264. ALDIZKARIA - 2020koazaroaren11

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

263E/2020 EBAZPENA, urriaren 19koa, Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuko zuzendariak emana, Murillo el Cuendeko udal-mugartean, umetarako zerramen instalazio baten ingurumen baimen integratua berrikusten duena. Instalazioaren titularra Obanos ENSa da (283 NA zenbakia).

Instalazio horrek badu ingurumen baimen integratua, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren otsailaren 18ko 378/2009 Ebazpenaren bidez emana, gero Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren urriaren 28ko 380E/2015 Ebazpenaren bidez eguneratua eta Ekonomia Zirkularraren eta Uraren zuzendari nagusiaren maiatzaren 9ko 123E/2019 Ebazpenaren bidez aldatua.

Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginak, zeina abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsi baitzen, 26. artikuluan ezartzen du ezen baimenaren baldintzak berrikusi egin behar direla teknika erabilgarri onenei buruzko ondorioak argitaratzen direnetik lau urteko epean. Instalazio honetan egiten den jardueraren sektore industrialari dagokionez, aipatu ondorioak argitara eman ziren otsailaren 15eko 2017/302 (EB) Betearazpen Erabakiaren bidez; non ezarri baitziren etxeko hegaztien edo zerri aziendaren hazkuntza intentsiborako teknika erabilgarri onenei (TEO) buruzko ondorioak, bat etorriz Europako Parlamentuak eta Kontseiluak industria emisioei buruz emandako 2010/75/EB Zuzentarauarekin.

Aplikatuz uztailaren 1eko 16/2002 Legearen testu bateginaren 26. artikuluan xedatutakoa (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsi zen lege horren testu bategina), 2019ko abuztuaren 12an 283-NA Obanos ENSari eskatu zitzaion 2019ko azaroaren 30a baino lehen aurkez zezala ingurumen baimen integratua berrikusteko prozedura tramitatzeko beharrezkoa zen dokumentazio teknikoa, horrela, instalazioa Batzordearen 2014/687/EB Betearazpen Erabakian eskatzen diren baldintzetara egokitzeko. Titularrak 2019ko azaroaren 19an eta 2020ko maiatzaren 20an aurkeztu zuen dokumentazioa.

Aurkeztutako dokumentazioa aztertu ondoren, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak ondorioztatu du instalazioak betetzen duela Batzordearen otsailaren 15eko 2017/302 (EB) Betearazpen Erabakian adierazitakoa, non ezarri baitziren etxeko hegaztien edo zerri aziendaren hazkuntza intentsiborako teknika erabilgarri onenei (TEO) buruzko ondorioak, bat etorriz Europako Parlamentuak eta Kontseiluak industria emisioei buruz emandako 2010/75/EB Zuzentarauarekin.

Espedientea jendaurrean egon da hogeita hamar egunez, eta ez da alegaziorik aurkeztu.

Espedientea tramitatu da bat etorriz Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legea garatzen duen Industria isurien Erregelamenduaren 16. artikuluan ezarritako prozedurarekin. Erregelamendu hori urriaren 16ko 815/2013 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen.

Ebazpen proposamena instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean egon da hamabost egunez, eta hark ez du proposamenaren aurkako alegaziorik aurkeztu.

Adierazitakoarekin bat, eta Ingurumeneko zuzendari nagusiaren azaroaren 8ko 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordeturik ditudan eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

Lehenbizikoa.–Berrikustea umetarako zerramen instalazio baten ingurumen baimen integratua. Instalazioa Murillo el Cuendeko udal-mugartean dago, eta 283-NA Obanos ENSa da titularra. Izan ere, egiaztatu da ezen instalazioa egokitzen zaiola Batzordearen 2017ko otsailaren 15eko 2017/302 Betearazpen Erabakiari, etxeko hegaztien edo zerri aziendaren hazkuntza intentsiboari dagokionez, bat etorriz teknika erabilgarri onenen ebaluazioarekin, zeina jasotzen baita ebazpen honen eranskinean. Hortaz, instalazioak eta jarduerak berak ingurumen baimen integratuaren administrazio espedienteetan eta ebazpen honen eranskinean adierazitako baldintzak bete beharko dituzte.

Bigarrena.–Zentroa Nafarroako Foru Komunitateko Hondakinen Sortzaileen eta Kudeatzaileen Erregistroan inskribatuta mantentzea hondakin arriskutsuen sortzaile txiki gisa, 15P02178016002007 zenbakiarekin. Sortzen ahal dituen hondakinak ebazpen honen III. eranskinean jasotakoak dira. Hondakinak sortzean egiten den edozein aldaketa Nafarroako Gobernuko Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuari jakinarazi beharko zaio, aipatutako erregistroan sartzeko.

Hirugarrena.–Titularrak proiektua gauzatu dela adierazten duen erantzukizunpeko adierazpena aurkezten duen egunetik hasiko dira aplikatzen ebazpen honetan ezarritako baldintzak, eta, zeinahi kasutan, egokitzapena abian jartzen den unetik. Bien bitartean, indarrean dagoen ingurumen baimen integratuan ezarritako baldintzak aplikatuko dira.

Laugarrena.–Ebazpen honetan jasotzen diren baldintzak ez betetzeak berekin dakar ingurumeneko diziplina-neurriak hartzea, hain zuzen ere, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginaren IV. tituluan jasotakoak (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onetsia), ezertan galarazi gabe sektoreko legerian ezarritakoa, aplikatzekoa izaten segituko baitu, eta, subsidiarioki, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen VI. tituluan ezarritako zehapen araubidean jasotakoak.

Bosgarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Seigarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesdunek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira.

Zazpigarrena.–Ebazpen hau igortzea Obanos 283 NA ENSari, Murillo el Cuendeko Udalari, Abeltzaintza Zerbitzuari, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuari, Biodibertsitatearen Zerbitzuari eta Ingurumena Zaintzeko Atalari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2020ko urriaren 19an.–Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña; Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzua), eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: http://www.navarra.es/home_es/Temas/Medio+Ambiente/Evaluacion+ambiental/Autorizaciones+ambientales/.

Iragarkiaren kodea: F2012378