261. ALDIZKARIA - 2020ko azaroaren 6a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

418/2020 EBAZPENA, urriaren 9koa, Hezkuntzako zuzendari nagusiak emana, Nafarroako Foru Komunitateko lurralde-eremuko Arte Irakaskuntzen ikastetxe publikoetako eskola kontseiluak hautatu, eratu eta haien zati bat berritzeko jarraibideak onesten dituena.

Antolamendu, Prestakuntza eta Kalitate Zerbitzuko zuzendariak aldeko txostena eman du Arte Irakaskuntzen ikastetxe publikoetako Eskola Kontseiluak hautatu, eratu eta zati bat berritzeko, hezkuntza komunitateko sektore guztien parte hartzea bermatzeko asmoz.

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoa eta Arte Irakaskuntzen ikastetxe publikoetako gobernu organoak arautzen dituen martxoaren 15eko 94/1993 Foru Dekretua kontuan harturik, ebazpen honen xedea da ikastetxe horietako eskola kontseiluak hautatu, eratu eta haien zati bat berritzeko jarraibideak onestea.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32.1.d) artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

Lehenbizikoa.–Arte Irakaskuntzen ikastetxe publikoetako eskola kontseiluak hautatu, eratu eta haien zati bat berritzeko jarraibideak onestea, bai eta horien eranskina ere. Hona hemen:

I.–Aplikazio-eremua.

1. Ebazpen hau Arte Irakaskuntzen ikastetxe publikoetan aplikatuko da, baldin eta:

–Eskola kontseiluak lehenbiziko aldiz hautatu behar badituzte.

–Eskola kontseiluen zati bat berritu behar badute, hau da, erdietako bat berritu behar badute hartan egoteko hautatutako kideei dagokien kargualdia bukatu delako.

2. Erdietako bakar bat ere berritu behar ez bada, zuzendariak sektoreak osatzeko aplikatzen ahalko du ebazpen hau, eskola kontseiluen bi erdietako sektore batean edo gehiagotan postu hutsak daudenean.

II.–Hautapen prozesua prestatzea.

1. Ebazpen honek aipatzen dituen ikastetxeetako eskola kontseiluak hautatu eta haien zati bat berritzeko deialdia Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan eta Arte Irakaskuntzen ikastetxe publikoetako gobernu organoak arautzen dituen martxoaren 15eko 94/1993 Foru Dekretuan horri buruz ezarritakoari lotuko zaio.

2. Ikastetxeetako zuzendariek hezkuntza komunitateko sektore bakoitzaren hautesle-errolda eginen dute, boto-eskubidea duten pertsonez osatua. Errolda hori jendaurrean paratuko da; hortaz, soilik agertuko dira, edo boto-emaileen izen-abizenak, edo haien NAN zenbakia (edo agiri baliokidearena).

3. Errolda hori behin-behinekoa izanen da. Haren kontra erreklamazioak aurkezten ahalko dira argitaratu eta hiru egun balioduneko epean. Behin betiko errolda hurrengo egun baliodunean argitaratuko da.

4. Zuzendaritzek hauteskunde batzordeko kide titular eta ordezkoak hautatzeko jendaurreko zozketak antolatu beharko dituzte, publikotasun eta berdintasun printzipioak bermatuz. Era berean, hautapen prozesuko jarduketak errazteko behar diren prestaketa neurriak hartu beharko dituzte.

III.–Hauteskunde batzordea.

1. Hauteskunde batzordea 2020ko azaroaren 10a baino lehen eratuko da, jendaurreko ekitaldi batean, hautapen prozedura antolatzeari ekiteko.

Hauteskunde batzordeak kide hauek izanen ditu:

–Ikastetxeko zuzendaria, buru izanen dena.

–Irakasle bat.

–12 urtetik gorako ikasle bat.

–Aita, ama edo legezko ordezkari bat.

–Administrazioko eta zerbitzuetako langileen ordezkari bat.

2. Batzordeko kide guztiak, zuzendaria izan ezik, zozketa bidez hautatuko dira hautesle-errolda bakoitzean inskribaturik daudenen artetik. Ordezkoak modu berean hautatuko dira. Horretarako, errolda bakoitzeko pertsona bakoitzari zenbaki arrunt bat esleitzen ahal zaio, 1etik aurrera, eta zenbaki bat ausaz atera, 1etik errolda osatzen dutenen kopurura artekoa. Batzordeko kide izanen da zozketan ateratako zenbakia daukana, baita horren ondokoak ere, kasuan kasuko sektorea osatzeko behar diren titularrak izan arte. Ordezkoak izanen dira erabilitako azken zenbakiaren hurrengoak dituztenak.

3. Hala ere, ebazpen honen I.2 puntuan azaltzen den kasuan, bete behar ez den sektorekoak diren batzordekideak batzordean parte hartzetik salbuesten ahalko ditu zuzendariak.

4. Hauteskunde batzordeak hauteskunde-mahaien eraketa sustatu behar du, eta bai titularrak bai ordezkoak izendatu.

5. Hauteskunde batzordearen eskumenak martxoaren 15eko 94/1993 Foru Dekretuaren 26. eta 27. artikuluetan eta ebazpen honetan adierazitakoak dira.

6. Artikulu horietan xedatutakoaz gain, hauteskunde batzordeak eskumena izanen du hauteskunde prozesuan sor daitezkeen gatazkak ebazteko.

IV.–Hauteskunde-mahaiak.

1. Irakasleentzako, ikasleentzako, gurasoentzako eta administrazioko eta zerbitzuetako langileentzako hauteskunde-mahaiak eratuko dira, martxoaren 15eko 94/1993 Foru Dekretuaren 30., 35., 36., 40., 41., 44. eta 45. artikuluetan ezarritakoaren arabera.

Eratutako hauteskunde-mahaietako bakoitzak, bozketa saioan lehendakari gisa aritzeaz gainera, bozketaren zuzentasuna begiratu, botoak zenbatu eta behar den akta eginen du.

2. Irakasleen sektorearen hauteskunde-mahaiko kideak honako hauek izanen dira: ikastetxeko zuzendaria –mahaiburu lanetan ariko dena–, ikastetxean antzinatasun handiena duen irakaslea eta antzinatasun txikiena duena. Azken horrek mahaiko idazkari lanak eginen ditu. Antzinatasun bereko irakasle bat baino gehiago baldin badaude, antzinatasun handienekoen artean irakasle zaharrena izanen da mahaikide, eta antzinatasun txikienekoen artean gazteena. Honako hauek izanen dira ordezkoak:

–Zuzendariaren ordezkoa: zuzendariordea edo, ikastetxean halakorik egon ezean, ikasketaburua.

–Ikastetxean antzinatasun handiena duen irakaslearen ordezkoa: antzinatasun handiena duten irakasleen artean bigarrena.

–Ikastetxean antzinatasun txikiena duen irakaslearen ordezkoa: antzinatasun txikiena duten irakasleen artean bigarrena.

3. Gurasoen sektorearen hauteskunde-mahaiko kideak honako hauek izanen dira: ikastetxeko zuzendaria –mahaiburu lanetan ariko dena–, eta lau guraso edo legezko ordezkari, zozketaz aukeratuak (III.2 puntuan proposatutako sistema bera erabil daiteke). Haietatik gazteenak idazkari lanak eginen ditu. Honako hauek izanen dira ordezkoak:

–Zuzendariaren ordezkoa: zuzendariordea edo, ikastetxean halakorik egon ezean, ikasketaburua.

–Lau gurasoen edo legezko ordezkarien ordezkoak: beste lau guraso edo legezko ordezkari, zozketaz aukeratuak (III.2 puntuan proposatutako sistema bera erabiltzen ahalko da).

4. Ikasleen sektorearen hauteskunde-mahaiko kideak honako hauek izanen dira: ikastetxeko zuzendaria –mahaiburu lanetan ariko dena–, eta bi ikasle, zozketaz aukeratuak (III.2 puntuan proposatutako sistema bera erabiltzen ahalko da). Ikaslerik zaharrena idazkari gisa arituko da. Honako hauek izanen dira ordezkoak:

–Zuzendariaren ordezkoa: zuzendariordea edo, ikastetxean halakorik egon ezean, ikasketaburua.

–Bi ikasleen ordezkoak: beste bi ikasle, zozketaz aukeratuak (III.2 puntuan proposatutako sistema bera erabil daiteke).

5. Administrazioko eta zerbitzuetako langileen (AZL) hauteskunde-mahaiko kideak honako hauek izanen dira: ikastetxeko zuzendaria –mahaiburu lanetan arituko dena–, ikastetxeko idazkaria eta, langile horien artetik, ikastetxean antzinatasun handiena duena. Honako hauek izanen dira ordezkoak:

–Zuzendariaren ordezkoa: zuzendariordea edo, ikastetxean halakorik egon ezean, ikasketaburua.

–Ikastetxeko idazkariaren ordezkoa: eskola kontseiluari jakinarazi ondoren, zuzendariak izendatzen duen irakaslea edo zuzendaritza taldeko kidea.

–Ikastetxean antzinatasun handiena duen AZLko langilearen ordezkoa: ikastetxean antzinatasun handiena duten langileen artean bigarrena.

Administrazioko eta zerbitzuetako langileen sektorean hautesleak bost baino gutxiago baldin badira ez da mahai hori eratuko, eta bozketa irakasleen hauteskunde-mahaian eginen da, beste hautetsontzi batean.

V.–Hautatu beharreko ordezkariak eta hautagaien zerrendak.

1. Sektore bakoitzeko kide guztiek eskubidea dute hautesle eta hautagai izateko beren sektorean.

2. Eskola kontseiluaren osaera martxoaren 15eko 94/1993 Foru Dekretuaren 20., 21., 22. eta 23. artikuluetan ezarrita dago.

3. Lehenbizikoz hautatu ondoren, eskola kontseiluaren erdia bi urtetik behin berrituko da, lehenbizi erdi bat eta gero bestea, nahiz eta horrek ez duen galarazten tarte horretan hutsik gelditzen diren postuak betetzeko aukera.

4. Ebazpen honen eranskinean ageri da sektore bakoitzeko ordezkari hautetsien kopurua, erdi bakoitzerako.

5. Hautagaitza hauteskunde batzordeari igorritako idazki baten bidez aurkeztuko da; hautagaiak idazki hori sinatu beharko du, eta, horrekin batera, NANaren edo agiri baliokidearen fotokopia aurkeztuko du.

6. Hautagai zerrendak onartzeko epea 2020ko azaroaren 10etik 16ra izanen da, eta hauteskunde batzordeak hurrengo egun baliodunean argitaratuko du hautagaien behin-behineko zerrenda.

Hautagai onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrendaren kontra, erreklamazioa jartzen ahal da hura argitaratu eta hurrengo egun baliodunean. Hauteskunde batzordeak hurrengo bi egun baliodunetan ebatziko du, eta hautagaien behin betiko zerrenda argitaratuko du hurrengo egun baliodunean. Hartzen den erabakiaren kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Hezkuntzako zuzendari nagusiari zuzendua, hilabeteko epean; errekurtsoa jarrita ere, prozesua ez da etenen.

7. Sektore batean aurkeztutako hautagai kopurua berritu beharreko ordezkarien kopuruarekin alderatuz gero berbera edo txikiagoa bada, hauteskunde batzordeak besterik gabe aldarrikatuko ditu aurkeztu diren hautagaiak.

VI.–Bozketa prozesua.

1. Hauteskunde batzordeak ezartzen dituen egunetan eginen dira eskola kontseiluetako sektoreen ordezkarien hauteskundeak, betiere 2020ko azaroaren 23tik abenduaren 9ra bitarte, biak barne.

Bozkatzeko orduak hautesleen parte-hartzea errazteko moduan ezarriko dira. Bozketa zuzenekoa izanen da, sekretua eta eskuordetu ezinekoa.

2. Hauteskunde batzordeak berariazko boto-paper ereduak finkatzen ahal ditu. Boto-paper horietan hautagaien izenak agertuko dira, lehenbiziko deituraren arabera alfabetikoki sailkatuak. Gurasoen edo ikasleen sektoreetan hautagai-zerrenda bat baino gehiago izanez gero, hautagai bakoitzaren izenaren azpian beren elkartearen edo erakundearen izena agertuko da. Hautagai bakoitzaren izenaren aurrean laukitxo bat jarriko da. Boto-emaileak gurutze bat jarriko du laukitxoan edo laukitxoetan, kasuan-kasuan, botoa zein hautagairentzat den adierazteko.

3. Irakasleen sektorearen ordezkariak martxoaren 15eko 94/1993 Foru Dekretuaren 28., 29., 30., 31. eta 32. artikuluek xedatzen dutenari jarraikiz hautatuko dira.

Zuzendariak klaustro berezi baterako deia eginen du, irakasleen hauteskunde-mahaia eratzeko eta irakasleen ordezkariak hautatzeko prozesua egiteko.

Irakasle bakoitzak hautatu behar den ordezkari kopuruaren bi hereni dagozkien izenak idatziko ditu, gehienez, boto-paperean. Eragiketa horretatik ateratzen den zenbakia zatikizkoa bada, beste izen bat gehituko da. Lehenbiziko bozketan behar diren irakasle guztiak aukeratzen ez badira, ekitaldi berean bigarren bozketa eginen da, azkena, kopuru horretara ailegatzeko asmoz.

4. Gurasoen sektorearen ordezkariak martxoaren 15eko 94/1993 Foru Dekretuaren 33., 34., 35., 36., 37., 38. eta 39. artikuluek xedatzen dutenari jarraikiz hautatuko dira.

Bozketa prozesua zuzenduko duen hauteskunde-mahaia eratuko da. Hautesle bakoitzak hautatu behar den guraso kopuruaren bi hereni dagozkien izenak idatziko ditu, gehienez, boto-paperean. Eragiketa horretatik ateratzen den zenbakia zatikizkoa bada, beste izen bat gehituko da. Hautesleek beren nortasuna frogatu beharko dute NANa edo agiri baliokide bat aurkeztuz, eta ez da botoa ematerik izanen hauteskunde-mahaian behar den frogagiria aurkeztu gabe.

Ikastetxeak baimena ematen ahalko du gurasoek posta bidez bozkatu dezaten, ikastetxean bertaratu gabe. Batzordeak ezarriko du zein egun eta ordutan bozkatu daitekeen posta bidez. Bi gutun-azal erabiliko dira: kanpokoan, izen-deiturak eta NANaren edo beste nortasun agiri ofizial baten zenbakia agertuko dira, eta hartan sartuko dira NANaren edo bestelako nortasun agiri ofizialaren fotokopia eta bigarren gutun-azala. Bigarrenaren barnean boto-papera sartuko da. Postaz bozkatzen duten hautesleek gutun-azal bikoitza hauteskunde batzordeak horretarako zehaztuko duen postontzian sartuko dute. Aldez aurretik, hautesleek eskubide hori erabiltzeko behar den dokumentazioa eskatuko diote hauteskunde batzordeari. Hauteskunde batzordeak gorde eginen ditu bozketa ixteko ezarritako ordura arte posta bidez jasotako botoak, eta une horretan hauteskunde-mahaiari emanen dizkio. Hortik aurrera jasotzen diren botoak ez dira zenbatuko. Halaber, botoa bertaratuta eman dutenek postontzian ere botorik eman badute, postontziko boto horiek ere ez dira zenbatuko.

Halaber, boto presentzialaren bigarren aukera gisa, postontzian botoa emateko aukerarekin bateraezina, Hezkuntza Departamentuak, EDUCAren bidez, ikasleen gurasoek botoa telematikoki emateko aukera martxan jartzen ahalko du. Kasu horretan, Hezkuntza Departamentuak bozketa prozesua gauzatzeko jarraibide egokiak jakinaraziko dizkie ikastetxeei.

5. Ikasleen sektorearen ordezkariak martxoaren 15eko 94/1993 Foru Dekretuaren 40., 41., 42. eta 43. artikuluek xedatzen dutenari jarraikiz hautatuko dira.

Bozketa prozesua zuzenduko duen hauteskunde-mahaia eratuko da. Ikasle bakoitzak hautatu behar den ordezkari kopuruaren bi hereni dagozkien izenak idatziko ditu, gehienez, boto-paperean. Eragiketa horretatik ateratzen den zenbakia zatikizkoa bada, beste izen bat gehituko da. Bozketa egiteko, hauteskunde batzordearen jarraibideen arabera jokatuko da.

Boto presentzialaren alternatiba gisa, Hezkuntza Departamentuak, EDUCAren bidez, ikasleek botoa telematikoki emateko aukera martxan jartzen ahalko du. Kasu horretan, Hezkuntza Departamentuak bozketa prozesua gauzatzeko jarraibide egokiak jakinaraziko dizkie ikastetxeei.

6. Administrazioko eta zerbitzuetako langileen (AZL) sektoreko ordezkaria martxoaren 15eko 94/1993 Foru Dekretuaren 44., 45. eta 46. artikuluek xedatzen dutenari jarraikiz hautatuko da. Hautesle bakoitzak hautagai bakarrari emanen dio botoa.

VII.–Postu hutsak betetzea.

1. Ebazpen honen I.2 puntuan ezarritakoari jarraikiz, zuzendariak hauteskundeetarako deia egiten ahalko du sektoreetan diren postu hutsak betetzeko, erdi batean edo bietan, betiere postu hutsak ordezkoen zerrendaren bitartez betetzerik izan ez denean.

Postu hutsak esleitzeko orduan, agintaldi luzeena duen kidearen postu hutsa esleituko zaio boto gehien biltzen duen hautagaiari. Hortaz, ordeztutako kidearen agintaldia bukatu behar zuen egun berean bukatuko zaio kide berriari.

2. Bi erdietako bat berritu behar duten ikastetxeek berritze prozesu hau bera erabiliko dute beste erdiko postu hutsak betetzeko, hala egokitzen denean.

Hala gertatuz gero, sektore bakoitzean boto gehien eskuratzen duten hautagaiei berritzen ari den erdiko postuak esleituko zaizkie, eta hurrengoek beste erdiko postu hutsak beteko dituzte. Azken ordezkari horien agintaldia sektore bakoitzean ordeztutakoen agintaldiak bukatu behar zuen egun berean bukatuko da.

3. Sektore bateko hautagaien kopurua bi erdietan bete beharreko postu hutsen kopurua adinakoa bada, hauteskunde batzordeak zehaztuko du erdiko bati edo besteari esleitzeko prozedura.

VIII.–Botoak zenbatzea, aktak egitea eta hautetsiak aldarrikatzea.

1. Hauteskunde-ekitaldietako bakoitzean, mahaia, bozketa bukatu eta gero, botoen zenbaketa egiten hasiko da.

Botoak baliogabetzeko irizpide orokorrez gainera (edukikoak eta formakoak), boto presentzialaren edo posta bidezkoaren kasuan, batzordeak ereduren bat onartzen badu boto-paperetarako, beste eredu batean ematen diren botoek ere ez dute baliorik izanen.

Gurasoen sektorean, botoen zenbaketa honela eginen da:

–Alderatuko dira, banan-banan, botoa postontzi bidez eman duten boto-emaileak eta bertaratu direnak.

–Botoa bertaratuta ere eman duten boto-emaileen kanpoko gutun-azalak (oraindik itxita daudenak) bereizi eta indarrik gabe utziko dira.

–Postontziko gainerako botoak, hau da, botoa bertaratuta eman ez dutenenak, bozketa presentzialean erabili den hautetsontzira sartuko dira, kanpoko gutun-azalak eduki behar duen dokumentazio guztia duela baieztatu eta gero.

–Botoen zenbaketa eginen da, kontuan hartuta bai hautetsontziko botoak, baita telematikoki emandakoak ere, halakorik bada.

Gainerako sektoreetarako, botoen zenbaketa eginen da, kontuan hartuta bai hautestontziko botoak, baita telematikoki emandakoak ere, halakorik bada.

Botoak jendaurreko ekitaldian zenbatu ondotik, mahaikide guztiek sinatu beharreko akta eginen da, datu hauek bildu beharko dituena: aurkeztutako hautagaien zerrenda eta bakoitzak lortutako boto kopurua, eskola kontseiluko kide izateko aukeratuen zerrenda eta gerta daitezkeen postu hutsak betetzeko ordezkoen zerrenda, horietako bakoitzak lortu duen boto kopurua adierazita eta horren arabera ordenatuta, boto kopuru handienetik txikienera. Hauteskunde-mahai bakoitzak ikastetxeko hauteskunde batzordeari igorriko dio akta, hautetsien aldarrikapena egin dezan.

2. Bozketetan berdinketarik izanez gero, hauteskunde-mahaiak zozketa bidez eginen du hautaketa. Hauteskunde batzordeari igortzen zaion aktan horren berri emanen da.

3. Hauteskunde batzordeak, mahaiek botoen zenbaketa eta aktak egin ondotik, hautagai hautetsien aldarrikapena eginen du. Batzordearen erabakien aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Hezkuntzako zuzendari nagusiari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

4. Ikastetxeko zuzendariak, hauteskunde batzordeko burua den aldetik, ebazpen honen eranskina igorri beharko du, behar bezala betea, Hezkuntza Departamentuko Ikasketak Antolatzeko Atalera (ordenacion.academica@navarra.es), sektore guztietako bozketak amaitu eta bost egun balioduneko epean, gehienez ere.

IX.–Kide izendatuak.

1. Martxoaren 15eko 94/1993 Foru Dekretuaren 20. artikuluak dioenaren arabera, ikastetxea kokatuta dagoen udalerriko zinegotzi edo ordezkari bat ere izanen da eskola kontseiluan. Eskola kontseiluko kide izanen da, orobat, legez eratuta izanik, ordezkaritza handiena duen guraso elkartearen ordezkari aritzen den aita edo ama bat.

2. Hauteskunde batzordeak ikastetxea kokatuta dagoen udalerriko udalari eskatuko dio eskola kontseiluko kide izateko zinegotzi edo ordezkari bat izenda dezala.

3. Halaber, ikastetxean ordezkaritza handiena duen guraso elkarteari eskatuko dio izenda dezala eskola kontseiluko kide izateko ordezkaria. Horretarako, ordezkaritza handiena duen guraso elkartea izanen da hautesle-erroldak onartzen diren egunean elkarteko kide diren familia kopuru handiena duena, guraso elkartearen idazkariak aurkeztu beharreko ziurtagirian adierazten denaren arabera. Hauteskunde batzordeak edozein unetan eska dezake egokitzat jotzen duen dokumentazioa, aurkeztutako datuak egiazkoak direla frogatzeko.

Elkarte horren izendapen proposamenik ez bada edo ikastetxean horrelako elkarterik ez bada, postu huts hori beteko du gurasoen sektoreko ordezkoen zerrendan lehenbizi dagoen hautagai ez-hautetsiak, eskola kontseiluaren zati bat berriz berritu arte.

4. Arte Eskolen kasuan, gutxienez ere bi lanbide arloko heziketa zikloak irakasten baldin badira, hauteskunde batzordeak eskolaren jardunaren esparruan ordezkaritza zabalena duen enpresaburuen elkarteari eskatuko dio ordezkari bat izendatzeko, zeinak hitza izanen baitu eskola kontseiluan, baina botorik ez.

5. Ikasleen gurasoen ordezkaria (guraso elkarteak izendatu beharrekoa), udaleko zinegotzia edo ordezkaria eta, horrelakorik bada, enpresaburuen elkarteak proposatzen duen ordezkaria bi urtetik behin berrituko dira, hau da, eskola kontseiluaren bi erdietako bat berritu behar den bakoitzean, edo, lehenago, haiek izendatu zituen organoak erabakitzen duenean.

6. Guraso elkarteak izendatutako ordezkariak postua uzten badu bi urteko epe hori bukatu baino lehen, guraso elkarteak beste ordezkari bat proposatuko du gelditzen den aldirako. Proposamen hori bi hilabeteko epean egin ezean, postu hutsa gurasoen sektoreko zerrendan lehenbizi dagoen ordezkoak beteko du, eskola kontseiluaren zati bat berriz berritu arte.

X.–Eskola Kontseilua eratzea.

1. Hautetsiak aldarrikatzen direnetik hasi eta hamar egun naturaleko epean, zuzendariak eskola kontseilua eratzeko bilkurarako deia eginen du.

2. Eskola kontseiluaren eraketa baliozkoa izanen da nahiz eta ikastetxeko eskola komunitateko sektoreren batek ordezkariak hautatu gabe izan hari egotz dakiokeen arrazoiren batengatik.

XI.–Ikasle kopurua aldatzeak ekartzen dituzten ondorioak.

Hauteskunde hauetan eskola kontseiluaren zati bat, hots, bi erdietako bat, berritu behar duten ikastetxeek ikasle kopuruan aldaketa izan baldin badute eta, horren ondorioz, eskola kontseiluaren osaeran ere aldaketa egin behar baldin badute, kasu bakoitzean berritu behar den erdia moldatuko dute dagokion osaera berriari egokitzeko, ikastetxeak orduan duen ikasle kopuruaren arabera. Beste erdiari dagokion kide kopurua ez da aldatuko berritze partzial honetan.

XII.–Prozesuaren bermea.

1. Ikastetxeetako eskola kontseiluak behar bezala eratu daitezen, behar diren neurriak hartuko dituzte Antolamenduaren, Orientazioaren eta Aukera Berdintasunaren Zerbitzuak, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak, eskoletako zuzendariek eta hauteskunde batzordeek; orobat, bermatuko dute kasuan kasuko prozesuetan eskola komunitateko sektore guztiek parte hartzen dutela, horretarako erraztasunak emanez.

2. Eskola kontseiluak eratu ondoren, ikasturtean zehar gertatzen diren aldaketa guztiak Hezkuntza Departamentuari jakinarazi beharko zaizkio. Eskola kontseiluko kide hautetsiak aldatuz gero, jakinarazpena egiteko, Ikasketak Antolatzeko Atalari igorri beharko zaizkio (ordenacion.academica@navarra.es) eraketa berria eta ordezkoen zerrenda, kasua bada (ebazpen honen eranskineko 1., 5b eta 6. apartatuak). Eskola kontseiluko kide ez-hautetsiak aldatzen direnean, aski izanen da jakinaraztea zer kide ateratzen den eta zein sartzen.

Bigarrena.–Ebazpen honen eta eranskinaren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Hirugarrena.–Ebazpen hau eta eranskina igortzea, behar diren ondorioak izan ditzaten, Antolamendu, Prestakuntza eta Kalitate Zerbitzura eta Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura.

Laugarrena.–Ebazpen honek eta hari dagokion eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko dute indarra.

Iruñean, 2020ko urriaren 9an.–Hezkuntzako zuzendari nagusia, Gil Sevillano González.

ERANSKINA

Eskola Kontseiluak hautatzea, haien zati bat berritzea edo sektoreak osatzea Arte Irakaskuntzen ikastetxe publikoetan (2020-2021) (PDFa).

Iragarkiaren kodea: F2011999