265. ALDIZKARIA - 2020ko azaroaren 12a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

134E/2020 EBAZPENA, urriaren 27koa, Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez ingurumen ukipenetarako baimena ematen baita proiektu honetarako: “Orotz-Betelun zuntz optikoko linea kanalizazio bidez eta lehendik dagoen aireko linearen bidez ezartzeko proiektu teknikoa”. Sustatzailea NASERTIC da.

2020ko apirilaren 20an, 0001-0015-2020-000039 espedienteari dagokion ingurumen ukipenetarako baimena emateko eskaera sartu zen Biodibertsitatearen Zerbitzuan. Espedientea abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko M) epigrafean sartzen denetakoa da (“Komunikaziorako instalazioak”). Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du ingurumen ukipenetarako baimenak bere baitan bilduko duela lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarako baimena ere, eta haren ondorioak izanen dira uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuak, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duenak, 117. artikuluan ezarritakoak.

Jarduketaren xedea da Orotz-Beteluko D kutxatila Orotz-Beteluko Komunikazio Zentroarekin lotzea kanalizazio baten eta zuntz optikoko linea baten bidez. Horretarako, 64 zuntzeko ADSS motako zuntz optikoko kablea jarriko da kanalizazioko 47,55 metrotan, kanalizazio berriko 342,9 metrotan eta aireko lineako 490 metrotan; jada jarrita dagoen tentsio baxuko kableetatik igaroko da. Proiektuan aurreikusita dago trazadura hasierako eta bukaerako kutxatilak eraikitzea eta kanalizazio bat eraikitzea mikrozangan (zabalera 8 cm-koa eta sakonera 40 cm-koa) eta zangan (zabalera 30 cm-koa eta sakonera 80 cm-koa) diametroa 40 mm-koa izango duen PEAD hodi hirukoitzarekin, kanalizazioa eta aireko lineak konektatuz.

Espedientean daude Lurraldearen Antolamenduaren Atalak eta Orotz-Beteluko Udalak egindako txostenak. Ingurumen Eraginaren Atalak espedientearen aldeko txostena eman du, baina baldintza batzuk ezarrita.

Espedientean dauden txostenak ikusirik eta Ingurumeneko zuzendari nagusiaren azaroaren 8ko 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordetutako eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea proiektu honetarako: “Orotz-Betelun zuntz optikoko linea kanalizazio bidez eta lehendik dagoen aireko linearen bidez ezartzeko proiektu teknikoa”. Sustatzailea NASERTIC da.

2. Baimen honek neurri hauek aplikatu beharra ezartzen du:

Ingurumen arlokoak:

–Ezagutzen ez den aztarna arkeologikoren bat agertzen bada, legeak agintzen du Arkeologia Atalari horren berri eman behar zaiola berehala, hala jasota baitago ondare historikoaren arloan indarra duen legerian (Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legearen 59. artikuluan eta Espainiako Ondare Historikoari buruzko ekainaren 25eko 16/1985 Legearen 42.3 eta 44. artikuluetan). Aditzera ematen da, hala egin ezean, eginbehar hori ez betetzeagatik ondare historikoari eragiten zaion edozein ukipen arau-hauste astuntzat joko dela, aipatu Foru Legearen 101.h artikulua aplikatuz.

–Kanalizazioa egitean sortzen diren material soberakinak edo hondakinak modu egokian kudeatu behar dira, bakoitzaren izaeraren arabera, indarrean dagoen araudiarekin bat etorriz.

–Obrak hasi baino 48 ordu aurretik, Aezkoa-Kintoa mugarteko Ingurumena Zaintzeko Taldeari abisatu beharko zaio (telefono zenbakia: 686 502927, helbide elektronikoa: gmaaezkoa@navarra.es), zutabeetan lan egiteko balizak jartzeko, eta kalean zuhaitz mozketak edo garbiketak egiteko, landaredia naturala ahalik eta gutxien ukituz.

–Azpiegitura egiteko behar diren obrak bukatu ondoren, ukitutako eremuak lehengoratu eginen dira.

–Aireko linearen zatian, hegaztiek zuntz optikoko kablearen kontra jotzeko arriskua txikitzeko, kablea balizatu eginen da: neoprenozko “X” formako txori salbatzaileak ezarriko dira, baliza bat 15 metroko.

–Ekainaren 15aren eta irailaren 30aren artean, orokorrean, eta lehorte baldintzek hala aholkatuz gero beste egun batzuetan, elementu batzuk eraman beharko dira (sua itzaltzeko ur motxilak, sua itzaltzeko tresnak, aitzurrak, eta abar), lanetan sortu daitezkeen su-hartzeak itzaltzeko. Neurri horiek bereziki zainduko dira zerra erradialak edo soldatzeak erabiliz gero edo txinpartak sor ditzaketen bestelako lanak eginez gero.

Hirigintza arlokoak:

–Baimen hau Orotz-Beteluko Komunikazio Zentroaren konexiorako kanalizazioa eta zuntz optikoa jartzeko proiektuko azpiegituraren zati baterako baino ez da, lurzoru urbanizaezinean kokatutako zatirako hain zuzen. Honela kokatuta dago: UTM ETRS89 30N eremuko X=637.904,18; Y=4.750.138,73 koordenatuetan gutxi gorabehera, Orotz-Beteluko udal mugartean.

–Ez dira baimen honen zati sarea konektatuko zaion Komunikazio Zentroan aurretik zeuden azpiegiturak, ezta hargune elektrikoa ere. Ustez azpiegitura horiek legezko egoeran daude. Baimenerako baldintza izanen da horiek benetan legezko egoeran egotea eta katastro zuzenketa egitea hala badagokio, sartzeko bide publikoari dagokionez, eta, hala badagokio, Orotz-Beteluko udal mugarteko 3. poligonoko 13. lurzatiari dagokionez.

–Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 111.2 artikuluaren arabera, kanpora ateratzen diren instalazioaren elementuek, 3 metroko zortasun eremua errespetatu beharko dute, bide publikoen kanpoko bazterretik neurtuta.

–Egin diren eta espedientean jaso diren txosten sektorialetan xedatutakoari jarraituko zaio, edo kasuan kasuko baimenetan xedatzen denari.

–Trazadurak errepide sarea ukitzen duenez, lanei ekin aurretik sustatzaileak beharrezko baimena eskuratu beharko du Herri Lan Zuzendaritza Nagusian, eta zerbitzu banaren honako xedapen hauek bete beharko dira, 2020ko ekainaren 10eko txostenekoak:

  • Azterlan eta Proiektuen Zerbitzuak xedapen hauek ezartzen ditu besteak beste:
  • Obren seinaleak lanak hasi aurretik jarriko dira, eta “Obren seinaleztapena” 8.3-IC Jarraibidean ezarritakoa beteko da.
  • Obrak egin ondoren, asfaltozko zoladura jarriko da berriz ere.
  • Bestalde, Zainketa Zerbitzuak honako xedapen hauek ezartzen ditu:
  • Sustatzaileak, proiektatutako lanak gauzatu aurretik, eta haietarako behar den baimen eskaerarekin batera, egin beharreko obrak guztiz zehazten dituen dokumentazio teknikoa aurkeztu beharko du Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusian, NA-2040 Nagore-Garralda errepidean ukitzen dutena azalduz, hori bidezko bada.
  • “Orotz-Betelun kanalizazio eta aireko linea bidez zuntz optikoa jartzeko proiektu teknikoaren gaineko txostenak”, Navarra de Servicios y Tecnologías SAk sustatuak, aurretik xedatutako baldintza eta Azterlan eta Proiektuen Zerbitzuak ezarritakoak bete beharko ditu.

–Herri-lurren Atalak 2020ko ekainaren 26an emandako txostenean jasotako xedapen hauek bete beharko dira:

  • Udalak baldintzen agiri bat sortu beharko du herri-lurren erabilera lagatzeko, eta horrek bat etorri beharko du, onuradunari, epeei, kanonari eta abarrekoei dagokienez, lehendik dauden instalazioak eraikitzen uzteko ezarri ziren baldintzekin.
  • Baldintzen agiri hori onespenerako bidaliko da, kokapen plano batekin eta derrigorrezko ziurtagiriekin batera, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Herri-lurren Atalaren bidez, hala ezartzen baitu 172. artikuluan Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legeak”.

–Egin gogo den jarduketak uki ditzakeen edo hartarako trabagarri izan daitezkeen azpiegitura eta zortasunei dagokienez, sustatzaileak, obrak egin baino lehen, behar diren kontsultak eginen ditu, eta, hala badagokio, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetatik. Bereziki, jarduketak Irati ibaiaren zaintza eremua ukitzen duenez, Ebroko Konfederazio Hidrografikoaren baimena eskuratu beharko da.

3. Baimen honek, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen ditu; izan ere, artikulu horretan lurzoru urbanizaezinean eginen diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.

4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira epeak.

5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Ebazpen hau igortzea Lurraldearen Antolamenduaren Atalari, Orotz-Beteluko Udalari, Ingurumena Zaintzeko Taldeari (Aezkoa-Kintoko mugartea), Nasuvinsako eskualde bulegoari, Herri-lurren Atalari, Basoak Kudeatzeko Atalari, Herri Lanen Zuzendaritza Nagusiari eta interesdunari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2020ko urriaren 27an.–Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Enrique Eraso Centelles.

Iragarkiaren kodea: F2012594