265. ALDIZKARIA - 2020ko azaroaren 12a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

997/2020 EBAZPENA, urriaren 30ekoa, Nekazaritzako eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiak emana, xedatzen dituena haragitarako behi-aziendaren sektoreari babes berezia emateko laguntza baten oinarri arautzaileak, egungo COVID-19aren agerraldiaren testuinguruan ekonomia babesteko estatu mailako laguntza neurriei buruzko aldi baterako esparruan, eta 2020ko laguntzen deialdia onesten duena. DDBN identifikazioa: 530927.

COVID-19ak Espainian eta nazioartean eragindako osasun publikoko larrialdia dela-eta, eta Alarma, Salbuespen eta Setio Egoerei buruzko ekainaren 1eko 4/1981 Lege Organikoan xedatutakoaren babesean (4. artikuluko b) eta d) apartatuak), Gobernuak alarma-egoera deklaratu zuen Espainiako lurralde osoan (martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretua), osasun krisiari aurre egiteko, eta sei aldiz luzatu da alarma-egoera; azkena, ekainaren 5eko 555/2020 Errege Dekretuaren bidez, horren bidez luzatu baitzen COVID-19aren ondoriozko osasun krisia kudeatzeko xedez alarma-egoera deklaratzen duen martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuak deklaratutako alarma-egoera. Hori horrela, alarma-egoerak martxoaren 14tik ekainaren 21eko 00:00ak arte iraun zuen, arau horretan adierazitako baldintzetan.

Datu epidemiologikoak hobetzen hasi zirenean, 2020ko apirilaren 28an, Ministroen Kontseiluak Normaltasun berrirako trantsizio plana onetsi zuen, eta bertan ezarri zituen normaltasun berrira egokitzeko parametro eta tresna nagusiak. Lau fasetan antolatutako prozesu horrek (0 fasetik 3. fasera) mailakatua izan behar zuen, eta beharrezko orientazio aldaketetara egokitzeko modukoa, datu epidemiologikoen bilakaeraren eta hartutako neurrien eraginaren arabera. Trantsiziorako plan horren helburu nagusia zen, osasun publikoa zainduz, eguneroko bizimodua eta jarduera ekonomikoa pixkanaka berreskuratzea, epidemiak herritarren osasunerako dakarren arriskua minimizatuz eta Osasun Sistema Nazionalaren ahalmenek gainezka egin ez zezaten.

Alarma-egoera luzatu zuen ekainaren 5eko 555/2020 Errege Dekretuak, 5. artikuluan, xedatzen du ezen normaltasun berrirako trantsizio planean aurreikusitako fase guztiak gaindituz gero, ondoriorik gabe geratuko direla dagozkion probintzia, uharte edo lurralde-unitateetan alarma-egoeran ezarritako neurriak. Gainera, 6. artikuluaren arabera, autonomia erkidegoak dira erabaki dezaketenak, osasun eta epidemiologia irizpideei jarraikiz, beren lurraldeetan 3. fasea gainditu dela eta, horrenbestez, “normaltasun berrian” sartuko direla.

Alde horretatik, Nafarroako Gobernuak 2020ko ekainaren 19an hartutako Erabakiaren bidez, deklaratu zen Nafarroako Foru Komunitatea normaltasun berrian sartzen zela, eta beharrezko prebentzio neurri batzuk ezarri ziren COVID-19ak eragindako osasun krisiari aurre egiteko, normaltasun berrirako trantsizio planaren 3. fasea gainditu ondoren.

Nolanahi ere, COVID-19aren agerraldiek larrialdi handia izaten jarraitzen dute herritarren eta gizarteen osasun publikorako, eta, orobat, Europar Batasuneko eta mundu osoko ekonomiak asaldatu ditu, modu nabarmenean eta aurrekaririk gabe. Aipatu nahasmenduak ekonomia osoari eragiten dio bide eta modu desberdinetan. Nekazaritzaren arloan ere izan da asaldura eskaintza orokorrean, hornidura kateak eten direlako, eta, horrekin batera, eskariaren asaldura asimetrikoa ere izan da, nekazaritzako zenbait produkturen eskaria bat-batean apaldu delako kontsumitzaileen aldetik, edo izugarri handitu delako beste produktu batzuen eskaria. Une hauetan, gainera, ez da segurua noiz arte iraunen duen eta zer tamainakoa izanen den asaldura, nekazaritzaren sektoreko eragile ekonomikoen kontroletik kanpo dauden faktoreen menpe dagoelako nagusiki; aitzitik, agintaritza publikoen erabakien menpe daude faktore horiek, besteak beste, osasun publikoa dela eta.

Beherakada jasan duten sektore horietako batzuetan, krisialdia kudeatzeko neurriak eta prebentziozkoak ere hartu beharko dira; horien artean nabarmenetakoa ardi eta ahuntz aziendaren sektorea da, zeinari laguntza neurri batzuk ezarri baitzitzaizkion, eta haragitarako behi-aziendarena, uneotan egoeraren ondorioak pairatzen ari baita. Hori horrela, COVID-19a dela-eta konfinaturik emandako martxoan eta apirilean, ez zen hasiera batean beherakada nabarmenik izan behi-haragiaren prezioan; aitzitik, agerikoa zen ordurako zailtasunak zeudela behiki nobleak merkaturatzeko. Horrez gain, egoera luzatzearen ondorioz merkatua kaltetzen ari da, haragitarako izan daitezkeen behi-txahalen prezioek %10 eta 15 bitarte egin baitute behera.

Laguntzak, egoera berezi honetan, baliabide garrantzitsuak dira, administrazio publikoek erabil ditzaketenak osasun arloko krisi honek gizartean, ekonomian eta ingurumenean duen inpaktua leuntzeko.

Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1307/2013 (EB) Erregelamenduak Nekazaritza Politika Erkidearen esparruko laguntza araubideen arabera nekazariei egiten zaizkien zuzeneko ordainketetan aplikatzeko arauak ezarri zituen, eta Kontseiluaren 637/2008 (EE) eta 73/2009 (EE) Erregelamenduak indargabetu. Aipatu erregelamendu horren 52.2 artikulua aplikatuz, NPEaren 2015-2020ko erreforman, haragitarako behi-aziendaren sektoreari laguntzak emateko sistema bat ezarri zen Espainian, abenduaren 19ko 1075/2014 Errege Dekretuaren bidez (errege dekretu hori nekazaritzari eta abeltzaintzari 2015etik aurrera egiten zaizkien ordainketa zuzenen eta laguntzeko beste araubide batzuen aplikazioari buruzkoa da, baita ordainketa zuzenen eta landa garapenerako ordainketen kudeaketari eta kontrolari buruzkoa ere).

Bestalde, COVID-19a dela-eta deklaratu zen alarma-egoeraren ondorioz merkatuak asaldatu direnez, kalte ekonomiko larriak izan dituzte ustiategiek; are, asaldura horrek oraindik dirau pandemiaren ondorioz. Kalte ekonomikoak arintzeko xedez, hain zuzen, laguntza neurri bat planteatu da, 30 eurokoa animalia onargarri bakoitzeko, Europako Batzordearen 2020ko martxoaren 19ko C(2020) 1863 azken Jakinarazpenean xedatutakoaren barnean (horren bidez arautzen da estatuek hartutako laguntza neurrien aldi baterako esparrua, egungo COVID-19aren agerraldiaren testuinguruan ekonomia babesteko). Esparru berri horrekin, eta haren C(2020) 2215, C(2020) 3156 eta C(2020) 4509 aldaketekin (2020ko apirilaren 3an, 2020ko maiatzaren 8an eta 2020ko ekainaren 29an onetsiak, hurrenez hurren), Europako Batzordeak estatu mailako aldi baterako laguntza neurri gehigarriak finkatu ditu, bateragarriak jo direnak EBFTren 107. artikuluaren 3. apartatuko b) letrarekin. Neurri horiek oso azkar onesten ahal dira, dagokion estatu kideak jakinarazpena egin eta berehala, egiaztatzen bada proposatutako neurriak beharrezkoak, egokiak eta neurrikoak direla ekonomiaren asaldura larri bati aurre egiteko. Estatuko aldi baterako esparru horretan, laguntzak ez dira izanen 100.000 eurotik gorakoak enpresa bakoitzeko, dirulaguntza zuzen gisa.

Estaldura eman ahal izateko Espainiar Estatuko lurralde administrazioetan antolatutako laguntza-araubide guztiei –aipatutako C(2020) 1863 Jakinarazpen horren babesean–, estatuko agintariek laguntza-araubide bat jakinarazi diete Europako Batzordearen zerbitzuei: «Estatuko Aldi Baterako Esparrua, enpresei eta autonomoei emandako laguntza neurriei buruzkoa, egungo COVID-19aren agerraldiaren testuinguruan ekonomia babesteko» izenekoa, baimen zenbakia 02-04-2020 [C(2020) 2154 azkena] duena, eta kodea: SA.56851 (2020/N). Hain zuzen ere, horren babesean garatu dira ebazpen honetan aurreikusten diren laguntzak. Laguntza horiek emanen zaizkie 2019ko abenduaren 31n krisialdian ez zeuden enpresei. Aurrekoaren salbuespen gisa, laguntzak eman ahal izanen zaizkie 2019ko abenduaren 31n krisialdian zeuden mikroenpresei edo enpresa txikiei, baldin eta beren zuzenbide nazionalaren araberako konkurtso-prozedura batean sartuta ez badaude eta enpresak salbatu edo berregituratzeko laguntzarik jaso ez badute. Laguntzak iritzira kalkulatutako aurrekontu baten arabera emanen dira, eta, beranduenik ere, 2020ko abenduaren 31n.

Aipatu laguntzaren tramitazioa eta kudeaketa ahalik eta errazen egin ahal izateko, eskaera egintzat joko da Nekazaritza Bermatzeko Europako Funtsak nekazaritzarako eta abeltzaintzarako finantzaturiko ordainketa zuzenei eta Landa Garapenerako Programaren eta Estatuaren halako laguntza batzuei dagokien laguntza-eskaera bakarra atzemateko inplementatu den sistemaren bidez, eta, hori horrela, onartuak izateko betekizunak izanen dira behi ume-hazleen ustiategietarako laguntzetan ezarritako berberak, abenduaren 19ko 1075/2014 Errege Dekretuan jasoak. Halaber, animalia onargarritzat joko dira behi ume-hazleen ordainketa akoplaturako Nekazaritza Bermatzeko Europako Funtsaren kargura –aipatu sistemaren bidez eskatuta– ezarritakoak.

Ebazpen honi aplikagarri zaio Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz.

EBAZTEN DUT:

1. Haragitarako behi-aziendarendako laguntzak arautuko dituzten oinarri arautzaileak onestea, egungo COVID-19 agerraldiaren testuinguruan ekonomia babesteko estatu mailako laguntza neurriei buruzko aldi baterako esparruan, ebazpen honen I. eranskinean jaso den moduan.

2. Onestea 2020an laguntzak emateko deialdia.

3. Gardentasun betebeharrari buruzko adierazpenerako eredua onestea. Eredua helbide honetan eskuratzen ahal da:

http://www.navarra.es/appsext/DescargarFichero/default.aspx?CodigoCompleto=Portal@@@epub/BON/IMPRESOSG/001_Transparencia_E.pdf

4. 800.000 euroko gastua baimentzea 2020ko Nafarroako Gastu Aurrekontu Orokorren “COVID-19: nekazaritzako sektorearentzako laguntzak” izeneko 710001 71230 4700 414200 partidaren kargura.

5. Deialdi hau eta oinarri arautzaileak erregistratzea Nafarroako Gobernuaren Dirulaguntzen Datu Basean (NGDDB).

6. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

7. Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iruñean, 2020ko urriaren 30ean.–Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusia, Ignacio Gil Jordán.

I. ERANSKINA

Oinarri arautzaileak haragitarako behi-aziendaren sektoreari laguntza bereziak emateko, egungo COVID-19aren agerraldiaren testuinguruan ekonomia babesteko estatu mailako aldi baterako laguntzen esparruan

1. oinarria.–Xedea eta aplikazio eremua.

1. Ebazpen honen xedea da oinarri arautzaileak ezartzea Nafarroako Foru Komunitateko haragitarako behi-aziendako ustiategiei laguntzak emateko, ustiategien bideragarritasun ekonomikoa bermatze aldera eta ekoizpen jarduera hori bertan behera uzteko arriskua txikiagoa izan dadin; izan ere, COVID-19ak eragindako pandemiaren ondorioek eta alarma-egoerak merkatua asaldatu dute eta kalte ekonomiko larriak ekarri dizkiete halako ustiategiei.

2. Neurria sartzen da Europako Batzordearen 2020ko martxoaren 19ko C(2020) 1863 azken Jakinarazpenean xedatutakoaren barnean (horren bidez arautzen da estatuek hartutako laguntza-neurrien aldi baterako esparrua, egungo COVID-19aren agerraldiaren testuinguruan ekonomia babesteko).

3. Laguntza hauek sartzen dira Estatuko Aldi Baterako I. Esparruan, enpresendako eta autonomoendako laguntza neurriei buruzkoan, egungo COVID-19aren agerraldiaren testuinguruan ekonomia babesteko –2020ko apirilaren 2ko C(2020) 2154 Erabakia, SA.56881 (2020/N) laguntza kodea–. Hain zuzen ere, haren babesean garatu da ebazpen honetan aurreikusten den laguntza.

4. Edonola ere, Europako Batzordeak erabaki horretan finkatutako baldintzen mende geratzen da laguntza-araubide honen aplikazioa eta interpretazioa.

2. oinarria.–Laguntzaren zenbatekoa.

1. Laguntzaren gehieneko zenbatekoa 30 eurokoa izanen da animalia onargarri bakoitzeko, eta horretarako kontuan hartuko da behi ume-hazleetarako ordainketa akoplatua, abenduaren 19ko 1075/2014 Errege Dekretuan xedatutakoarekin bat.

2. Laguntza osoa dirulaguntza zuzen gisa emanen da, eta, gehienez ere, 100.000 eurokoa izaten ahal da enpresa bakoitzeko. Gehieneko zenbateko hori zenbateko gordin gisa hartuko da; hau da, zergarik eta atxikipenik gabe.

3. Laguntzak iritzira kalkulatutako aurrekontu baten arabera emanen dira, eta, beranduenik ere, 2020ko abenduaren 31n.

4. Laguntza hauek ez dira finkatuko merkaturatutako produktuen prezioaren edo kopuruaren arabera.

3. oinarria.–Onuradunak eta betebeharrak.

1. Laguntza hauen onuradun izaten ahalko dira Nafarroako Foru Komunitatean behi ume-hazleen abeltzaintza-ustiategiak dituzten titularrak, haien bideragarritasun ekonomikoa bermatzeko eta ekoizpen-jarduera hori bertan behera uzteko arriskua txikiagoa izan dadin, baldin eta betetzen badituzte abenduaren 19ko 1075/2014 Errege Dekretuaren 61. artikuluan halako ustiategiei laguntzak emateko ezarritako betekizunak (errege dekretu horrek arautzen ditu nekazaritzari eta abeltzaintzari 2015etik aurrera egiten zaizkien ordainketa zuzenen eta laguntzeko beste araubide batzuen aplikazioa, baita ordainketa zuzenen eta landa garapenerako ordainketen kudeaketa eta kontrola ere) eta eskatu badituzte, 2020ko deialdiaren eskaera bakarrean, behi ume-hazleak mantentzen dituzten ustiategietarako laguntza eta nekazari txikien araubideko laguntza desakoplatua; halaber, beste baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Krisialdi egoeran ez egotea 2019ko abenduaren 31n. Aurrekoaren salbuespen gisa, laguntzak eman ahal izanen zaizkie 2019ko abenduaren 31n krisialdian zeuden mikroenpresei edo enpresa txikiei, baldin eta beren zuzenbide nazionalaren araberako konkurtso-prozedura batean sartuta ez badaude eta enpresak salbatu edo berregituratzeko laguntzarik jaso ez badute.

Onuradunek ez badute betetzen 3.1.a) oinarrian ezarritako baldintza, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Nekazaritza Zerbitzuari jakinarazi beharko diote, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta 10 eguneko epean. Betebehar hori ez betetzeak dirulaguntza itzularazi beharra ekarriko du, eta kasuan kasuko zehapenak jarriko dira, ebazpen honen 13. oinarriarekin bat.

b) Betetzeke dagoen berreskuratze agindu baten mende ez egotea, Batzordeak laguntza bat legez kanpokotzat eta barne merkatuarekin bateraezintzat jo ondoren.

2. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako betebeharrak ez ezik, onuradunek beste hauek ere bete beharko dituzte:

a) Identifikatuta eta erregistratuta egotea, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2000ko uztailaren 17ko 1760/2000 (EE) Erregelamenduarekin bat (behi espezieko abereak identifikatzeko eta erregistratzeko sistema eta behi haragiari eta horretatik eratorritako produktuei etiketak jartzeko sistema ezartzen du, eta Kontseiluaren 820/1997 (EE) Erregelamendua indargabetzen du), eta irailaren 18ko 1980/1998 Errege Dekretuarekin bat (behi espezieko abereak identifikatzeko eta erregistratzeko sistema ezartzen du).

b) Laguntza eskaera aurkeztu aurreko bi urteetan zehapen irmorik jaso ez izana, osasunaren eta animalien ongizatearen alorretako legeren baten urraketa astun edo oso astunagatik.

c) Zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea.

d) Martxoaren 26ko 479/2004 Errege Dekretuan ezarritako xedapenak betetzea, horren bidez abeltzaintzako ustiategien erregistro orokorra ezartzen baita.

e) Abere onargarriak zein ustiategitan dauden, ustiategi hori Abeltzaintzako Ustiategien Erregistro Orokorrean (AUEO) izena emanda egotea.

3. Neurri honetatik kanpo daude zezenketetarako aziendari emandako laguntzari atxiki zitzaizkion ustiategiak. Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiaren uztailaren 21eko 625/2020 Ebazpen bidez onetsi zen laguntza hori.

4. oinarria.–Eskaerak aurkeztea.

1. Laguntza eskaerarako kontuan hartuko dira abenduaren 19ko 1075/2014 Errege Dekretuaren 61. artikuluan jasota dauden laguntzetan aitortutako abelburuak, horretarako laguntzak eskatu badira, bai eta SITRAN datu-basean agertzen direnak ere, abeltzainek nekazari txikien araubideko laguntza eskaeran adierazitakoak.

2. Laguntza eskatutzat joko da Nekazaritza Bermatzeko Europako Funtsak nekazaritzarako eta abeltzaintzarako finantzaturiko ordainketa zuzenei eta 2020ko deialdian Landa Garapenerako Programaren eta Estatuaren halako laguntza batzuei dagokien eskaera bakarraren bidez. Eskaera horiek telematika bidez edo zuzenean aurkeztu dira, horretarako Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuarekin dagokion lankidetza-hitzarmena izenpetu duten entitate laguntzaileen bidez.

5. oinarria.–Dirulaguntza emateko modua, lehentasunak eta irizpide objektiboak.

1. Dirulaguntzak norgehiagokako prozedura erabiliz emanen dira. Laguntzaren guztirako zenbatekoak deialdi honetan finkatutako gehienekoa gainditzen badu, abelburu bakoitzeko zenbatekoa murriztuko da proportzionalki, onetsitako zenbatekoa deialdi honetan finkatutako zenbatekora egokitu arte.

2. Laguntza emanen da onuradun bakoitzak duen animalia kopuruaren arabera, baldin animalia horiek ordainketa eskubidea badute, Nafarroako Foru Komunitateko abeltzaintza ustiategiei buruzko abenduaren 19ko 1075/2014 Errege Dekretuaren 61. artikulua aplikatzearen ondorioz.

6. oinarria–Ebaluazio organoa.

Nekazaritza eta Abeltzaintza Zerbitzuak ebaluatuko ditu eskaerak.

7. oinarria.–Deialdiaren antolamendua, instrukzioa eta ebazpena.

1. Organo kudeatzaileak egiaztatuko du onuradunek betetzen dituztela 1., 3. eta 4. oinarrietan ezarritako xedea eta baldintzak.

Halaber, eskatzen diren beharkizunak betetzen ote diren egiaztatuko da, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuan dauden agiri, erregistro eta datu base ofizialen egiaztapen administratiboen bidez.

2. Eskaera ebaluatu eta gero, laguntza emateko ebazpenaren proposamena eginen da. Horrekin batera, onuradunek dirulaguntza kobratzeko eskubidea dakarten betebeharrak bete dituztela frogatzeko txostena aurkeztuko da.

3. Laguntza onartu baino lehen, organo eskudunak ziurtatuko du ez direla gainditzen Europako erkidegoko aldi baterako esparruan eta estatuko aldi baterako esparruan finkatutako gehieneko zenbatekoak, eta betetzen direla ebazpen honen hamabigarren oinarrian laguntza bat baino gehiago batera jasotzeari buruz aurreikusitako baldintzak. Laguntza onartu ostean ikusten bada ez dela bete laguntza bat baino gehiago batera jasotzearekin edo gehienezko zenbatekoekin lotutako baldintzaren bat, onuraduna dirulaguntzen itzularazte prozeduraren mende geratuko da, hamahirugarren oinarrian xedatutakoari jarraikiz.

4. Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiak dirulaguntzen gainean ebatziko du, arrazoiak emanda.

5. Prozeduraren gainean ebazteko epea hiru hilabetekoa izanen da. Epea espresuki ebazpenik gabe bukatzen bada, ezetsitzat joko da eskaera.

8. oinarria.–Onuradunaren betebeharrak.

Onuradunak Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebeharrak izanen ditu.

9. oinarria.–Onuradunaren gardentasun betebeharrak.

Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 3. artikuluan aipatutako entitateak behartuak daude gardentasun betebeharra betetzera baldin eta, urtebetean, 20.000 eurotik gorako laguntzak edo dirulaguntzak jasotzen badituzte, edo jasotako laguntzak edo dirulaguntzak beren urteko diru-sarrera guztien %20 edo gehiago badira, gutxienez 5.000 eurora iritsiz gero.

Aurreko atalean ezarritako mugak gainditzen ote diren jakiteko, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo haren erakunde publikoek urte naturalean emandako dirulaguntza guztien kopuruak batuko dira. Urte batean baino gehiagotan ordaintzen diren dirulaguntzen kasuan, aurrekontuko ekitaldi bakoitzean emandako kopurua hartuko da kontuan ondorio horietarako, ez guztizko batura. Erreferentziako urteko negozio-zifra edo aurrekontua honako hauetako txikiena izanen da:

a) Aurreko urteko negozio-zifra edo gauzaturiko aurrekontua.

b) Kasua bada, dirulaguntza zein ekitalditan ematen den, ekitaldi horretan entitatearen organo eskudunak onartutako aurrekontua edo negozio-zifra.

Aipatu diren inguruabarrak gertatzeagatik gardentasun betebeharra duten entitate onuradunek, dirulaguntzarik jasotzen badute, informazio hau eman beharko dute:

a) Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.

b) Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda eta dedikazio araubidea.

c) Entitateak kargudun bakoitzarengatik jasotako ordainsari gordinak eta gainerako konpentsazio ekonomikoak, kontzeptuen arabera banakatuta, eta urteko kontuak, jendaurrean erakutsi ahal izateko.

Informazio hori entitate onuradunaren legezko ordezkariak sinatuta aurkeztuko da, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bide telematikoak erabiliz, eta dirulaguntza kudeatzen duen administrazio unitateari bidaliko zaio. Informazioa bidaltzeko epea hilabetekoa izanen da dirulaguntza ematen duen ebazpena jakinarazten edo, hala bada, argitaratzen den egunetik hasita.

Informazio hori urtebetez egonen da aztergai Nafarroako Gobernu Irekiaren Atarian argitaratzen denetik hasita, eta gehienez 15 hilabetez utziko da bertan, informazioa kudeatzen duen organoan sartzen den egunetik hasita. Epe hori iraganik, informazioa argitaratzeko ardura duen unitateak ofizioz kenduko du. Hala egin ezean, entitate onuradunak kentzeko eskatzen ahalko du, eta gehienez ere hilabeteko epean kendu beharko da, eskaera egiten denetik hasita.

Entitateak gardentasun betebeharra bete behar ez badu aurreikusitako inguruabarrak gertatzen ez direlako, horren gaineko aitorpena aurkeztu beharko du.

Entitateak ekitaldi berean dirulaguntza bat baino gehiago jasotzen badu, ez du informazioa errepikatu beharko dirulaguntza bakoitzerako, salbu eta hasieran eman zituen datuak aldatzen badira.

Onuradunak informazioa emateko betebeharrak ez betetzeak ekar ditzakeen zehapenak galarazi gabe, haiek bete ezean, onartutako dirulaguntza ordaindu gabe utziko da, eta, zenbatekorik kobratu bada, itzuli egin beharko da, eta aurrerakinak ere bai, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 35.1.c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

10. oinarria.–Ordaintzeko modua eta epeak.

Dirulaguntza ordaindu aurretik, organo kudeatzaileak egiaztatu beharko du onuradunak dirulaguntza emateko arrazoi izandako xedeak eta gardentasun betebeharra betetzen dituela.

11. oinarria.–Dirulaguntzaren helburua bete dela eta jasotako funtsak erabili direla frogatzeko epea eta modua.

Laguntzen helburua bete dela frogatzeko, egiaztatuko da onuradunak mantendu dituela laguntzaren xede ziren abelburuak, behi ume-hazleen laguntzaren ordainketa jasotzeko ezarritako aldi horretan zehar.

12. oinarria.–Dirulaguntzaren bateragarritasuna.

1. Laguntza hauekin batera, xede bererako beste batzuk ere jasotzen ahal dira, Europako Batzordearen 2014ko ekainaren 25eko 702/2014 (EB) Erregelamenduan ezarritakoak (erregelamendu horrek zenbait laguntza-kategoria deklaratzen ditu nekazaritzaren eta basogintzaren sektoreetan eta landa eremuetan, barne merkatuan bateragarriak direnak Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluei jarraikiz), eta Europako Batzordearen 2013ko abenduaren 18ko 1408/2013 (EB) Erregelamenduarekin bat emandakoak (Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak nekazaritza sektoreko “de minimis” laguntzei aplikatzeari buruzkoa (EBAO, L 352, 2013-12-24). Betiere, erregelamendu horietan laguntza bat baino gehiago batera jaso ahal izateko xedatutako arauak bete beharko dira, eta, laguntza horiek guztiak batuta, ezin izanen dira gainditu Europako erkidegoko aldi baterako esparruan edo estatuko aldi baterako esparruan finkatutako laguntza intentsitateak edo gehieneko zenbatekoak.

2. Estatuko aldi baterako esparru honetan finkatutako laguntzarekin batera, Batzordearen erabaki baten bidez bateragarritzat jotako beste laguntzaren bat jasotzen ahalko da, edo beste edozein laguntza, Erkidegoko jarraibideekin bat, betiere, dagozkion jarraibideetan finkatutako intentsitateak edo gehienezko zenbatekoak gainditu gabe.

13. oinarria.–Ezarritako baldintzak ez betetzearen ondorioak.

1. Ebazpen honetan eskatutako konpromisoak bete ezean, dirulaguntza itzuli egin beharko da eta, bidezkoa denean, behar diren zehapenak jarriko dira.

2. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35., 42. eta 43. artikuluetan xedatutakoari jarraikiz arautuko dira diru-itzulketak, arau-hausteak eta zehapenak.

3. Inguruabar bereziak edo ezinbesteko kasuak gertatu direla dakien onuradunak idatziz jakinarazi beharko dio Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari, betiere kudeaketa organoak egiaztapenak egin baino lehen.

14. oinarria.–Emandako dirulaguntzen publizitatea.

1. Deialdi honetan ezarritako laguntzen onuradunen zerrenda argitara emanen da, Nafarroako Gobernuaren web-orriko zerbitzuen katalogoko fitxa garatzen duen araudian ezartzen denaren arabera.

2. Laguntzaren kudeatzaileak laguntza-araubidearen eta estatuko aldi baterako esparruaren baitan 10 urtetan zehar emandako laguntzen erregistro xehatua gorde beharko du. Erregistro horietan, ezarritako baldintzak bete direla egiaztatzeko behar den informazioa gordeko da, eta aurkeztu egin beharko dira, Europako Batzordeak eskatuz gero.

3. Laguntzaren kudeatzaileak konpromisoa hartzen du Kanpo Arazoetako, Europar Batasuneko eta Lankidetzako Ministerioari helarazteko, 2020ko abenduaren 31 baino lehen, eta Nafarroako Gobernuaren Herritarrekiko Harremanetako Departamentuaren Europar Erakundeekiko Prozeduretarako Laguntza Teknikoaren Atalaren bidez, laguntza onartu zaien enpresen zerrenda, enpresa bakoitzari onartutako laguntzaren zenbatekoa eta estatuko aldi baterako esparruan dagokion kategoria adierazita.

4. Azkenik, Europako Batzordearen 2004ko apirilaren 21eko 794/2004 (EE) Erregelamenduari jarraikiz (erregelamendu horren bidez zenbait xedapen ezartzen dira, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuko 108. artikulua aplikatzeko arau zehatzak ezartzen dituen Kontseiluaren 2015eko uztailaren 13ko 2015/1589 (EB) Erregelamendua aplikatzeko), Batzordeari aurkeztu beharreko urteroko txostenetan jasoko dira laguntza hauek.

Iragarkiaren kodea: F2012981