265. ALDIZKARIA - 2020ko azaroaren 12a

4. PROZEDURA JUDIZIALAK

NAFARROAKO JUSTIZIA AUZITEGI NAGUSIA
ADMINISTRAZIOAREKIKO AUZIEN SALA

Oinarrizko Eskubideen gaineko 413/2020 Prozedura

Fabiola Llorente Llorente, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salako Justizia Administrazioaren letradua.

Aditzera ematen dut: sala honetan bideratu den Oinarrizko Eskubideen gaineko 0000413/2020 Prozeduran, 170/2020 Autoa eman da 2020ko urriaren 22an, eta irmo geratu da. Hona hemen haren aurrekariak eta xedapen zatia, hitzez hitz:

“170/2020 Autoa.

Lehendakaria: Francisco Javier Pueyo Calleja jauna.–Magistratuak: María Jesús Azcona Labiano andrea.–Raquel Hermela Reyes Martínez andrea.–Antonio Sánchez Ibáñez jauna.–Ana Irurita Díez de Ulzurrun andrea.

Iruñean, 2020ko urriaren 22an.

Aurrekariak

Lehena.–Nafarroako Foru Komunitateko aholkulari juridiko eta letraduak eskaera egin zuen, 2020ko urriaren 21eko idazkiaren bidez, judizialki berrets zitezen Osasuneko kontseilariaren urriaren 21eko 57/2020 Foru Aginduaren bidez onetsitako neurriak. Foru agindu horren bidez berariazko prebentzio neurri apartekoak hartu ziren Nafarroako Foru Komunitaterako, COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoak izandako bilakaeraren ondorioz.

Bigarrena.–Fiskaltzari igorri zitzaion, txostena egin zezan berehala; 2020ko urriaren 21ean egin zuen, prozeduran ageri den emaitzarekin, eta ebazteko zain dago.

Xedapen zatia

Salak erabakitzen du:

1. Berrestea Osasuneko kontseilariaren urriaren 21eko 57/2020 Foru Aginduaren lehen apartatuan jasotako osasun neurriak. Foru agindu horren bidez berariazko prebentzio neurri apartekoak hartu ziren Nafarroako Foru Komunitaterako, COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoak izan duen bilakaeraren ondorioz.

2. Administrazioak Administrazioarekiko Auzien Sala honi jakinarazi beharko dio berretsitako neurrien betearazpenean eragina duen edozein gorabehera, edo, kasua bada, neurri horiek kentzea eragiten duen beste edozein. Halaber, neurrien luzapena berresteko eskaera egin beharko du, osasun arloko administrazioak halakorik erabakitzen badu.

3. Administrazioak txosten bat igorri beharko dio auzitegi honi, zazpi egun naturaleko epean, bilakaera epidemiologikoari eta hartutako neurrien eraginkortasunari buruz.

4. Ez dira espresuki ezartzen eragindako prozesuko kostuak.

Ebazpen hau jakinaraz bekie alderdi guztiei, eta ohartaraz bekie ez dela irmoa eta haren kontra berraztertzeko errekurtsoa jar daitekeela bost eguneko epean.

Halaxe erabaki, agindu eta sinatu dute idazpuruan adierazitako magistratuek, eta nik horren fede ematen dut.”

Eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadin, honako hau egin eta sinatzen dut, jarraikiz Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen Legearen 72.2 artikuluan ezarritakoari.

Iruñean, 2020ko azaroaren 4an.–Administrazioarekiko Auzien Salako Justizia Administrazioaren letradua, Fabiola Llorente Llorente.

Iragarkiaren kodea: J2013208