265. ALDIZKARIA - 2020ko azaroaren 12a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

137E/2020 EBAZPENA, urriaren 27koa, Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez ingurumen ukipenetarako baimena ematen baita proiektu honetarako: “Izaban zuntz optikoko linea lehendik dagoen aireko linearen bidez ezartzeko proiektu teknikoa”. Sustatzailea NASERTIC da.

2020ko maiatzaren 13an, 0001-0015-2020-000044 espedienteari dagokion ingurumen ukipenetarako baimena emateko eskaera sartu zen Biodibertsitatearen Zerbitzuan. Espediente hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko M) epigrafean sartua dago (“Komunikazio-instalazioak”). Foru dekretu horrek onetsi zuen ingurumena babesteko esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du ingurumen ukipenetarako baimenak barne hartuko duela lurzoru urbanizaezinean baimen daitezkeen jardueretarako baimena ere, eta uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuak, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duenak, 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela.

Proiektuaren xedea da zuntz optikoko linea baten bidez Izabako Transformazio Zentroa eta Izabako Telekomunikazio Zentroa lotzea. Horretarako, zuntz optikoko kable bat jarriko da, 64 zuntzekoa eta ADSS motakoa, aurretik dagoen behe-tentsioko linea batean. Proiektuan aurreikusita dago trazadura hasierako eta bukaerako kutxatilak eraikitzea, eta 13., 14., 15. eta 23. euskarriak ordezkatzea.

Espedientean daude Oihan Plangintzarako Atalak eta Izabako Udalak egindako txostenak. Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalak adierazi du deskribatutako jarduketa baimendua dagoela Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 110. artikuluaren 2 a) epigrafearen arabera; hortaz, 117. artikulua betez, ez dago lurzoru urbanizaezineko jarduera baimendu beharrik. Ingurumen Eraginaren Atalak espedientearen aldeko txostena eman du, baina baldintza batzuk ezarrita.

Espedientean dauden txostenak ikusirik eta Ingurumeneko zuzendari nagusiaren azaroaren 8ko 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordetutako eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea proiektu honetarako: “Izaban zuntz optikoko linea lehendik dagoen aireko linearen bidez ezartzeko proiektu teknikoa”. Sustatzailea NASERTIC da.

2. Baimen honek neurri hauek aplikatu beharra ezartzen du:

–Obrak hasi baino 48 ordu lehenago, Erronkari-Zaraitzuko mugarteko Ingurumena Zaintzeko Taldeari abisatu beharko zaio (telefono zenbakia: 699 307698, helbide elektronikoa: gmaroncal@navarra.es), zutabeen inguruan eta zuhaitz mozketak edo garbiketak egiteko lekuetan balizak jartzeko, landaredia naturala ahalik eta gutxien ukituz.

–Abelbideari eta haren zortasun eremuari sortutako ukipenari dagokionez (3 m alde bakoitzean), kontuan hartu beharko da Baso Plangintzarako eta Ingurumen Hezkuntzarako Atalaren txostena, zeinaren arabera:

  • Obrak bukatutakoan, inolaz ere ezin izanen da bidearen zoladura aldatu, ez eta lurzatietara sartzeko bideena ere, abelbide batean baitaude.
  • Lanak gauzatzeko fasean ezin izanen da altxonbidea erabat oztopatu; bestela, abereentzako iraganbide alternatiboa prestatu beharko da. Zangak irekitzearen ondorioz soberan geratutako material eta/edo landare lurra ezin izanen dira inolaz ere gaur egun larreak diren horietan utzi, ezta behin-behinekoz egiten bada ere.
  • Zangen zabalerari dagokionez, teknikoki posible den txikiena izanen da, eta kutxatilak lurzoru mailarekin zehatz-mehatz berdinduko dira.
  • Proiekturako beharrezkoak diren zangak eta obrak egiteko egikaritze fasearen ondoren, ukitutako eremua lehengoratuko da altxonbideetan edo zortasun-eremuetan (lur mugimenduak, jatorrizko bide zoruak lehengoratzea, landareztatzea, eta abar), makinek jatorrizko landaredian eragindako kalteak konpontzeko eta pilaketarik eta obra-hondakindegirik ez geratzeko, halako moduan non egindako lanen ondorioz inola ere ez diren kaltetuko abereen igarotzeak eta horrekin bateragarriak eta osagarriak diren erabilerak.
  • Shape formatuan (ETRS89/UTM erreferentzia sistema, 30N eremua [25830]) aurkeztu beharko dira kableen azken emaitza, diametroak (Ø) eta abar. Hala, erraz identifikatu ahal izateko sortutako ukipenen kokapena eta irismena.
  • Bestalde, herriguneetan, lurzoruak hiri lurzoruak edo lurzoru urbanizagarriak direnean hirigintza planoen arabera, eskumena udalena da, Nafarroako Abelbideei buruzko abenduaren 15eko 19/1997 Foru Legearen bigarren xedapen gehigarriarekin bat. Ondorioz, trazaduraren jarraitutasuna eta ibilbideen egokitasuna bermatuko dira.

–Aireko linearen zatian, hegaztiek zuntz optikoko kablearen kontra jotzeko arriskua gutxitzeko, kablea balizatu eginen da: neoprenozko X erako babesak ezarriko dira, baliza bat 15 metroko.

–Ekainaren 15aren eta irailaren 30aren artean, orokorrean, eta lehorte baldintzek hala aholkatuz gero beste egun batzuetan, elementu batzuk eraman beharko dira (sua itzaltzeko ur motxilak, sua itzaltzeko tresnak, aitzurrak, eta abar), lanetan sortu daitezkeen su-hartzeak itzaltzeko. Neurri horiek bereziki zainduko dira zerra erradialak edo soldatzeak erabiliz gero edo txinpartak sor ditzaketen bestelako lanak eginez gero.

- Sortzen diren hondakinak edo soberako materialak egoki kudeatu beharko dira, Nafarroako Foru Komunitateko lurraldean eraikuntzako eta eraispenetako hondakinen sorrera eta kudeaketa arautzen dituen martxoaren 28ko 23/2011 Foru Dekretuarekin bat.

–Azpiegitura egiteko behar diren obrak bukatu ondoren, ukitutako eremuak lehengoratu eginen dira.

–Ezagutzen ez den aztarna arkeologikoren bat agertzen bada, legeak agintzen du Arkeologia Atalari horren berri eman behar zaiola berehala, hala jasota baitago ondare historikoaren arloan indarra duen legerian (Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legearen 59. artikuluan eta Espainiako Ondare Historikoari buruzko ekainaren 25eko 16/1985 Legearen 42.3 eta 44. artikuluetan). Aditzera ematen da, hala egin ezean, eginbehar hori ez betetzeagatik ondare historikoari eragiten zaion edozein ukipen arau-hauste larritzat joko dela, aipatu foru legearen 101.h artikulua aplikatuz.

3. Baimen honek, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen ditu; izan ere, artikulu horretan lurzoru urbanizaezinean eginen diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.

4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira epeak.

5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Ebazpen hau igortzea Lurraldearen Antolamenduaren Atalari, Baso Plangintzarako eta Ingurumen Hezkuntzarako Atalari, Izabako Udalari, Ingurumena Zaintzeko Taldeari (Erronkari-Zaraitzuko mugartea) eta interesdunari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2020ko urriaren 27an.–Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Enrique Eraso Centelles.

Iragarkiaren kodea: F2012593