265. ALDIZKARIA - 2020ko azaroaren 12a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

132E/2020 EBAZPENA, urriaren 22koa, Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, ingurumen ukipenetarako baimena ematen diona proiektu honi: “Zangoza-Esa 13,2 kV-eko goi tentsioko aireko linearen erreforma”, Esako udal-mugartean. Sustatzailea I-DE Redes Eléctricas Inteligentes SAU da.

Ingurumen ukipenetarako baimena ematea proiektu honi: “Zangoza-Esa 13,2 kV-eko goi tentsioko aireko linearen erreforma”, Esako udal-mugartean. Sustatzailea I-DE Redes Eléctricas Inteligentes SAU da.

2020ko apirilaren 8an, goian aipatutako espedienteari dagokion ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera sartu zen Biodibertsitatearen Zerbitzuan. Espedientea abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko I) epigrafean jasotzen direnetakoa da. Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du ingurumen ukipenetarako baimenak barne hartuko duela lurzoru urbanizaezinean baimen daitezkeen jardueretarako baimena ere, eta uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuak, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duenak, 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela.

Proiektatutako jarduketaren helburua Zangoza-Esa goi tentsioko aireko linean Esatik Leirera doan tartearen ezaugarri teknikoak hobetzea da. Tarte horrek 2,5 km inguru ditu, eta trazadura zuzena da Esatik Leirera, baso hegaletik, Marmayor edo Valmayor inguruan. Gaur egun tarte horrek 40 euskarri ditu, hormigoi eta metalezkoak; 35 desmuntatu eginen dira eta 23 ordeztu. Aldaketa aplikatu ondoren, tarte horrek 28 euskarri izanen ditu. Jarduketa “Zangoza-Esa” 13,2 kV-eko lineako 712. euskarrian hasten da, Esako hirigunetik ipar-ekialdera (A-21 errepideko Esako tuneletik gertu), eta Leireko monasteriorantz bideratzean bukatzen da (738. eta 751. euskarriak). Proiektuak abandonatutako deribazio linea bat desmuntatzea ere barne hartu du, 729. euskarriaren parean.

Euskarri berriak muntatu eta desmuntatu beharrekoak desmuntatzeko aurreikusitako sarbideak, oro har, landa bideak izanen dira, baita baso bide eta pistak ere. Hala ere, landa bide eta baso bide eta pista horietatik obra sarbideak ireki beharko dira baso azaleretan linearen zenbait tarteri dagokienez. Sarbide horietako hiru zati txaradi eremuetan ireki dira, malda handiarekin (guztira 700 m), eta linearen kalea bera okupatuz. Sarbideek 350 m inguru dituzte, eta alepo pinudien artean irekiko dira, zeinetan berriki baso lanak egin baitira, malda leuneneko hegaletan.

Proiektuan aurreikusi da obra fasean irekitako sarbideak, aldi baterako bideak eta bestelako espazioak lehengoratzea, ukitutako lursailetan egiten ziren erabileretarako modu egokian uzteko.

Abifauna babesteari dagokionez, proiektuak euskarrietarako, gurutzetetarako, eta abarrerako hainbat xedapen jaso ditu, baita elektrokutatzeko arriskua saihesteko babes eta isolamendu neurriak ere. Gurutzeta zuzeneko euskarrietan habiak egitea saihesteko elementuak instalatuko dira. Talka egiteko arriskua murrizteko, hegaztiak babesteko balizak jarriko dira linea osoan.

Espedientean Esako Udalaren aldeko txostena jaso da. Lurraldearen Antolamenduaren Atalak txostena egin du, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Errege Dekretuaren 117. artikuluan ezarritakoarekin bat.

Ingurumen Eraginaren Atalak proposamenaren alde egin du, betiere proposatutako neurri zuzentzaileak betetzen badira, eta obren kontrol eta jarraipen neurriak indartu beharra aipatu du, baita lehengoratze neurriak ere, baso masen gaineko eraginak murriztu eta berreskuratzeko, proiektuaren eragin bisuala arintzeko eta sarbide berriak irekitzearen ondorioz higadura arriskua murrizteko.

Espedientean dauden txostenak ikusirik eta Ingurumeneko zuzendari nagusiaren azaroaren 8ko 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordeturik ditudan eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea proiektu honi: “Zangoza-Esa 13,2 kV-eko goi tentsioko aireko linearen erreforma” Esako udal-mugartean. Sustatzailea I-DE Redes Eléctricas Inteligentes SAU da.

2. Baimen honek neurri hauek aplikatu beharra ezartzen du:

Hirigintza eta lurralde arlokoak:

• Baimen honek esklusiboki Zangoza-Esa 13,2 kV-eko linea elektrikoa berritzeari ematen dio babesa, 712. eta 751. euskarrien arteko tarteari, aurkeztutako dokumentazioarekin eta baimen honetan ezarritako inguruabarrekin bat etorriz.

• Baimen honek ez du babesten lurzoru urbanizaezinean dauden edo ezarri gogo diren beste jarduera zehatz batzuk sare elektrikora konektatzea edo handik harguneak egitea.

• Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 111.2 artikuluaren arabera, instalazioaren edo azpiegituraren elementuek, kanpora ateratzen direnek, 3 m-ko zortasun eremua errespetatu beharko dute, bide publikoen kanpoko bazterretik neurtuta.

• Egin diren eta espedientean jaso diren txosten sektorialetan xedatutakoari jarraituko zaio, edo kasuan kasuko baimenetan xedatzen denari.

• Egin gogo den jarduerak uki ditzaketen edo horren trabagarri izan daitezkeen azpiegitura eta zortasunei dagokienez, sustatzaileak, obrak hasi baino lehen, behar diren kontsultak eginen ditu, eta, hala badagokio, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetatik. Kontuan hartuz jarduketak Barranco del Paco arroilaren polizia-eremua gurutzatzen duela, Ebroko Konfederazio Hidrografikoaren baimena lortu beharko da.

–Obrak egitean aztarna arkeologikoren bat agertzen bada, legeak agintzen du horren berri eman behar zaiola lehenbailehen Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalari (eposta: registrobmarqueologia@navarra.es), hala jasota baitago ondare historikoaren arloan indarra duen legerian (Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legearen 59. artikuluan eta Espainiako Ondare Historikoari buruzko ekainaren 25eko 16/1985 Legearen 42.3 eta 44. artikuluetan). Hala egin ezean, eginbehar hori ez betetzeagatik ondare historikoari eragiten zaizkion ukipen guztiak arau-hauste astuntzat hartuko dira, aipatutako foru lege horren 101.h artikulua aplikatuz.

• Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 117.4 artikuluan xedatutakoarekin bat, ebazpen honen bidez babesten diren jarduera edo jarduketak egin edo martxan jarri beharko dira baimena eman eta bi urteko epean. Epe hori iragandakoan, baimenaren ondorioak bukatuko dira, eta ez du eraginkortasunik izanen. Jarduera uzteak berekin ekarriko du jardueraren titularrak ukitutako lurrak leheneratu beharra, gehienez ere bost urteko epean, eraikuntzak eraitsita eta/edo kenduta. Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 119. artikuluarekin bat, lizentzia eman baino lehen, Udalak sustatzaileari eskatuko dio aitorpen baten bidez konpromisoa har dezala, baimendutako jarduera utziz gero, lurzorua lehengoratzeko bost urteko epean.

Ingurumen arlokoak:

• Desmuntatu beharreko euskarriak desmuntatzean sortuko diren hondakinak haien izaeraren arabera kudeatu beharko dira, hondakin arloan indarrean dagoen legediarekin bat etorriz, kudeatzaile baimenduari entregatuz.

• Sarbideei dagokienez:

  • Baso eremuan behin-behineko sarbideak egin aurretik, zehaztu eginen da zein zuhaitz edo zuhaixka moztu edo inausi behar den, eta Basoen eta Ehizaren Zerbitzuko Basoak Kudeatzeko Atalaren baimena eduki beharko da.
  • Behin-behineko sarbide horietan belar sastrakak garbitzean makineria egokia erabili beharko da, funtsezko gutxieneko zabaleratara egokituz. Lan horiek egin ondoren gertuko aleetan kalteak antzematen badira, horiek ere inausi edo moztu eginen dira, inausketaren aurrekoak bezala.
  • Behin-behineko sarbideetarako irekitako artekak lehengoratu eginen dira obren ondoren (deskonpaktatzea, lurrak lehengoratzea, lur medeagarriak jarriz eta ereinez), higadura saihesteko, hegalean landaredia naturala birsortzea bultzatzeko eta inpaktu bisuala murrizteko.
  • Bermatu egin behar da ez dela sarbiderik irekiko 720. eta 721. euskarrien artean; izan ere, puntu horretan amildegia dago, nolabaiteko sakontasuna duena, eta haitzak ageri dira; sarbideak iparraldetik aurreikusi dira 721. euskarrirako, eta hegoaldetik 720. euskarriari dagokionez.

• Landaredia babesteko neurriak zuzen betetzea eta baso eremuan irekiko diren sarbideak lehengoratzea Ingurumena Zaintzeko langileek gainbegiratuko dute (10. Koordinazio Unitatea, “Tafalla-Zangoza”). Horretarako, sustatzaileak aski aurrerapenez jakinaraziko du, harremanetan jarriz 948 70 36 71 edo 609 90 70 84 telefono zenbakien bidez edo/eta posta elektronikoz: gmatafalla@navarra.es.

• Abifauna babesteko aurreikusitako neurriak beteko dira: zubiak gurutzeta azpian, eroaleen arteko hutsunea eta eroaleen eta hegaztiak geratzeko zonaren arteko hutsunea 1,5 eta 1 metro baino handiagoa, hurrenez hurren. U70YB66P AL motako isolagailuak, metro bateko isolamendukoak amarratze zubietan, amarratze euskarrien zubiak estaltzea CUP 12 F motako estalkiarekin, grapa eta eroale estaliak eta metro bateko tartea graparen alde banatan, suspentsio euskarrietan. Horrez gain, gurutzeta zuzenak dituzten euskarrietan habiak egitea saihesteko elementuak instalatuko dira, PAME-2 motako metalezko aterki estilokoak.

• Ebakigailu berriak gurutzeta azpian jarriko dira, eta tentsio elementuak modu egokian isolatuko dira.

• Zubi, grapa eta abarretarako aurreikusitako isolamendu neurriak aplikatu eginen dira ordeztu edo desmuntatuko ez diren lineako euskarrietan, 725. eta 733. euskarrietan dauden deribazioetan, eta Leireko monasterioko deribazioan (737 eta/edo 738 euskarria).

• Talka egiteko arriskuari dagokionez, hariteriako hiru faseetan jarriko dira abifauna babesteko balizak; ukitutako egiturako bao osoetan jarriko dira, gutxienez 15 m-ko kadentziarekin fase bereko ondoz ondoko bi balizen artean; hala, lateralki, seinaleen arteko distantzia bisuala 5 m-koa edo txikiagoa izanen da.

• Jarduketa bukatzean linearen eta euskarrien artxibo geoerreferentziatua entregatuko da, baita espedienteko eta ebazpen honetako ingurumen neurriak betetzeari buruzko txostena ere. Bertan zuzen jaso beharko da abifauna babesteko aurreikusitako neurriak instalatu izana eta baso azaleran irekitako traza lehengoratu eta landaredia birjarri izana.

3. Ingurumen ukipenetarako baimena eskuratzeko ezinbestekoa da 10.000 euroko fidantza jartzea, baimendutako jarduerak kalteak sortzen baditu eremua lehengoratzeko edo kalteak gutxitzeko.

4. Baimen honek, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 117. artikuluko ondorioak izanen ditu, bertan ezartzen baita lurzoru urbanizaezineko jarduketak baimentzeko prozedura.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira epeak.

6. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

7. Ebazpen hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Lurraldearen Antolamenduaren Atalera, Azpiegitura Energetikoen Atalera, Esako Udalera, Ingurumena Zaintzeko Atalera (10. Koordinazio Unitatera, Tafalla-Zangoza) eta interesdunari.

Iruñean, 2020ko urriaren 22an.–Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Enrique Eraso Centelles.

Iragarkiaren kodea: F2012394