261. ALDIZKARIA - 2020ko azaroaren 6a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

443/2020 EBAZPENA, urriaren 21ekoa, Hezkuntzako zuzendari nagusiak emana, Nafarroako Foru Komunitatean curriculum egokituko programak emateko baimena duten ikastetxe itunduei eta entitateei egoera sozioekonomiko ahulean dauden ikasleentzat baliabide ekonomikoak esleitzeko deialdi publikoaren oinarriak onesten dituena 2020-2021 ikasturterako. DDBN identifikazioa: 529264.

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 80. eta 81. artikuluetan jasotakoarekin bat, administrazio publikoen esku dago konpentsazio neurriak hartzea egoera ahulean dauden pertsona, talde eta lurralde esparruei dagokienez. Neurri horien helburua hezkuntza sistemaren lana indartzea izanen da, desorekarik izan ez dadin faktore sozial, ekonomiko, kultural, geografiko, etniko eta bestelakoengatik.

Hezkuntzako kontseilariaren ekainaren 13ko 93/2008 Foru Aginduak 36. artikuluan ezartzen du ezen, berdintasuna bermatzeko eta desorekak konpentsatzeko, deialdiak eta laguntzak izanen direla urtero, bai jantokirako, bai eskola materialerako, bai prestakuntza jardueretarako eta jarduera osagarrietarako.

2020rako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko martxoaren 4ko 5/2020 Foru Legearen 41.2 artikuluaren arabera, Hezkuntza Departamentuak, hurrengo ekitaldiko aurrekontuaren kargura gastu-konpromisoak hartuta, bekak eta laguntzak eman eta eskola garraioa eta eskola jantokien zerbitzua kontratatzen ahalko ditu, betiere konpromiso horiek aurrekontuko ekitaldia ez den urteko aldi bati badagozkio, ikasturtearen beharrei erantzunez.

Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzuko zuzendariak emandako aldeko txostena ikusirik, non proposatzen baita 2020-2021 ikasturtean Nafarroako Foru Komunitatean curriculum egokituko programak emateko baimena duten ikastetxe itunduetan eta entitateetan egoera sozioekonomiko ahulean dauden ikasleei arreta emateko beharrezkoak diren baliabide ekonomikoak esleitzeko deialdi publikoaren oinarriak onestea.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32.1.d) artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Nafarroako Foru Komunitatean curriculum egokituko programak emateko baimena duten ikastetxe itunduei eta entitateei egoera sozioekonomiko ahulean dauden ikasleentzat diru baliabideak esleitzeko deialdi publikoaren oinarriak onestea, 2020-2021 ikasturterako.

2. Deialdi honen xede diren baliabide ekonomikoen dirulaguntzarako, 420.000 euroko gastua baimentzea. Horietarik 120.000 euro 2020ko Nafarroako Aurrekontu Orokorreko “Ikastetxe itunduei laguntzak ematea immigraziorako eta gutxiengo kulturaletarako” izeneko 420004-42770-4811-322402 partidaren kargura izanen dira; gainerakoa (hau da, 300.000 euro), berriz, 2021eko gastuen aurrekontuan horretarako gaituko den partidaren kargura.

3. Ebazpen hau eta dagozkion eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Ebazpen hau eta eranskinak igortzea Ekonomia eta Ogasun Departamentuak Hezkuntzakoan duen kontu-hartzaile delegatuari; Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzura; Azterlan Ekonomikoen eta Nominen Zerbitzura; Ikastetxeen Finantzaketaren eta Ikasketetarako Laguntzen Atalera; Inklusio Atalera, eta Kudeaketa Ekonomikoaren Bulegora, behar diren ondorioak izan ditzaten.

Iruñean, 2020ko urriaren 21ean.–Hezkuntzako zuzendari nagusia, Gil Sevillano González.

I. ERANSKINA

Nafarroako Foru Komunitatean curriculum egokituko programak emateko baimena duten ikastetxe itunduei eta entitateei egoera sozioekonomiko ahulean dauden ikasleentzat baliabide ekonomikoak esleitzeko deialdi publikoaren oinarriak 2020-2021 ikasturterako

1. Deialdiaren xedea.

Deialdi honen xedea da baliabide ekonomikoak esleitzea behar ekonomikoak dituzten ikasleak eskolatzen laguntzen diharduten eta curriculum egokituko programak emateko baimena duten ikastetxe itunduei eta entitateei, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 80. artikuluari jarraikiz.

2. Baliabide ekonomikoak.

Ematen diren baliabide ekonomikoak egoera sozioekonomiko ahulean dauden ikasleak eskolatzean sortzen diren oztopoak gainditzeko erabiliko dira. Baliabide ekonomiko horiek ikastetxe itunduek jasotzen duten modulu ekonomikoaren “beste gastu batzuk” atalari erantsiko zaizkio. Horien aplikazioa ikasturte bakoitzaren bukaeran justifikatuko da, hezkuntza ituneko “beste gastu batzuk” atalarekin egiten den prozedura bera erabiliz, hau da, zenbateko horien aplikazioari buruz Eskola Kontseiluak hartutako erabakiaren ziurtagiria aurkeztu beharko du ikastetxeko titularrak. Curriculum egokituko programak emateko baimena duten entitateek baliabide ekonomiko horiek justifikatuko dituzte beren emaitzen kontuan, ikasturtea bukatzen denean.

2020-2021 ikasturterako baliabide hauek diruz laguntzen ahalko dira, xedeen arabera:

a) 110.000 euro, egoera sozioekonomiko ahulean dauden ikasleen ekipamendu pertsonalerako.

Baliabide ekonomiko horien azken hartzailea ikaslea bera izanen da, eta horiekin ordainduko dira ikasle bakoitzaren ekipamendua, eskolako lan-ateraldietan parte hartzea eta ikasleentzako beste jarduera osagarri batzuk. Xede horrekin 150 euro arte ordainduko dira Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta Oinarrizko Lanbide Heziketako ikasle bakoitzeko.

b) 300.000 euro, eskola jantokiko zerbitzurako. Ikastetxeei 400 euro ordainduko zaizkie gehienez, ikasturtean, zerbitzu hori behar duen Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta Oinarrizko Lanbide Heziketako ikasle bakoitzeko.

c) 10.000 euro gordeko dira oinarri hauen 5.2 puntuko bigarren paragrafoan adierazten den dataren ondotik egiten diren eskaerentzat.

Ikastetxeei bai ekipamendurako bai jantokirako ordaindu beharreko kopuruak kalkulatzeko, kontuan hartuko da zer kopuru ezarri den deialdi honetan eta zenbat ikasle onartu diren.

Ikastetxe bakoitzaren hezkuntza ituna formalizatzeko dokumentuan, non jasotzen baitira Hezkuntza Administrazioak eta curriculum egokituko programak emateko baimena duten ikastetxe itunduen eta entitateen titularrak elkarrekin dituzten eskubide eta eginbeharrak, klausula gehigarri batean jasoko dira ikastetxe bakoitzerako deialdi honen ebazpenaren ondorioz onesten diren baliabideak.

3. Eskaerak egiteko epea eta aurkeztu beharreko agiriak.

3.1. Deialdi honen 1. puntuan adierazitako ezaugarriak dituzten ikasleak eskolatu eta curriculum egokituko programak emateko baimena duten ikastetxe itunduek eta entitateek deialdian parte hartzeko eskabidea aurkeztu beharko dute, departamentu honetako Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzuari zuzendua, hogei egun naturaleko epean, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara eman eta biharamunetik hasita.

3.2. Ikastetxeen erregistro berezian ikastetxearen titular gisa agertzen denak aurkeztu beharko du eskaera.

Horrez gain, laguntzak kudeatzen dituen pertsonaren izen-deiturak agertuko dira, ardura duen atalarekin harremanak izateko.

Hezkuntza Departamentuak emanen dituen ekipamendurako eta jantokietarako laguntzen eskaerak ikastetxeen bitartez baizik ez dira eginen. Horiek ikasle eskatzaileen familiek duten premia ekonomikoari buruzko txostenak eskatuko dizkiete kasuan kasuko udaleko gizarte zerbitzuei; aldez aurretik, ikasleen legezko ordezkarien baimena izan beharko dute datuak lagatzeko, Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan ezarritakoarekin bat.

Eskaerarekin batera, honako hauek ere aurkeztu behar dira:

1) II. eranskina, behar bezala betea ikasleen datuekin (deiturak, izena, ikasturtea, ekipamendurako dirulaguntza, jantokirako dirulaguntza eta dagokion gizarte zerbitzua).

2) Dagozkion gizarte zerbitzuen txostena, ikasle eskatzaileen familiek duten egoera sozioekonomiko ahula egiaztatzen duena.

Udalek ematen dituzten jantokirako laguntzak, halakorik balego, Hezkuntza Departamentuak ematen dituen laguntzen osagarri izanen dira.

3) Ikastetxearen aitorpena, laguntzen hartzaileek irakaskuntzaren kuota ordaintzeko inolako diru-ekarpenik egiten ez dutela adierazteko.

3.3. Laguntza eskaerak eta eskatutako dokumentazioa, II. eranskinaren arabera, 3.1 atalean adierazitako epearen barnean aurkeztu beharko dira Hezkuntza Departamentuko Erregistroan, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan adierazitako tokietan edo Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez (ekainaren 23ko 70/2008 Foru Dekretuak aipatzen du erregistro hori).

Inklusio Atalak eskaeren bi zerrendak alderatuko ditu, hau da, ikastetxeek bidalitakoak eta gizarte zerbitzuek egindakoak, non adieraziko baita, egoera ahulean egonik, zer ikaslek betetzen dituzten laguntza hau hartzeko baldintzak.

4. Egoera sozioekonomiko ahulean egon eta deialdi honetan ezarritako epearen ondotik hasten diren ikasleentzako laguntza eskaerak.

4.1. Halaber, eskolan egoki integratzeko, dirulaguntza emanen zaie egoera sozioekonomiko ahulean dauden ikasleei, 2. atalean zehazten den eskola ekipamendurako eta/edo jantoki zerbitzurako, nahiz eta behar horiek 3. atalean eskaera aurkezteko ezarritako epea bukatu ondoren sortu. Laguntza horien zenbatekoa ikasturtea bukatzeko gelditzen den denboraren heinekoa izanen da, ikasturtea hamar hilabetekoa dela kontuan hartuta, baldin eta behar beste diru badago 2020ko aurrekontuko “Ikastetxe itunduei laguntzak ematea immigraziorako eta kultur gutxiengoetarako” izeneko partidan edo 2021eko gastuen aurrekontuan horretarako gaitzen den partidan.

Halaber, ikastetxeek Inklusio Atalari adieraziko diote ikasleen artean zer baja diren jantokian, laguntza hauek behar bezala arautzeko eta bideratzeko.

5. Deialdiaren prozedura eta ebazpena.

5.1. Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzuak izendatzen dituen teknikariek eskaera egiten duten ikastetxe guztien gaineko txosten bakarra prestatuko dute. Txostenak hauek jaso behar ditu:

a) Ikastetxearen identifikazio datuak.

b) Azterlana eta balorazioa, ikastetxeko gizarte egoera ahulean dauden ikasleengan atzeman diren premia ekonomikoen gainean.

Txostenean jasoko da, halaber, ikasleak eskolatzen laguntzeko behar diren baliabide ekonomikoen proposamena.

5.2. Balorazio prozesua amaitutakoan eta batzorde teknikoak balorazioa egin ondotik, Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzuko zuzendariak behin-behineko proposamena eginen dio Hezkuntzako zuzendari nagusiari, ebazpen bidez sina dezan, eta hartan hamar egun naturaleko epea ezarriko da egoki jotzen diren alegazioak edo erreklamazioak aurkezteko, edo eskatutako dokumentazioa zuzentzeko. Behin-behineko ebazpen hori Nafarroako Gobernuaren web-orrian argitaratuko da jakinarazpen ondorioetarako.

Instrukzio organoak erreklamazioen edo zuzenketen gainean ebatzi ondoren, Hezkuntzako zuzendari nagusiari igorriko zaio behin betiko ebazpen proposamena.

Ebazpen hori Nafarroako Gobernuaren web-orrian argitaratuko da, jakinarazpen ondorioetarako, eta ikastetxeei posta elektronikoaren bidez jakinaraziko zaie, informazioaren ondorioetarako.

5.3. Hezkuntzako zuzendari nagusiak ebazpen baten bidez emanen ditu 5.2 atalean ezarritako epea amaitu ondoren sortu eta 2. atalean jasotzen diren laguntzetarako baliabide ekonomikoak; aurkezten diren eskaerak hautatzeko ardura duen batzorde teknikoak eginen du proposamena eta, Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzuaren txostena ikusi ondoren.

5.4. Ekipamenduari dagozkion laguntzak justifikatzeko deialdi honen III. eranskina bete beharko da. Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzuak egiaztatuko du, eranskin horiek aztertuta, diru zenbatekoak deialdi honen 2. atalean azaldutako xedeetarako erabili diren. Ikastetxeek 2021eko abuztuaren 31 baino lehen igorri beharko dizkiote justifikazio eranskin horiek Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzuari; horiek aurkeztu beharko dituzte Hezkuntza Departamentuko Erregistroan, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean zehaztutako tokietan edo Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Elektronikoaren bidez (erregistro elektroniko hori ekainaren 23ko 70/2008 Foru Dekretuaren bidez arautu zen).

5.5. Curriculum egokituko programak emateko baimena duten ikastetxe itunduek eta entitateek laguntzen onuradun diren ikasleen familiei adieraziko dizkiete laguntzen zenbatekoak eta haien kontzeptuak; eta, urteko ordainketa egin ondoren, laguntza ekonomikoaren hartze-agiri bat sinatuko dute, eta, hartan, datu hauek bilduko dira: izena, deiturak –bai familiaren ardura duenarena bai ikaslearena–, nortasun agiri nazionala eta ikastetxeak jantokiagatik edo ekipamenduagatik osotara jasotako diru kopurua.

6. Ikastetxeei ordaintzeko prozedura.

Ikastetxeek honela jasoko dituzte Hezkuntzako zuzendari nagusiaren kasuan-kasuko ordaintzeko ebazpenaren bidez ematekoak zaizkien zenbatekoak:

–2020ko 5. eta 6. bihilekoak. Ordaintzeko ebazpena 2020ko abenduan emanen da argitara.

–2021eko 1., 2., 3. eta 4. bihilekoak. Ordaintzeko ebazpen bat emanen da argitara bihileko bakoitzeko, hura amaitutakoan.

Ebazpen guztiak Nafarroako Gobernuaren web-orrian argitaratuko dira, jakinarazpen ondorioetarako, eta ikastetxeei posta elektronikoaren bidez jakinaraziko zaizkie, informazioaren ondorioetarako.

7. Organo eskudunak.

Laguntzak emateko prozeduraren instrukzio organoa Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzua izanen da.

Eskaerak hautatzeko batzorde teknikoak kide hauek izanen ditu:

Batzordeburua:

–Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzuko zuzendaria.

Batzordekideak:

–Azterlan Ekonomikoen eta Nominen Zerbitzuaren zuzendaria.

–Ikastetxeen Finantzaketaren eta Ikasketetarako Laguntzen Ataleko burua.

–Inklusio Ataleko burua.

–Aurreko ataleko langile bat.

Idazkaria:

–Hezkuntza Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiko APT bat (arlo juridikoa).

8. Baliabideak.

8.1. Deialdi honen aurka, bai eta haren oinarrien eta aplikazio egintzen aurka ere, gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Hezkuntza Departamentuko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, deialdia argitara eman eta biharamunetik hasita.

II. ERANSKINA

Egoera sozioekonomiko ahulean izanda, laguntza ekonomikoa behar duten ikasleak (PDFa).

III. ERANSKINA

Ekipamendu gastuen frogagiriak. 2020-2021 ikasturtea (PDFa).

Iragarkiaren kodea: F2012360