265. ALDIZKARIA - 2020ko azaroaren 12a

4. PROZEDURA JUDIZIALAK

NAFARROAKO JUSTIZIA AUZITEGI NAGUSIA
ADMINISTRAZIOAREKIKO AUZIEN SALA

Oinarrizko Eskubideen gaineko 396/2020 Prozedura

Fabiola Llorente Llorente andrea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salako Justizia Administrazioaren letradua.

Aditzera ematen dut: sala honetan bideratu den Oinarrizko Eskubideen gaineko 396/2020 Prozeduran, 162/2020 Autoa eman da 2020ko urriaren 9an, eta irmo geratu da. Hona hemen haren aurrekaria eta xedapen zatia, hitzez hitz:

“162/2020 Autoa.

Lehendakaria: María Jesús Azcona Labiano andrea.–Magistratuak: Raquel H. Reyes Martínez andrea.–Antonio Sánchez Ibáñez jauna.

Iruñean, 2020ko urriaren 9an.

Aurrekariak

Lehena.–Nafarroako Foru Komunitateko aholkulari juridiko eta letraduak eskaera egin zuen, 2020ko urriaren 9ko idazkiaren bidez, judizialki berrets zitezen Osasuneko kontseilariaren urriaren 8ko 51/2020 Foru Aginduaren bidez onetsitako neurriak. Foru agindu horren bidez luzatu ziren irailaren 11ko 42/2020 Foru Aginduan ezarritako neurriak eta horien gainean egindako aldaketak. Osasuneko kontseilariaren foru agindu horren bidez, prebentzio neurriak hartu ziren Nafarroako Foru Komunitaterako, COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoak izandako bilakaeraren ondorioz.

Bigarrena.–Fiskaltzari igorri zitzaion, txostena egin zezan berehala; 2020ko urriaren 9an egin zuen, prozeduran ageri den emaitzarekin, eta ebazteko zain dago.

Xedapen zatia

Salak erabakitzen du:

1. Berrestea Nafarroako Gobernuko Osasuneko kontseilariaren urriaren 8ko 51/2020 Foru Aginduaren bidez onetsitako neurriak. Foru agindu horren bidez luzatu ziren irailaren 11ko 42/2020 Foru Aginduan ezarritako neurriak eta horien gainean egindako aldaketak. Osasuneko kontseilariaren foru agindu horren bidez, prebentzio neurriak hartu ziren Nafarroako Foru Komunitaterako, COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoak izandako bilakaeraren ondorioz. Halaber, berresten dira Osasuneko kontseilariaren irailaren 24ko 44/2020 Foru Aginduaren eta urriaren 1eko 47/2020 Foru Aginduaren bidez onetsitako aldaketetan ezarritako neurriak.

2. Administrazioak Administrazioarekiko Auzien Sala honi jakinarazi beharko dio berretsitako neurrien betearazpenean eragina duen edozein gorabehera, edo, kasua bada, neurri horiek kentzea eragiten duen beste edozein. Halaber, neurrien luzapena berresteko eskaera egin beharko du, osasun arloko administrazioak halakorik erabakitzen badu.

3. Ez dira espresuki ezartzen eragindako prozesuko kostuak.

Ebazpen hau jakinaraz bekie alderdi guztiei, eta ohartaraz bekie ez dela irmoa eta haren kontra berraztertzeko errekurtsoa jar daitekeela bost eguneko epean.

Halaxe erabaki, agindu eta sinatu dute idazpuruan adierazitako magistratuek, eta nik horren fede ematen dut.”

Eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadin, honako hau egin eta sinatzen dut, jarraikiz Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen Legearen 72.2 artikuluan ezarritakoari.

Iruñean, 2020ko urriaren 29an.–Administrazioarekiko Auzien Salako Justizia Administrazioaren letradua, Fabiola Llorente Llorente.

Iragarkiaren kodea: J2012853