265. ALDIZKARIA - 2020ko azaroaren 12a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

136E/2020 EBAZPENA, urriaren 27koa, Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, Ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena “Leitzako KZ-Komunikazio Zentroan zuntz optikoa hedatzeko interkonexiorako proiekturako”. Sustatzailea NASERTIC da.

2020ko maiatzaren 27an, Biodibertsitatearen Zerbitzuan sartu zen 0001-0015-2020-000052 espedienteari dagokion ingurumen ukipenetarako baimena emateko eskaera. Espedientea abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko M) epigrafean sartzen denetakoa da (“Komunikaziorako instalazioak”). Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du ingurumen ukipenetarako baimenak bere baitan bilduko duela lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarako baimena ere, eta haren ondorioak izanen dira uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuak, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duenak, 117. artikuluan ezarritakoak.

Proiektuaren xedea da Leitza Amazabal BHI ondoan kokatuta dagoen D kutxatila Zubietako telekomunikazio zentroarekin lotzea. Horretarako, 64 zuntz optikoko kable bat jarriko da mikrozangako hoditeria batean, 40 mm-ko diametroa duen PEAD hodi hirukoitzarekin, Leitzako herrigunetik eta NA-170 errepidetik igaroko dena 5+650 KP-ra arte, eta, ondoren, errepidetik, tentsio baxuko aireko linearaino; hortik jarraituko du Telekomunikazio Zentrora iritsi arte. Proiektuan aurreikusita dago pasabideko eta trazadura bukaerako kutxatilak eraikitzea eta 14. eta 16. euskarriak ordezkatzea.

Lurraldearen Antolamenduaren Atalak aldeko txostena egin du, baina ebazpen honetan biltzen diren baldintzak ezarrita. Era berean, Ingurumen Eraginaren Atalak espedientearen aldeko txostena eman du, baina baldintza batzuk ezarrita.

Espedientean dauden txostenak ikusirik eta Ingurumeneko zuzendari nagusiaren azaroaren 8ko 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordetutako eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea “Leitzako KZ- komunikazio zentroan zuntz optikoa hedatzeko interkonexiorako proiekturako”. Sustatzailea NASERTIC da.

2. Baimen honek neurri hauek aplikatu beharra ezartzen du:

Ingurumen arlokoak:

–Obrak hasi baino 48 ordu lehenago, Sakana Mendialdeko mugarteko Ingurumena Zaintzeko Taldeari abisatu beharko zaio (telefono zenbakia: 679 996810, helbide elektronikoa: gmasakana@navarra.es), zutabeen inguruan eta zuhaitz mozketak edo garbiketak egiteko lekuetan balizak jartzeko, landaredia naturala ahalik eta gutxien ukituz.

–Ekainaren 15aren eta irailaren 30aren artean, orokorrean, eta lehorte baldintzek hala aholkatuz gero beste egun batzuetan, elementu batzuk eraman beharko dira (sua itzaltzeko ur motxilak, sua itzaltzeko tresnak, aitzurrak, eta abar), lanetan sortu daitezkeen su-hartzeak itzaltzeko. Neurri horiek bereziki zainduko dira zerra erradialak edo soldatzeak erabiliz gero edo txinpartak sor ditzaketen bestelako lanak eginez gero.

–Hoditeria eraikitzearen ondorioz sortzen diren hondakinak edo material-hondarrak egoki kudeatu beharko dira, Nafarroako Foru Komunitatean eraikuntza- eta eraispen-hondakinen sorrera eta kudeaketa arautzen dituen martxoaren 28ko 23/2011 Foru Dekretuarekin bat.

–Azpiegitura egiteko behar diren obrak bukatu ondoren, ukitutako eremuak lehengoratu eginen dira.

–Ezagutzen ez den aztarna arkeologikoren bat agertzen bada, legeak agintzen du Arkeologia Atalari horren berri eman behar zaiola berehala, hala jasota baitago ondare historikoaren arloan indarra duen legerian (Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legearen 59. artikuluan eta Espainiako Ondare Historikoari buruzko ekainaren 25eko 16/1985 Legearen 42.3 eta 44. artikuluetan). Aditzera ematen da, hala egin ezean, eginbehar hori ez betetzeagatik ondare historikoari eragiten zaion edozein ukipen arau-hauste larritzat joko dela, aipatu foru legearen 101.h artikulua aplikatuz.

Hirigintza arlokoak:

–Baimen hau bakarrik lurzoru urbanizaezinean kokatutako azpiegituraren zati baterako da, telekomunikazio zentrora arteko konexioa egiteko, zuntz optikoko hoditeria jarriz, Leitzako 2. industriguneko 268. lurzatian.

–Ez dira baimen honen zati komunikazio zentroan aurretiaz zeuden azpiegiturak (sarea hor hasten da) ezta hargune elektrikoa ere; pentsatzen da legezko egoeran egonen direla. Baimena izateko baldintza izanen da horiek benetan legezko egoeran egotea.

–Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 111.2 artikuluaren arabera, uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsi zena, kanpora ateratzen diren instalazioaren edo azpiegituraren elementuek, 3 metroko zortasun eremua errespetatu beharko dute, bide publikoen kanpoko bazterretatik neurtuta.

–Egin gogo den jarduketak uki ditzakeen edo hartarako trabagarri izan daitezkeen azpiegitura eta zortasunei dagokienez, sustatzaileak, obrak egin baino lehen, behar diren kontsultak eginen ditu, eta, hala badagokio, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetatik. Kontuan hartuz jarduketak Errekagaiztoko ur-laster naturalaren zaintza eremuari eragiten diola, sustatzaileak, Kantauriko Konfederazio Hidrografikoaren baimena lortu beharko du.

–Trazadurak errepide sarea ukitzen duenez, lanei ekin aurretik sustatzaileak beharrezko baimena eskuratu beharko du Herri Lanen Zuzendaritza Nagusian.

–Obrak herri lurretan eginen direnez, obren lizentzia eman aurretik, herri lurren titular den toki entitateak herri ondasunak okupatzeko edo horien lotura ezaren baimena eskuratu beharko du Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko Herri-lurren Atalaren bidez, eta horretarako nahitaezko izapideei buruzko ziurtagiriak aurkeztuko ditu, bai eta espedienteak ukitzen dituen lurzatiei buruzkoak ere, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 172. edo 140. artikuluan ezarritakoarekin bat eginez.

–Jarduera uzteak berekin ekarriko du jardueraren titularrak ukitutako lurrak lehengoratu beharra, gehienez ere bost urteko epean, eraikuntzak eraitsita eta/edo kenduta. Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 119. artikuluarekin bat eginez, lizentzia eman baino lehen, udalak sustatzaileari eskatuko dio aitorpen baten bidez konpromisoa har dezala, baimendutako jarduera utziz gero, bost urteko epean, gehienez, lurzorua lehengoratzeko.

3. Baimen honek, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen ditu; izan ere, artikulu horretan lurzoru urbanizaezinean eginen diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.

4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira epeak.

5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Ebazpen hau igortzea Lurraldearen Antolamenduaren Atalari, Leitzako Udalari, Herri-lurren Atalari, Basoak Kudeatzeko Atalari, Herri Lanen Zuzendaritza Nagusiari, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuari eta interesdunari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2020ko urriaren 27an.–Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Enrique Eraso Centelles.

Iragarkiaren kodea: F2012591