26. ALDIZKARIA - 2020ko otsailaren 7a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

3E/2020 EBAZPENA, urtarrilaren 3koa, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez ofizioz aldatzen baita zerriak gizentzeko instalazio baten ingurumen baimen integratua. Instalazioa Biurrun-Olkozko udal-mugartean dago, eta SC Otazu Loitegui José Javier y María Lourdes da titularra.

Instalazio horrek badu ingurumen baimen integratua, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren otsailaren 14ko 0322/2008 Ebazpenaren bidez emana, gero Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren urriaren 31ko 295E/2017 Ebazpenaren bidez eguneratua eta Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren ekainaren 29ko 244E/2018 Ebazpenaren bidez ofizioz aldatua.

Instalazioarentzat indarrean den ingurumen baimen integratuak eskatzen du kontrola dadila mindak kanpoko ponpatze hobitik pilaketa putzura eramaten dituen lurpeko hodiaren iragazgaiztasuna. Kontrol hori urtero egiten du, martxoaren 31 baino lehen, ikuskapen entitate onartu batek.

2018ko abuztuaren 10ean, titularrak kontrolerako sistema hori aldatzeko eskaera egin zuen. Honako hau proposatu zuen: ikuskapen entitate onartu batek hasierako iragazgaiztasun proba bat egitea, eta abeltegiko langileek ikusizko kontrola egitea urtean hirutan edo lautan, hain zuzen ere mindak lurpeko hodiaren bidez ponpatzen direnean.

Titularrak honela arrazoitzen du kontrolerako sistema aldatzeko eskaera: hodiak luzera murriztua dauka (245 metro), urtean hirutan edo lautan baino ez da erabiltzen bi egunez, eta landa lurzati batean lurperatua dago, non lurzorua buztintsua eta iragazkortasun gutxikoa baita, akuiferoak kutsatzeko arriskurik gabe, eta ihesik izanez gero, lurraren iragazgaiztasuna dela-eta, berehala ikusiko litzateke lur azalean.

Eskaeraz gain, entitate onartu batek 2018ko uztailaren 3an egindako iragazgaiztasun proba baten emaitzak aurkeztu ditu titularrak, eta emaitzak onak izan dira.

Zerbitzu honen ustez, titularrak kontrolerako planteatutako baldintzak bat datoz instalazioaren ingurumen funtzionamendu egokiarekin eta teknika erabilgarri onenen aplikazioarekin.

Kasu honetan, ikusi da Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 27. artikuluko c) letran aurreikusitako inguruabarrak gertatzen direla, eta, horrenbestez, bidezko da ingurumen baimen integratuan ezarritako baldintzak ofizioz aldatzea, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 28. artikuluan aurreikusitako administrazio prozedurarekin bat, iritzita aldaketa-espediente hau ez dela jendaurrean jarri behar.

Ebazpen proposamena instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean egon da hogeita hamar egunez, eta hark ez du proposamenaren aurkako alegaziorik aurkeztu.

Adierazitakoarekin bat, eta Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren urriaren 4ko 760/2016 Ebazpenaren bidez eskuordetuak ditudan eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

Lehena.–Ofizioz aldatzea Biurrun-Olkozko udal-mugartean dagoen eta SC Otazu Loitegui José Javier y María Lourdes titularraren jabetzakoa den zerriak gizentzeko instalazioaren ingurumen baimen integratua, ebazpen honen eranskinean zehaztutako aldaketen arabera. Hortaz, instalazioak eta jarduerak berak instalazioari ingurumen baimen integratua eman, eguneratu eta aldatzeko lehendik tramitatutako espedienteetan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte, eta, horiez gainera, ebazpen honen eranskinetan adierazitako baldintzak eta neurriak.

Bigarrena.–Ebazpen honetan jasotzen diren baldintzak ez betetzeak berekin dakar ingurumeneko diziplina-neurriak hartzea, hain zuzen ere, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginaren (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsia) IV. tituluan jasotakoak, ezertan galarazi gabe sektoreko legerian ezarritakoa, aplikagarri izaten segituko baitu, eta, horren osagarri, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen VI. tituluan ezarritako zehapen-araubidean jasotakoak.

Hirugarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Laugarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira.

Bosgarrena.–Ebazpen hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, SC Otazu Loitegui José Javier y María Lourdes titularrari eta Biurrun-Olkozko Udalari.

Iruñean, 2020ko urtarrilaren 3an.–Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Oharra: Ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumeneko Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña), Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuan, eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: http://www.navarra.es/home_es/Temas/Medio+Ambiente/Evaluacion+ambiental/Autorizaciones+ambientales/.

Iragarkiaren kodea: F2000130