261. ALDIZKARIA - 2020ko azaroaren 6a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

IMARKOAIN

Ordenantza, Kontzejuko hilerriaren erabilera arautzen duena. Behin betiko onespena

Imarkoaingo Kontzejuko Batzarrak, 2020ko abuztuaren 25ean egin bilkuran, erabaki zuen hasiera batean onestea Imarkoaingo Kontzejuko hilerriaren erabilera arautzen duen berariazko ordenantza. Erabaki hori 2020ko 204. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, irailaren 10ean, eta, inork alegaziorik aurkeztu ez duenez, ordenantza behin betiko onetsirik gelditu da.

Imarkoainen, 2020ko urriaren 10ean.–Kontzejuko burua, Ainhoa Arriaga León.

ORDENANTZA, ARAUTZEN DITUENA IMARKOAINGO HILERRIAREN ERABILERA ETA ESKUBIDEAK ETA TASAK HARTAN ZERBITZUAK EMATEAGATIK ZEIN KONTZESIOENGATIK

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Imarkoaingo hilerria jabari publikoko ondasuna da, zerbitzu publiko akonfesional bati atxikia; haren titularra Kontzejua da eta hari dagozkio bere administrazioa, zuzendaritza eta zaintza, beste agintaritza eta erakundeen esku den hartan izan ezik.

2. artikulua. Imarkoaingo Kontzejuari dagokio:

a) Hilerria zaindu, garbitu eta egokitzea.

b) Lur, hilobi eta gainerako zerbitzuen antolaketa, funtzionamendua, banaketa, erabilera eta aprobetxamendua.

c) Hilobiak ehorzketarako erabiltzeko eskubideen lagapena.

d) Jasotzea ordenantza honetan ezarritako eta etorkizunean legez ezartzen diren tasak eta eskubideak.

e) Eman diren edo etorkizunean ematen diren osasun neurriak betetzea.

f) Hilotzak eta gorpuzkiak ehortzi, hobitik atera eta lekuz aldatzeko lizentziak ematea, hilotzen gaineko osasun arauei jarraikiz.

g) Zerraldo, arropa, jantzi, hil-oihal eta bestelako gauzakien hondarrak suntsitzea, gorpuzkiak izan gabe ere hilobiak hustu eta garbitzerakoan agertzen direnak.

h) Hilobien eta kolunbarioen tokia antolatzea.

i) Hilerriko zerbitzuekin zerikusia izan dezaketen Udalaren bestelako administrazio eskumenak.

j) Erregelamendu hau betetzen dela begiratzea eta, hala ez bada, zehatzea.

Hilerriko barne antolamendua eta gobernua

3. artikulua. Hilerria Kontzejuak erabakitzen dituen orduetan egonen da zabalik, urtaro bakoitzaren ezaugarrien ariora.

4. artikulua. Gauaz espresuki debeku da hilerriaren esparruan edozein lan mota egitea, non ez diren salbuespenekoak eta behar bezala arrazoituak.

5. artikulua. Ehorzketak ohiko ordutegiaren barnean eginen dira. Hala ere, hilaren ahaideek lurperatzeko orduaren berri eman beharko diote aldez aurretik Kontzejuko arduradunari.

6. artikulua. Udalerriko biztanleriaren zentsuaren araberako hilobi kopurua egonen da hilerrian, edo haietarako lur aski bederen bai.

7. artikulua. Hilerrian, ehorzteko ekartzen dituzten hilotz guztiak lurperatuko dira, betiere legezko izapideak bete badira, eta zerbitzu horrengatik ordaindu beharko dira tasen eranskinean aipatzen diren ehorzketa eskubideak.

8. artikulua. Hilerriko lurra lurperatzeko eta hilobietarako eraikuntzak egiteko erabiliko da, ez besterako.

9. artikulua. Titularren betebeharra da hilobiak segur, garbi eta apain edukitzea. Kontserbazio egoera egokia ez denean, Kontzejuko buruak interesdunei eskatuko die hogeita hamar egun naturaleko epean hilobiak egokitzea. Interesdunek egiten ez badute, Kontzejua arduratuko da hilobiak egokitzeaz, eta lan horien kostua ordainaraziko die.

10. artikulua. Kontzejuak eremu bat finkatu du hilerriaren barrenean hilotz erraustuen ontziak (kolunbarioak, alegia) ehorzteko. Horiek ehorzteko nahiz hobitik ateratzeko, ordenantza honetako arauak aplikatuko dira.

11. artikulua. Emakidak honako arrazoi hauek direla-eta iraungitzen ahalko dira:

a) Hilerria desagertzeagatik.

b) Interes publikoagatik.

c) Hobiak behar izateagatik, beste ehorzketa batzuk egiteko.

12. artikulua. Hilotzak hilerrian berean lekuz aldatzeko atera daitezke hobitik, baita beste hilerri batera eramateko ere. Nolanahi ere, osasunari buruz indarra duten xedapenetan ezarritakoari jarraikiz atera behar dira, bisitetarako ez diren orduetan eta osasunaren aldetik behar diren neurri guztiak hartuz.

13. artikulua. Hilobitik ateratzea, ehorzketa berriak egiteko.

Lehenengo lerrotik hasiko da, hilobi zaharrena dagoen izkinatik. Ateratzeko, hamabi urte baino gehiago izanen dituzte eginak. Hamabi urte ez badituzte egin, hurrengora pasako da. Lerroa bukatutakoan, hurrengora pasatuko da, eta, lerro guztiak amaitzen direnean, lehenengora itzuliko da. Hilotzak hobitik zein egun eta ordutan atera behar diren adieraziko zaie hartan interesa dutenei, lan hori ikusi dezaten, hala nahi badute. Epea amaitzeagatik hilotza atera behar denean, ez da inolako gaztigurik eman beharko.

14. artikulua. Hilerrian berean bertze hilobi batera aldatzeko nahiz bertze hilerri batera eramateko atera diren hondarrak ez dira gorputegira eramaten ahal.

15. artikulua. Hiltzeko arrazoiak osasun arriskurik sortu ez badu, baltsamatu gabeko hilotzak baldintza hauetan atera daitezke:

a) Lurpean ehortzitako hilotzak lurperatu zirenetik gutxienez ere hamar urte iraganda atera daitezke, arrunt hezurturik baldin badaude.

b) Hilobi mota guztietan: ehorzketa zinkezko hilkutxan egin baldin bada, edozein unetan atera eta lekualdatzen ahal da, betiere hilkutxa kontserbazio egoera ezin hobean badago. Aipatutakoak baino epe laburragoetan ez da hilotzik ateratzeko baimenik emanen, epaile batek agindu ezean, salbuespenezko kasuetan izan ezik, eta Kontzejuko buruak baimenduta. Ekainetik irailera bitarte, biak barne, ez da hilotzik ateratzeko baimenik emanen, epaile batek agindu ezean.

16. artikulua. Hilotz baltsamatuak atera eta lekuz aldatzeko baimena noiznahi eman daiteke, baina zerraldoaren kanpoko kutxa berria ezarri beharko da, baldin ongi kontserbaturik ez badago.

17. artikulua. Bai hilotz bat ateratzen denean lekuz aldatzeko, bai berriz ere ehorzten denean, horren oharra jasoko da behar den liburuetan.

18. artikulua. Nitxo, hilobi edo kolunbario batean edozein elementu jartzeko, beharrezkoa den baimena lortu beharko da, aldez aurretik Kontzejuari eskaera eginez (I. Eranskina).

Langileak

19. artikulua. Imarkoaingo Kontzejuak eskuordetutako pertsonaren lana da hilerriaren zainketa eta zaintza. Hona hemen haren eginkizunak:

1. Hilerriko ateak ireki eta ixtea, beharrezkoa denean.

2. Nitxoak, hilobiak eta kolunbarioak egokitzea, gorpuzkiak sartzeko.

3. Esparrua garbitu eta zaintzea, behar bezain segur, xahu eta apain egon dadin.

20. artikulua. Ez dagokio Kontzejuari ez eta langile arduradunari ere, gurutzeak, hilarriak eta harlauzak jartzea, ez eta hilobiaren buruan beste edozein apaingarri paratzea ere.

Tasak hilerrian zerbitzu egiteagatik

21. artikulua. Hona hemen zerga-egitateak:

1. Ehorzketak.

2. Ehorzketak eta berrehorzketak.

22. artikulua. Ordenantza honetan araututako zerbitzuren bat eskatzen dutenak dira tasa hauen subjektu pasiboak, pertsona fisiko, juridiko edo, nortasun juridikorik gabe, batasun ekonomikoa edo ondare banatua eratzen duten entitateak izan.

23. artikulua. Zerga-oinarria ordenantza honen tarifen eranskinean agertzen da. Tributu-kuota eta zerga-oinarria berdinak dira.

24. artikulua. Eman ahalko dira hobi berean bi hilotz edo gorpuzki nahiz gehiago batera lurperatzeko lizentziak, baldin eta ehorzketa lekuak behar bezain zehazturik badaude, baina hilotz bakarra lurperatzetik goitiko lanak partikularrak berak egin beharko ditu, bere kontura.

25. artikulua. Hilerri honetako hilobi batetik gorpuzkiak atera eta bertako beste batean ehortziz gero, hilobitik ateratzeagatik eta ehorzteagatik ordaindu beharko dira tasak. Gorpuzkiak beste hilerriren batetik ekarriz gero, ehorzketari dagokion tasa ordainduko da bakarrik.

26. artikulua. Dagozkion zerbitzuak egin eta gero ordainduko dira tasak. Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Legearen 108. artikuluan xedatuari jarraituz, tasak autolikidazio bidez eskatuko dira.

Azken xedapen bakarra.–Ordenantza honek indarra hartuko du eta ondorio juridiko osoak sortuko ditu, testua Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoan. Ordenantza honetan aurreikusi ez den orotan, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Erregelamenduari jarraituko zaio.

I. ERANSKINA

Tasak zerbitzuak egiteagatik eta erabilera emakidengatik

Tasak zerbitzuak egiteagatik.

a) Imarkoainen erroldatuak gertaera eragilea jazo baino bi urte lehenagotik gutxienez:

1. Ehorzketak:

a) Lurrean: zerbitzuaren kostua.

b) Panteoian: zerbitzuaren kostua.

c) Nitxoan: zerbitzuaren kostua.

d) Kolunbarioan: zerbitzuaren kostua.

2. Hobitik ateratzea: zerbitzuaren kostua.

b) Imarkoainen erroldatuak ez daudenak edo bi urte baino gutxiago daramatenak erroldatuta: zerbitzuaren kostua + 100,00 euro.

Tasak kontzesioengatik, lehen 10 urtean.

a) Imarkoainen erroldatuak gertaera eragilea jazo baino bi urte lehenagotik gutxienez:

1. Nitxoa: doakoa.

2. Kolunbarioa: doakoa.

3. Lurreko hobia: doakoa.

b) Imarkoainen erroldatuak ez daudenak edo bi urte baino gutxiago daramatenak erroldatuta:

hilerria erabiltzeko tasaren kostua + 100,00 euro.

Tasak kontzesioengatik, 10 urteko luzapen bakoitzagatik.

a) Imarkoainen erroldatuak gertaera eragilea jazo baino bi urte lehenagotik gutxienez:

1. Nitxoa: 100,00 euro.

2. Kolunbarioa: 100,00 euro.

3. Lurreko hobia: doakoa.

b) Imarkoainen erroldatuak ez daudenak edo bi urte baino gutxiago daramatenak erroldatuta:

Hilerria erabiltzeko tasaren kostua + 100,00 euro.

Hilerria erabiltzeko tasak.

Hilerria erabiltzeko tasa 0 euro da.

Kontzejuak urtero berrikusiko ditu tasak.

Iragarkiaren kodea: L2012080