264. ALDIZKARIA - 2020koazaroaren11

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

IRURTZUN

Deialdia, izangaien zerrenda oposizio bidez eratzeko, garbiketa-lanak egiteko aldi baterako kontratuen bidez eta euskararen A2 hizkuntza-eskakizuna izanik

Irurtzungo Udaleko Alkateak, 2020ko urriaren 20an, honako Ebazpen hau eman zuen:

Alkatetzaren 151/2020 Ebazpena, urriaren 20koa, deialdiaren oinarri arautzaileak onesten dituena, oposizio bidez eratzeko Irurtzungo Udaleko garbiketa-lanak (zerbitzu orokorrak) egiteko aldi baterako kontratatuko diren izangaien zerrenda (euskarazko A2 hizkuntza-eskakizuna).

Ikusirik ordezkapen zerrenda agortu dela Irurtzungo Udalak Irurtzungo udal garbiketa zerbitzuan ordezkapenak egiteko eta zerrenda berria eratzeko beharra dagoela.

Ikusirik ekainaren 5eko 113/1985 Foru Dekretuan eta abenduaren 31ko 814/2010 Foru Aginduan ezarritakoa, aldi baterako kontrataziorako zerrenda sortzeari buruz.

Toki Administrazioaren alorrean indarrean dauden xedapenek ematen dizkidaten eskumenak erabiliz eta aplikatuz 7/1985 Legea, Toki araubidearen oinarriak arautzen dituena, Toki Entitateen Antolaketaren, Funtzionamenduaren eta Araubide Juridikoaren gaineko Erregelamendua eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea.

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.–Onestea deialdiaren oinarri arautzaileak, oposizio bidez eratzeko aldi baterako kontratatuko diren izangaien zerrenda, Irurtzungo Udaleko garbiketa-lanak (zerbitzu orokorrak) egiteko (euskarazko A2 hizkuntza-eskakizuna).

Bigarrena.–Igortzea enplegu eskaintza SNE-Nafar Lansarera, kudeatu dezan.

Hirugarrena.–Deialdiaren oinarriak Udalaren iragarki-taulan, web-orrialdean eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, denek jakin dezaten.

Egintza administratibo honen kontra, aukeran, honako errekurtso hauek jartzen ahalko dira:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintzaren organo egile beraren aurrean, ebazpena jakinarazi eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

b) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Auzitegi Administratiboaren aurrean ebazpen hau jakinarazi eta hurrengo hilabetean.

c) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko auzien epaitegian, bi hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita.

Irurtzunen, 2020ko urriaren 20an.–Alkatea, Aitor Larraza Carrera.

DEIALDIA, OPOSIZIO BIDEZ ERATZEKO IRURTZUNGO UDALEKO GARBIKETA-LANAK (ZERBITZU OROKORRAK) EGITEKO ALDI BATERAKO KONTRATATUKO DIREN IZANGAIEN ZERRENDA (EUSKARAZKO A2 HIZKUNTZA-ESKAKIZUNA)

1. oinarria.–Arau orokorrak.

1.1. Deialdi honen xedea da oposizio bidez eratzea Irurtzungo Udalean sortzen diren garbiketa-beharrei erantzuteko beharrezko diren garbitzaileak (Zerbitzu Orokorrak) aldi baterako kontratatzeko izangaien zerrenda. Zerrenda hori erabiltzen ahalko da lanpostu hutsak bitarteko izaeraz betetzeko, laneko bajengatik aldi baterako ordezkapenak egiteko, oporrak hartzeko eta udal-zerbitzuak indartzea eskatzen duen edozein behar puntuali erantzuteko.

Poltsa horrek bete beharko du ezarritakoa oinarri hauetan, Nafarroako Administrazio Publikoetan Sartzeko Erregelamendua onesten duen ekainaren 5eko 113/1985 Foru Dekretuaren 42.2 artikuluan eta gainerako araudi aplikagarrian.

Deialdi honek indarrik gabe uzten ditu Irurtzungo Udalean egon daitezkeen aurreko kontratazio-poltsak.

1.2. Bete beharreko eginkizunak eta zereginak deialdi honetan eskatzen diren lanbide mailari eta kategoriari dagozkionak izanen dira, deialdian eskatutako titulazioaren araberakoak. Besteak beste, aipatze aldera, udal eraikin eta instalazioak eta bide publikoak garbitzea eta txukun mantentzea, edo antzeko beste edozein zeregin egin beharko da, kasuan kasuko zerbitzuaren eskakizunen arabera.

1.3. Lanaldia lanaldi partzialekoa izanen da, baina zerbitzuaren beharretara egokituko da, eta administrazio-organo eskudunek lanaldia aldatzen eta handitzen ahalko dute, zerbitzuaren funtzionamenduan gerora sortutako beharrei erantzuteko.

1.4. Bete beharreko lanpostuak Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileen E mailan kokatzen dira; maila horri dagozkion oinarrizko ordainsariak eta Garbiketa-Zerbitzu Orokorretako lanpostuei esleitzen zaizkien ordainsari osagarriak dagozkie.

1.5. Hautaketa-prozesu honetatik sortzen den kontratazioa aldi baterako izanen da eta bere horretan iraungo du plaza jabetzan betetzen den arte, lanpostua amortizatzen den arte edo kontratua arrazoitzen duen kausa desagertzen den arte.

Era berean, kontratua azkentzeko arrazoi izanen da irailaren 28ko 68/2009 Foru Dekretuak, administrazio publikoetako langileen administrazio-araubideko kontratazioa arautzen duenak, 8. artikuluan jasotzen dituen arrazoietako edozein.

Hala ere, kontratua indarrean dagoen bitartean, eta bi alderdiak ados jartzen badira, kontratua azkentzen ahalko da, bai kontratatutako pertsonaren borondatezko erabakiz, aldez aurretik hamabost egun lehenago jakinarazita, bai eta administrazio kontratatzailearen erabaki arrazoitu bidez ere, baldin eta egiaztatzen bada, behin kontratatutako pertsona entzunda eta Udalbatzaren aldeko txostena jasota, gaitasunik edo egokitzapenik eza, lanpostuko eginkizunak eraginkortasunez egitea eragozten duen errendimendu eskasagatik.

Hilabeteko probaldia ezartzen da, zeinetan bi aldeetako edozeinek deuseztatzen ahalko baitu kontratua.

2. oinarria.–Izangaien betekizunak.

Oposizio-lehiaketa honetan parte hartzeko, izangaiek honako baldintza hauek bete beharko dituzte eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean:

2.1. Espainiako nazionalitatea, edo Europar Batasuneko estatu kideetako bateko nazionalitatea edo Europako Erkidegoak sinatu eta Espainiako Estatuak berretsitako nazioarteko tratatuen aplikazio-eremuan sartutako estatu bateko nazionalitatea izatea, baldin eta jasotzen badute abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 7. artikuluan ezarritakoaren arabera langileen eta haien senideen zirkulazio askea.

Espainiako nazionalitatea ez duten izangaiek aurkeztu beharko dute beren estatuan administrazio publikoan sartzea eragozten duen diziplina-zehapenik edo zigor-kondenarik ez dutela esaten duen zinpeko adierazpena.

2.2. Hamasei urte beteta izatea eta, hala badagokio, nahitaezko erretiroa hartzeko gehieneko adina ez gainditzea.

2.3. Eskolatze-ziurtagiria edo baliokidea edukitzea, edo eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean eskuratzeko moduan egotea.

Atzerrian lortutako titulazioen kasuan, homologazioa egiaztatzen duen egiaztagiria eduki beharko da.

2.4. Dagozkion eginkizunak betetzeko beharrezko den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea.

2.5. Funtzio publikoak betetzeko desgaikuntza- edo etete-egoeran ez egotea eta administrazio publiko baten zerbitzutik bananduta ez egotea.

2.6. Europako Esparru Bateratuko A2 mailako (idatzia eta ahozkoa) euskara-titulua izatea edo Sakanako Mankomunitatearen laguntzaz eginen den euskararen ezagutza-proba egiteko eskatzea.

2.7. Haurrentzako eta nerabeentzako babes sistema aldatzen duen uztailaren 28ko 26/2015 Legearen arabera, adingabeekin ohiko harremana izatea dakarten lanbide eta jardueretan sartu eta jardun ahal izateko, ezinbestekoa da sexu-askatasunaren eta -ukigabetasunaren aurkako delituren batengatik epai irmoz kondenatua ez izatea; delitu horren barruan sartzen dira sexu-erasoa eta -abusua, sexu-jazarpena, exhibizionismoa eta sexu-probokazioa, prostituzioa eta sexu-esplotazioa eta adingabeen ustelkeria, bai eta gizakien salerosketa ere.

Horretarako, lanbide edo jarduera horietan sartu nahi duenak egoera hori egiaztatu beharko du Sexu Delitugileen Erregistro Zentralak emandako ziurtagiri negatibo baten bidez.

Aurreko baldintzak eskabideak aurkezteko epea amaitzen denean bete beharko dira, eta kontratu-harremana hasten den egunera arte eta kontratazio-aldian mantendu beharko dira.

Gainditzen ez bada mailakatze-proba eta, beraz, eskatutako euskara-maila egiaztatu ezin bada, hautagaia probatik kanpo geratuko da eta ez ditu hurrengo ariketak eginen.

3. oinarria.–Eskabideak.

3.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak Irurtzungo Udalaren Erregistro Orokorrean (Foru Plaza z/g, Irurtzun) edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako edozeinetan aurkeztu beharko dira, 2020ko urriaren 29ko 15:00ak baino lehen.

Eskabidea Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 39/2015 Legean ezarritako bitartekoren bat erabiliz aurkeztea erabakitzen bada, posta elektroniko bat bidali beharko da 24 orduko epe barruan idazkaritza@irurtzun.eus helbide elektronikora, hori adierazita. Eskaera posta-bulego batean aurkezten bada, gainera, gutun-azal irekian eginen da, posta-zerbitzuko langileek data eta zigilua jar diezaioten eskabideari, ziurtatu aurretik.

Eskabide-orriek deialdiaren I. eranskin gisa argitaratutako eredua bete beharko dute, eta, haietan, hautagaiek adierazi beharko dute eskatutako baldintza guztiak betetzen dituztela, aurkezteko ezarritako epea amaitzen den egunerako.

3.2. Desgaitasun aitortua duten izangaiek, beharrezko dutenean, hautaketa prozesuko ariketak egiteko, denbora- eta baliabide-egokitzapenak eskatzen ahalko dituzte; kasu horretan, eskabide-orrian adierazi beharko dute zer desgaitasun duten eta zer egokitzapen eskatzen dituzten, eta, horrekin batera, desgaitasunaren legezko izaeraren egiaztagiria aurkeztu beharko dute, organo eskudunak emana.

3.3. Agiri hauek aurkeztu beharko dira I. eranskineko eskabidearekin batera, behar bezala beteta:

a) NANaren edo haren baliokidea den agiriaren fotokopia.

b) Deialdian eskatutako titulazioaren fotokopia.

1.–Titulazio akademikoa.

2.–Eskatutako euskara-mailaren titulazioa.

c) Eskaeran euskara mailako probaren eskaera markatu, agiri bidez egiaztatzen ez bada.

d) Sexu Delitugileen Erregistro Zentralak emandako ziurtagiri negatiboa.

e) Lehiaketa-fasean baloratu beharreko merezimenduak justifikatzeko agiriak.

Lan esperientziari dagokionean, zerbitzuak eman diren enpresaren edo administrazioaren ziurtagiriak edo lan kontratuak aurkeztu beharko dira. Haietan honako hauek zehaztu beharko dira: egindako lana, lan harremanaren hasiera eta bukaera egunak eta bere jarduna. Iraupena eta dedikazio jarduna egiaztatu ezin den lan harremanak ez du deialdi honetako lehiaketari begira punturik emanen.

3.4. Eskabideak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.

4. oinarria.–Izangaiak onartzea eta erreklamazioak.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea amaitutakoan, Irurtzungo Udaleko alkate udalburuak ebazpena emanen du onartutakoen eta baztertutakoen behin-behineko zerrenda onesteko, eta aginduko du zerrenda argitaratzeko udal-taulan eta udalaren www.irurtzun.eus webgunean.

4.2. Baztertutako izangaiek erreklamazioak egin eta, hala badagokio, akatsak zuzentzen ahalko dituzte, behin-behineko zerrenda argitaratu eta hurrengo 3 egun baliodunen barruan.

4.3. Erreklamazioak aurkezteko epea igaro eta erreklamazioak ebatzi ondoren, Irurtzungo Udaleko alkate-udalburuak onartutakoen eta baztertutakoen behin betiko zerrenda onesteko ebazpena emanen du, eta zerrenda udal-taulan eta www.irurtzun.eus webgunean argitaratzeko aginduko du.

4.4. Onartutako izangaien behin-behineko zerrenda behin betiko bihurtzen ahalko da berehala, izangaien bazterketarik gertatzen ez bada.

4.5. Onartutakoen eta baztertutakoen zerrendetan agertzeak ez du esan nahi interesdunei deialdian eskatutako betekizun guztiak betetzen dituztela aitortzen zaienik. Izangaiek aurkeztu beharreko dokumentazioa edo Administrazioaren esku dauden agiriak aztertu ondoren eskatutako baldintzaren bat betetzen ez dutela ondorioztatzen bada, interesdunek deialdian parte hartzetik erator daitezkeen eskubide guztiak galdu eginen dituzte.

5. oinarria.–Kalifikazio-epaimahaia.

5.1. Kalifikazio-epaimahaiak honako kide hauek izanen ditu:

–Epaimahaiburua: Aitor Larraza Carrera, Irurtzungo Udaleko alkate udalburua.

–Ordezkoa: Eduardo Murugarren Francés, Irurtzungo Udaleko zinegotzia.

–Mahaikidea: María Jesús Cobos Subiza, Irurtzungo udal-garbiketa zerbitzuko langileen arduraduna.

–Ordezkoa: Maite Etxetxikia Ziganda, Irurtzungo udal-garbiketa zerbitzuko langilea.

–Mahaikidea: María Jesús Blanco Álvarez, Irurtzungo udal-garbiketa zerbitzuko langileen arduradunordea.

–Ordezkoa: Anita Krebs, Irurtzungo udal-garbiketa zerbitzuko langilea.

–Mahaikidea: Ainhoa Alonso Gallego, Irurtzungo udal-garbiketako langileen ordezkari sindikala.

–Ordezkoa: Silvia Benito Chasco, Irurtzungo udal-garbiketa zerbitzuko langilea.

–Mahaikide idazkaria: Eguzkiñe Aiesa Andres, Irurtzungo Udaleko idazkaria.

–Mahaikide idazkariaren ordezkoa: Ainara Armendariz Castien, Antsoaingo Udaleko idazkaria.

5.2. Epaimahaia hautaketa-proben aurretik eratu beharko da.

5.3. Epaimahaia ezinen da eratu, ezta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa bertaratu gabe. Kide anitzeko organoa balio osoz eratzeko eta jarduteko, beharrezkoa izanen da bertan egotea burua eta mahaikide idazkaria, edo, bestela, haien ordezkoak.

5.4. Kalifikazio-epaimahaiko kideek ezin izanen dute parte hartu, eta deialdia egin duen organoari jakinarazi beharko diote, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legean aurreikusitako abstentzio-arrazoiak daudenean. Halaber, izangaiek epaimahaikideak ezesten ahalko dituzte aipatutako egoerak gertatzen direnean.

Legez ezarritako abstentzio- eta ezespen-arrazoiak aplikatzeagatik epaimahaiaren osaeran aldaketaren bat gertatzen bada, epaimahai berriaren osaketa argitara emanen da onartutako eta baztertutako izangaien zerrendekin batera.

5.5. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarriak interpretatzeari eta aplikatzeari buruz sor daitezkeen auzi guztiak.

5.6. Epaimahaiak aholkulari espezialistak jartzen ahalko ditu proba guztietarako edo batzuetarako. Pertsona horiek epaimahaiari lagunduko diote, beren espezialitate teknikoen eremura mugatuz.

Kalifikazio-epaimahaia eratu ondoren, mahaiburua edo idazkaria gaixorik badago edo aldi baterako ez badago, aplikatuko da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta Foru Sektore Publiko Instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 21.2 eta 23.2 artikuluetan ezarritakoa.

6. oinarria.–Oposizio-lehiaketaren nondik norakoak.

Hautaketa prozedura bi alditan eginen da: oposizioaldia eta lehiaketaldia.

Kalifikazio-epaimahaiak hautaketa-prozesuan zehar eta prozesu horri lotuta egin behar dituen iragarkiak argitaratuko dira udalaren iragarki-taulan eta www.irurtzun.eus udal-webgunean.

Oposizio-probaren deialdia dei bakarraren bidez eginen da eta izangaiek NANa, pasaportea edo gidabaimena eraman beharko dute. Oposiziotik kanpo geratuko dira iragarritako data, ordu eta lekuetan agertzen ez diren edo aipatutako dokumenturen baten bidez identifikatzen ez diren izangaiak.

6.1. Oposizioaldia:

Oposizioak honako proba eta ariketa hauek izanen ditu:

6.1.1. Euskararen ezagutza-proba.

Horretarako, epaimahaiak Sakanako Mankomunitatearen laguntza eskatuko du. Erakunde horrek hizkuntza-mailako berariazko ariketa bat eginen die A2 mailako nahitaezko ezagutza agiri bidez egiaztatzen ez duten izangaiei, eta emaitzak akta bidez jakinaraziko dizkio unitate eskatzaileari.

Proba hau gainditzen ez dutenek, ezinen dituzte gainerako ariketak egin.

Proba hau azaroaren 9an eginen da, astelehenarekin, goizeko 9:30ean Irurtzungo Udaletxean.

6.1.2. Ariketa idatzia.

Test moduko 70 galderako sortari idatziz erantzun beharko zaio, oinarri hauen II. eranskinean ageri diren gaiei buruz. Galdera bakoitzean hainbat erantzun aukera eskainiko dira, baina horietako bakarra izanen da zuzena.

Ariketak 70 puntuko balorazioa izanen du gehienez. Erantzun okerrak ez dituzte zigortuko.

Ariketa egin eta zuzentzeko, plika sistema erabiliko da.

Ariketa hau gehienez ere ordu eta erdikoa izanen da.

Proba hori egitean, ezin da hiztegirik ez eta kalkulagailurik erabili. Era berean, ezin da azterketan mugikorrekin, smartwachekin edo bestelako gailu elektronikoekin sartu.

Proba 2020ko azaroaren 10ean izanen da, asteartearekin, goizeko 09:30ean Irurtzungo Kultur Etxean. Izangaien kopurua eta egoera pandemikoaren ondoriozko osasun-arauak ezin badira bete, Irurtzungo Udal pilotalekuan eginen da azterketa; egoera hori onartutakoen eta baztertutakoen zerrenda onesten duen ebazpenean zehaztuko da.

Oposizioa garatzen den bitartean, hala eskatzen duten pertsona desgaituentzat eskabidean adierazitakoaren arabera, hura gauzatzeko denbora- eta baliabide-egokitzapen beharrezkoak ezarriko dira.

6.2. Lehiaketaldia.

Lehiaketaldian lan esperientzia baloratuko da, eta gehienez ere 30 puntu lortzen ahalko dira.

3.3.g) atalean adierazitakoaren arabera, alegatutako merezimenduak honela puntuatu eta egiaztatuko dira:

1.–Udaletan edota beste erakunde publiko batzuetan hautaketaren xedea den lanpostu berdinean aritzeagatik: 2 puntu hilabete bakoitzeko.

2.–Beste udal edota erakunde publiko batzuetan antzeko lanpostuan aritzeagatik (atezaintza edo mantentze lanak): puntu 1 hilabete bakoitzeko.

3.–Enpresa pribatuetan garbiketa lanetan aritzeagatik: puntu 1 hilabete bakoitzeko.

6.3. Lehiaketaldia amaitzean, Irurtzungo Udaleko iragarki-taulan eta webgunean argitaratuko da izangai bakoitzak lortutako puntuazioa. Lehiaketaldian lortutako puntuazioa oposizioaldian lortutako guztizkoari gehituko zaio eta, horrela, oposizio-lehiaketaren puntuazio osoa lortuko da.

Ariketen kalifikazioa amaitutakoan, epaimahaiak Irurtzungo Udaleko iragarki-taulan eta udalaren webgunean (www.irurtzun.eus) argitaratuko du izangaien zerrenda, hauek lortutako kalifikazioak zehaztuz, eta baita ordezpen-poltsa osatuko duen ondoz-ondoko puntuazio-hurrenkera ere.

7. oinarria.–COVID-19ak sortutako osasun-egoeraren ondoriozko aparteko azalpenak.

7.1. Proban sartzean, izangaiei tenperatura neurtuko zaie. 37’5 baino tenperatura altuagoa ematen dutenak ezin dira barrura sartu proba egitera.

7.2. Ahoa eta sudurra estali behar dituen musukoa ez daraman inori ez zaio sartzen utziko. Era berean, azterketa egiten ari den bitartean ere ezin da musukoa kendu.

7.3. Pertsona guztiak une oro segurtasun-tartea mantentzen saiatuko dira.

7.4. Geletan, gel hidroalkoholikoa egonen da. Ikasgelan sartzean nahiz gelatik irtetean, eskuak garbitu beharko dira soluzio hidroalkoholikoarekin.

Edonola ere, ez da kontaktu fisikorik izan behar agur edo afektu adierazpenak egitean, eta erabilera komuneko elementuak, botoiak, heldulekuak, eskudelak eta abar ukitzerik ekidin beharko da.

7.5. Behin ikasgelan, izangaiak eserita egonen dira une oro.

7.6. Epaimahaiak ez du emanen ez boligraforik ez eta bestelako objekturik ere. Era berean, ezin izanen da materiala oposizioan parte hartzen ari diren pertsonen artean partekatu, eta, beraz, bakoitzak beharrezkotzat jotzen duen guztia eraman beharko du.

7.7. Azterketa amaitu ondoren, azterketa egiteko gehieneko denbora amaitu zein ez, epaimahaiko kide bat oposiziogilearen mahaira hurbilduko da azterketa jasotzera. Izengai guztien irteera ordenatua bermatze aldera, epaimahaikideak hala adierazten duenean ateratzen ahalko da oposiziogilea gelatik.

8. oinarria.–Araubide orokorraren salbuespenak izangaien zerrendetan lehentasunaren hurrenkera finkatzeko.

Nolanahi ere, gaur egun plantilla organikoan dauden garbiketa-lanpostuetako lanpostu hutsak betetzeko bitarteko kontratupean dauden pertsonek lehentasuna izanen dute deialdi honen ondoriozko zerrendako izangaiekiko, sor daitezkeen aldi baterako beharrak edo lanpostu hutsak betetzeko aukera izateko.

Deialdi honen bidez eratzen diren zerrendek ez dute lehentasunik izanen Udalak Zerbitzu Orokorretako garbiketako langile gisa lan egiteko langileak kontratatuko baditu, baldin eta kontratazio hori dirulaguntza publikoko deialdi baten xede bada eta horrek aukera ematen badu Nafarroako Enplegu Zerbitzuari langabeen zerrenda bat eskatzeko, eta hautaketa Irurtzungo udalerrira mugatzen ahalko da. Kasu horretan, azken horiek lehentasuna izanen dute. Hala ere, azken kontratazio horiek dirulaguntza-deialdiaren eskakizunetara eta behin-behinekotasunera mugatuko dira.

Adierazitako Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren zerrendan dauden pertsonak deialdi honen ondoren egiten den zerrendan ere badaude, horiek lehentasuna izanen dute kontratazioan, sartu ez direnen aurretik.

9. oinarria.–Izendapen proposamena, dokumentuak aurkeztea eta kontratuaren hasiera.

9.1. Azken proba egin eta gero, epaimahaiak puntuazio altuena duen hautagaiaren aldeko proposamena eginen dio administrazio eskatzaileari. Proposamen hau loteslea izanen da.

9.2. Proposatua izan den pertsonak 3. oinarriak eskatzen dituen betekizunak agiri bidez egiaztatu beharko ditu, beti ere kontratua formalizatu aurretik.

Agiri horiek aurkezten ez dituztenak, behar bezala justifikatutako ezinbesteko kasuetan izan ezik, ezin izanen dira kontratatu, eta haien jarduera guztiak baliogabetuko dira, parte hartzeko eskabidean faltsutzeagatik izan dezaketen erantzukizunari kalterik egin gabe. Kasu horretan, ondo-ondotik heldu den hautagaiarekin beteko da lanpostua.

9.3. Izangai kontratudunak lanpostua betetzen hasi beharko du formalizaturiko kontratuaren arabera hala dagokion egunean.

9.4. Irurtzungo Udaleko alkate udalburua izanen da organo eskuduna, proposatzen den eta oinarrietan ezarritakoa betetzen duen izangaiaren aldi baterako kontratazioa, administrazio- edo lan-araubidekoa, sinatzeko, deialdi honen 1. oinarrian xedatutakoarekin bat.

10. oinarria.–Ordezkapen poltsaren funtzionamendua.

10.1. Zerrendetan, probetan lortutako puntuaziorik handienaren arabera ezarriko da lehentasuna. Berdinketaren kasuan, desgaitasun-maila handiena, eta berdinketaren kasuan, 55 urtetik gorako adinari erreparatuko zaio. Oraindik berdinketak jarraitzen badu, proba idatzian puntuazio handiena lortzen dutenen alde ebatziko da. Halere berdinketak jarraituko balu, zozketa bidez ebatziko litzateke.

10.2. Deialdi honen bidez eratutako zerrenda indarrean egonen da gehienez ere lau urtez edo beste hautaketa-prozesu bat deitu arte.

10.3. Zerrenda kudeatuko da oinarri hauetan xedatutakoaren arabera, eta, aurreikusi gabeko gaietan, aldi baterako kontratazioa kudeatzeko arauak onesten dituen abenduaren 31ko 814/2010 Foru Aginduan ezarritakoaren arabera.

10.4. Hautagaiek, lokalizazioa errazte aldera, komunikatu beharko dituzte harremanetarako telefono bat eta posta elektronikoko helbide bat gutxienez, eta informazio hori etengabe eguneratuta eduki beharko dute; nahi izanez gero, beste telefono batzuk ere jakinarazten ahalko dituzte.

10.5. Lanpostu bat aldi baterako bete behar denean, une horretan eratutako zerrendako lehen postuan dagoen izangaiari deituko zaio.

Arau orokor moduan, bi lokalizazio-saiakera eginen dira telefono bidezko komunikazio bidez, ondoz ondoko bi lanegunetan, eta deialdi bakoitzaren data, ordua eta berezitasunak jasoko dira. Lehen lokalizazio-saiakerarekin batera, mezu elektroniko bat bidaliko da izangaiak emandako helbidera. Egun bateko epean erantzunik jaso edo pertsonarekin harremanetan jartzerik lortzen ez bada, zerrendako hurrengo pertsonari eginen zaio eskaintza.

Premiazko kontratazioak egin behar diren kasuetarako, Udalak bi lokalizazio-saiakera eginen ditu egun berean, bi deien artean gutxienez bi orduko tartea utzita. Gainera, kasu horietan, izangaiari berehalako erantzuna eskatzen ahalko zaio. Presazko prozedura hori erabiltzen denean, hautagaia aurkitu ezin bada, honek ez du zerrendan duen lehentasuna galduko.

Udala izangairen batekin harremanetan jarri eta kontratazio-eskaintza eginda hark 24 orduko epean erantzuten ez badu, edo eskaintzari uko egin badio, zerrendako azken posturaino pasatuko da, salbu eta justifikatutako arrazoiren batengatik uko egiten diola egiaztatzen badu, 10.6. atalean xedatutakoaren arabera.

Pertsona bat ezin bada aurkitu, zerrendan bere lehentasuna mantenduko da eta Udala zerrendako hurrengoarekin edo hurrengoekin harremanetan jarriko da eskainitako lanpostua bete arte.

Izendapen hori egin ondoren, Udalak proposatutako izangaia aldi baterako kontratatuko du.

Lan-kontratudunak muzin egiten ahalko dio kontratuari iraupen luzeko beste bat hartzeko, baldin eta haren zerrendaren esparrukoa bada eta hari badagokio ordenaren arabera.

Lan-poltsako kide batek behin lanean hasi ondoren lana utziko balu, lan-poltsatik kanpo geratuko litzateke. 15 egun lehenago lana utziko duela jakinaraziko balu, lan-poltsatik kanpo 5 hilabetez geratuko litzateke, besterik ez.

10.6. Eskainitako lanpostuaren kontratazioari uko egiteko arrazoi justifikatutzat hartuko dira eta, beraz, aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendetako lehentasun-ordena aldatzea ez dute ekarriko ondoko arrazoi hauek:

a) Aldi baterako ezintasuna.

b) Amatasun- edo aitatasun-baimena.

c) Harrera iraunkorrean edo adopzioan hartutako hiru urtetik beherako seme-alaba bat edo hiru urtetik beherako bat zaintzea.

d) Bigarren mailarainoko odol-ahaidetasuna edo ezkontza-ahaidetasuna duen senideren bat bere zaintzapean izatea, adinagatik, istripuagatik edo gaixotasunagatik ezin bada bere kabuz moldatu.

e) Norberaren ezkontza edo bikote egonkorren berdintasun juridikoari buruzko uztailaren 3ko 6/2000 Legearen araberako antzeko egoera, baldin eta eskainitako administrazio-kontratazioaren hasiera-data eratu aurreko edo ondorengo hamabost egun naturalen barruan badago.

f) Kontratu bat indarrean izatea, administrazio- edo lan-araubidekoa.

g) Desgaitasuna behar bezala aitortua izatea eta desgaitasunaren ezaugarriak direla eta, kontratua eskaintzen den lanpostuaren berariazko baldintzekin bateraezina izatea.

Zerrendatutako egoeraren batean dauden izangaiek agiri bidez eta modu frogagarrian egiaztatu beharko dute ematen den egoera hori, uko egiten dioten lanpostuaren kontratua eskaini zaienetik 7 egun naturaleko epean; kasu horretan, zerrendan duten leku berean jarraituko dute.

Kontratazio-eskaintzari uko egiteko arrazoi justifikatua egiaztatzen duen dokumentazioa epe barruan aurkezten ez bada, hautagai hori zerrendako azken postura pasatuko da.

Justifikatutako uko-egiteen kasuetan, idatziz jakinarazi beharko dute zerbitzuak emateko prest daudela uko egitea justifikatu zuen egoera amaitzen den egunetik aurrera. Jakinarazpen hori egiten ez den bitartean, ez zaie lanposturik eskainiko.

10.7. Zerrendatik kanpo geratuko dira honako kasu hauetan dauden pertsonak:

a) Kontratazio-eskaintza onartu ondoren, dagokion kontratua ez sinatzea, izangaiari egotz dakiokeen arrazoiren batengatik.

b) Sinatutako kontratuari uko egiteagatik, baldin eta beste erakunde publiko edo pribatu batekin beste kontratu bat sinatzeagatik ez bada; kasu horretan, agiri bidez eta modu frogagarrian egiaztatu beharko da, ukoa formalizatzen denetik 7 egun naturaleko epean. Kasu horretan, izangaia zerrendako azken postuan geratuko da.

c) Lanpostua uztea.

d) Probaldia ez gainditzea, baldin eta aukera hau dagokion kontratuan aurreikusi bada.

e) Kontrataziorako deiak direla eta, urtebetean behin eta berriro hautagaiarekin harremanetan jarri ezin bada, hark emandako telefono-zenbakietan edo helbide elektronikoetan.

11. oinarria.–Errekurtsoak.

Deialdi honen, deialdiaren oinarrien eta egintzen aurka, errekurtso hauetako bat aurkezten ahalko da, hautara:

a) Berraztertzeko errekurtsoa Irurtzungo Udaleko alkate-udalburuari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazpena edo argitalpena egin eta hurrengo egunetik aurrera.

b) Gora jotzeko errekurtsoa Nafarroako Administrazio Auzitegian, argitaratu edo jakinarazi eta hilabeteko epean.

c) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, zuzenean, Nafarroako Auzitegi Nagusiko ordena bereko salan, bi hilabeteko epean, argitaratu edo jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.

Epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko zaio organo eskudunari, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta hurrengo hilabetearen barruan.

ERANSKINA

Eskabide eredua (PDFa).

Eranskina

Gaitegia

1. kapitulua.–Garbiketa kontzeptu orokorrak.

2. kapitulua.–Garbitzeko makinak.

3. kapitulua.–Garbiketa sistema.

4. kapitulua: Administrazio-eraikinen garbiketa. Administrazio-eremuen garbiketa.

5. kapitulua.–Komunen garbiketa.

6. kapitulua.–Garbitzeko oinarrizko erremintak eta lanabesak.

7. kapitulua.–Produktu kimikoak garbiketan.

8. kapitulua.–Laneko arriskuen prebentzioa garbiketa-lanetan.

Iragarkiaren kodea: L2012717