265. ALDIZKARIA - 2020ko azaroaren 12a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

LONGIDA

Udal ordenantza, Longidan etxebizitzak erosteko, eraikitzeko, birgaitzeko eta alokatzeko laguntzak arautzen dituena.
Behin betiko onespena

Longidako Udalak, 2020ko abuztuaren 5ean egin osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Longidan etxebizitzak erosteko, eraikitzeko, birgaitzeko eta alokatzeko laguntzak arautzen dituen udal ordenantza. Hasierako onespen hori 2020ko 204. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, irailaren 10ean.

Jendaurrean egoteko epea iraganik inork alegaziorik, kexarik edo oharrik aurkeztu gabe, aipatu ordenantza behin betiko onetsi eta osorik ematen da argitara Nafarroako Aldizkari Ofizialean, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari jarraikiz (Nafarroako Toki Araubidea Gaurkotzeko urriaren 29ko 11/2004 Foru Legeak aldatua).

Longidan, 2020ko urriaren 26an.–Alkatea, Roberto Zazpe Bariain.

UDAL ORDENANTZA, LONGIDAN ETXEBIZITZAK EROSTEKO, ERAIKITZEKO, BIRGAITZEKO ETA ALOKATZEKO LAGUNTZAK ARAUTZEN DITUENA

1. artikulua. Xedea eta aplikazio eremua.

Longidako Udalak honako hauetarako ezarritako laguntzak arautzea da ordenantza honen xedea:

a) Longidako udal-mugartearen barnean etxebizitzak erostea eta etxebizitzak eraikitzeko edo birgaitzeko obrak egitea, ohiko etxebizitzarako badira, azken urteez geroztik gertatzen ari den jende hustuketari aurre egiteko sustapen neurri gisa.

b) Etxebizitzak alokatzeko laguntzak, Longidako udal-mugartean kokaturik badaude.

2. artikulua. Onuradunak.

Pertsona fisikoak, 3. artikuluan aipatutako inbertsioetariko batzuk egiten badituzte, honako baldintzak hauek betetzeaz gain.

a) Longidako herrietako batean erroldaturik egotea. Lehen etxebizitza eskuratzen duten bizilagun berriak izanez gero, bertan erroldaturik daudela eta bizi direla justifikatzen ahalko dute bizigarritasun zedula lortu ondoko urtean edo, bestela, salerosketa-eskritura egin edo alokairu-kontratua sinatu ondokoan.

b) Familia-unitatearen diru-sarrerak ez izatea ordenantza honen 7. artikuluan ezarritakoa baino handiagoak.

3. artikulua. Laguntza hartuko duten inbertsioak.

Longidako Udalak, bere aurrekontuen mugen barnean, laguntzak emanen dizkie jarduketa hauetako bat egiten dutenei, 2. artikuluan aipatzen diren baldintzak betez gero:

3.1. Longidako herrietako batean etxebizitza edo eraikin bat erosten dutenei, han ohiko bizilekua paratzeko xedez, edo etxe propioa birgaitzeko edo eraikitzeko obrak egiten dituztenei, jabeak izanik, baldin hurrengo artikuluetan zehazten diren baldintzak betetzen badituzte.

3.2. Longidako herrietako batean alokairu-kontratu baten bidez etxebizitza hartzen dutenei, baldin errentamendu-kontratu hori gutxienez urtebetekoa bada eta indarreko araudiaren araberako baldintza guztiak betetzen baditu, kontratu-mota horri dagokionez.

4. artikulua. Kontzeptua.

Eraikina etxebizitza propiotzat joko da familia-unitatearen egoitza bada, eta ohiko bizileku bat; halakoetan, dirulaguntza izanen da 7. artikuluan ezarritako zenbatekoen %100.

Bigarren etxebizitzei dagokienez, ohiko bizilekua ez izanik, dirulaguntza izanen da 7. artikuluan ezarritako zenbatekoen %50.

Arau honen ondorioetarako, etxebizitzaren eraikin nagusia eta eranskinak eraikuntza bakartzat joko dira, bizigarritasun zedula bereiziak izan ezean.

Ohiko etxebizitzatzat joko da, errentamenduaren ondorioetarako, familia-unitateak ohiko egoitzatzat hartzen duena; hala, etxebizitza horretan bizi eta gaua iragan beharko du urtean bederatzi hilabetez, gutxienez.

5. artikulua. Dokumentazioa.

Laguntzak eskuratzeko nahitaezkoa izanen da proiektu ikus-onetsia aurkeztea hura eskatzen denean, eta orobat obra bukaerako deklarazioa edo Udalaren azken oniritzia, bai eta behar diren udal lizentziak ere. Dirulaguntza emateko ezinbestekoa izanen da behar diren baimenak lortzea.

6. artikulua. Salbuespenak.

Ez dira diruz lagungarriak izanen honako hauek:

1. Norberaren eskulana, ez eta jatorri bereko materialak ere.

2. Proiektua idazteko gastuak, baldin inbertsioaren %10 baino gehiago egiten badute.

Ordenantza hau aplikaturik laguntza bat jaso dutenek ez dute eskatzen ahalko beste dirulaguntza bat hamar urte iragan arte, lehena eman zenetik, salbu eta ez bada lortu dirulaguntzaren gehieneko zenbatekoa. Hala, bada, obra batek ez badu agortu ordenantza honetan ezarritako dirulaguntzaren gehienekoa, beste dirulaguntza bat jasotzen ahalko du, ordenantza honetan ezarritako gehieneko horretara iritsi arte. Halakoetan, artikulu honetan aipaturiko hamar urteko epe hori bigarren dirulaguntza emandakoan hasiko da, oro har.

Artikulu honetan aipatzen den gehienekoa kalkulatuko da aintzat hartuz 7. artikuluan familia-unitate bakoitzeko ezartzen diren gehieneko laguntza-ehunekoak, familiaren errentaren araberakoak.

7. artikulua. Laguntzen zenbatekoa.

1. Etxebizitzak erosteko edo lehen aldiz birgaitzeko, laguntza izanen da erosketaren zenbatekoaren %20, edo gauzatze materialaren aurrekontuaren ehuneko bera, eta gehienez ere 5.000 euro.

2. Geroagoko eraberritze edo birgaitze lanetarako, dirulaguntza izanen da gauzatze materialaren aurrekontuaren %1,5, eta gehienez ere 5.000 euro. Zenbateko hori aplikatuko da eraikuntza, instalazio eta obren gaineko zerga (EIOZ) kobratzeko kuotaren kalkuluan.

3. Etxebizitza bat ohiko bizilekutzat alokatzeko, fidantzaren kostua ordainduko da, edo, bestela, bi hileko alokairuaren pareko zenbatekoa, eta gehienez ere 2.000 euro.

4. Artikulu honen aurreko 1., 2. eta 3. puntuetan ezarritako gehieneko mugak hainbanatu eginen dira per capita errentaren arabera, honako taula honi jarraikiz:

PER CAPITA ERRENTA(*)

ZENB. HONETARA

LAGUNTZAREN EHUNEKOA GEHIENEKO
ZENBATEKOAREN GAINEAN

6.000

%100

8.000

%75

10.000

%50

15.000

%25

15.001 eurotik gora

0

(*) Per capita errenta: familia-unitatearen errenta zati familiako kide-kopurua.

Pertsona bat gehiago kontatuko da familia-unitatean pertsona bat baldin bada %33ko edo gehiagoko desgaitasun aitortua duena, dela fisikoa, psikikoa edo sentsoriala.

Pertsona bat gehiago kontatuko da tartean direnean genero-indarkeriaren edo terrorismoaren biktimak, edo errefuxiatu edo erbesteratu politikoaren egoera duten pertsonak.

8. artikulua. Izapidetzea.

8.1. Eskaera eta aurkeztu beharreko agiriak.

8.1.1. Etxebizitza erosteko eta/edo birgaitzeko.

Aurreko artikuluetan eskatzen diren agiriez gain, laguntzak izapidetzeko, eskabidea aurkeztu beharko zaio Longidako Udalari, inbertsioa egiten den edo obra bukaerako ziurtagiria eskuratzen den urtearen barnean, edo, bestela, hurrengo urteko urtarrilaren 31 arte, hura barne. Eskabidearekin batera, agiri hauek ere aurkeztu beharko dira:

–Gastua justifikatzen duten faktura normalizatuak, sustatzailearen edo sustatzaileen izenean. Ez da onartuko BEZik gabeko fakturarik. Salerosketaren eskritura publikoa aurkeztuko da, hala behar denean.

–Udalaren ziurtagiria, bertan adierazirik eskatzaile titularraren edo titularren erroldatzea eta bizilekua, 2. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

Halaber, beharrezkoa izanen da Longidako Udalarekiko ordainketak egunean izatea, eskaera izapidetu aurretik.

–Obra bukaerako ziurtagiria: proiektu baten gainean egiten diren inbertsioetarako, obra bukaerako ziurtagiria aurkeztu beharko da. Gainerako obretarako, kasu bakoitzean aurretiaz obra-lizentzia eman duen kontzejuaren oniritzia beharko da.

–Familia-unitateak kasuan kasuko Zerga Ogasunean aurkeztutako azken errenta-aitorpenaren kopia.

–Desgaitasuna aitortzeko ziurtagiria, agintaritza eskudunak egina, halakoa behar denean.

8.1.2. Longidan etxebizitza bat ohiko bizilekutzat alokatzeko:

Aurreko artikuluetan eskatzen diren agiriez gain, laguntzak izapidetzeko, eskabidea aurkeztu beharko zaio Longidako Udalari, errentamendu-kontratua sinatu ondoko sei hilabeteen barnean. Eskabidearekin batera, agiri hauek ere aurkeztu beharko dira:

–Familia-unitateak kasuan kasuko Zerga Ogasunean aurkeztutako azken errenta-aitorpenaren kopia.

–Indarrean den errentamendu-kontratuaren kopia, alderdiek behar bezala sinaturik.

–Fakturak edo ordainagiriak, errentariaren edo errentarien izenean, eta etxebizitza errentan hartzeagatik fidantza ordaindu izanaren banku-frogagiria, edo, bestela, lehen bi hileko alokairuak ordaindu izanarena.

–Longidako erroldatze-ziurtagiria.

–Halaber, beharrezkoa izanen da Longidako Udalarekiko ordainketak egunean izatea, eskaera izapidetu aurretik.

–Familia-unitateak kasuan kasuko Zerga Ogasunean aurkeztutako azken errenta-aitorpenaren kopia.

8.2. Betebeharrak.

Longidako Udalak, dirulaguntza onartu baino lehen, noiznahi eska diezaieke datu edo agiri gehiago eskatzaileei, espedientea argitzeko, eta hogeita hamar eguneko epea emanen die eskatutako agiriak aurkez ditzaten. Epe hori iragaten bada eskatzaileak aipatu agiriak aurkeztu gabe, espedientea artxibatu eginen da, beste inolako izapiderik gabe.

Orobat, laguntza eman ondoko hamar urtean, Udalak bidezko iruditzen zaizkion kontrol edo egiaztapen guztiak egiten ahalko ditu aldian behin, laguntzak jasotzeko ezarritako baldintzak betetzen direla ziurtatzeko.

Laguntzen onuraduna beharturik egonen da ohiko bizilekua mantentzera laguntzaren xede den etxebizitzan gutxienez ere bost urtez, laguntza ematen denetik hasita.

Alokairuari dagokionez, laguntza emateko, errentamendu-kontratuak gutxienez urtebeteko epea edukiko du ezarrita.

Arau honetan ezarritako baldintzak ez betetzeak, onuradunak datu eta informazio faltsu edo desitxuratuak nolanahi emateak, laguntzak emateko eta ordaintzeko erabakigarriak diren egitate eta inguruabarrak gordetzeak, txosten teknikoan beharrezkotzat jotzen diren obrak ez egiteak, eskatzaileak Longidako planeamendu arauak edo obra-lizentzia emateko jarritako baldintzak ez betetzeak, horrek guztiak eragiten ahalko du emandako dirulaguntzak ezeztatzea eta, kasua bada, eskuratu direnak itzultzea; gainera, zehapen bat ekarriko du berekin, non arau-hausleari ez baitzaio izapidetuko batere eskaerarik hamabost urtean, arau honetan jasotzen diren dirulaguntzetarako.

9. artikulua. Laguntzen araubidea.

9.1. Ordenantza honetan jasotzen diren laguntzei dagokienez, obra bererako ez da eskatzen ahalko laguntza-mota bat baino gehiago, ez aldi berean, ez ondoz ondo. Espediente batean oinarriturik laguntza bat emateak edo ukatzeak besteetatik baztertzea dakar berekin.

9.2. Gutxieneko inbertsioaren kontaketa egiteko, bai eta dirulaguntza kalkulatzeko ere, alde batera utziko da fakturetan agertzen den BEZa, eta onartutako fakturen oinarriaren edo oinarrien baturaren gainean kalkulatuko da laguntza.

9.3. Eskatzaile bakoitzak, osotara, bost mila euroko dirulaguntzak eskuratzen ahalko ditu gehienez etxebizitza erosi edo birgaitzeko, eta alokatzeko, bi mila euro.

9.4. Aukera egonen da interesdunek ordenantza honetan jasotako laguntzak eska ditzaten, baldin eta Longidako Udalak bere aurrekontuetan laguntzak ordaintzeko partida paratzen badu soil-soilik.

9.5. Aurkeztu diren agiriak azterturik eta behar diren egiaztapenak eginik, Udalbatzak, osoko bilkuran, dirulaguntza onartu eta hura ordaintzeko erabakia hartuko du.

9.6. Ordenantza honetako laguntzak bateragarriak izanen dira eskatzaileek beste erakunde publiko edo pribatu batzuetatik eskuratzen dituzten laguntzekin.

10. artikulua. Araubide juridikoa.

Longidako Udalak argituko ditu ordenantza honen interpretazioaz sortzen diren dudak, halakorik sortuz gero. Ordenantza honetan espresuki arautzen ez den orotan toki araubidearen gaineko legedia aplikatuko da, bai eta administrazio prozeduraren gainekoa ere, toki entitateei aplikatzekoa zaienaren aldetik.

11. artikulua. Indarra hartzea.

Ordenantza honek indarra hartuko du Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egun berean.

Iragarkiaren kodea: L2012507