264. ALDIZKARIA - 2020ko azaroaren 11

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

TAFALLA

26. ordenantza fiskala, toki entitatearen jabari publikoaren erabilera pribatiboa edo aprobetxamendu berezia egiteko tasak arautzen dituena energia elektrikoa, gasa, ura eta hidrokarburoak garraiatzeko instalazioendako eta indarrean jarriko dena 2021eko urtarrilaren 1etik aitzinera. Hasierako onespena

Udalbatzak, 2020ko urriaren 27an egin osoko bilkura arruntean, erregelamenduzko quoruma zuela, honako erabaki hau hartu zuen:

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 39/2015 Legearen 133. artikuluan ezarritakoaren arabera, ordenantza fiskal bat egin aurretik jendeari kontsulta egiteko epe bat ireki behar da. Epe horretan, ez da ekarpen, iradokizun edo proposamenik jaso, eta, hortaz, dagokion ordenantza fiskalaren testu artikuluduna idazteari ekin zaio.

26. ordenantza fiskalak toki entitatearen jabari publikoaren erabilera pribatiboa edo aprobetxamendu berezia egiteko tasak arautzen ditu energia elektrikoa, gasa, ura eta hidrokarburoak garraiatzeko instalazioendako, eta haren testu artikuluduna idatzi da bat etorriz Espainiako Konstituzioaren 133.2 eta 142. artikuluetan araugintzarako aitortutako eskumenekin eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 262. artikuluan tokiko tributuen gainean arautzeko ahalari buruz ezarritakoarekin, bai eta Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 12. artikuluan eta hurrengoetan eta 100. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoarekin ere. Ordenantza fiskal horretako tarifak nahitaezko txosten tekniko eta ekonomikoaren ondorio dira. Hain zuzen, Auzitegi Gorenak adierazi du tarifak kalkulatzeko erabilitako metodoa eta parametroak zuzenbidearen araberakoak direla.

Espedientean sartuta daude Udaleko Kontu-hartzailetzak, Idazkaritzak eta Berdintasuneko teknikariak egindako txostenak, bai eta Kontuen Batzordeak 2020ko urriaren 21ean emandako irizpena ere.

Ikusi da Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legeko 325. artikuluan tokiko ordenantzak onesteko prozedurari buruz xedatutakoa.

Horiek horrela, Tafallako Udaleko Osoko Bilkurak erabakitzen du:

Lehena.–Hasiera batez onestea 26. ordenantza fiskala eta tarifen eranskina. Ordenantza horrek toki entitatearen jabari publikoaren erabilera pribatiboa edo aprobetxamendu berezia egiteko tasak arautzen ditu energia elektrikoa, gasa, ura eta hidrokarburoak garraiatzeko instalazioendako.

Bigarrena.–Erabakia jendaurrean jartzea 30 egun baliodunean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta iragarki-taulan iragarri ondoan, bizilagun eta interesdunek azter dezaten eta bidezko jotzen dituzten erreklamazio, kexa edo oharrak aurkez ditzaten.

Hirugarrena.–Hasierako onespenaren erabaki hau behin betikoa bilakatuko da, baldin eta erreklamazio, kexa edo oharrik aurkezten ez bada. Kasu horretan, ondorio juridikoak sortzeko, inguruabar hori, behin betiko testuarekin batera, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu beharko da.

Laugarrena.–Arauzko tramiteak beterik, hasiera batez onetsitako 26. ordenantza fiskalak eta tarifen eranskinak 2020ko urtarrilaren 1ean hartuko dute indarra, ondoriozko testu bateginak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoan.

Tafallan, 2020ko urriaren 28an.–Alkatea, Jesús Arrizubieta Astiz.

Iragarkiaren kodea: L2012609