262. ALDIZKARIA - 2020ko azaroaren 9a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

GESALATZ

Aldaketa, Gesalazko Udalaren eskumeneko landabideen erabilera arautzen duen ordenantzan. Behin betiko onespena

Gesalazko Udalak, 2020ko uztailaren 6an egin osoko bilkuran, erabaki zuen hasiera batean onestea aldaketa Gesalazko Udalaren eskumeneko landabideen erabilera arautzen duen udal ordenantzan. Iragarkia 2020ko 177. Nafarroako Aldizkari Ofizialean eman zen argitara, abuztuaren 11n.

Jendaurreko epea iraganik inork alegaziorik aurkeztu gabe, ordenantzaren aldaketa behin betiko onetsi eta testu osoa argitaratzeko agintzen da, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, bat etorriz Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluarekin (maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatua).

Gesalatzen, 2020ko urriaren 14an.–Alkatea, Pedro José Soto Eguren.

ORDENANTZA, GESALAZKO UDALAREN ESKUMENEKO LANDABIDEEN ERABILERA ARAUTZEN DUENA

1. artikulua. Ordenantzaren xedea.

Ordenantza honek xede du Gesalazko udal-mugarteko bide publikoen arloan arauketa ezartzea.

2. artikulua.

Udalaren menpeko bideetan, Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide-segurtasunari buruzko Legearekin bat eginen da zirkulazioa.

3. artikulua.

Debeku da arras:

1. Lurra lantzean, traktorearekin bidera ateratzea itzulbira egiteko.

2. Harriak eta nekazaritzako hondakinak botatzea bide, areka eta erretenetara.

3. Areketara lurra bota eta betetzea, haietatik hurbil nekazaritzako lanak egitean.

4. Nekazaritzako hondakinak erretzea bideetan, areketan edo erretenetan erretzea.

5. Administrazio baimenik gabe lehiaketa eta lasterketak egitea, eta ausarkeriaz gidatzea.

6. Lanabesak edo beste edozein makineria garraiatzea, bideetako zolaren kaltetan bada.

4. artikulua.

Finken titularrek izanen dute arekak garbitzeko ardura, bideak hobeki zaintzen lagundu dezaten.

5. artikulua.

Adarrek areka ez gainditzeko maneran landatuko dira arbolak bide ondoan.

6. artikulua.

Udalaren landabideetan ibiltzean, bideen egoerak eta haien ezaugarriek erakutsiko dute zer abiadura komeni den, eta abiadura apalduko da ibilgailu bereziekin, motel dabiltzan ibilgailuekin, azienda saldoekin edo oinezkoekin topo egitean; are gehiago hautsa pilatzen deneko aro idorretan; izan ere, abiadura bizian joanez gero, bideak hondatu egiten dira, zirkulazioa hobetzeko botatzen den harea-geruza desagertzen delako.

Dena dela, 30 kilometro ordukoa da gehieneko abiadura.

7. artikulua.

Partikularrek baimena eskatu beharko diote Udalari finketan sartu eta ateratzeko pasabideak egiteko, eta gutxienez 40 zentimetroko diametroa duten hormigoizko hodiekin eginen dituzte, haien kontura egin ere. Udalak fidantza eskatu ahalko du, egokitzat jotzen duen zenbatekokoa, finketako sarbideak behar den bezala egiten direla bermatzeko.

8. artikulua.

Hona tonajearen muga:

–Nekazaritzakoak ez diren ibilgailuetarako: 14.000 kilo.

–Nekazaritzako ibilgailuetarako: 30.000 kilo.

9. artikulua.

Lursailen itxituretan zortasun eremu bat izanen da, hiru metrokoa bidearen kanpo ertzetik.

10. artikulua. Arau-hausteak.

Ordenantza honetan ezarritakoa ez betetzea, horra arau-haustea.

11. artikulua.

Ordenantza hau hausten duenak 300 euroko zehapena izanen du, aparte utzirik egindako kalteengatik ordaindu beharreko kalte-ordainak; hori guztia Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legearen 52. artikuluan ezarritakoarekin bat. Nork bere borondatez ordaindu ezean, premiamendu bidez bilduko dira isunak.

12. artikulua. Baimentzen ahal diren erabilerak.

Kalterik egin gabe bideen erabilera mugatzen duten bestelako arauak, nahitaez betetzekoak baitira, Udalak bideak erabiltzeko baimena ematen ahalko die honako herritar hauei:

–Gesalatz ibarrean erroldatuei, Udalaren tutoretzapeko kontzejuetako mugarteetan dauden bideak erabiltzeko.

–Udalaren tutoretzapeko kontzejuetan etxebizitzen jabe direnei; etxebizitza zer kontzejutan dagoen, kontzeju horretako mugartean dauden bideak erabiltzeko. Kasu honetan, etxebizitza bakoitzeko txartel bakarra emanen da.

Udalak emanen ditu baimenak, Udalburutzaren ebazpenaren bidez, Udalak aldeko txostena eman ondoren, bidezkoa den kasuetan. Horretarako, baimena eskatu nahi duenak, dagokion udal eskabidea bete beharko du.

Baimenak urtebeterako emango dira.

Eta ibilgailuan ongi ikusteko moduan jarri beharko dira, agintari eskudunek behar bezala egiaztatu ahal izateko.

Iragarkiaren kodea: L2012212