265. ALDIZKARIA - 2020ko azaroaren 12a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

1752/2020 EBAZPENA, 2020ko urriaren 27koa, Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak emana. Haren bidez agintzen da argitaratzeko “Erabakia, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren jardun administratibo automatizatuaren araudia onesten duena”, Gobernu Kontseiluak 2020ko urriaren 27an hartu zuen erabakiaren bidez onetsia.

2003ko maiatzaren 12ko 110/2003 Foru Dekretuak onetsitako Unibertsitateko Estatutuetako 40. artikuluak ematen dizkidan eskumenak erabiliz, 2020ko urriaren 27an Gobernu Kontseiluak hartu zuen erabakia argitaratzeko agintzen dut. Erabaki horren bidez, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren jardun administratibo automatizatuaren araudia onetsi da.

“ERABAKIA, NAFARROAKO UNIBERTSITATE PUBLIKOAREN JARDUN ADMINISTRATIBO AUTOMATIZATUAREN ARAUDIA ONESTEN DUENA

Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren 40/2015 Legeak (2015eko urriaren 1ekoak) arautzen du 41. artikuluan jardun administratibo automatizatua. Lehenbiziko apartatuan honako hau dio: “Prozedura administratibo baten barrenean, administrazio publiko batek langile publikoek zuzenean parte hartu gabe eta baliabide elektronikoen bidez osoki egindako egintza edo jardun oro da jardun administratibo automatizatua.” Ildo beretik, 2. apartatuan ezartzen du administrazio publikoek zer baldintza bete behar dituzten egintzak eta tramite administratiboak jardun administratibo automatizatuaren bidez egiteko: “aldez aurretik ezarri behar da kasuaren arabera zein organok duen eskumena espezifikazioak definitzeko, programazioaz arduratzeko, mantentze-lanak egiteko, gainbegiratzeko, kalitatea kontrolatzeko eta, beharrezkoa bada, informazio sistema eta haren iturri kodea ikuskatzeko. Gainera, inpugnazioetarako arduraduna zein organo izanen den ere adierazi behar da”.

Bestalde, 40/2015 Legeak sinadura elektronikoko honako sistema hauek ezartzen ditu 42. artikuluan egintzak eta tramite administratiboak jardun administratibo automatizatuaren bidez egiteko:

a) Administrazio publiko, organo, organismo publiko edo zuzenbide publikoko entitatearen zigilu elektronikoa, ziurtagiri elektroniko aitortu edo kualifikatu batean oinarritua eta sinadura elektronikoari buruzko legeriak ezarritako baldintzak betetzen dituena.

b) Egiaztapen kode segurua (CSV), administrazio publiko, organo, organismo publiko edo zuzenbide publikoko entitatearekin lotuta dagoena ezarritako baldintzetan, eta modua ematen duena kasu guztietan dokumentuaren integritatea egiaztatzeko, entitatearen egoitza elektronikoan sartuz.

Azken urteotan, Nafarroako Unibertsitate Publikoak beharrezko baliabideak ezarri ditu espediente eta prozedurak euskarri elektronikoan tramitatzeko, dokumentuak elektronikoki sinatzeko eta, oro har, kudeaketa-lan administratiboak bizkortzen dituzten automatizazio mekanismoak erabiltzeko.

Hori dela eta, gorago aipatutako 41. eta 42. artikuluen esparruan, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren jardun administratibo automatizatuaren inguruko araudi bat proposatu du Garapen Digitaleko errektoreordeak, eta hor zehazten da zer baldintza eta berme bete behar diren jardun administratibo automatizatua zilegi izan dadin eta haren segimendua edo gainbegiraketa egin dadin.

Horregatik guztiagatik, Garapen Digitaleko errektoreordeak proposatuta, honako hau da Gobernu Kontseiluak, bere kideek aldez aurretik eztabaida egin eta gero, 2020ko urriaren 27an egindako bileran hartu duen,

ERABAKIA:

Lehenbizikoa.–Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Jardun Administratibo Automatizatuaren Araudia onestea, erabaki honen eranskinean ageri den moduan.

Bigarrena.–Erabaki hau Nafarroako Unibertsitate Publikoaren iragarki-ohol elektronikoan argitaratzea.

Hirugarrena.–Erabaki honen aurka, zilegi da administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko administrazioarekiko auzien epaitegietan, bi hilabeteko epean, erabakia Unibertsitatearen iragarki-ohol elektronikoan argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita, Unibertsitateei buruzko 2001eko abenduaren 21eko 6/2001 Lege Organikoaren 6.4 artikuluan eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Estatutuetako 144.1 artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz.

Iruñean, 2020ko urriaren 27an.–Errektorea, Ramón Gonzalo García.

ERANSKINA

Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Jardun Administratibo Automatizatuaren Arautegia

1. artikulua. Xedea.

Arautegi honen xedea Nafarroako Unibertsitate Publikoaren jardun administratibo automatizatua arautzea da.

2. Artikua. Aplikazio eremua.

1. Nafarroako Unibertsitate Publikoaren esparruan tramitatzen diren prozedura administratiboetan aplikatuko dira arau hauek.

2. Honako egintza administratiboak egiten ahalko dira jardun administratibo automatizatuaren bidez:

a. Aditzera emateko egintzak, hau da, gertaera, jardun edo informazioa egiaztatu baino egiten ez duten egintzak, Unibertsitatearentzat edo interesdunentzat eskubide edo betebehar berririk sortzen ez dutenak.

b. Irizpide objektibo eta publikoak aplikatuz egiten diren egintzak, interpretazio juridikorik behar ez dutenak.

3. Halaber, frogagiriak eta kopia autentikoak emateko orduan ere aplikatuko dira arau horiek.

3. artikulua. Jardun administratibo automatizatua aplikatzeko prozedura eta tramiteak.

1. Errektoreak onetsi behar du ebazpen bidez jardun administratibo automatizatuaren sistemak aplikatuko direla egintza administratiboak egiteko.

2. Egintza administratibo bakoitzaren eskumena duen organoak proposamena egin behar dio Garapen Digitaleko Errektoreordetzari. Proposamenean, honako alderdi hauek adierazi behar dira:

a. Zer egintza administratibo proposatzen den jardun administratibo automatizatuaren bidez egiteko, eta zer unitate edo zerbitzu administratibok egiten duen. Horretaz gainera, egintza egitea zer irizpide objektibo eta publikotan oinarritzen den zehaztuko da beharrezkoa bada.

b. Informatika Zerbitzuaren txostena, zerbitzu horrek diseinatu eta programatuko baitu jardun administratibo automatizatua erabiltzeko irtenbide informatikoa. Txostenean, honako alderdi hauek adierazi behar dira:

i. Zer plataforma edo sistemaren bidez tramitatuko den prozedura, eta zer sarbide izanen duen plataforma edo sistema horrek.

ii. Zer prozedura egin behar den erabilitako kodea aldian behin ikuskatzeko eta gainbegiratzeko.

iii. Sinadura elektronikoko zer mekanismo erabiliko diren.

c. Zer organo den inpugnazioen arduraduna.

3. Garapen Digitaleko Errektoreordetzak egintza administratiboa jardun administratibo automatizatuaren bidez egiteko proposamena bidaliko dio errektoreari, onets dezan.

4. Errektoreak jardun administratibo automatizatua ebazpen bidez onetsi ondoren, proposamena egin duen organoak egintzari dagozkion tramite elektronikoak argitaratuko ditu egoitza elektronikoan, eta organo hori arduratuko da, halaber, egintzaren eguneraketa edo aldaketak argitaratzeaz.

4. artikulua. Jardun administratibo automatizatuaren sistemetarako sarbidea.

1. Erabiltzaileek sarbidea izanen dute jardun administratibo automatizatuaren sistemetara, bai Unibertsitatearen egoitza elektronikoaren bidez, baita Unibertsitateak tramitazio elektronikorako prestatutako beste edozein baliabideren bidez ere.

2. Jardun administratibo automatizatuaren sistema ostatatzen duen inguruneak modua eman behar du Unibertsitatea modu seguruan identifika dadin zerbitzariaren edo egoitza elektronikoaren ziurtagiri baten bidez.

5. artikulua. Sinadura elektronikoko mekanismoak.

1. Jardun administratibo automatizatuaren bidez egindako egintza administratiboak, frogagiriak eta kopia autentikoak dokumentu elektroniko batean formalizatuko dira kasu guztietan, eta interesdunaren eskura jarriko da dokumentu hori.

2. Nafarroako Unibertsitate Publikoaren organoaren zigilu elektronikoaren ziurtagiriarekin sinatuak egonen dira dokumentu elektroniko horiek.

Gainera, egiaztapen kode elektronikoa izanen dute dokumentu elektronikoek. Kode horrek modua emanen du dokumentua balio juridiko osoarekin paperean inprimatzeko eta Unibertsitatearen egoitza elektronikoan egiaztatzeko.

6. artikulua. Sistemaren ikuskaritza.

Aplikazioaren mantentze-lanen arduradunek edo, beharrezkoa bada, aplikazioaren xede den arloan eskumena duen organoak, ikuskaritzak eginen dituzte sistemak behar bezala funtzionatzen duela eta eguneratze teknologikoa egiten dela egiaztatzeko, eta dagokion prozedura administratibo automatizatuaz arduratuko dira, baldin eta funtsezko aldaketarik gertatzen bada sisteman, erabilitako mekanismoetan edo jardun administratibo automatizatuari aplikatzekoa zaion araudian.

Xedapen gehigarria.–Jardun administratibo automatizatuaren onespena Nafarroako Unibertsitate Publikoaren egintza administratibo jakin batzuk egiteko.

Jardun administratibo automatizatua aplikatzea onesten da eranskinean zehaztutako egiaztagiriak, kopia autentikoak eta egintza administratiboak egiteko. Horretarako eskumena zein unitate, zerbitzu eta organok duten ere adierazia dago.

Araudi honetan xedatutakoak arautuko du jardun administratibo automatizaturen aplikazioa egiaztagiriak, kopia autentikoak eta egintza administratiboak egiteko, 3. artikuluan ezarritako onespen prozedurari dagokionez izan ezik.

Azken xedapena.

Indarra hartzea:

Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara eman eta biharamunean hartuko du indarra arautegi honek.

Eranskina

Jardun administratibo automatizatuaren bidez Nafarroako Unibertsitate Publikoan egiten ahal diren egiaztagiriak,
kopia autentikoak eta egintza administratiboak

ZER DOKUMENTU EGINEN DEN JARDUN ADMINISTRATIBO AUTOMATIZATUAREN BIDEZ

ZER UNITATEK EDO ZERBITZUK DUEN ESKUMENA DOKUMENTUA EGITEKO

(3.2.A ART.)

ZER ORGANOK, UNITATEK ETA ZERBITZUK DUTEN ESKUMENA GAIAN

ZER ORGANO DEN INPUGNAZIOEN ARDURADUNA

(3.2.C ART.)

Nafarroako Unibertsitate Publikoko Erregistro Orokorrean eskabidea aurkeztu izanaren egiaztagiria

Erregistro Bulegoa

Idazkari nagusia

Idazkari nagusia

Unibertsitatearen eskuetan dagoen dokumentazioaren kopia autentikoak

Erregistro Bulegoa

Idazkari nagusia

Idazkari nagusia

USEko txartelak

Sarbidearen, Beken eta Tituluen Atala

Ikasleen Gaietarako, Enpleguko eta Ekintzailetzako Errektoreordetza

Ikasleen Gaietarako, Enpleguko eta Ekintzailetzako Errektoreordetza

USEko espedientearen lekualdaketa

Sarbidearen, Beken eta Tituluen Atala

Ikasleen Gaietarako, Enpleguko eta Ekintzailetzako Errektoreordetza

Ikasleen Gaietarako, Enpleguko eta Ekintzailetzako Errektoreordetza

Iragarkiaren kodea: F2012580