264. ALDIZKARIA - 2020koazaroaren11

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

790/2020 EBAZPENA, urriaren 16koa, Herri-lanen eta Azpiegituren zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez jendaurrean jartzen baita Nafarroako Zeharbideen Inbentarioaren proiektua, eta entzutea ematen zeharbide bakoitzaren kokaleku diren toki entitateei.

Nafarroako Errepideei buruzko martxoaren 23ko 5/2007 Foru Legeak bideen jabari publikoa arautzen du. Horren titularra Foru Komunitateko Administrazioa da, eta errepide horiek Nafarroako errepideen sarea osatzen dute.

Foru lege horrek zeharbide deitzen die hiru lurzoruan barna edo horren ondotik pasatzen diren errepide tarteei, haietako bazter batean gutxienez herriko hiri bilbea osatzen duten eraikuntza finkatuak badaude. Foru legeak, halaber, ohar espezifikoak egiten dizkie, titulartasunari eta kudeaketari dagokienez. 69. artikulua dagokie zeharbideei. Ezartzen du Nafarroako Zeharbideen Inbentarioa osatuko dela, antolamendurako tresna publiko gisa, eta hura eguneratu eta aldatzeko, errepide arloan eskumena duen departamentuko kontseilariaren foru agindua beharko dela.

Indarreko inbentarioa Garapen Ekonomikorako kontseilariaren azaroaren 3ko 220/2016 Foru Aginduaren bidez onetsi zen. Orain eguneratu beharra dago, ofizioz edo toki entitateek eskaturik bildu diren aldaketekin, entzutea eman ondoren Nafarroako Errepideei buruzko Foru Legearen 69.4 artikuluan zehazten diren toki entitateei.

Toki entitateei entzutea eman dakien, Zainketa Zerbitzuak proposatu du jendaurrean jartzea horretarako prestatutako proiektua inbentarioaren tramitazioan, toki entitateak agertu eta beren iritziz bidezkoak diren alegazioak eta oharrak egin ditzaten.

Horrenbestez, Zainketa Zerbitzuak egindako proposamenarekin bat, eta Lurralde Kohesiorako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 263/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskumenekin bat,

EBAZTEN DUT:

1. Jendaurrean jartzea Nafarroako Zeharbideen Inbentarioaren proiektua, hura Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuz eta Lurralde Kohesiorako Departamentuaren web orrian sartuz, eta entzutea ematea zeharbide bakoitzaren kokaleku diren toki entitateei.

2. Hamabost eguneko jendaurreko aldia ezartzen da. Toki entitateek zilegi dute iragarkia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aurrera agertzea eta beren eskubideari komeni zaizkion alegazioak eta proposamenak egitea, aipatutako epea iraungi arte.

3. Jendaurreko epean, interesa duten toki entitateek zilegi dute Trafiko Neurketen, Inbentarioen eta Azterlanen Bulegoko bulegoetan agertzea (departamentuko eraikuntzaren 2. solairuan, Iruñeko San Ignazio etorbidea 3, Iruña, hitzordua aurretik eskatuta 848 427530 telefonoan), espedientea eta zeharbide bakoitzaren agiri kartografikoak kontsultatzeko.

4. Ebazpen hau Zainketa Zerbitzuari jakinaraztea eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta departamentuko web-orrian argitaratzea.

Iruñean, 2020ko urriaren 16an.–Herri-lanen eta Azpiegituren zuzendari nagusia, Pedro Andrés López Vera.

Iragarkiaren kodea: F2012298