268. ALDIZKARIA - 2020ko azaroaren 17a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

143E/2020 EBAZPENA, urriaren 30ekoa, Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, ingurumen ukipenetarako baimena ukatzen diona Urraulbeitiko udal-mugartean Nordex Energy Judas SLk sustatu duen “Estazio meteorologikoa (164 m): EM Judas” proiektuari.

2020ko martxoaren 9an, Biodibertsitatearen Zerbitzuan sartu zen aipatutako espedienteari dagokion ingurumen ukipenetarako baimen eskaera. Espediente hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko M) epigrafean sartzen da. Foru dekretu horren bidez onetsi zen Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du ingurumen ukipenetarako baimenak barne hartuko duela lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarako baimena ere, eta haren ondorioak izanen dira uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuak, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duenak, 117. artikuluan ezarritakoak.

Proiektua baliabide eolikoak neurtzeko estazio meteorologiko bat ezartzean datza, Urraulbeitin, 3. poligonoko 39. lurzatian. Estazio meteorologikoaren oinarria tirantez finkatutako dorre bat izanen da, 164 metrokoa, horrela hainbat mailatako datuak eskuratu ahal izateko, ikerlanaren xede den haize-sorgailu motak duen abatzaren altuerako mailakoak barne. Estazioa martxan egonen da prototipozko haize-sorgailua instalatzeko balizko data baino urtebete lehenagotik, eskuratzen diren datuen arabera, eta haize-sorgailua ezartzen bada, haren osagai bihurtuko da bizitza baliagarri osorako.

Instalatu nahi den dorrea Ferroval 450 modeloa da; hodi-sareta dauka, 164 metro garai jotzen du, eta 3 metroko piezen bidez muntatzen da, lotura hariztatuaren bidez, 50 x 50 cm-ko oin-plaka baten gainean. Tiranteak 10 mm-ko diametroa duten altzairuzko zirgak dira, hiru norabidetan ezarriko direnak, elkarren artean 120º-ra bereizita; dorrea altueran ainguratuko dute, 6, 15, 24, 33, 42, 51, 60, 69, 78, 87, 93, 102, 111, 117, 126, 135 eta 162 metrora, eta lurzorura, oin-plakatik 15, 30, 45, 60, 75, 90 eta 105 metrora. Lurzorura ainguratzeko, 40 mm-ko diametroa eta 120 cm-ko sakonera duten pikak erabiliko dira.

Dorrean sentsoreak paratuko dira. Zehazki, 7 anemometro paratuko dira, 60, 80, 100, 120 eta 140 metrora, eta bi, 164 metrora; 3 haize-orratz, 58, 117 eta 161 metrora; 2 termohigrometro, 50 eta 160 metrora, eta presio sentsore bat, 10 metrora.

Dorrearen behealdean jarriko da aire zabaleko armairua, non datuak eskuratzeko sistemak eta datuak igortzeko GSM komunikazio modulua egonen baitira. Elikatze-sistema autonomoaren osagaiak 20 W-eko panel fotovoltaiko bat, karga-erregulagailua eta 12/Ah-ko bateria izanen dira.

Dorrean behar diren baliza-seinaleak paratuko dira.

Proiektuaren kokalekua nekazaritza lurzati bat da, makineria sartzeko bide egokia duena, eta martxan jartzeko ez da inolako kanalizaziorik aurreikusi. Espedientean Lurraldearen Antolamenduaren Atalak emandako txostena jaso da.

Ingurumen Eraginaren Atalak kontrako txostena egin du, neurketa-antena eta hari lotutako jarduera hegaztiendako bazkaleku batetik gertu egonen liratekeelako, zeinak interes handiko abifauna erakartzen baitu, eta gerta litekeelako hegaztiek neurketa-antenaren kableen kontra talka egitea. Halaber, jarduketaren ingurua ugatza eta Bonelli arranoa berreskuratzeko planen aplikazio-eremuan dago, eta espezie horien gainean izan litezkeen ukipenek oso inpaktu larria eduki dezakete aipatu bi plan horien helburuetan.

Espedientean dauden txostenak ikusirik eta Ingurumeneko zuzendari nagusiaren azaroaren 8ko 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordetutako eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ukatzea Urraulbeitiko udal-mugartean Nordex Energy Judas SLk sustatu duen “Estazio meteorologikoa (164 m): EM Judas” proiektuari.

2. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira.

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Ebazpen hau igortzea Lurraldearen Antolamenduaren Atalari, Urraulbeitiko Udalari, Ingurumena Zaintzeko Taldeari (Agoizko barrutia) eta interesdunari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2020ko urriaren 30ean.–Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Enrique Eraso Centelles.

Iragarkiaren kodea: F2012985