264. ALDIZKARIA - 2020ko azaroaren 11

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

248E/2020 EBAZPENA, urriaren 2koa, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez onartzen baita Orkoiengo udal-mugartean dagoen instalazio baten ingurumen baimen integratuan ezarritako funtzionamendu baldintzak aldatzea. Instalazioak txatarraren transferentziagune bat, aparatu elektriko eta elektronikoen hondakinen biltegi bat eta erabiltzen ez diren ibilgailuen tratamendurako zentro bat biltzen ditu barnean, eta titularra Chatarras Iruña SA da.

Instalazio horrek badu ingurumen baimen integratua, Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren maiatzaren 18ko 624E/2016 Ebazpenaren bidez emana.

2020ko ekainaren 23an, titularrak eskatu zuen ingurumen baimen integratuan sartutako baldintzak aldatzea, zehazki, ingurumen baimen integratuaren III. eranskineko kudeatutako hondakinen zerrendan LER 190102 kodeko hondakin berri bat sartzea, labearen hondoko errautsetatik bereizitako burdinazko materialei dagokiena.

Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak, aurkeztutako eskaera aztertuta, onargarria dela ondorioztatu du; izan ere, eskatzen dena bat dator instalazioak ingurumen aldetik eduki beharreko funtzionamendu egokiarekin eta teknika erabilgarri onenen aplikazioarekin.

Kasu honetan, ikusi da Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 27. artikuluko d) letran aurreikusitako inguruabarrak gertatzen direla, eta, horrenbestez, bidezko da ingurumen baimen integratuan ezarritako baldintzak ofizioz aldatzea, bat etorriz Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 28. artikuluan aurreikusitako administrazio prozedurarekin, iritzita ez dela beharrezkoa aldaketa-espediente hau jendaurrean jartzea.

Ebazpen proposamena instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean egon da hogeita hamar egunez, eta hark ez du proposamenaren aurkako alegaziorik aurkeztu.

Adierazitakoarekin bat, eta Ingurumeneko zuzendari nagusiaren azaroaren 8ko 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordeturik ditudan eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

Lehendabizikoa.–Onartzea Orkoiengo udal-mugartean dagoen instalazio baten ingurumen baimen integratuan ezarritako funtzionamendu baldintzak aldatzea. Instalazioak txatarraren transferentziagune bat, aparatu elektriko eta elektronikoen hondakinen biltegi bat eta erabiltzen ez diren ibilgailuen tratamendurako zentro bat biltzen ditu barnean, eta titularra Chatarras Iruña SA da. Horren ondorioz, instalazioak eta jarduerak berak instalazioari ingurumen baimen integratua emateko administrazio espedienteetan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte, baita ebazpen honen eranskinean adierazitako baldintzak ere.

Bigarrena.–Suteen aurkako segurtasuna dela eta (abenduaren 3ko 2267/2004 Errege Dekretua), instalazioan biltegiratutako hondakin kopuruak ez du handitu behar ingurumen baimen integratua emateko espedientearen dokumentazio teknikoan kalkulatutako arrisku intrintsekoaren maila.

Hirugarrena.–Ebazpen honetan bildu diren baldintzak ez betetzeak berekin dakar ingurumeneko diziplina neurriak hartzea, hain zuzen ere, Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko legearen testu bateginaren IV. tituluan jasotzen direnak (testu bategin hori abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsi zen), ezertan galarazi gabe sektoreko legerian ezarritakoa, aplikagarri izaten segituko baitu, eta, subsidiarioki, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen VI. tituluan ezarritako zehapen araubidean jasotakoak.

Laugarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Bosgarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesdunek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira.

Seigarrena.–Ebazpen hau Chatarras Iruña SAri eta Orkoiengo Udalari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2020ko urriaren 2an.–Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña; Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzua), eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: http://www.navarra.es/home_es/Temas/Medio+Ambiente/Evaluacion+ambiental/Autorizaciones+ambientales/.

Iragarkiaren kodea: F2011974