren Atalak 2020ko apirilaren 22an egindako txostenean adierazitakoarekin bat, Caparrosoko udalerriko 17. poligonoko 43. lurzatian jarduketak egiteko, beharrezkoa izanen da, baita ere, lursail horien lagapen hartzaile den Ganadería Las Bardenas SLUren baimena.

–Baimen honek ez du babesten lurzoru urbanizaezinean dauden edo ezarri gogo diren beste jarduera zehatz batzuk hornidura sarera konektatzea edo handik lotura hodirik ateratzea.

–Egin gogo den jarduerak uki ditzakeen edo hartarako trabagarri izan daitezkeen azpiegiturei eta zortasunei dagokienez, sustatzaileak, obrak egin baino lehen, behar diren kontsultak eginen ditu, eta, hala badagokio, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetatik.

–Jarduera uzteak berekin ekarriko du jardueraren titularrak ukitutako lurrak leheneratu beharra, gehienez ere bost urteko epean, eraikuntzak eraitsita eta/edo kenduta. Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 119. artikuluarekin bat, lizentzia eman baino lehen, udalak sustatzaileari eskatuko dio aitorpen baten bidez konpromisoa har dezala, baimendutako jarduera utziz gero, bost urteko epean, gehienez, lurzorua leheneratzeko.

3. Baimen honek, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen ditu; izan ere, artikulu horretan lurzoru urbanizaezinean eginen diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.

4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira.

5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Ebazpen hau igortzea Lurraldearen Antolamenduaren Atalari, Caparrosoko Udalari, Ingurumena Zaintzeko Taldeari (Tuterako barrutia) eta interesdunari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2020ko urriaren 30ean.–Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Enrique Eraso Centelles.

Iragarkiaren kodea: F2012986