261. ALDIZKARIA - 2020ko azaroaren 6a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

254E/2020 EBAZPENA, urriaren 9koa, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez berrikusten baita Iruñeko udal-mugartean produktu kimikoak fabrikatzen dituen instalazio baten ingurumen baimen integratua. Instalazioaren titularra Huntsman Advanced Materials (Spain) SL da.

Instalazio horrek badu ingurumen baimen integratua, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak ekainaren 10eko 941/2011 Ebazpenaren bidez emana, gero Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren apirilaren 14ko 128E/2014 Ebazpenaren bidez gaurkotua.

Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginak, zeina abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsi baitzen, bere 26. artikuluan ezartzen du ezen baimenaren baldintzak berrikusi egin behar direla teknika erabilgarri onenei buruzko ondorioak argitaratzen direnetik lau urteko epean. Instalazio honetan egiten den jardueraren sektore industrialari dagokionez, aipatu ondorioak Batzordearen maiatzaren 30eko 2016/902 Erabakiaren bidez eman ziren argitara; erabaki horretan, kimikaren sektorean hondakin gas eta uren tratamendu eta kudeaketa sistema erkideetarako dauden teknika erabilgarri onenei (TEO) buruzko ondorioak ezarri ziren Europako Parlamentuak eta Kontseiluak industria isuriei buruz emandako 2010/75/EB Zuzentarauarekin bat.

Horregatik, 2019ko irailaren 9an, titularrak instalazioa egokitzeko proiektu teknikoa aurkeztu zuen, Batzordearen maiatzaren 30eko 2016/902 Betearazpen Erabakian ezarritako teknika erabilgarri onenei buruzko ondorioak betetzearren, eta, horren ondorioz, instalazioaren baimena berrikusteko prozeduraren tramitazioa hasi zen. Erabaki hori bat dator abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsitako Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 26. artikuluan ezarritakoarekin.

Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak egiaztatu du instalazioa Batzordearen 2016ko maiatzaren 30eko 2016/902 Betearazpen Erabakiak eskatutakora egokitu dela, salbu eta zarata kudeatzeko plan bat edukitzeko betebeharrari dagokionez; inguruabar hori azaltzen da, hain zuzen, ebazpen honetan.

Espedientea jendaurrean egon da hogeita hamar egunez, eta ez da alegaziorik aurkeztu.

Espedientea tramitatu da bat etorriz Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legea garatzen duen Industria isurien Erregelamenduaren 16. artikuluan ezarritako prozedurarekin. Erregelamendu hori urriaren 16ko 815/2013 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen.

Ebazpen proposamena instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean egon da hamabost egunez. Ebazpen honen eranskinean jaso dira titularrak aurkeztu dituen alegazioen zerrenda eta haiei emandako erantzunak.

Adierazitakoarekin bat, eta Ingurumeneko zuzendari nagusiaren azaroaren 8ko 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordeturik ditudan eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

Lehenbizikoa.–Berrikustea Iruñeko udal-mugartean produktu kimikoak fabrikatzen dituen instalazioaren ingurumen baimen integratua, xede harturik instalazioa egokitzea Batzordearen maiatzaren 30eko 2016/902 Erabakiari, erabaki horren bidez ezarri baitziren kimikaren sektorean hondakin gasen eta uren tratamendu eta kudeaketa sistema erkideetarako dauden teknika erabilgarri onenei buruzko ondorioak, bat etorriz teknika erabilgarri onenen ebaluazioarekin (ebazpen honen eranskinean jasoa). Hortaz, instalazioak eta jarduerak berak ingurumen baimen integratuaren administrazio espedienteetan eta ebazpen honen eranskinean adierazitako baldintzak bete beharko dituzte. Instalazioaren titularra Huntsman Advanced Materials (Spain) SL da.

Bigarrena.–Zentroa Nafarroako Foru Komunitateko Hondakinen Sortzaileen eta Kudeatzaileen Erregistroan inskribatuta mantentzea hondakin arriskutsuen sortzaile gisa, 15P0119303010200 zenbakiarekin. Sortzen ahal dituen hondakinak ebazpen honen III. eranskinean jasotakoak dira. Hondakinak sortzean egiten den edozein aldaketa Nafarroako Gobernuko Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuari jakinarazi beharko zaio, aipatutako erregistroan sartzeko.

Hirugarrena.–2020ko abenduaren 31 baino lehen, titularrak zarata kudeatzeko plan bat aurkeztu beharko du, ebazpen honen I. eranskinaren 22. TEOan ezarritakoa betetze aldera.

Laugarrena.–Ebazpen honetan jasotzen diren baldintzak ez betetzeak berekin dakar ingurumeneko diziplina-neurriak hartzea, hain zuzen ere, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginaren (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsia) IV. tituluan jasotakoak, ezertan galarazi gabe sektoreko legerian ezarritakoa, aplikagarri izaten segituko baitu, eta, modu subsidiarioan, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen VI. tituluan ezarritako zehapen-araubidean jasotakoak.

Bosgarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Seigarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesdunek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira.

Zazpigarrena.–Ebazpen hau Huntsman Advanced Materials (Spain) SLri eta Iruñeko Udalari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2020ko urriaren 9an.–Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña; Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzua), eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: http://www.navarra.es/home_es/Temas/Medio+Ambiente/Evaluacion+ambiental/Autorizaciones+ambientales/.

Iragarkiaren kodea: F2011956