26. ALDIZKARIA - 2020ko otsailaren 7a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

351E/2019 EBAZPENA, abenduaren 26koa, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez ofizioz berrikusten baita hondakin ez arriskutsuen transferentzia zentroa eta zabortegia den instalazio baten ingurumen baimen integratua. Instalazioa Arbizuko udal-mugartean dago, eta Sakanako Mankomunitatea da titularra.

Instalazio horrek badu ingurumen baimen integratua, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak apirilaren 30eko 888/2008 Ebazpenaren bidez emana, gero Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren apirilaren 24ko 304E/2015 Ebazpenaren bidez eguneratua.

2018ko azaroaren 23an, titularrak aldaketa eskatu zuen ingurumen baimen integratuaren baldintzetan, handitu ahal izateko Arbizu-Lakuntzako hondakin uren araztegira ebakuatzen den lixibiatuaren bolumena, egunean 100 m³-raino handituz.

2018ko abenduaren 14an, Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuak txosten bat egiteko eskatu zion NILSAri titularrak lixibiatu-isuria handitzeko egindako eskaeraren eta Arbizu-Lakuntzako hondakin uren araztegiaren funtzionamendu egokiaren arteko bateragarritasunari buruz.

2019ko urtarrilaren 4an, NILSA sozietate publikoak txostena aurkeztu zuen eta adierazi zuen eskatutako bolumena egun baimendutakoa halako hiru dela eta, beraz, beharrezkoa zela azterketa berria egitea, argitzeko nolako eragina duen isuri horrek hondakin uren udal araztegian, horren gaineko erabakia hartu baino lehen.

Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuko zuzendariaren apirilaren 5eko 91E/2019 Ebazpenaren bidez, behin-behineko baimena eman zen lixibiatu-isuria handitzeko, gehienez sei hilabeterako, NILSAk beharrezkoa zen azterlana egin zezan.

2019ko abuztuaren 9an, NILSA sozietate publikoak txostena eman zuen eta bertan adierazi onargarria zela lixibiatu-isuria handitzea, egunean 100 m³-ko isurketa gehienez, baldin eta NTKren karga, osotara, ez bazen egunean 6,6 kg baino handiagoa.

Zerbitzu honek uste du eskatutako aldaketa onargarria dela, eskatzen dena bat datorrelako instalazioak ingurumen aldetik eduki beharreko funtzionamendu egokiarekin. Horregatik, bidezkoa da ingurumen baimen integratua aldatzea.

Kasu honetan, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginaren 26. artikuluaren a) letran aurreikusitako inguruabarrak gertatzen dira (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onetsi zuen lege hori), eta horrenbestez, bidezkoa da ofizioz berrikustea ingurumen baimen integratuan ezarritako baldintzak, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legea garatu eta industriako isurien Erregelamendua onesten duen urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuaren 16.5 artikuluan aurreikusitako administrazio prozedurarekin bat.

Ebazpen proposamena instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean egon da hamar egunez, eta hark ez du proposamenaren aurkako alegaziorik aurkeztu.

Adierazitakoarekin bat, eta Ingurumeneko zuzendari nagusiaren azaroaren 8ko 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordeturik ditudan eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

Lehendabizikoa.–Ofizioz berrikustea Arbizuko udal-mugartean dagoen hondakin ez arriskutsuen transferentzia zentroaren eta zabortegiaren instalazioaren ingurumen baimen integratua. Hortaz, instalazioak eta jarduerak berak instalazioari ingurumen baimen integratua emateko, eguneratzeko eta aldatzeko lehendik tramitatutako espedienteetan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte, eta, horiez gainera, ebazpen honen eranskinean adierazitako baldintzak eta neurriak. Instalazioaren titularra Sakanako Mankomunitatea da.

Bigarrena.–Ebazpen honetan jasotzen diren baldintzak ez betetzeak berekin dakar ingurumeneko diziplina-neurriak hartzea, hain zuzen ere, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginaren (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsia) IV. tituluan jasotakoak, ezertan galarazi gabe sektoreko legerian ezarritakoa, aplikagarri izaten segituko baitu, eta, horren osagarri, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen VI. tituluan ezarritako zehapen-araubidean jasotakoak.

Hirugarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Laugarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira.

Bosgarrena.–Ebazpen hau Sakanako Mankomunitateari, Arbizuko Udalari eta NILSAri igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2019ko abenduaren 26an.–Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumeneko Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña), Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuan, eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: http://www.navarra.es/home_es/Temas/Medio+Ambiente/Evaluacion+ambiental/Autorizaciones+ambientales/.

Iragarkiaren kodea: F2000042