261. ALDIZKARIA - 2020ko azaroaren 6a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

IZARBEIBARKO MANKOMUNITATEA

Aldaketa egitea Uraren ziklo integralaren kudeaketa arautzen duen erregelamenduan. Behin betiko onespena

Izarbeibarko Mankomunitateko Batzar Nagusiak, 2020ko abuztuaren 12an egindako bilkuran, hasiera batez onetsi zuen aldaketa egitea Uraren ziklo integralaren kudeaketa arautzen duen erregelamenduan.

Hasierako onespenaren erabakia argitaratu zen 2020ko 189. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, abuztuaren 25ean, eta jendaurreko epean inork ez du alegaziorik aurkeztu; hortaz, ordenantza hori behin betiko onetsi da eta osorik ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, bat etorriz 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluarekin (foru lege horrek Nafarroako Toki Administrazioa du hizpide).

Erabaki honen kontra errekurtso hauetako bat aurkez daiteke, hautara:

1. Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik.

2. Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, bi hilabeteko epean, iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, Administrazioarekiko Auzien arloan dagokion epaitegiari zuzendua, salbu uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 8.1 artikuluan aurreikusitako kasuetan (lege horrek arautzen du Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa), halakoetan aurkeztuko baita Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan.

Garesen, 2020ko urriaren 14an.–Mankomunitateko burua, Sabina García Olmeda.

URAREN ZIKLO INTEGRALAREN KUDEAKETA ARAUTZEN DUEN ERREGELAMENDUA

Urtea: 2000.

Berrikuspena: 2014ko abendua.

Onespena:

–Izarbeibarko Mankomunitateko Batzar Orokorrak, 2000ko urriaren 23an.

Argitara emana 2000ko 158. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, abenduaren 30ean.

–Lehenbiziko aldaketa eta eguneratzea: 2002ko urriaren 21ean (2003ko 58. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, maiatzaren 9koa).

–Bigarren aldaketa eta eguneratzea: 2014ko abenduaren 23an (2015eko 2. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, urtarrilaren 5ekoa).

–Bigarren aldaketa eta eguneratzea: 2020ko abuztuaren 12a.

I. KAPITULUA

Aplikazio-eremua, xedea eta harremanaren izaera juridikoa

1.01. artikulua. Aplikazio-eremua.

Erregelamendu honek aginduko du udalen eta kontzejuen mugarte guztietan, baldin Izarbeibarko Mankomunitateko kide badira eta hari esleitu badizkiote uraren ziklo integralaren kudeaketari buruzko eskumenak.

1.02. artikulua. Xedea.

Ordenantza honen xedea da arau batzuk ezartzea administratzeko Izarbeibarko Mankomunitateko Ur Hornidurarako eta Saneamendurako Zerbitzua, eta horren funtzionamendua taxutzeko.

1.03. artikulua. Hornidura harremanaren izaera juridikoa.

Administratiboa da ezartzen den harremana, abonatuak abonamendu poliza sinatzen duenean eta zerbitzu kontratua egiten denean abonatuaren eta Izarbeibarko Mankomunitatearen artean.

Beraz, abonatuaren eta Mankomunitatearen artean auziren bat izanez gero, hura ebazteko erabiliko dira administrazio legediaren arabera egokiak diren bideak.

II. KAPITULUA

Zerbitzu publikoa eta hura eman beharra

2.01. artikulua.

Ur Hornidurarako eta Saneamendurako Zerbitzua publikoa da, eta, horregatik, hura erabiltzeko eskubidea izanen dute pertsona fisiko edo juridiko guztiek, zeren muga eta betebehar bakarrak izanen baitira erregelamendu honek jartzen dituenak, edo Mankomunitateak onets ditzakeen beste batzuek eta kasuan aplikatzekoa den legeriak jartzen dituztenak.

2.02. artikulua. (2020an aldatua).

Ur hornidura eta saneamendu zerbitzuak elkarren osagarriak eta etengabeak dira uraren ziklo integralaren katean. Horregatik, ez da onartuko horietako bat bakarrik ematea edo independenteki ematea.

Salbuespenez, Mankomunitateak zerbitzuetako bat bakarrik ematen ahalko du, baldin eta eskatzaileak ongi justifikatzen badu, Mankomunitatearen iritziz, zerbitzuetako bat bakarrik eman beharra.

Zerbitzu mota guztiak emateko eskumena Mankomunitatearena da, beste inorena ez, eta berak kontratatuko ditu hornidurak, behar den kontratua eginez. Agiri horretan ezarriko dira zerbitzurako arauak eta baldintzak.

Zerbitzuak jaso nahi dituztenek eskatu eginen dituzte, adierazita zer jarduera egin nahi duten eta zenbateko emaria behar duten horretarako. Mankomunitateak jakinaraziko die zerbitzuak ematen ahal diren ala ez, nolakoak izan behar duten instalazio partikularrek, aplikatu beharreko tarifa mota eta zenbat kobratu behar den alta eskubideengatik.

Berariaz araututa ez dauden kasuetan, ordenantza honetako arauak analogiaz aplikatuko dira, baldin, haien izaeragatik, ordenantzaren aplikazio-eremuaren barnean badaude. Mankomunitateak ezarriko du bere ustez komeni den interpretazioa, behar bezala arrazoitua, baldin zalantzarik agertzen bada ordenantza hau aplikatzerakoan.

2.03. artikulua.

Mankomunitatea beharturik dago edateko ura eta hondakin uretarako hustuketa zerbitzua paratzera abonatuen harguneetan eta hustuketa guneetan, erabiliz dituen baliabide eta instalazioak, edo etorkizunean izan ditzakeenak, erregelamendu honetan ezarritako baldintzen arabera, eta bat etorriz indarreko hirigintza legeriarekin nahiz legeria orokorrarekin.

Zerbitzua eman beharrak (aurreko paragrafoan aipatutakoak) muga batzuk izanen ditu, izan ere baldintzaturik egonen da, inbertsio planetan azpiegiturak eta instalazioak egiteko eta garatzeko finkatzen diren epeen arabera, eta horiei loturik egonen da.

2.04. artikulua.

Mankomunitatea beharturik dago etxebizitzetarako ura ematera, bere eskumeneko eremuaren barreneko eraikinetan, lokaletan edo toki itxietan, eskatzen dioten pertsona edo entitate guztiei, baldin eta leku horiek betetzen badituzte indarra duen legeriak eskatutako baldintzak eta Mankomunitateak onetsitako erregelamenduzko xedapenetan ezarritakoak.

Kasu horietan beretan eta baldintza berberetan, Mankomunitateak hondakin urak husteko zerbitzua emanen du.

2.05. artikulua.

Industriarako, merkataritzarako, apainketarako edo aisialdirako ura eman ahal izateko, ikusi beharko da Mankomunitateak zenbat ur duen bere esku une oro.

Hondakin urak husteko, ikusi beharko da ea hondakin ur horiek baldintzak betetzen dituzten, zehazki ezarrita daudenak indarreko legeria orokorrean eta hondakin uren gainean Mankomunitateak emandako arauetan, beren ezaugarriei buruz aitortutakoarengatik espero daitekeen bezala.

2.06. artikulua.

Oro har, toki-erakunde baten lurralde-eremua ez da emariz hornituko, ezta isurkinik hustuko ere, baldin toki-erakundea ez bada Uraren Ziklo Integralaren Ataleko kidea.

Nolanahi ere, salbuespen gisara, kontuan hartuz kasu bakoitzean suerta daitezkeen gorabeherak, Mankomunitateak emariz hornitzen ahal du edo isurkinak husten ahal ditu Mankomunitatearen eremutik edo esparrutik kanpo, baldin eta horrekin ez baditu atenditu gabe uzten edo kaskartzen zerbitzu mankomunatuak.

Jarduketa horiek Mankomunitateko Batzarrak onetsi beharko ditu berariaz, eta izan beharko dituzte legez bidezkoak diren baimenak eta erabakiak. Betiere, mankomunitateko organoak onetsi baino lehen, Nafarroako Gobernuari txostena eskatu beharko zaio.

Ulertuko da Mankomunitatearen eremutik kanpo zerbitzua prekario ematen dela. Horren ondorioz, erabiltzailearentzat inolako eskubiderik sortu gabe eteten ahalko da, baldin hura mantentzeak zerbitzu mankomunatua kaltetzen edo hondatzen badu. Inola ere ez da doan emanen urik ezta hondakin urak husteko eta arazteko zerbitzurik ere.

2.07. artikulua.

Mankomunitateak ukatzen ahalko ditu ur hornidura eta/edo hondakin uren hustuketa, abonu polizak egiteari uko eginez, honako kasu hauetan:

1. Baldin ur hornidura eta/edo hondakin uraren hustuketa eskatzen duen pertsonak edo erakundeak uko egiten badio eredu ofizialaren arabera idatzitako poliza sinatzeari, poliza bat zeina idatzita egonen baita zerbitzuen kontratazioari buruz Mankomunitatean indarra duten xedapenei jarraikiz.

2. Baldin eskatzaileak edateko uraren hornidurarako edo hondakin uren hustuketarako duen barneko instalazio partikularrak edo orokorrak ez baditu betetzen, Mankomunitatearen ustez, instalazio horietarako legezko xedapenetan ezarrita dauden betebehar orokorrak edo Mankomunitateak emandako jarraibideak eta oharrak. Kasu horretan, Mankomunitateak interesdunari adieraziko dio instalazioan zer dagoen oker, behar diren zuzenketak egin ditzan.

3. Baldin Mankomunitateak, behar bezala justifikaturik, uste badu hustu beharreko hondakinen ezaugarriak ez direla onargarriak, Mankomunitatean indarra duen araudian ezarritako baldintzen arabera.

4. Baldin frogatzen bada hornidura eta/edo hustuketa eskatzen duen pertsonak ez dituela ordainduta Mankomunitateari edo administrazio publikoko beste edozein organori ordaindu beharrekoak. Mankomunitateak eska dezake alderdi hori frogatzea.

III. KAPITULUA

Zerbitzuak ematea

1. ATALA

Mankomunitatearen eta abonatuaren betebeharrak

3.01. artikulua.

Zerbitzu egiteagatik, Mankomunitateak, oro har, betebehar hauek izanen ditu:

1. Bere abonatuei hornitutako urak betetzea osasun eta edangarritasun baldintzak, ezarrita daudenak indarreko erregelamenduan, salbu eta “goiko hornidura” egiten bazaie mankomunitatean ez dauden erakundeei edo Uraren Ziklo Integralaren Atalean sarturik ez daudenei.

2. Bere kargura zaindu eta kontserbatzea hornidura eta saneamendu zerbitzuak emateko behar diren instalazioak, zerbitzuei atxikita daudenak.

3. Matxuretarako zerbitzu etengabea izan beharko du abonatuen eskura, informazioa jaso dezaten zerbitzuak ematean gertatzen diren gorabeherei buruz.

4. Betetzea osasun agintaritzak eta, oro har, erakunde publiko eskudunek ematen dituzten arauak nahiz xedapenak, hondakin uren eta hornidurako uraren tratamenduari eta arazketari dagokienez.

5. Zerbitzuen etenaldia edo beste gorabeheraren bat gertatuz gero, ahal den guztietan abisua eman beharko die abonatuei, egokiena iruditzen zaion moduan.

3.02. artikulua.

1. Galarazi gabe aurreko artikuluko 5. apartatua eta zerbitzuak etengabe emateko betebehar orokorra, Mankomunitateak aldi baterako eteten edo murrizten ahal du ur hornidura edo hondakinen hustuketa, aitzinetik abisurik eman gabe eta bere aurkako bestelako ondoriorik gabe, baldin uste badu komeni dela edo behar dela zerbitzuen behar orokorretarako, edo, bestela, bere borondatetik aparteko ezinbesteko arrazoiren bat gertatzen bada.

2. Baldin ur horniduran edo hustuketan etenik bada nahitaez egin behar diren kontserbazioko eta zerbitzuko lanen ondorioz, ez da inola ere kalte-ordainik ordaindu beharko. Mankomunitateak bere neurriei buruzko publizitatea egin beharko du, berak egokitzat jotzen duen hedabidearen bidez.

3. Uraren erabilera motarengatik abonatuak ezin badu etenik izan uraren horniduran edo hustuketan, zerbitzua nahitaez eten behar denean (aurreko apartatuetan aipatutako kasuetan), abonatuek behar diren neurriak hartu beharko dituzte egoera horiek aurreikusteko.

3.03. artikulua.

Ur hornidura eteten baldin bada ez dagoelako ur emari aski erabiltzaileen beharrak betetzeko, kontuan hartuko da, alde batetik, zerbitzua mankomunatua den ala ez, eta bestetik, kontratatutako erabilera mota, eta zerbitzu etena ordena honetan eginen da:

1. Mankomunitatekoak ez diren erakundeentzako hornidura.

2. Mankomunitateko toki-erakundeak izan arren uraren Ziklo Integralaren Atalean sartzen ez direnentzako hornidura.

3. Nekazaritzako erabileretarako hornidura.

4. Apainketa erabileretarako hornidura.

5. Kirol instalazioetarako eta aisialdiko erabileretarako hornidura.

6. Industria, merkataritza eta zerbitzuetako erabileretarako hornidura.

7. Etxebizitzetarako eta ikastetxeetarako hornidura.

3.04. artikulua.

Erregelamendu honetan berariaz ezarritako betebeharrez gainera, abonatuak honako arau orokor hauek bete beharko ditu:

1. Behar duen ura baizik ez du erabiliko, eta ez du eginen beharrik gabeko gehiegizko kontsumorik, ura hobeki izen dezaten hornidura-sareko erabiltzaile guztiek.

2. Hondakin urak hustu beharko ditu errespetatuz indarreko legeek ezarritako baldintzak eta mugak, baita Mankomunitateak onetsitako arauek ezarritakoak ere.

3. Mankomunitateari jakinarazi beharko dio, ahalik lasterren, ikusten duen edozein matxura (salbu barneko instalazio partikularrekoak), batez ere baldin bada ur-ihesa edo edateko nahiz hondakin uren galera, edo baldin saneamendu sarean zerbait trabatu bada.

4. Mankomunitateari jakinarazi beharko dio baldin aldaketa nabarmenik gertatzen bada bere kontsumo arruntean edo hustuketan, edo horien ezaugarrietan, eta aldatzen bada kontsumitzen duen uraren erabilera, baldin eta horrekin batera aldatu behar badira tarifak edo, oro har, polizaren baldintzak.

5. Arreta osoz erabili, zaindu eta kontserbatu beharko du eraikinaren barneko instalazio orokorra.

6. Erraztu eta onartu beharko du beren lanean aritzea Mankomunitateko langileak, edo Mankomunitatekoak ez izanagatik hark behar den nortasun txartelaren bidez kreditatzen dituenak, eta, horretarako, sartzen utziko die polizan ageri den bere finkan, etxebizitzan, lokalean edo toki itxian, etortzen zaizkionean hornidura eta saneamendua ikuskatzera edo neurgailua irakurtzera.

7. Mankomunitateari eman beharko dizkio eskatzen dizkion datu guztiak, zerbitzuari buruzkoak edo haiekin zerikusia dutenak, ahalik eta zehatzen.

3.05. artikulua.

Abonatuak ezin izanen ditu gauza hauek egin, betiere berarena izanik erantzukizun osoa:

1. Mankomunitateak hornitzen duen instalazioan harguneak egitea beste iturri batzuetatik ura ekartzeko, edangarria izan arren.

2. Aitzinetik baimenik izan gabe, Mankomunitatearen sareen presioko hodietan zuzenean txertatzea ponpak edo horniduraren ohiko funtzionamendua aldatzen duen beste edozein gailu, horrela eraginez harguneko baldintzei edo hornidura sare orokorrari. Halaber, aitzinetik baimenik izan gabe, ezin izanen da inolako gailu erabili edo obrarik egin hobetzeko asmoz isurkinak husteko zerbitzua, batez ere jarduketa horiek aldatzen badituzte saneamendu sare orokorraren zerbitzu baldintzak.

3. Mankomunitateak emandako ura edo husteko ahalmena beste norbaiti saltzea edo doan lagatzea, ohikotasunez.

4. Beste norbaiti uztea berari dagokion ur hornidura edo isurkinen hustuketa, Mankomunitateak agintzen duena bete gabe.

5. Neurketa ekipoa lekuz aldatzea edo bertara heltzeko bidea aldatzea, Mankomunitatearen baimenik izan gabe.

6. Berari dagokion ur hornidura erabiltzea kontratuan jartzen ez diren gauzetarako, edo kontratuan jarritako isurketarako baldintzak aldatzea.

7. Mankomunitatearen instalazioak manipulatzea, baita neurgailuak ere, nahiz eta abonatuarenak izan.

8. Ura kontsumitzea neurketa-ekipoek kontrolatu gabe, edo neurketa ahalbidetzen duten elementuen baldintzak aldatzea.

9. Neurketa ekipoaren zigiluak aldatzea edo haustea, beretzat irabazia ateratzeko asmoz.

10. Saneamendu sareetan isurtzea baldintzak betetzen ez dituzten produktuak; Mankomunitatearen araudiko baldintzak edo aplikatzekoa den legeria orokorreko baldintzak.

11. Saneamendu sareetan isurtzea hiri-hondakin solidoak, nahiz eta aitzinetik birringailuetan prozesatu.

2. ATALA

Instalazioak

3.06. artikulua.

Zerbitzuko instalaziotzat hartzen dira beren lana egiten dutenak, gelditu gabe, hornidura eta saneamendu zerbitzuetan, ondotik aipatzen diren motetakoak izanik:

1. Hornidurako instalazioak:

1.–Emariak hartzeko instalazioak.

2.–Uraren tratamendurako instalazioak.

3.–Hodi orokorrak.

4.–Erregulazio biltegiak.

5.–Banaketa sareak.

6.–Harguneak.

7.–Abonatuaren barneko instalazioa, orokorra nahiz partikularra.

2. Saneamenduko instalazioak:

1. Barneko instalazioa.

2. Abonatuaren instalazio partikularra.

3. Eraikineko instalazio orokorra.

4. Ur beltzaren hiri kolektoreetarako harguneak.

5. Ur beltzaren hiri kolektoreen sareak.

6. Isurkinak arazteko herriko instalazioak.

3.07. artikulua.

1. Ura hartzeko instalazioak: hodiak, ura bideratzeko eta kontrolatzeko elementuak, fabrika lanak eta gainerako elementu guztiak, erabiltzen direnak ur bolumena emateko ura biltegiratzen edo tratatzen dituzten instalazioei, betiere kontsumoaren beharren arabera.

2. Edateko ura tratatzeko instalazioak: ur baldintzak aldatzeko behar diren prozesuak egiten dituzten gailuak, makinak eta gainerako elementuak, helburua izanik urak gutxieneko baldintzak izatea gizakiek kontsumitzeko.

3. Hodi orokorrak: ura tratatzeko edo biltegiratzeko instalazioetara eramaten duten hodiak, baita hodi horien manipulazio eta kontrol elementuak ere.

4. Erregulazio biltegiak: ura aldi baterako edukitzeko tokiak, ura halako tokietan bildu behar izaten baita sarera bidali bitartean.

5. Banaketa sareak: edateko ura eramaten duten hodiak eta haien manipulazio eta kontrol elementuak, horietatik ateratzen direla abonatuei hornitzeko harguneak.

6. Banaketako hargunea: hodiak eta haien maniobra eta kontrol elementuak; banaketa saretik abiaturik, abonatuen barneko instalazioetara iristen dira. Hargunea bukatzen da eraikinaren fatxadaren kanpoko lerrokaduran, etxebizitzen kasuan, edo neurgailuan, baldin zehatz-mehatz mugaturik ez dauden harguneak badira.

7. Barneko instalazio orokorra: hargunetik abiatu eta barneko instalazio partikularretara iristen diren hodiak, haien maniobra eta kontrol elementuekin.

8. Barneko instalazio partikularra: abonatu bakoitzaren barruti, lokal, etxebizitza edo toki itxiaren barnean ura banatzen duten hodiak eta haien maniobra eta kontrol elementuak.

3.08. artikulua.

1. Saneamendurako barneko instalazio partikularra: abonatuaren barruti, lokal edo etxebizitzaren barnean dauden hodiak eta gainerako elementuak, hondakin-urak eramaten dituztenak eraikineko instalazio orokorreraino.

2. Eraikin bateko saneamendurako instalazio orokorra: abonatuaren barruti, lokal edo etxebizitzaren barnean dauden hodiak eta gainerako elementuak, hondakin-urak eramaten dituztenak saneamenduko harguneraino.

3. Hiri kolektoreetarako saneamenduko hargunea: eraikin edo finka bateko hondakin-urak eramaten dituzten hodiak, erregistroak eta gainerako elementuak, hain zuzen ere toki horien mugatik hasita kolektoreraino eramaten dituztenak.

4. Ur beltzen hiri kolektoreen sareak: hondakin-urak hustubide orokorreraino eramaten dituzten hodiak, erregistroak, deskarga ganberak, aireztapenak eta gainerako elementuak.

5. Hustubide orokorra: hondakin-urak herriko arazteko instalazioraino eramaten dituzten hodiak, erregistroak eta gainerako elementuak.

6. Arazteko herriko instalazioak: ur-biltegiak, hodiak, makinak, mekanismoak eta kontrol-elementuak, arazten dituztenak saneamendu sareetako hiri hondakin-urak, gero ibilgu publiko batera isurtzeko.

3. ATALA

Hornidura zerbitzua

3.09. artikulua.

Mankomunitateak urez hornituko du abonatu bakoitza bere instalazioen bidez, oro har.

Harguneak.

3.10. artikulua.

Edateko ura banatzeko hargunea sareari lotuko zaio Mankomunitateari egokiena iruditzen zaion tokian, eta, behin egin ondoren, harena izatera pasatuko da. Horren trazadura eginen da ahalik eta laburrena izateko modukoa, eta eremu publikoan barna joanen da mugaraino. Inoren ondasunak gurutzatu behar badira, Mankomunitateak hargunearen luzera mugatuko du lurralde publikoan dagoen tartera. Eskaera formalizatzen duena baino ez da arduratu beharko inoren ondasunak gurutzatzeko baimenez eta horietan instalazioak ezartzekoez.

Lotuneko giltza banaketa hodiaren gainean jarriko da, beharrezkotzat jotzen denean, eta hargunea irekiko du. Erregistroko giltza eta pasoko giltza eremu publikoan egonen dira, jabetzaren mugaren ondoan.

Mankomunitateak ahalmena izanen du hargunea berak egiteko edo enpresa instalatzaile baimendun bati enkargatzeko.

Hargunea paratzeko, abonatuak eginen ditu obrak zangak ireki eta betetzeko (eremu publiko nahiz pribatuetan) eta hormetako erretenak, zuloak eta zolatzeak egiteko, eta berak izanen du erantzukizun osoa. Obra horietan, kontuan hartuko ditu Mankomunitateak egiten dizkion oharrak eta obrak egiteko beharrezkoak direnak.

Aurreko paragrafoan ezarritakoa ukatu gabe, Mankomunitateak paragrafo horretan aipatzen diren obrak egiten ahalko ditu, erabiltzailearen kargura eta betiere hark eskatuz gero.

Hargunea egiteko kostua (materialak, eskulana eta abar) eskatzaileak ordainduko du beti, eta horiengatik kobratzen diren zenbatekoak izanen dira Mankomunitateak une bakoitzean onetsi dituenak.

3.11. artikulua.

Etxebizitza bakoitzak bere ur hargune independentea izanen du. Beste hargune baten bidez egindako ur harguneak erabat debekatuta daude.

Etxebizitza multzoetan hargune batetik kontratatutako hornidurak bat baino gehiago badira, barneko instalazio orokorrean behar adina kontagailu instalatu beharko dira, Mankomunitateak esaten duen motakoak, eta hark erabakitzen duen lekuan paratuko dira. Kontagailu orokor baten bidez kontratatu ziren hornidurek ez dute baldintza hori bete beharko.

3.12. artikulua.

Eskatzaileak hargunaren neurriak ezarri, eta Mankomunitateak horiek onetsi edo aldatuko ditu, kontuan harturik abonatuak egiten duen kontsumo deklarazioa eta zenbat ur dagoen hornidurarako.

Mankomunitateak ez ditu bere gain hartuko ur horniduran gertatzen diren akatsak, baldin gertatu badira abonatuaren barneko instalazioaren neurriengatik edo egokitzapenengatik.

3.13. artikulua.

Betiere Mankomunitatearen ardura izanen da etxeetako harguneak zaindu, mantendu eta konpontzea, eta lan horiek bere kargura eginen ditu.

Abonatuak ordaindu beharko ditu instalazio horiek gaizki erabiltzearen ondorioz egin behar diren konponketak edo zati bat edo dena berritzeko lanak.

Kontagailuaren irteerako giltza bakarrik manipulatzen ahal du abonatuak. Pasoko giltza, baldin bada, edo, bestela, erregistroko giltza, ezin izanen du erabili, ezinbesteko kasua ez bada, eta halakoetan berehala jakinarazi beharko dio Mankomunitateari.

Emaria neurtzeko ekipoa abonatuaren jabetzakoa izanez gero, abonatuaren kargura izanen dira hura zaindu, mantendu eta konpontzeko gastuak.

3.14. artikulua.

Hodiak hausten ahal baitira, finka edo lokal guztiek behar adina hustubide izanen dute, ahalbidetuko dutenak kontratatutako ur hargunearen bidez irits daitekeen gehieneko ur kopurua hustea, kalte materialik eragin gabe etxeari, bertan gordetako produktuei edo kanpoko edozein elementuri. Arau hori betetzen ez bada Mankomunitateak ez du inolako erantzukizunik izanen.

3.15. artikulua.

Mankomunitateak ikuskatzen ahal du ur hornidura duten finken barneko instalazioa. Instalazio horrek ez baditu betetzen arauzko baldintza teknikoak, abonatuari jakinaraziko zaizkio ikusitako akatsak, eta zuzentzeko epea ezarriko zaio. Epea iraganik, arauz kanpoko egoerak irauten badu, Mankomunitateak dena delako administrazio publikoko erakunde eskuduna jakitun jarriko du. Erakunde horrek egokitzat jotzen badu, abonatuak akatsak zuzendu beharko ditu hark ezartzen dion epean. Abonatuak hori egin ezik, Mankomunitatea behartua egonen da hornidura etetera, erakunde eskudunak ezartzen dituen baldintzen arabera.

Erregelamendu honetan ezarritakoarekin bat, eskatzaile bati ez zaio hornidura berririk onartuko harik eta eskatzaileak zuzentzen dituen arte bere barneko instalazioan aurkitutako gorabeherak.

Hornidura, lehendik sarea duten tokietan.

3.16. artikulua. (2020an aldatua).

Hargunea egiteko baimena ematen denean, eskatzaileak Mankomunitatearen ordenantza fiskalean ezarritako eskubideak ordaindu beharko ditu, eta ez zaio diru hori itzuli beharko.

Onartzen direnean edateko uraren banaketa sareetarako harguneak, hargune bakoitza izanen da eraikuntza unitate independentea den higiezin bakoitzerako (fisikoki independentea), eta unitate horrek zuzeneko aterabidea izanen du bide publikora, eta hargunea hitzartutako erabilerarako izanen da.

Eraikuntzako unitate independentea: etxebizitza multzo bat, atari amankomuna duena, baita eskailera zulo amankomuna ere, pertsona fisiko edo juridiko bakar batenak direnak. Elkarri atxikitako etxebizitzak edo ilaran dauden familia bakarreko etxeak, nahiz eta garajerako sarbide amankomuna izan, har daitezke eraikuntzako unitate independentetzat.

3.17. artikulua.

Eraikin bakoitzaren barneko instalazio partikularraren ezaugarriak nolakoak diren, ur hornidura ematen ahalko da kontagailu banakatzaileen bidez edo kontagailu orokorraren bidez:

1. Kontagailu banakatzaileek abonatu bakoitzaren kontsumo partikularra neurtzen dute, etxebizitzan edo lokalean.

2. Kontagailu orokorrak neurtzen ditu eraikinean edo etxebizitzen multzoan eginiko kontsumo guztiak.

3. Nolanahi dela ere, eraikinean baldin badago merkataritzako edo negozioko lokalen bat, aparteko hornidura eduki beharko dute. Halako lokaletako kontagailuak eraikineko kontagailuen multzo orokorrean kokatuko dira. Kasu partikularren batean, lokal horiek kontsumo handia egiten badute edo eraikinaren hargunetik aparteko beste hargune bat behar bada, kontagailua kanpoan egonen da edo bertara kanpoaldetik joko da, kutxa isolatu batean dagoela.

3.18. artikulua.

Ur hornidura emateko, beharrezkoa da kasuan kasuko higiezinaren, etxebizitzaren edo lokalaren barneko instalazioak betetzea indarreko arauek (agintaritza eskudunek emandakoek) diotena haren gainean une bakoitzean; horregatik, eskatzaileak nahitaez agiri bat aurkeztu beharko du, erakunde eskudunak egina, hori hala dela frogatzeko.

3.19. artikulua.

Hornidura eskatzeko, Mankomunitatearen bulegoetan emanen den inprimakia bete beharko da.

Inprimaki horretan zehaztuko da erantsi beharreko dokumentazioa. Ezinbestekoa izanen da frogatzea eraikinaren titulartasuna edo, hala denean, horren alokairu kontratua, zergaren edo tasaren frogagiria eta eraikinaren bizigarritasuna.

3.20. artikulua.

Industrialde edo urbanizazio berrietako hornidurek edo lehendik dauden sareak handitu edo aldatu beharra dakartenek ondotik heldu diren arauei jarraitu beharko diete, aitzineko artikuluetan aipatu denaz gain:

Banaketa sareko instalazioak handitu edo aldatu beharra dakarten hornidurak.

3.21. artikulua.

Mankomunitatearen eskumeneko eremuaren barnean egonik, hornidura sarea ez bada bertaraino iristen edo, nahiz eta sarea iritsi, handitu edo aldatu behar badira inguruan lehendik dauden sareak, hornidura berria emateko kontuan hartu beharko dira horretarako teknikoki dauden aukerak eta Mankomunitateak onesten dituen inbertsio planak.

Mankomunitatea ez da inoiz ere behartua izanen ura presio jakin batekin ematera. Nahi adina ur emateko presiorik ez bada, eskatzaileak berak paratu eta mantendu beharko du gainpresioko sistema partikularra. Sistema horrek beteko du 3.05, 2 artikuluan ezarritakoa.

–Presio-multzoak: (aldaketa argitaratu zen 2003ko 58. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, maiatzaren 9koan):

1. Sare presurizatuko harrera hodiaren neurriak eta sarerako lotura izanen dira presio ekipoak funtzionatzen hasten direnean zerbitzuaren baldintzak ez aldatzeko modukoak, hain zuzen ere lotura puntu horretatik beherago diren urei ez eragiteko.

2. Presio-multzoen neurriari dagokionez, gaitasuna izan beharko dute sustatutako hirigintzako unitate osoa urez hornitzeko (etxeko ura, publikoa eta suteen aurkakoa).

3. Mankomunitateak gainbegiratuko ditu sare proiektua eta obraren exekuzioa, eta ados badago, onartuko ditu. Hartara, egindako sarea jasotakoan, Mankomunitatearena izanen da, eta bere zerbitzuak emateko erabiliko du, betiere indarrean den araudiari jarraituz, eta arduratuko da haren ustiaketa eta mantentze-lanez.

4. Mankomunitateak sarea onartu eta ustiatu arren, ez du erantzukizunik izanen abonatuen aldera baldin eta ur hornidura falta bada presio-multzoetako gabeziak direla medio.

5. Hirigintza-sustatzaileak, sustatzaile gisa dabilenean, eta jabe partikularrek, hirigintza-sustapena bukatutakoan, ezin izanen diote Mankomunitateari eskatu zerbitzua ematea dokumentu honetan ezarritakoez besteko baldintzetan.

–Pertsona (edo entitate) sustatzaileen eta ukitutako erabiltzaileen betebeharrak:

Pertsona (entitate) sustatzaileen kontura izanen dira:

1. Sare presurizatuak behar bezala funtzionatzeko beharrezko ekipo eta hodiak paratzeko kostuak.

2. Ekipoak paratu eta abiarazteko behar diren lizentzia eta baimen guztiak lortzea.

Une oro, sare presurizatura lotutako erabiltzaileen kontura izanen dira:

1. Presio multzoak berrezartzeko, ustiatzeko eta mantentzeko lanen kostuak.

2. Presio-ekipoen matxura edo okerreko funtzionamenduaren ondorioz gertatutako ur gabeziak ukitutakoei eman beharreko kalte-ordainak, ur beharra presakoa denean (suteak eta beste).

3. Sareko ihesengatik gertatutako kontsumo handiagoen energia gainkostuak.

4. Erabilera publikorako egindako kontsumoen energia gainkostuak.

3.22. artikulua.

Hornidura sarea iritsi ez edo, nahiz eta iritsi, behar adina hornitu gabeko lekuetan hornidura berria eskatzen duenak bere kontura eta fondo galdura ordaindu beharko du sarearen handitzea edo aldatzea, baldin kontsumo eskaera berria atenditzeko beharrezkoa bada. Eskatzen den hornidura berriaren tokia dagoenean etorkizunean ustez hornitzaile berriak izanen dituen hirigintza unitate baten barnean, eskatzaileak eraiki beharko du sare bat hornidurari konponbidea ematen diona eta betetzen duena hirigintza azterlanean ezarritakoa (etorkizuneko eskaerari erantzuteko gaitasuna), bere kontura eta funts galdura.

Mankomunitatearen sare orokorren zati izanen dira aurreko paragrafoko baldintzen arabera egiten diren sare berriak edo lehendik dauden sareen zati berriak, baina horrek ez dio inolako kosturik eraginen.

Mankomunitateak ezarriko du zer baldintza tekniko bete behar dituen sare berriak edo lehendik dauden sareen zati berriak, eta, sareak egiten diren bitartean, begiratuko du baldintzak betetzen direla.

3.23. artikulua.

Aitzineko artikuluetan aipatzen dena betetzeko, ulertuko da toki bat ez dagoela behar adina horniturik baldin eta hargunea egin behar den lekuan ez badago banaketa sarerik. Halaber, ulertuko da toki bat ez dagoela behar adina horniturik baldin eta hargunea egiteko zehazten den lekuan ez badago behar adina ur eskatzen den hornidura berrirako, behin kenduta toki horretako kontsumoa atenditzeko lehendik lotuak dauden ur kantitateak.

Hornidura industrialde edo urbanizazio berrietan.

3.24. artikulua.

Industrialde edo urbanizazio berriren bat hornitu behar denean, sustatzaileak ordainduko ditu oso-osorik bertako sarea egiteko gastuak, baita behar diren gastuak ere industrialde edo urbanizazioko saretik lehendik diren sare orokorretaraino harguneak egiteko edo horiek indartzeko egin beharreko obretarako.

3.25. artikulua.

Industrialde edo urbanizazio berrien proiektuak onetsi baino lehen, eta, nolanahi ere, obra lizentzia eman baino lehen, Udalak edo Kontzejuak honela jokatuko du:

1. Mankomunitatearen txostena eskatu beharko da, uraren benetako hornidura eta saneamendu aukerei buruz, baita aipatutako proiektuek edo obrek Mankomunitateak ezarritako agindu teknikoak jasotzeari buruz ere.

2. Hiru alderdiren arteko hitzarmen gisa (sustatzailea, Udala edo Kontzejua, eta Mankomunitatea) arautuko dira urbanizazioa Udalari emateko modua eta baldintzak eta sareak Mankomunitateari atxikitzeko modua eta baldintzak.

3. Kasu horietan Mankomunitateak urbanizazioaren edo industrialdearen sustatzailea behartzen ahalko du ordaintzera hargunearen eskubideak, oro har edo banan-banan, dagokiona, Mankomunitatearen ordenantza fiskalean ezarritakoaren arabera.

3.26. artikulua.

Aurreko 3.22 artikuluko baldintzek ez ezik, industriarako, merkataritzarako, nekazaritzarako edo abeltzaintzarako jarduerek ere mugatuko dituzte landa-lurzoruetako edo lurzoru urbanizaezinetako hornidurak, baldin eta jarduera erregelamenduz inskribatuta badago arlo horretan eskumena duen erakunde publikoaren aurrean.

Neurketa ekipoak.

3.27. artikulua.

Abonatu bakoitzak egiten dituen ur kontsumoak kontrolatuko dira neurketa ekipoen bidez, zeinak nahitaez instalatuko baitira instalazio orokorrean edo, halakorik ezean, partikularrean.

Mota hauetako neurketa ekipoak paratzen ahalko dira:

–Kontagailuak

–Emari-neurgailuak.

–Ekipo bereziak.

Kontagailua duen neurketa ekipoa: aparatu mekaniko bat edukirik, bertatik pasatzen den ur bolumena adierazten duena, kontsumoari dagokionez bere edukieraz beste emari-mugarik gabe.

Neurketa ekipoa: emari-neurgailua duena, aparatu elektromekaniko edo elektriko bat edukirik, bertatik pasatzen den ur bolumena adierazten duena, kontsumoari dagokionez bere edukieraz beste emari-mugarik gabe.

Ekipo bereziak dira Venturi-ren hodiak, isurbideak eta diafragmak, bai eta ur emaria neurtzeko Mankomunitateak onartutako beste edozein sistema edo aparatu ere.

3.28. artikulua. (Aldaketa argitaratu zen 2015eko 2. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, urtarrilaren 5ean):

1. Erregelamenduaren aldaketa honek indarra hartzen duen momentutik, Mankomunitatearen jabetzakoak izanen dira erabiltzaile bakoitzaren ur kontsumoak neurtzeko instalatuko diren neurketa ekipo guztiak, bai kontagailu parkearen berritzeagatik jarritakoak, bai instalazio berria izateagatik jarritakoak.

2. Paratutako kontagailua soilik Mankomunitateak maneiatzen ahalko du, edo berak baimendutako langileek, behar bezala kreditaturik.

3. Jabetza pribatuan (bateriak, armairuak, etxe barneak, nabeak edo lokalak etab.) kokaturiko kontagailuen bi alboetan giltza bana ezarriko da, bata haren aurretik eta bestea ondotik. Erabiltzailearen kontura izanen dira kontserbazio eta mantentze-lanak, hala nola Mankomunitateak funtzionamendu txarragatik edo giltza horien erabilera okerragatik egin beharko dituen jarduketak.

4. Beti erabiltzailearen zaintza arretatsu eta ardurapean gelditzen dira barneko instalazioa eta hartan kokaturiko kontagailua (fatxadan paraturiko paretako armairuak ere hartzen dira abonatuaren jabetzako barreneko instalaziotzat, erregelamendu honen 3.07.6 artikuluak dioen gisara). Erabiltzaileak bere burua behartuko du Mankomunitateko enplegatuei laguntzera edo hark baimenduriko langile behar bezala kreditatuei laguntzera kontagailura eta barneko instalaziora iristera.

3.29. artikulua.

Abonatuak neurketa eta kontrolerako ekipamenduak zaintzeko ardura izanen du. Jabeak (abonatua edo Mankomunitatea) behar bezala mantendu beharko ditu, eta berriak jarri beharko ditu haien erabilgarritasun-aldia iraungi ondoren, eta Mankomunitateak izanen du horiek erabiltzearen ardura, eta erabileraren ondorioen erantzukizuna izanen du.

3.30. artikulua. Kontagailuen balio-bizitza (2020an aldatua):

–Kontagailuen balio-bizitza 12 urtekoa izanen da, paratzen direnetik hasita.

–Epe hori iraganik, Mankomunitateko langileek ordeztuko dituzte, edo berak izendatzen dituen paratzaile baimenduek. Arestian zehazturiko epea salbuespenez luzatzen ahal da, suteen kontrako instalazioak kontrolatzeko jarritako kontagailuetan, baldin ez bada erabilera sistematikorik egin, baizik eta noizbehinkakoa edo aldian behingoa, eta, halakoetan, kontagailuak ez badu erregistratu haren funtzionamendu zuzena baldintzatzen duen kontsumo nabarmenik, betiere Mankomunitateak hala egiaztaturik ikuskapen baten bitartez.

3.31. artikulua. (Aldaketa argitaratu zen 2015eko 2. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, urtarrilaren 5ean):

1. Mankomunitateak eginen ditu, edo berak baimenduriko langileek (behar bezala kreditaturik) eginen dituzte, kontagailuen kontserbazio, mantentze eta ordezkatze lanak, Mankomunitatearen bizkar. Eginbehar horretatik kanpo gelditzen dira maneiatze ez-bidezkoarengatik, gehiegi erabiltzeagatik, hondamendiagatik eta izozteagatik suerta litezkeen matxurak, azken kasu horretan kontagailuak daudenean higiezinaren barnean; kasu horietan, Mankomunitateak eginen ditu kontagailuaren mantentze-lanak eta ordezteak, erabiltzailearen bizkar.

2. Erabiltzaileari dagokio ongi mantentzea kontagailuaren erabilgarritasuna eta isolamendu termikoa, bai eta kokaturik dagoen armairu edo barrutiarena ere, neurketa ekipoak daudenean barneko instalazioetan edo kontagailu multzoetan, haiek ongi funtzionatzea bermatzeko. Mankomunitateak eskumena izanen du bidezko jotzen dituen ikuskatzeak, egiaztatzeak eta ordezteak egiteko.

3. Debeku da kontagailua paratzean Mankomunitateak ezarritako zigiluak eraldatzea.

3.32. artikulua.

Ustekabeko edozein gorabehera dela medio zigiluetakoren bat hausten bada, Mankomunitateari abisu eman beharko zaio 24 orduko epearen barnean.

Neurketa ekipoa hautsi delako edo gaizki dabilelako konpondu behar bada, Mankomunitateak haren ordezko beste bat emanen dio abonatuari aldi baterako.

3.33. artikulua.

Neurketa ekipoen gaineko egiaztapenak eginen dira Mankomunitateari egokia iruditzen zaion aldiro edo abonatuak berak eskatzen duenean. Abonatuak eskatutako egiaztapena eginda, neurketa ekipoa funtzionatzeko egoera onean dagoela ikusten bada, lan horren gastuak eskatzailearen kontura izanen dira, ordaindu beharko baitu egiaztapenari dagokion tarifa. Neurketa ekipoa egoera onean dagoela ulertuko da, baldin eta neurketako akatsak, halakorik baldin bada, indarra duen araudian onartzen den tartearen barnean badaude.

Neurketa ekipoaren egiaztapena egin eta gaizki dabilela ikusten bada, dena delako administrazio publikoko erakunde eskudunak behar den likidazioa eginen du, bat etorriz Argindarraren Horniduraren Egiaztapenari eta Erregulartasunari buruzko erregelamenduarekin.

3.34. artikulua.

Erabiltzaileari ordainaraziko zaizkio neurketa ekipoak paratzeko, mantentzeko eta, hala behar denean, alokatzeko gastuak, Mankomunitatearen ordenantza fiskalean ezarritako kasuetan eta moduan.

3.35. artikulua.

Neurketa ekipoak paratzean, beteko dira Industria Ministerioaren Oinarrizko Arauak (1976ko urtarrilaren 13ko Estatuko Aldizkari Ofiziala).

Oro har, neurketa ekipoak finkako sarreran paratuko dira, erraz iristeko moduko tokietan eta Mankomunitateak homologatutako sarraila duten geletan.

Hargune luzeak (10 m-tik gorakoak) dituzten hornidurek neurketa ekipoak paratu beharko dituzte hargunearen abiapuntutik 6 m-ko tartean, gehienez. Kasu horietan Mankomunitateak xedatutakoari jarraituko zaio beti.

Etxebizitza eraikinetan, neurketa ekipoak eraikineko atarian paratuko dira, edo, solairu bakoitzean ekipamendu bat paratzen bada, eskailera-buruetan. Kasu horietan, kontagailuak gordetzeko armairuek izan beharko dituzte argi elektrikoa eta zuzeneko hustubidea. Armairuen neurriek ahalbidetuko dute neurketa ekipoak erraz mantentzea eta ordeztea, baita zuzenean bistaratzea ere.

3.36. artikulua.

Abonatuak aldatzen badu bere ohiko kontsumoa edo kontsumo hori ez bada hornidura eskatu zuenean deklaratu zuena, eta, beraz, neurketa ekiporako jarritako neurriak desegokiak badira kontsumitu den ura behar bezain zehatz kontrolatzeko, neurketa ekipo berri bat paratu beharko da, bere neurrietan egokitua, egiazki kontsumitzen denaren arabera.

Ulertuko da abonatuak bere ohiko kontsumoa aldatu duela, edo kontsumo hori ez dela hornidura eskatu zuenean deklaratu zuena, baldin Mankomunitateak egiten dituen egiaztapen teknikoen ondorioz ikusten bada paratutako neurketa ekipoa ez dela egokia egiazko kontsumoetarako, fabrikatzaileak ematen dituen ezaugarrien barrenean.

Neurketa ekiporen bat aldatu behar bada, Mankomunitateak baimena du beste baldintzarik bete gabe hura aldatzeko.

3.37. artikulua.

Hornidura hartzen duen eraikin, lokal edo dena delako tokian aldaketa edo konponketaren bat egiteko, baldin ukitu behar bada kontagailuaren instalazioa edo bertara jotzeko bidea, Mankomunitatearen baimena beharko da aurretiaz.

4. ATALA

Saneamendu zerbitzua

3.38. artikulua.

Saneamendu zerbitzuari oro har aplikatuko zaizkio aitzineko atalean aipatu diren xedapen guztiak, non ez diren hornidura zerbitzuari esklusiboki dagozkionak, batere ukatu gabe ondoko artikuluetan finkatzen diren arau bereziak.

Aurreko paragrafoan aipatzen direnei buruz, jartzen duenean "hornidura", "banaketa edo hornidura", "kontsumoak" eta "horniturik", ulertuko da hemen dela "hustuketa", "saneamendua", "isurketak" eta "hustuketa duena", hurrenez hurren.

3.39. artikulua.

Mankomunitatea ez da inola ere beharturik egonen galtzada lerrotik behera 0,80 metro baino barrenago dagoen isurketa kotarik ematera. Isurketaren bat kolektorearen azpiko kotaren batean bada, eskatzailearen kontura izanen da hondakin urak gorago ekartzeko sistema instalatu eta mantentzea.

3.40. artikulua.

Saneamenduko hargunea saneamenduko sareari lotuko zaio Mankomunitateari egokiena iruditzen zaion tokian, eta, behin egin ondotik, harena izatera igaroko da.

Saneamenduko harguneak diseinatu eta eraikitzean, ziurtatu beharko da estankoak direla, bereziki saneamendu sarearekin lotzen diren puntuan. Enpresak exijitzen ahalko du kutxatilak jar daitezela, hala hargunea hasten den tokian nola sarearekin lotzen den puntuan, bai eta erregistro-kutxatilak egin daitezela ere eraikinaren barnean. Hori dena egin beharko da Mankomunitateak emanen dituen jarraibideen arabera. Nolanahi dela ere, saneamenduko harguneen proiektuak eta ondoriozko obrek bermatu beharko dute egiturek iraunen dutela eta jasanen dela garraiatu beharreko uren gogortasuna.

3.41. artikulua.

Hustuketa zerbitzua hartzen duten eraikin edo finka guztiek beren barreneko instalazioan eduki beharko dute euri urak eta ur beltzak bereizteko sistemaren bat. Ur beltzen hargunea saneamendu sare publikoari lotuko zaio. Euri uren hargunea euri uren sare publikoari lotuko zaio, halakorik baldin bada, edo bestela zuzenean isuriko du ura eremu publikora, toki-erakunde bakoitzak onetsitako hirigintzako araudiaren arabera.

3.42. artikulua.

Mankomunitatearen ustez beharrezkoa edo komenigarria bada isurketen kontrol berezi bat egitea, berak diseinatuko du nahitaez instalatu beharreko isurketak neurtzeko aparatua eta adieraziko du nola kokatu behar den. Mankomunitateak exijitzen ahalko du egin daitezela isurketen laginak hartzeko kutxatilak, berak onetsitako diseinuaren arabera.

3.43. artikulua.

1. Saneamenduko azpiegiturarik gabeko eremuetan, edo behar bezalako saneamenduko azpiegiturarik ez dutenetan, erabiltzaileek bestelako konponbideak bilatzen ahalko dituzte, hala nola putzu septikoak, kubetak edo irazkiak, baldin eta Mankomunitateak teknikoki onartzen baditu haiei buruzko proiektua eta ondoriozko obra. Konponbideak eta haiek egiteko emandako baimenak behin-behinekoak izanen dira, Mankomunitateak finkatik hurbil saneamendu sarerik ez duen bitartean, hala denean lotura egin beharko baita erregelamendu honetan aipatzen den maneran eta erregelamendu honetan aurreikusitako baldintza orokorrak betez.

2. Saneamenduko azpiegiturarik gabeko eremuetan sartzen dira hargunea hartu behar duen tokian kolektoreen sarerik ez dutenak. Halaber, ulertuko da toki batek ez duela behar bezalako saneamenduko azpiegiturarik, baldin eta hargunea kokatu behar den tokian ez bada garraio ahalmenik edo kotarik aski, heldu den isurketa kopuru berria hartu ahal izateko.

3. Aitzineko puntuetan jartzen duena deusetan ukatu gabe, ez da onartuko saneamendurako bestelako konponbiderik, baldin eta herriko hirigintza arauetan agintzen bada beharrezkoa dela saneamendu zerbitzu arruntaren azpiegiturak eduki behar direla.

3.44. artikulua.

Mankomunitatea ez dago beharturik etxeko instalazio berezirik hartu, garbitu edo saneatzera, non ez dagoen hondakin urak arazteko akordioren bat haren eta instalazio partikularraren jabearen artean, orduan kasu eginen baitzaio adostutakoari.

IV. KAPITULUA

Zerbitzuak kontratatzea

1. ATALA

Kontrataziorako baldintza orokorrak

4.01. artikulua.

Kontratu baten bidez formalizatuko da ur hornidurarako eta saneamendurako zerbitzuen kontratazioa, erregelamendu honetan aipatzen diren helburuetako edozeinetarako eta hemen esaten diren baldintzetan. Kontratua, alde batetik, Mankomunitateak izendatzen duen pertsonak sinatuko du eta, bestetik, zerbitzuak hartzen dituen eraikin, lokal, etxebizitza edo toki itxiaren jabeak edo kasuan kasuko higiezina okupatzeko behar adina titulu duenak, konparazio baterako legezko errenta hartzaileak, biek esku hartzen ahalko baitute zuzenean edo, botererik aski izanik, haien ordezkoa denak.

4.02. artikulua.

1. Edateko uraren hornidura eta/edo hondakin uren hustuketa lortu nahi duenak eskaera aurkeztu beharko du, Mankomunitateak emanen dion eredua erabiliz, eta hori egitearekin batera bere gain hartuko du eskaeran paratu dituen datuen gaineko erantzukizuna. Mankomunitateak ale bat eman beharko dio abonatuari, behar bezala betea eta behar dituen sinadurekin.

2. Eskabidearekin batera honako agiri hauek aurkeztuko dira:

1.–Kokapenaren, iturgintza eta saneamenduko instalazioen eta, halakorik baldin bada, suteetarako instalazioaren planoa.

2.–Udal edo Kontzeju eskudunak emandako obra lizentziaren kopia.

3.–Zanga irekitzeko lizentziaren kopia.

4.–Merkataritzarako edo industriarako lokalak badira, aritzen direnak Jarduera Gogaikarri, Osasungaitz, Kaltegarri eta Arriskutsuen gaineko Erregelamenduaren aplikazio esparruko jardueretan, proiektuaren kopia aurkeztuko da.

5.–Hargunearen trazadurak jabetza pribaturen bat ukitzen badu, kasuan kasuko baimena.

3. Mankomunitateak erabakiz gero ur hornidura eta/edo hondakin uraren hustuketarako zerbitzua ematea, aurreko apartatuetan aipatutako agiriekin behin-behineko hornidura kontratua egiten ahalko da, obrako kontsumorako.

4. Ur hornidura berria eskatzen denean 4.12 (5) artikuluko kontsumoetarako (suteei aurre egiteko), eskatzaileak soilik aurkeztu beharko ditu 1), 4), 5) eta 6) puntuetan aipatutako agiriak eskabidearekin batera. Beti frogatu beharko da barneko hornidura eta saneamendu instalazioek arauzko baldintzak betetzen dituztela. Egiaztapena ordenantza honetan ezarritako moduan eginen da.

4.03. artikulua.

Edateko uraren hornidura eta/edo hondakin uraren hustuketa behin betiko kontratatzeko ondoko agiriak aurkeztu beharko dira, dena delako higiezina okupatzeko behar adinako tituluaren frogagiriaz gainera:

1. Etxebizitzak: bizigarritasun zedula (baldin behin betiko kalifikazioaren edo zaharberrikuntzaren zedula aurkezten bada, bizigarritasun zedularen ordez, etxebizitza lehen aldiz okupatzeko lizentzia erantsi beharko da).

2. Merkataritzako edo industriako lokalak:

1.–Irekitzeko lizentzia.

2.–Lizentzia fiskalean alta emanda egotearen frogagiria.

3.–Jarduera sailkatuaren espedientea; administrazio eskudunak ezarritako neurri zuzentzaileen edukia kontratuari batuko zaio, eskatzaileak horiek betetzeari buruz egindako aitorpenarekin batera.

4.04. artikulua.

Zerbitzuak kontratatzen ahalko dira denbora baterako edo denbora mugarik gabe. Ez da, ordea, denbora mugarik gabe hitzartzen ahal berez iragankorrak diren egoeretarako zerbitzuak, hala nola obretarako, eta abar.

Edateko uraren hornidura eta hondakin uren hustuketa modu berezian ematen ahalko da instalazioak probatzeko, aitzinetik Mankomunitatearen eta erabiltzailearen artean egiten bada hitzarmen bat, non zehaztuko diren zerbitzuen iraupena, kontsumitu gogo den uraren nahiz hustu gogo diren isurketen bolumena, haien ezaugarriak, eta hitzarmena gauzatzeko egin behar diren gastuen zenbatekoa.

Halaber, zerbitzuak behin-behinekoz ematen ahalko dira, gehienez ere sei hilabeteko denboran.

4.05. artikulua.

Kasu berezi batzuetan, hornidura kolektiboa ematen bada, kontratua egiteko beharrezkoa izanen da lehendik eratua egotea ondasun komunitatea edo erakunde juridikoa, bere gain hartuko duena hornidura hartzen duen multzoaren titulartasuna.

Aitzinetik bete beharreko baldintza izanen da, baita ere, eraikinak baldintza tekniko egokiak izatea, etxebizitza edo lokal bakoitza bereiz hornitu ahal izateko.

Esandako hori batere ukatu gabe, gisa honetako horniduren kontratazioa normala izanen da, jabeen komunitateetan dauden zerbitzu komunitarioen kasuan. Kasu horietan ezin izanen da egin kontratu amankomunetik aparteko banakako kontraturik.

Kontratuan paratu beharko dira, zehazturik, aplikatu beharreko tarifa eta gainerako baldintzak. Elkarteko kideek solidarioki erantzun beharko dute, elkarteak Mankomunitatearekin zorrik baldin badu.

Mankomunitateak erabakitzen ahalko du hornidura kolektiboa ematea eta gero jabeen komunitateak onartu, aipaturiko baldintza horiekin.

4.06. artikulua.

Ur hornidura eta hustuketako zerbitzuak eman ziren helburuei atxikita geldituko dira, eta ezin izanen da haietaz baliatu bestelako erabileretarako, zeren halakorik egin nahi bada beste kontzesio bat eskatu beharko baita.

4.07. artikulua.

Tarifa konbinatuak aplikatzen ahal diren kasuetan izan ezik, ur hornidura eta/edo saneamenduko polizak erabilera bakoitzerako finkatuko dira, eta poliza bereziak egin beharko dira tarifa edo baldintza desberdinak aplikatzeko eskatzen duten guztientzat.

Edozein arrazoi dela kausa, abonatuaren polizan sinaturiko kontratuaren baldintza berezietakoren bat aldatzen bada, beste orri bat idatzi beharko da, dagokion data jarrita eta bi alderdiek sinaturik, non paratuko baitira erabaki diren aldaketak.

4.08. artikulua.

Arau orokor gisa, ur hornidurako abonamendua pertsonala eta besterenezina da. Beraz, abonatuak ezin izanen dizkie bere eskubideak hirugarrenei laga, eta ezin izanen du bere gainetik kendu Mankomunitatearekin dituen erantzukizunen karga.

Abonatu batek saldu, errentan eman edo, edozein modutan, galtzen baditu hornitutako higiezina erabili edo harekin gozatzeko eskubideak, zerbitzuan baja emateko eskatu beharko du, higiezinaren gaineko eskubideak galdu dituela ziurtasunez jakiten duen egunetik hasi eta hamabost eguneko epean.

Abonatuak betetzen ez badu aitzineko lerroaldean aipatzen den obligazioa, arau-hauste arina eginen du, dagokion zehapena hartuko du, eta baja emanen zaio ofizioz uraren hornidura zerbitzuan.

Aitzineko kasu horretan, higiezina erabili edo harekin gozatzeko eskubideak bereganatzen dituen pertsona edo erakundeak Mankomunitateari jakinarazi beharko dio, hamabost eguneko epe horretan berean, nahi duela higiezina hornidurarik gabe gelditzea edo, bestela, eskatu beharko du zerbitzuan alta emateko.

Higiezinaz jabetzen denak betetzen ez badu aitzineko paragrafoan aipatzen den obligazioa, arau-hauste arina eginen du, eta dagokion zehapena hartuko du.

Abonatu berriari zerbitzuan alta emateko, titularrak bete beharko ditu erregelamendu honetan aipatutako administrazio baldintza guztiak.

4.09. artikulua.

Polizan sartzen diren klausula berezietan ez da inola ere joko erregelamendu bidez onetsitako aginduen kontra, eta ez da jarriko indarreko tarifa baimendu orokorrak gainditzen dituen preziorik.

2. ATALA

Kontratuaren etendura eta amaiera

4.10. artikulua.

Mankomunitateak abonatuei eteten ahalko dizkie uraren hornidura eta/edo saneamendu zerbitzuak, administrazio publikoan eskumena duen erakundeak espresuki emandako aginduaren bidez edo hari aitzinetik jakinarazita, honako kasu hauetan eta prozedura honi segituz:

1. Mankomunitateak egindako edozein zerbitzuren ordainagiria kobratzen hasten denetik hiru hilabeteko epean abonatuak ordaintzen ez duenean.

2. Iruzurragatiko likidazio irmotik edo horren berrerorketa frogatutik sortzen diren zenbatekoak ordaindu ez direnean.

3. Abonatuak erabiltzen badu ematen zaion ura kontrataturiko polizan esaten den ez bezala edo finkatzen diren erabileretatik aparteko beste zerbaitetarako.

4. Abonatuak egiten dituen isurketetan betetzen ez badira polizan baimendutako baldintzak, eta, oro har, abonatuak betetzen ez dituenean isurketen gainean emandako arauak.

5. Abonatuak txertatzen uzten badu edo txertatzen baditu adarrak bere instalazioan, bere abonu polizan sartzen ez diren beste lokal edo etxebizitza batzuetara ura desbideratzeko.

6. Abonatuak ez badie kontrataturiko hornidura hartzen duen lokalean sartzen uzten Mankomunitateak baimendutako langileei, Mankomunitatearen lanorduetan eta beren dokumentazio eta nortasun agiri guztiak dituztela, instalazioak ikuskatu eta kontsumoa neurtzera joaten direnean. Kasu horretan beharrezkoa izanen da sarrera ukatzea bi lekukoren edo agintaritzaren agenteren baten aitzinean.

7. Abonatuaren utzikeriagatik, sarean arazoren bat eragin eta hura zuzentzeko ekiporik ez paratzea, eskumena duten erakundeek hura zuzentzeko emandako epea iragan eta gero.

8. Abonatuak bere instalazio partikularrean matxura izan eta behar den konponketa egiten ez badu, Mankomunitateak eskatu eta gero, bereziki ur-ihesaren kasua bada.

9. Eta, oro har, abonatuak larriki hausten baditu erregelamendu honetan aipatzen diren aginduak edo betetzen ez baditu abonu polizan finkatzen diren baldintzak.

Kasu horietan, eta uraren hornidura eta/edo hondakin uren hustuketako kontratuan aipatzen diren gainerakoetan, organo eskudunak hasiera emanen dio kontratua eteteko espedienteari, legez ezarritako prozeduraren arabera. Abonatuari hori jakinarazi eta 10 eguneko epea emanen zaio, egokiak iruditzen zaizkion alegazioak egin ditzan.

Alegazioak aztertu ondotik, frogaturiko egintzak ukatzen ez badituzte, organo eskudunak emanen du kontratua eteteko ebazpena, zeina jakinaraziko baitzaio interesdunari, eta momentu horretatik aitzinera mozten ahalko zaio hornidura.

Hornidura mozteko jakinarazpenean paratuko dira abonatuaren izena eta helbidea, hornidura mozteko arrazoia, eta Mankomunitatearen merkataritza bulegoen izena, helbidea, telefonoa eta ordutegia, han konpontzen ahalko baitira mozketa ekarri duten arazoak.

Etenak eta lotura berriak sortzen dituzten gastuak abonatuaren kontura izanen dira.

4.11. artikulua.

Kontratua eta, beraz, hornidura deuseztaturik geldituko dira, besterik gabe, honako arrazoi hauetako edozein izanez gero:

1. Abonatuak deuseztapena formalki eskatzen badu, eta horretarako nahikoa izanen da Mankomunitatearen bulegoetan jakinarazpen idatzi bat aurkeztea, horniduraren titularrak edo legez baimendutako pertsonak sinaturik, baja eman baino bost egun lehenago bederen, eta azkeneko neurketa ordaintzea. Horrela egiten ez bada, kasuan kasuko batez besteko kontsumoa halako bi kobratuko da.

2. Kontratuari zegokion iraupena amaitzen bada, denbora jakin baterako egina denean.

3. Kontrataturiko horniduraren titularrak galtzen badu hornitutako lokal, finka edo toki itxiaren gaineko erabilerarako jabaria.

4. Ez ordaintzeagatik mozketa egin ondotik, mozketaren egunetik hasi eta hiru hilabeteko epean abonatuak ordaindu ez baditu ordaindu gabekoak eta berriz lotzeko tasa, batere ukatu gabe Mankomunitateak dagozkion bideen bitartez zorra exijitzeko duen eskubidea eta sortutako kalte-galerak ordaindu beharra.

5. Mankomunitatearen kontratuak eta, ondorioz, hornidurak deuseztatzen ahalko dira, nahitaez bete beharreko xedapen arauemaileak erabat hautsiz gero edo erregelamendu honetan aipatzen diren nahitaezko betebeharrak ez betez gero.

3. ATALA

Zerbitzuen erabilera motak

4.12. artikulua. (2020an aldatua).

Ur hornidurak emanen dira bakar-bakarrik helburu hauetarako:

1. Etxeko erabilerak: horietarako kontsumoaren barrenean sartzen dira edateko erabilera, garbitzekoa, higienerakoa eta gainerako behar arruntak, behar den bizigarritasun zedula edo antzeko agiria eduki behar duten etxebizitza edo toki itxietan, horien bidez Mankomunitateak bere iritziz egiaztatu ahal izan dezan bizigarritasuna.

2. Industriarako eta merkataritzarako erabilerak: horietarako kontsumoaren barrenean sartzen dira lantegiak, dendak, ostalaritzako establezimenduak eta, oro har, jarduera lizentzia behar duten guztiak, bai eta erabilera pribatuko lokalak, biltegiak, garajeak eta erabili gabeko etxabeak ere.

3. Udal eta kontzejuen erabilerak: horiek dira Mankomunitateko kideak diren toki-erakundeen eta horien mendeko erakundeen eraikinetarako eta instalazioetarako direnak.

4. Obrak egiteko hornidurak: horiek dira xedea dutenak eraikuntza nahiz konponketa obren beharrak asetzea, eta, oro har, mota guztietako obren beharrak asetzea.

5. Suteen aurka aritzeko hornidurak: horiek dira erabiltzen direnak espresuki hornitzeko eraikin, lokal edo toki jakin bateko suteak itzaltzeko egokitutako edozein instalazio. Horrelakoak abonatuak erabiltzen ahalko ditu libreki, soilik sute edo ezbeharren kasuan beharrezkoa bada. Mota horretako hornidurak egiten badira noizbehinka instalazioa probatzeko, Mankomunitatearen baimena beharko da, eta hark finkatzen dituen orduan eta baldintzetan egin beharko dira.

6. Ongintza eta irakaskuntzako erabileretarako hornidurak: horiek dira giza kontsumoaren beharrak asetzen dituztenak ongintza publikorako edo hezkuntzarako soil-soilik diren zentroetan, baldin eta ofizialki halako izaera onartua badute.

7.1. Ureztaketarako, iturri publikoetarako, apaindurarako eta aisia publikorako hornidurak: horiek dira aipatutako elementuak hornitzeko direnak eta, oro har, titulartasun eta erabilera publikoko edozein elementu apaingarri hornitzeko direnak.

7.2. Ureztaketa, apaindurak eta aisia finka partikularretan: hornidurak, ureztaketak egiteko finka pribatuetan, igerileku pribatuak betetzeko, eta, oro har, titulartasun pribatuko instalazio pribatuetan egiten diren josteta- edo aisia-erabileretarako.

8. Zerbitzu berezietarako hornidurak: une jakin bateko behar iragankorretarako egiten direnak, edozein motatako beharretarako.

Horrelako hornidurak eman ahal izateko, ikusi egin beharko dira hornidura eskatzen den tokian Mankomunitateak dituen instalazioen ahalbideak eta biztanleen behar orokorrak. Betiere, hornidura behin-behinekoz eta epe jakin baterako emanen da.

4.13. artikulua.

Obren eraikuntzarako eta zerbitzu berezietarako hornidurak denbora mugatu baterako kontratatuko dira, prekarioan eta kontuan hartuz herritarren behar orokorrak. Hornidura horiek ematearekin, haiek kontratatzeko momentuan berean, abonatua beharturik egonen da likidatzera enpresak finkatzen dituen diru kopuruak eta hornidura egiteko behar den instalazioa muntatzeko gastuak.

Gainerako erabileretarako hornidurak denbora mugarik gabe kontratatuko dira.

V. KAPITULUA

Kontsumoak, fakturazioa eta ordaintzeko modua

1. ATALA

Kontsumoak zehaztea

5.01. artikulua.

Abonatu bakoitzak egiten dituen kontsumoak prozedura hauen bidez zehaztuko dira:

1. Zuzeneko irakurketa. Neurketa ekipoaren irakurketan lortutako kontsumo datuen arteko aldeari erreparatuz. Mankomunitateko langileek irakurriko dituzte datu horiek, edo Mankomunitateko enplegatuak ez izanda ere hark kreditatzen dituen pertsonek, ordenantza fiskalak kasu bakoitzerako ezartzen dituen tarteetan. Kontrako froga egiaztaturik ez badago, irakurketa horrek adieraziko du abonatuak egindako kontsumoa zenbatekoa den.

2. Abonatuak irakurrita. Baldin, Mankomunitatearen borondatez kanpoko arrazoiengatik, ezinezkoa gertatzen bada haren langileek ikustea zer datu ageri diren abonatuaren kontsumoak kontrolatzen dituen neurketa ekipoan, abonatuak berak emanen ditu datuak, ondoko bost egunen barrenean. Horretarako, erabiliko du hornidura puntuan horretarako dagoen inprimakia; hor idatziko ditu neurketa ekipoan erregistratu diren datuak.

3. Kontsumoen zenbatespena. Irakurketa egiterakoan ezin denean jakin zein den benetan egindako kontsumoa, neurketa ekipoaren arabera, abonatua bertan ez egoteagatik, eta abonatuak betetzen ez badu aurreko artikuluan ezarritako betebeharra, ezarriko da kontsumitu dela aurreko urteetako garai berean egindako kontsumoaren batezbestekoa, izanez gero hamabi hilabete baino aintzinatasun handiagoa. Bestela, enpresak berak zenbatetsiko du kontsumoa, kontuan hartuz zenbat kontsumitu duen berak dituen fakturazio guztien denboran. Zenbatespenaren bidezko fakturazioa kontura eginen da, eta irakurketa-indizeen arteko aldea jakin ondoren egiten den lehenbiziko fakturari kenduko zaio haren zenbatekoa. Abonatuak neurketa ekipotik hartu eta Mankomunitateari ematen dizkion datuak ez badatoz bat abonatu horrek egin ohi duen kontsumoarekin, orduan ere kontsumoen zenbatespena egiten ahalko da.

4. Kontsumoak ebaluatuz, baldin neurketa ekipoa irakurtzean zerbait gaizki dagoela ikusten bada edo indize bakarra badago, aurrekoa baliogabea delako. Kontsumo ebaluatua kalkulatzeko, aurreko atalean azaldutako prozedurari jarraituko zaio. Kontsumoaren ebaluazioa bidezkoa izanen da, halaber, kontagailurik gabeko puntuetako hornidura berezietan, eta Mankomunitateak eginen du, kontzesioaren unean ezarritako eta abonatuak onartutako sistema edo indize eta baldintzei eutsiz.

5.02. artikulua.

Aurreko ataletan aipatzen diren kasuetan, denbora-tarte horiei dagokien fakturazioa egitean, Mankomunitateak kontsumoak zenbatetsiko ditu edo, bestela, kontsumo hori hurrengo denbora-tarteari gehituko dio, gero bietako kontsumoen batuketa egiteko.

5.03. artikulua.

Baldin matxura, hornidura etetea, agorte luzea edo beste edozein arrazoi dela medio urritzen bada hornitzeko uraren bolumena, lehentasuna emanen zaio erabilera beharrezkoenetarako hornidurari, hots, ur faltak jendeari edo ekonomiari kalterik handienak ekartzen ahal dizkienari.

2. ATALA

Fakturazioa eta ordaintzeko modua

5.04. artikulua.

Mankomunitateak ur hornidura eta saneamendurako zerbitzuak fakturatuko ditu une bakoitzean indarra duten tarifak aplikatuz, Mankomunitatearen ordenantza fiskalean kasu bakoitzerako ezarritako baldintza eta epeetan.

5.05. artikulua.

Arau orokor gisara, Estatuak, Foru Komunitateak edo udal eta kontzejuek ezartzen dituzten tributuak, Mankomunitatea zergadun duten ur hornidura eta kontsumorako instalazioen edo haien erabileraren gainean, ezin zaizkio besterik gabe abonatuari jasanarazi, non ez duen bestelakorik agintzen tributua sortzen duen arauak, eta betiere batere ukatu gabe haien zenbatekoa tarifan sartzea, kostua bezala. Aitzineko hori horrela izanik ere, abonatuaren kontura izanen dira hornidura kontratua sinatzeko formalizatu behar den dokumentazioa nola edo hala kargatzen duten zergak, arielak, eskubideak edo bestelako gastuak.

5.06. artikulua.

Ur hornidurarako eta saneamendurako zerbitzuagatik abonatuari egiten zaizkion ordainagiriek izanen dituzte une oro indarra duten legeetan eskatutako zehaztapenak. Ordainagirietan jasoko dira tarifak, kontsumoak eta erabiltzaileek jakin beharreko gainerako datuak, argi eta erraz ulertzeko moduan.

5.07. artikulua.

Ordenantza fiskalean bestelako prozeduraren bat ezarri ezik, abonatuak ondoko sistemen bidez ordaintzen ahalko ditu Mankomunitateak fakturatutako zenbatekoak:

1. Eskudirutan, Mankomunitateko Gordailuzaintzan edo kobrantzarako gaitutako banku edo aurrezki kutxetan.

2. Abonatuak ematen duen banku kontuan helbideratuta.

3. Posta-igorpenaren edo taloi adostuaren bidez.

5.08. artikulua.

Modu berezian arautzen ahalko dira, kasu bakoitzean, Mankomunitateko edo Uraren Ziklo Integralaren Ataleko kideak ez diren toki-erakundeei ematen zaizkien hornidura eta saneamendu zerbitzuen fakturazio araubidea eta kobrantza, 2.06 artikuluan ezarritakoaren arabera.

VI. KAPITULUA

Arau-hausteak, iruzurrak eta zigorrak

1. ATALA

Arau-hausteak

6.01. artikulua.

Abonatuaren arau-haustetzat hartzen da ez betetzea erregelamendu honen artikuluetan ezartzen diren betebeharrak eta baldintzak.

6.02. artikulua.

Arau-hausteak, beren garrantzi eta ondorioen arabera, arinak eta larriak izaten ahal dira:

1. Arau-hauste arina izanen da ez betetzea erregelamenduaren honako artikulu eta apartatuetako betebeharrak: 3.04. artikulua, 1., 3. eta 4. apartatuak; 3.05 artikulua, 4. eta 6. apartatuak.

2. Arau-hauste larria izanen da ez betetzea erregelamenduaren honako artikulu eta apartatuetako betebeharrak: 3.04. artikulua, 2., 5., 6. eta 7. apartatuak; 3.05. artikulua, 1, 2., 3., 5., 7., 8., 9., 10. eta 11. apartatuak; baita edozein arau-hauste arinetan berrerortzea ere.

6.03. artikulua.

Iruzurtzat joko dira edozein abonatuk Mankomunitatearen aurka eta irabazi-asmoa izanda egiten dituen ekintzak.

6.04. artikulua.

Aurreko artikuluak xedatutakoaren arabera, bereziki iruzurtzat hartuko da kontra egitea erregelamendu honen 3.05. artikuluko apartatu hauei:

1. Lehenbiziko apartatua: presio diferentziaren ondorioz neurketa ekipoaren funtzionamendu egokiari traba egiten zaionean.

2. Seigarren apartatua: abonatuari irabazi ekonomikoa etortzen zaionean.

3. Zortzigarren apartatua.

4. Bederatzigarren apartatua.

2. ATALA

Zehapenak

6.05. artikulua.

Erregelamendu honetan aipatzen diren arau-hauste arinek Mankomunitatearen ohartarazpena ekarriko dute, eta abonatua beharturik egonen da bere egoera zuzentzera, hala eskatzen zaion kasuetan, hamabost eguneko epean eta bere gain hartzen dituela horrekin sortzen diren gastu guztiak.

6.06. artikulua.

Erregelamendu honetan aipatzen diren arau-hauste larriek ekarriko dute errekargu gisa 250 metro kubiko ur fakturatzea, erabilerari dagokion tarifako prezioan baloratuak, barne sarturik hornidura, saneamendua eta jasanarazten ahal diren zergak. Hori dena, batere ukatu gabe hornidura eteteko aukera, hala behar den kasuetan, Mankomunitateak egiaztatzen duen arte instalazioa bere lehengo egoerara ekarri dela, eta batere ukatu gabe, ezta ere, abonatuak bereganatzen ahal dituen erantzukizunak, gertatu den egoeraren erantzule zuzena den aldetik.

Hornidura moztu dela jakinarazten bada, zor den diruaren likidazioari %20 gehituko zaio.

Ez da inola ere hornidura berriz ere emanen, baldin eta abonatuak likidatzen ez baditu egindako arau-haustearen ondorioz sortzen diren gastuak.

6.07. artikulua.

Erregelamendu honetan aipatzen diren iruzur egoerek berekin ekarriko dute, egindako iruzurrarengatik dagokion likidazioa egin behar izateaz gainera, errekargu gisa 1.000 metro kubiko ur fakturatzea, erabilerari dagokion tarifako prezioan baloratuak, barne sarturik hornidura, saneamendua eta jasanarazten ahal diren zergak.

Egindako iruzur mota dela-eta ezinezkoa bada jakitea zenbat ur kontsumitu den, egindako kontsumoa zenbatetsiko da, arlo horretan indarra duen legerian ezarritako prozedurari jarraikiz.

6.08. artikulua.

Arau-hauste arin batean berreroriz gero, arau-hauste larria bihurtuko da. Arau-hauste larrian berreroriz gero, zigorra halako bi, hiru eta abar bihurtuko da, berrerorketaren tamainaren arabera.

6.09. artikulua.

Tributu arloko arau-hausteak zehatuko dira Toki Ogasunei buruzko foru araudian ezarritakoaren arabera.

6.10. artikulua.

Instalazioak nola edo hala manipulatuz iruzurra egiten denean, kontrataturiko zerbitzuak eten eginen dira, harik eta instalazioak hasierako egoeran berriz utzi arte eta arau-hausleak eragindako gastuak ordaindu arte.

6.11. artikulua.

1. Iruzurra egiten denean, 6.02 artikuluan aurreikusten diren zehapenak ezartzeaz gain, egindako iruzurrari dagokion likidazioa eginen da.

2. Iruzurraren ezaugarriak direla-eta ez dagoenean zehazterik kontsumitutako ur bolumena, aurreko apartatuan aipatutako likidazioa egiteko, kalkulu hau eginen da: iruzurrak iraun duen bitartean egunero hamar orduko kontsumoa egin izan balitz hargunetik pasatuko zen gehienekoa.

Ezinezkoa bada iruzurrak zenbat denbora iraun duen zehaztea, kasu bakoitzaren inguruabarrak eta zantzuak ikusirik, likidazioan denbora-eskala hau erabiliko da:

1.–Iruzurrak gutxi gorabehera hilabete iraun badu: hogeita bost egun.

2.–Hilabetetik hiru hilabetera bitarte iraun badu: hirurogei egun.

3.–Uste bada hiru hilabetetik sei hilabetera bitarte iraun duela: ehun eta berrogeita hamar egun.

4.–Uste bada sei hilabetetik urtebetera bitarte iraun duela: hirurehun egun.

5.–Urtebetetik gora iraun badu: zazpiehun eta hogeita hamar egun.

6.12. artikulua.

Arau-hauste larriak eta tributu arlokoak egiteagatik, zehapenak ezarriko ditu kasu bakoitzean eskumena duen Mankomunitateko organoak, betiere betez toki-erakundeen araudia eta erakunde horretako organoen eskumenei buruz haren estatutuetan zehazten diren arauak.

6.13. artikulua.

Nolanahi ere, erregelamendu honek aurreikusten dituen zehapenak ezartzeko, espedientea abiaraziko da, eta hartan entzunaldia emanen zaio interesdunari.

Zehapen espedientea probidentziaren bidez abiaraziko da. Hartan izendatuko dira instruktore bat eta, hala denean, idazkari bat, eta hori guztia jakinaraziko zaio espedientepekoari.

Instruktoreak aginduko du egin daitezela egitateak argitzeko balio duten froga eta jarduketa guztiak, eta kargu orri bat aurkeztuko du. Hartan, egotzitako egitateak adieraziko dira. Plegua interesdunei jakinaraziko zaie, hamabost egunean erantzuna eman ahal izan dakion.

Kargu orriari erantzuna eman edo horretarako epea iragan ondoren, instruktoreak ebazpen proposamena aurkeztuko du, eta hura interesdunei jakinaraziko zaie, egoki juzgatzen dutena alega dezaten hamabost egunean.

Proposamena eta alegazioak igorriko zaizkio espedientea abiarazteko agindu zuen organoari, ebazpena eman dezan.

VII. KAPITULUA

Erreklamazioak eta jurisdikzioa

7.01. artikulua.

Toki Administrazioaren arloko indarreko legeriak ezarritako prozedurari jarraikiz, administrazio publikoko erakunde eskudunak ebatziko ditu zerbitzuen baldintzak direla-eta aurkeztutako erreklamazio, zalantza eta interpelazioak, kasu bakoitzean, administrazio bidea erabiliz. Horrek ez du galaraziko Mankomunitatearen jarduketen eta erabakien aurka egitea, bidezko denean.

7.02. artikulua.

Aitzineko artikuluan ezarritakoa galarazi gabe, justizia auzitegiei dagokie beren eskumeneko aferetan parte hartzea, alderdi interesdunaren eskariz.

7.03. artikulua.

Nolanahi dela ere, Iruñeko epaitegi eta auzitegien jurisdikzioaren menpean jarriko dira erregelamendu honetan araututako zerbitzuen ondorioz abonatuaren eta Mankomunitatearen artean sor daitezkeen auziak, eta uko eginen zaio beste edozein jurisdikziori.

Lehen xedapen iragankorra.–Neurketa ekipoen ezaugarri teknikoak.

(Aldaketa argitaratu zen 2015eko 2. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, urtarrilaren 5ean).

Beren ur kontsumoak kontrolatzen dituen neurketa ekipoaren erabiltzaileek jabetzan atxikiko dute hura harik eta bere balio-bizitzaren epea bete arte eta Mankomunitateak ordeztu behar duen arte; orduan Mankomunitateak bere kontagailuak paratuko baititu. Hala ere, erabiltzaileen jabetzako kontagailuei ere aplikatzekoa zaie erregelamendu honen 3.31.1 artikuluan ematen den araubidea, neurketa ekipoen kontserbazioaz, mantentzeaz eta ordezteaz.

Azken xedapen bakarra.–Erregelamendu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iragarkiaren kodea: L2012215