265. ALDIZKARIA - 2020ko azaroaren 12a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

265E/2020 EBAZPENA, urriaren 20koa, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariak emana, Galarko udal-mugartean dagoen haragi industria integratuaren instalazioaren aldaketa nabarmena baimentzen duena. Instalazioaren titularra Almameat SL da.

Instalazio horrek badu Ingurumen baimen integratua, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak otsailaren 2ko 58E/2015 Ebazpenaren bidez emana, gero Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren azaroaren 24ko 331E/2017 Ebazpenaren bidez aldatua.

2019ko abenduaren 9an, titularrak instalazioa aldatzeko proiektua jakinarazi zuen, ekoizpen gaitasuna handitzeko, 136 t/eguneko kopurura arte baimendutakoa, eta eskortetan airea ateratzeko hodiak eta fosforoa isurtzeko muga balioa aldatzeko.

2019ko abenduaren 19an, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak titularrari eskatu zion hasieran jakinarazpenarekin aurkeztutako dokumentazioa hobe zezan, hain zuzen ere edukia egokitzeko Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 24. artikuluan ezarritakora (erregelamendu hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen).

2019ko urtarrilaren 7an titularrak dokumentazio gehigarria aurkeztu zuen, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak dokumentazioa hobetzeko egindako eskaerari erantzunez.

Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak 2020ko urtarrilaren 28an emandako irizpenaren arabera, aldaketa hori ez-funtsezkoa zen, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Legea garatzeko Erregelamenduaren 25. artikuluan ezarritako irizpideei jarraikiz (erregelamendu hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen). Horregatik, ez zen beharrezkoa ingurumen baimen integratu berria ematea. Baina aldaketa nabarmena dela zioen, aldaketa garrantzitsuak baitakartza instalazioak funtzionatzeko baldintzetan. Hortaz, lehendik duen ingurumen baimen integratua aldatu egin behar da, aipatutako aldaketak han jasotzeko.

Era berean, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak, 2020ko otsailaren 28an emandako irizpenaren arabera, adierazi zuen ezen, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7. artikuluan xedatutakoa aplikatuz, handitzeko proiektuak ez zuela ingurumen inpaktuaren ebaluazio arrunta edo sinplifikatua egin behar, lege horren eranskinetako batean ere agertzen ez zelako, eta ulertzen zelako proiektuak ez zuela eragin kaltegarri nabarmenik izanen ingurumenean, ez zekarrelako aipatu 7. artikulu horretan zehaztutako handitzerik edo ukipenik.

Aurkeztutako dokumentazioa aski izan zen ingurumen baimen integratua aldatzeko administrazio prozedura izapidetzeko eta, horrenbestez, 2020ko urtarrilaren 28an abiarazi zen aipatutako prozedura, dagokion proiektua betearazi ahal izateko, hau da, baimendutako ekoizpen gaitasuna handitzea, une honetako ingurumen baimen integratuan jasotako 91 t/eguneko baliotik 136 t/eguneko baliora; eskortetako airea ateratzeko hodien konfigurazioa aldatzea; eta fosforoa isurtzeko balio muga handitzea, une honetan baimendutako 25 mg/l-ko baliotik 40 mg/l-ko baliora.

Lehenik eta behin, baimendutako ekoizpen gaitasuna handitzeari dagokionez, eta instalazioan inolako aldaketarik egin gabe, titularrak kalkulatu du instalazioaren gehieneko ekoizpen gaitasuna 213 t/eguneko dela, martxan jarri zenetik lineak maneiatzen eskuratutako funtzionamendu esperientzia oinarritzat hartuz, kontuan hartuz hasierako urte hauetan hilketa lineatan lortutako gehieneko errendimendu eraginkorra eta hozkailu ganberetan kanalen biltegiratzearen gehieneko gaitasuna; bidenabar, aintzat hartu da garbiketa lanetarako txanda oso bat erabili behar dela hiltegiaren kasuan eta lau orduko lanaldia egunero zatikatzeko geletan, eta bi txanda egin behar direla behi/zaldi azienda hiltzeko linean eta txanda bat ardien linean.

Hala ere, titularrak erabaki du behi/zaldien lineako hilketaren bigarren txanda ez jasotzea, eta agertoki honetarako aurreikusitako ekoizpen kalkulu bat egin du, non ekoizpen gaitasuna kanalen 136 t/egunekoa den:

–Behi/zaldiak hiltzeko txanda bat, 8 ordukoa, batez beste 50 kanal/orduko eta 300 kg/kanaleko; guztira, gaitasuna behi/zaldien kanaletan 120 t/egunekoa da.

–Ardiak hiltzeko txanda bat, 8 ordukoa, batez beste 200 kanal/orduko eta 10 kg/kanaleko; guztira, gaitasuna ardi kanalen 16 t/eguneko izanen da.

Titularrak azaldu duenez, ingurumen baimen integratuan ezarritako kontrol baldintzak betez, azterketa olfatometrikoa egin zuen EN 13725 metodologia jarraituz (olfatometria dinamikoa); hala, instalazioan usaina eragiten zuten hainbat fokutan laginketa programa bat egin zen, 2017ko azaroaren 28an, instalazioaren funtzionamendua normala zen bitartean. Dispertsioa bi agertoki desberdinetarako modelizatu zen: instalazioaren gaur egungo konfigurazioa (91 t/eguneko) eta gehieneko ekoizpen gaitasunaren konfigurazioa (213 t/eguneko). Bi agertokien kasuan kontuan hartu zen animaliak eguneko 24 orduetan daudela eskortetan. Azterketak ondorioztatu zuenez, olfatometria dinamikoaren bitartez kalkulatutako 1,0 UOE/m³-ko isodorak ez dio erasaten ezein egoitza eremuri, agertoki batean ere ez; 1,0 UOE/m³-ko balio hori Europako beste herrialde batzuetako araudi zorrotzagoetan aurreikusitako 1,5 UOE/m³-ko balioa baino txikiagoa da.

Aurreko guztia oinarritzat hartuz, titularrak ingurumen baimen integratua aldatzeko eskatu du, baimendutako gehieneko gaitasuna kanaletako 136 t/egunekoa izan dadin; Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzu honen aburuz, aipatutako azterlan olfatometrikoaren emaitzetan oinarrituz ez denez erasanik aurreikusi, aipatutako eskaera onar daiteke.

Bigarrenik, titularrak hasierako proposamena ez garatzea erabaki du, hau da, eskortetatik ateratako airea hondakin uren homogeneizazio idoietara ez bideratzea, aire korronte hori bultzatzeak ondorio kaltegarriak eraginen lituzkeelako, homogeneizazio idoiaren behealdean; izan ere, zuzen funtzionatzea arriskuan jarriko luke eta energia kontsumoa nabarmen areagotuko luke.

Titularrak azaldu duenez, eskortetako airea ateratzeko antolaketa berri hau dagoeneko existitzen zen 2017ko azaroan, aipatutako azterlan olfatometrikoa egin zenean; bertan lortutako emaitzek adierazten dutenez, 1,0 OUE/m³-ko isodorak ez du ukipenik eraginen bizitoki eremuetan.

Horrenbestez, aipatutako azterlan olfatometrikoaren emaitzetan oinarrituz ukipenik aurreikusi ez denez, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzu honen aburuz eskortetatik ateratako airea askatzeko hodiak aldatzea onargarria da.

Hirugarrenik, eta azkenik, fosforo parametro osoaren isurketaren balio muga aldatzeari dagokionez, hondakin uren saneamendu hodira isuritako azken karga, guztira, bateragarria izanen denez Iruñerriko HUAko tratamendu gaitasun eta funtzionamendu zuzenarekin, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzu honen aburuz ez dago eragozpenik eskatutako aldaketa onartzeko; izan ere, eskuragarri dagoen hobekuntza tekniko bat da hondakin uren isurketak modu konbinatuan tratatzea, “in situ” instalazio industrialen eta titulartasun publikoko araztegien artean (Iruñerriko HUA). Hala ere, eskatutako 40 mg/l-ko balio muga ezin da onartu, baizik eta balio baxuago bat, 30 mg/l-koa, igoera hori aldaketa ez nabarmenei egokitzeko.

Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 29. artikuluan ezarritako prozedurari jarraikiz tramitatu da espedientea. Erregelamendu hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen.

2020ko uztailaren 17an, Galarko Udalari hirigintza bateragarritasuneko txostena eskatu zitzaion, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 29. artikuluan aurreikusitakoa (erregelamendu hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen); eskaeran aipatu zenez, aurkeztutako instalazioa aldatzeko proiektuan aurreikusitako aldaketek ez dietenez eraginen hirigintza inguruabarrei, aldaketa operatiboak baino ez direlako, eskatutako hirigintza txostena ez bada hilabeteko epean jasotzen, eskaeraren jakinarazpen datatik, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak ulertuko du ez dela beharrezkoa hirigintza bateragarritasuneko udal txosten berria aurkeztea, eta Galar Zendeako Udalak 2014ko uztailaren 4an emandako aldeko hirigintza txostenak baliagarritasunari eta indarraldiari eusten diola, ingurumen baimen integratua emateko administrazio prozeduraren izapidetzearen barruan.

Galarko Udalak ez dio eskaerari erantzun eta, horrenbestez, ulertu da Galar Zendeako Udalak 2014ko uztailaren 4an emandako aldeko hirigintza txostenak indarrean jarraitzen duela eta baliagarria dela.

Ebazpen proposamenari aurretiazko entzunaldi izapidea eman zaio instalazioaren titularrarekin, Beriaingo, Galarko eta Noain Elortzibarko udalekin, Getze Galar kontzejuarekin, Afectados por el Matadero en la Meseta de Salinas (AFECMA) elkartearekin, Asociación No al Matadero en la Meseta de Salinas elkartearekin eta Olga Ortigosa Calonge andrearekin. Ebazpen honen II. eranskinean zerrenda bat gehitu da aurkeztutako alegazioen laburpenarekin eta haiei emandako erantzunekin.

Adierazitakoarekin bat, eta Ingurumeneko zuzendari nagusiaren azaroaren 8ko 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordeturik ditudan eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

Lehendabizikoa.–Haragi industria integratuaren instalazio baten aldaketa nabarmena baimentzea, baimendutako ekoizpen gaitasuna handitzeko kanalen 136 t/eguneko gaitasunera arte, eta eskortetako airea ateratzeko hodiak eta fosforoa isurtzeko balio muga aldatzeko. Instalazioa Galarko udal-mugartean dago eta haren titularra Almameat SL da. Horren ondorioz, instalazioak eta jarduerak berak ingurumen baimen integratuaren administrazio espedienteetan adierazitako baldintzak bete beharko dituzte, eta, horiez gainera, ebazpen honen I. eranskinean adierazitako baldintzak.

Bigarrena.–Almameat SLri jakinaraztea, 2020ko ekainaren 18ko eta 2020ko urriaren 13ko komunikazioekin bat etorriz, instalazioaren eta ingurumen baimen integratuaren titular bakar gisa eratzen dela eta, eta baimen horretan jasotako baldintzak betetzeko erantzukizuna duela, baita instalazioaren funtzionamendutik erator daitezkeen ondorioen erantzukizuna ere.

Hirugarrena.–Aldaketa funtzionamenduan hasi baino lehen, titularrak abian jartzearen gaineko erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko du Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuan, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren abenduaren 23ko 448/2014 Foru Aginduaren 16. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Laugarrena.–Ebazpen honetan ezarritako baldintzak aplikatzen hasiko dira titularrak aldaketa proiektua gauzatu dela adierazten duen erantzukizunpeko adierazpena aurkezten duen egunetik eta, zeinahi kasutan, aldaketa abian jartzen den unetik. Bitartean, indarra duen ingurumen baimen integratuan ezarritako baldintzak aplikatuko dira.

Bosgarrena.–Ebazpen honetan bildu diren baldintzak ez betetzeak berekin dakar ingurumeneko diziplina neurriak hartzea, hain zuzen ere, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren IV. tituluan jasotzen direnak (testu bategin hori abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsi zen), ezertan galarazi gabe sektoreko legerian ezarritakoa, aplikagarri izaten segituko baitu, eta, subsidiarioki, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen VI. tituluan ezarritako zehapen araubidean jasotakoak.

Seigarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Zazpigarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesdunek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, administrazioarekiko auzien jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira.

Zortzigarrena.–Ebazpen honen berri ematea Almameat SL enpresari, Galarko Udalari, Beriaingo Udalari, Getze Galarko kontzejuari, Afectados por el Matadero en la Meseta de Salinas (AFECMA) elkarteari, Asociación No al Matadero en la Meseta de Salinas elkarteari eta Olga Ortigosa Calonge andreari, dagozkion ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2020ko urriaren 20an.–Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Oharra: Ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumeneko Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña; Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzua), eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: http://www.navarra.es/home_es/Temas/Medio+Ambiente/Evaluacion+ambiental/Autorizaciones+ambientales/.

Iragarkiaren kodea: F2012376