26. ALDIZKARIA - 2020ko otsailaren 7a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ELKARTE

Ordenantza, Elkarteko Kontzejuko hilerria arautzen duena.
Behin betiko onespena

Kontzejuko Batzarrak, 2019ko urriaren 26an egin bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Kontzejuaren ordenantza hilerria arautzeko.

Hasierako onespenaren iragarkia 2019ko 223. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, azaroaren 12an, eta legeak ezarritako jendaurreko epea iragan da inork alegaziorik aurkeztu gabe; hortaz, behin betiko onetsirik gelditu da, eta testu osoa ematen da jarraian.

Elkarten, 2020ko urtarrilaren 15ean.–Kontzejuko burua, Francisco Javier Huarte Babace.

KONTZEJUAREN ORDENANTZA, ELKARTEKO HILERRIAREN ERABILERA ARAUTZEN DUENA

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen 7/1985 Legearen 4., 25. eta 26. artikuluetan, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 4. eta 39. artikuluetan, eta Nafarroako Toki Ogasunei buruzko 2/1995 Foru Legearen 12. eta 100. artikuluetan ezarritakoaren arabera, Elkarteko Kontzejuari dagokio hilerria administratzea, zuzentzea eta zaintzea, batere ukatu gabe beste administrazio batzuek alor berean dauzkaten legezko eskumenak.

2. artikulua. Administrazioak, zuzendaritzak eta zaintzak honako ahalmen hauek dakartzate berekin:

a) Hilerriko higienearekin eta osasungarritasunarekin ikusteko duen guztia.

b) Hilotzak eramateari dagokiona eta hilerriaren barne araubidea ukitzen duen guztia.

c) Lurren eta hilobien antolaketa, banaketa, erabilera eta aprobetxamendua.

d) Eskubideak eta tasak kobratzea.

3. artikulua. Kontzejuaren ardurapekoak izanen dira hilerriaren antolaketa eta funtzionamendua.

Ordenantza honetan arautzen diren hilerriko zerbitzuak erabili nahi dituztenek Elkarteko Kontzejuko alkate kontzejuburuari eginen diote eskaera.

4. artikulua. Hilerrian hilobi hutsak izanen dira Kontzejuko biztanleria zentsuaren araberako kopuruan, edo horietarako lur aski bederen bai.

5. artikulua. Behar bezalako gizalegea eta errespetua agertzen ez dituzten edo nolanahi lekuaren berezko lasaitasuna hausten duten pertsonei han egotea galaraziko zaie. Debeku da edozein motatako animaliak sartzea, itsu-txakurrak izan ezik.

6. artikulua. Hilerrian, lur emanen zaio ehorzteko ekartzen den edozein hilotzi, baldintza hauetakoren bat betetzen bada:

a) Heriotza egunean Elkarten erroldatutako herritarren hilotzak.

b) Herrian gutxienez ere 5 urte (frogaturik) bizi izan direnen hilotzak.

c) Goiko baldintzak ez bete arren, aurreko ahaideak edo ondorengoak Elkarteko hilerrian lurperatuta dauzkatenen hilotzak.

Halaber, legezko izapideak bete behar dira eta, ehorzteko eskubideak lortzeko, ordenantza honetan ezarritako kostuak eta/edo tasak ordaindu behar dira zerbitzuagatik.

Elkarteko Kontzejua arduratuko da hilobia, nitxoa edo kolunbarioa ehorzketarako prestatuta edukitzeaz.

7. artikulua.

a) Ezin izanen da zementuzko itxiturarik edo lauzarik jarri. Ordenantza hau onesteak ez dakar berekin hilobien gainean jada jarrita daudenak kendu behar izatea, beharrezko kasuetan izan ezik.

8. artikulua. Kontzejuak ez du bere gain inolako erantzukizunik hartuko, hilerriaren esparruan gertatzen diren lapurretengatik edo kalteengatik, halakorik gertatuz gero.

9. artikulua. Ordenantza honek arautzen dituen zerbitzuak egiteagatik tasak ordaindutakoan erabiltzen ahalko dira hilerriko lurrak, lurreko hilobietarako, nitxoetarako edo kolunbarioetarako, 10 urterako gutxienez.

10. artikulua. Titularren ardura da hilobiak segurtasun, higiene eta apaindura egoera egokian mantentzea.

Kontserbazio egoera egokia ez denean, Kontzejuak interesdunei eskatuko die 30 egun naturaleko epean beharrezko lanak egin ditzaten. Epe hori iraganik, Kontzejuak berak eginen ditu lan horiek, eta sortzen den kargua titularrei ordainaraziko die.

11. artikulua. Emakidak eta aprobetxamendua honako arrazoi hauengatik ere iraungi daitezke:

a) Hilerria kentzeagatik.

b) Interes publikoagatik.

c) Hobiak behar izateagatik, ehorzketa berriak egiteko.

II. KAPITULUA

Ehorztea, hilobitik ateratzea, lekuz aldatzea eta autopsiak egitea

12. artikulua.

1.–Hilotzak edo gorpuzkiak ehortzi, hobitik atera eta lekuz aldatzeko, Hileta Osasunari buruzko Erregelamenduaren arauei eta kapitulu honetan xedatutakoari jarraikiko zaie.

2.–Gorpuzkiak dauzkaten hilobietan ehorzteko, aldez aurretik gorpuzki horiek bildu beharko dira, eskubidearen titularrari edo berak eskuordetzea emaniko pertsonari abisua eman eta gero; gorpuzkiok berriz ehorzten ahalko dira, beste hilotz bat utzi behar denean.

3.–Osasun baimena beharrezkoa izanen da hilotzak edo gorpuzkiak atera edo ehorzteko, hilerri honetara bertara edo beste hilerri batera eraman nahi direnean, Hileta Osasunari buruzko Erregelamenduan ezarritako kasuetan (urriaren 15eko 297/2001 Foru Dekretua).

Nolanahi ere, osasunari buruz indarra duten xedapenetan ezarritakoari jarraikiz eginen dira jarduketa horiek guztiak, osasunaren aldetik behar diren neurri guztiak hartuta.

13. artikulua. Hilotzak edo gorpuzkiak hilerrian bertan lekuz aldatzeko atera daitezke hobitik, baita beste hilerri batera eramateko ere, eta bi kasuetan hilobiaren gaineko eskubidearen titularraren eskabidea beharko da.

Hilotzak edo gorpuzkiak hobitik ateratzen badira hilerriaren barreneko beste hilobi batera eramateko, zein hilobitan berrehortzi nahi den, haren gaineko eskubidea duen titularraren baimena beharko da.

14. artikulua. Hilobitik ateratzea, ehorzketa berriak egiteko.

Hilerriko zein aldetan dauden hilobi zaharrenak, handik hasiko da, eta ezarritako errotazioari jarraikiko zaio; hurrenkera hori ezin izanen da aldatu, jada badiren panteoien kasuan izan ezik, panteoiaren jabe den familiak argi adierazten badu bertan ehortzi nahi dituela hildako senitartekoak.

Epea iraungitzeagatik ateratzean hilobitik, ez da inolako abisurik eman beharko, nahiz eta senitartekoei garaiz jakinarazten saiatuko den. Panteoien kasuan, epea iraungitzen bada edo ezarritako errotazio txanda aplikatzen bada, jabe den familiak lehen aipaturiko adierazpen argia egin beharko du.

15. artikulua. Beste hilerri batetik ekarritako hilotz edo gorpuzkiak ehorzteko ezin izanen da lur berria okupatu; hildako senitarteko baten beste hilobi batean jarri beharko dira.

16. artikulua. Kontzejuak eremu bat finkatzen ahalko du hilerriaren barrenean nitxoak edo kolunbarioak egiteko, horietan hilkutxak edo hilotz erraustuen ontziak jar daitezen (errauts kutxatilak, ontziak, etab.).

Horiek ehorzteko nahiz hobitik ateratzeko, ordenantza honetako arauak aplikatuko dira.

17. artikulua. Hilotz erraustuen kutxatilak edo ontziak beste hilobi batek okupatutako lur eremuan ehorzten ahalko dira, baldin eta hildako senitarteko batena bada, eta okupatutako hilobiaren titularraren hurbileneko familiak eskatzen badu. Kasu horretan, ehorzketa zaharraren data izanen da baliozkoa antzinatasunari begira, hilotzak hobitik atera eta ehorzketa berriak egiteko. Horregatik, eta kontuan harturik 14. artikuluan aipatutako errotazioak ehorzketa berrian eragina izan dezakeela, Elkarteko Kontzejuak baimena ez ematea erabakitzen ahalko du, uste badu laburregia dela berriz hilobitik atera arte gelditzen den denbora tartea.

III. KAPITULUA

Hilerriko hilobien erregistroa

18. artikulua. Hilerrian egiten diren hilobi eta zerbitzuen erregistroa sortzen da, eta honako hauek jasoko ditu:

a) Hilobien identifikazioa.

b) Ehorzketa eguna.

c) Hildakoaren izen-deiturak.

d) Eskualdaketak, honako hauek adierazita: eskualdatze data, titular berriaren datuak, eta eskualdaketaren zioa.

e) Ehorzketak, hobitik ateratzeak eta tokiz aldatzeak, honako hauek adierazita: hilotza den pertsonaren izen-deiturak, eta jarduketaren eguna.

f) Gorabeherak eta erreklamazioak: hilobia edo haren ingurua ukitzen duen beste gertaera oro.

Kontzejuko Idazkaritza arduratuko da erregistroaz. Beharrezko neurriak hartuko ditu datuen segurtasuna bermatzeko, eta horiek aldatzea, galtzea edo inor baimenik gabe haietara iristea eragozteko.

Inskripzioetan akats materialik bada, ofizioz zuzenduko da, akatsa argi eta garbi adierazi eta zuzentzeko idatzizko ohar berria eginez.

IV. KAPITULUA

Tasak hilerrian zerbitzuak emateagatik

19. artikulua. Berdinak dira tributu tasa edo kuota eta zerga-oinarria; azken hori ordenantza honen 20. artikuluan zehazten da.

20. artikulua. Zerga-egitatea sortzen da zerbitzu hauek gauzatzean:

1.–Ehorzketak.

a) Elkarteko Kontzejua ez da ehorzketaz arduratuko ordenantza honen 6. artikuluan aipatzen diren kasuetan. Ehorzketaren kostua eskatzailearen gain geldituko da beti.

b) Ordenantza honen 6. artikuluko kasu guztietan, titular eskatzaileak 500 euro ordaindu beharko dizkio Elkarteko Kontzejuari, lur eremua 10 urtez erabiltzeko eskubideengatik. Tasa hori urtero eguneratuko da kontsumoko prezioen indizearen arabera, Estatistikako Institutu Nazionalak Nafarroarako zehaztutakoaren arabera.

2.–Hilotz erraustuen ontziak ehorzteko tasak.

Ordenantza honen 6. artikuluko kasu guztietan, titular eskatzaileak 200 euro ordaindu beharko dizkio Elkarteko Kontzejuari, lur eremua 10 urtez erabiltzeko eskubideengatik. Tasa hori urtero eguneratuko da kontsumoko prezioen indizearen arabera, Estatistikako Institutu Nazionalak Nafarroarako ezarritakoaren arabera.

Lehendik dauden hilobietan ehortziz gero: 200 euro, 6. artikuluan adierazitako kasu guztietan.

3.–Hobitik ateratzea.

Hilerriko hilobi guztietarako: eskatzaileak ordainduko du zerbitzuaren kostua.

4.–Hilerriko beste lan batzuk.

Horien kostua eskatzailearen gain geldituko da.

21. artikulua.

a) Ordenantza honetan araututako zerbitzuetako bat eskatzen dutenak dira tasa hauen subjektu pasiboak, izan pertsona fisikoak, izan pertsona juridikoak edo izan, nortasun juridikorik gabe, batasun ekonomikoa edo ondare bereizia eratzen duten entitateak.

b) Ehorzteko eskubideen ordainarazpenetan, ehorzketak antolatu edo hilotzak hilerrira eramaten dituzten ehorztetxeak dira zergadunen ordezkoak.

22. artikulua. Lizentziak ematen ahalko dira hobi berean bi hilotz edo gorpuzki nahiz gehiago batera lurperatzeko, baldin eta ehorzketa lekuak behar bezain zedarriturik badaude, baina hilotz bakarra lurperatzetik gorako lanak partikularrak berak egin beharko ditu, bere kontura.

23. artikulua. Hilerri honetako hilobi batetik gorpuzkiak atera eta bertako beste batean ehortziz gero, hilobitik ateratzeagatik eta ehorzteagatik ordaindu beharko dira tasak. Gorpuzkiak beste hilerriren batetik ekarriz gero, ehorzketari dagozkion tasak baizik ez dira ordainduko.

24. artikulua. Zerbitzuak egin aurretik ordainduko dira 20. artikuluan ezarritako tasak, premia larria dagoenean izan ezik.

Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legearen 108. artikuluan xedatuari jarraikiz, tasak autolikidazio bidez eskatuko dira.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Ordenantza honetan aurreikusten ez den orotan, Hileta Osasunari buruzko urriaren 15eko 297/2001 Foru Dekretuan eta indarrean diren gainerako arauetan ezarritakoari jarraikiko zaio.

Iragarkiaren kodea: L2000782