26. ALDIZKARIA - 2020ko otsailaren 7a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

360E/2019 EBAZPENA, abenduaren 31koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, Lekunberriko industrialderako OPM16 gas naturalaren hornidurarako antena proiektuari buruzko ingurumen eraginaren adierazpena egiten duena. Sustatzailea Nedgia Navarra SL da.

INGURUMEN ERAGINAREN EBALUAZIO ARRUNTA

1.–Sustatzailearen eskaera.

2019ko martxoaren 29an, Celestina López Morte andreak, Nedgia Navarra SA ordezkatuz, eta Hidrokarburoen Sektoreari buruzko urriaren 7ko 34/1998 Legearen 73. artikuluan eta Ingurumen Eraginaren Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 36. artikuluan ezarritakoa aplikaturik, “Lekunberriko industrialderako 16 bar-eko (GPA) OPMko hornidurarako antena Nafarroako Foru Komunitatean” proiektuaren gehigarria aurkeztu zuen, ingurumen eraginaren ebaluazio arruntaren prozedura hasteko eta administrazio baimena, proiektuaren onespena eta, zehazki, onura publikoaren aitorpena lortzeko. Espediente horren aurrekariak ebazpen honen II. eranskinean jasorik daude.

Proiektuaren xedea da gasbide bat eraikitzea, 16 bar-eko operazio presio maximoa izanen duena, hodi bidez Lekunberriko hirigunea eta industrialdea gasez hornitzeko. Hala, etorkizunean eraitsi eginen dira gas natural likidotuaren egungo bi estazioak.

2.–Jendaurreko informazioa eta kontsulta egitea ukituriko administrazio publikoei eta interesdunei.

2019ko 77. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, apirilaren 24koan, argitaratutako iragarkiaren bidez, Energiaren, Meatzaritzaren eta Industria Segurtasunaren Zerbitzuak 30 egunez jendaurrean jarri zituen proiektua eta ingurumen dokumentazioa, 21/2013 Legearen 36. artikuluan adierazi bezala. Horren emaitza ebazpen honen III. eranskinean ageri da laburbilduta.

Halaber, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 37.1 artikuluarekin bat etorriz, Energiaren, Meatzaritzaren eta Industria Segurtasunaren Zerbitzuak kontsulta egin zien Arakilgo, Larraungo eta Lekunberriko udalei. Kontsulta egin zitzaien Madotz, Alli, Astitz, Egiarreta, Etxarren, Madotz eta Oderizko kontzejuei ere, bai eta lehenagoko izapide batean Energiaren, Meatzaritzaren eta Industria Segurtasunaren Zerbitzuak proiektua jendaurrean jarri zuenean alegazioak aurkeztu zituzten interesdun guztiei ere. Izapide hori ebazpen honen II. eranskinean jasorik dago. Ukituriko administrazio publiko eta pertsona interesdun horiek hogeita hamar egun balioduneko epea izan zuten, jakinarazpena jaso zutenetik hasita, txostenak igortzeko eta egokitzat jotzen zituzten alegazioak egiteko.

3.–Ingurumen eraginaren ebaluazio arrunta hasteko eskaera.

Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 39.1 artikuluarekin bat etorriz, 2019ko uztailaren 15ean Nedgia Navarra SAk dokumentazioa aurkeztu zuen ingurumen ebaluazio arruntaren hasiera eskatzeko, eta Energiaren, Meatzaritzaren eta Industria Segurtasunaren Zerbitzuak dokumentazio hori Ingurumen Ebaluazioaren Bulegoari helarazi zion.

I. eranskinean labur azaltzen da sustatzaileak aurkeztutako proiektua, eta aukera edo korridore guztiak deskribatzen dira. Sustatzaileak 1. aukeraren 4. aldaera hautatu du eragin txikieneko aukeratzat. Hautatutako trazadura 14.671 metro luze izanen litzateke. Ahal den heinean, zanga makinaz hondeatzea da asmoa, 0,8 eta 1,5 metro bitarteko sakoneran. Gasbidea instalatzeko beharrezkoa da 8 metroko zabalerako lan-pista bat eraikitzea. Behin obrak amaiturik, 3 metroko bide-zortasuna geldituko litzateke. Zangak 30 zentimetroko zabalera izanen du, gehi hodiaren neurria (6 eta 8 hazbete).

Ingurumen eraginari buruz sustatzaileak aurkeztu duen azterketak dioenez, hautatutako aukeraren eta aldaeraren eragin nagusiak landare-estalduraren, paisaiaren eta ur-aprobetxamenduen gainekoak izanen lirateke. Zehazki, landare-estalduraren gaineko eragina moderatutzat kalifikatzen da, eta gehienbat eragin itzulgarria izanen omen da, zuzenketa neurriak jarriz gero. Zuhaitzak moztu eta sastrakak garbituko diren lur zerrendak 8 metroko zabalera du; hori bai, lanak bukatutakoan, lehenago kendutako lurra berriro zabalduko da, eta, basoa zeharkatuz gero, 8 metro horietatik 5 basoberritu eginen dira. Aralarko hego-magalaren balio estetikoen eta paisaia-balioen gaineko eragina honela kalifikatzen du ingurumen dokumentuak: larria, baina bateragarrirantz eboluzionatzen ari dena. Uren aprobetxamenduaren gaineko eragina obren fasean baino ez litzateke gertatuko. Prebentzio eta zuzenketa neurriak jarri behar lirateke hura kontrolatzeko eta ahal den neurrian arintzeko. Trazadura NA-7500 errepidearen eraginpeko eremuan dago. Errepide horrek “Aralar mendilerroa” ES2200020 kontserbazio bereziko eremua (KBE) mugatzen du 4,7 kilometroko tartean (eremuaren mugek 14,67 kilometro dituzte guztira).

4.–Espedientean dauden txostenak.

–Espedientean jasorik dago Ebroko Konfederazio Hidrografikoaren 2019ko urriaren 14ko txostena. Erakunde horrek txostenean dio egokitzat jotzen duela ingurumen eraginari buruz aurkeztu den azterketa, eta adierazten du azterketan bertan eta ingurumena zaintzeko programan jasotako prebentzio eta zuzenketa neurri guztiak bete beharko direla, bai eta proiektatu den jarduketak ur-ingurunean ahalik eta ukipen txikiena izateko beharrezkoak diren neurriak ere. Bermatu behar da, halaber, ez dela aldaketa nabarmenik eraginen inguruko dinamika hidrologikoan, eta une oro segurtatuko da azaleko eta lurpeko uren kalitatea. Konturik handienaz jardun beharko da obren fasean, eta arreta berezia jarri Larraun ibaia eta Altzoko erreka gurutzatzean, ur-laster horien gaineko ukipena ahalik eta txikiena izan dadin. Azkenik, ur-laster garrantzitsuak gurutzatzen direnean zulatze gidatuaren teknika erabiliko da, ibai eta urertzen gaineko ukipenak ahal den heinean arintzeko.

–Espedientean jasorik dago Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiko Ondare Historikoaren Zerbitzuaren txostena. Bertan adierazten du ez duela ukipenik sumatzen, Ondare Arkitektonikoaren Atalaren eskumeneko gaiei dagokienez.

–Espedientean jasorik dago Ingurune Naturalaren Zerbitzuko Eskualde Atlantikoa Kudeatzeko Atalaren txostena. Txosten horrek adierazten du, ingurumen kontuei dagokienez, ebaluatu egin beharko dela ea teknikoki posible den gasbidearen trazadura Natura 2000 Saretik kanpo kokatzea, ahal den neurrian. Gainera, Aralar mendilerroan dauden Batasunaren intereseko habitatak aipatzen ditu, zeinak kontuan hartu beharko baitira, ez ukitzeko; eta Lekunberriko industrialdearen inguruetan intereseko flora duten gune hezeak ere aipatzen ditu. Adierazten du, halaber, aintzat hartu beharko direla landaredia lehengoratzeko neurriak, batez ere errepide eta belardi ertzetako palaxuak lehengoratzekoak, eta eskatzen du, 4. aukera hautatuz gero, Madotz eta Etxeberri artean lehendik dauden bideak erabil daitezela, inguruko landarediaren gaineko ukipena murrizteko. Azkenik, Nafarroako Oihan Ondarea babestu eta garatzeari buruzko 13/1990 Foru Legea aplikatuta, zenbait ohar egiten ditu, ebazpen honetako baldintzen atalean jaso direnak (okupatutako eremua basoberritzea, kanona eta abar).

5.–Espedientearen azterketa.

Biodibertsitatearen Zerbitzuko Ingurumen Eraginaren Atala ados agertu da sustatzailearen azterketarekin, zeinean landarediaren eta paisaiaren gaineko ukipenak aipatzen baitira proiektuaren ukipen nagusitzat. Ur-ingurunearen gainean gertatzen ahal diren ukipenak ere kontrolatu egin behar dira, sustatzaileak Ebroko Konfederazio Hidrografikoaren txostenari jarraituz proiektatu dituen prebentzio eta zuzenketa neurrien bidez.

Landarediak obraren fasean jasanen ditu ukipen nagusiak, basoak —hostozabal autoktonoak, bereziki— zeharkatzen dituzten tarteetan, zeren lanerako zerrenda bat irekiko baita, 8 metro zabal. Eragina arintzat kalifikatzen ahal da. Gero 8 metro horietatik 5 basoberritu eginen dira, eta horrenbestez eragina bateragarritzat jo daiteke, nahiz eta denbora luze samarra beharko den basoa erabat gara dadin. Trazadurak belardi eta larreak zeharkatzen dituen tarteetan ingurua askoz lasterrago lehengoratuko da.

Paisaiari dagokionez, Etxeberritik Aralar mendilerrorantz igotzen den tartean gertatuko da ukipen nagusia, KBEtik kanpo. Basoan 8 metroko zerrenda ireki beharko da, oso bistan dagoen eta malda handia duen leku batean. Sustatzaileak aurkeztu duen azken konponbidea (1. aukeraren 4. aldaera) paisaian ukipen txikiagoa sortzen du aurretik aurkeztutako 1. aukeraren 2. aldaerak baino. Izan ere, lehendik dauden bideak baliatzen ditu neurri batean, tarte laburragoak ditu balio ekologiko handiko basoetan barrena, eta zeharkatzen dituen zonak ez dira 2. aldaerakoak bezain maldatsuak.

Natura 2000 Sarearen gaineko ukipenei dagokienez, 4. aldaera Aralarko KBEaren ekialdeko mugatik doa, NA-7500 errepidearen albotik, zehazki 4,7 kilometroko tarte batean. Aukera horrek ez du Batasunaren intereseko habitat bakar bat ere ukitzen, eta ez du ukipen nabarmenik sortzen eremu hori izendatzean aintzat hartu ziren elementu nagusietan ere. Horregatik uste da proiektuak ez diola kalterik eginen Aralarko KBEari.

Hala, bada, Ingurumen Eraginaren Atalak uste du proiektua bideragarria dela ingurumenaren ikuspegitik, eta proiektuaren aldeko txostena egin du. Betiere, aurkeztutako dokumentazioan azaltzen diren prebentzio eta zuzenketa neurriak bete beharko dira, bai eta ebazpen honetan jasotako baldintzak ere.

Espedientearen azterketa teknikoa eginda, Biodibertsitatearen Zerbitzuak ondorioztatu du ingurumen eraginaren ebaluazioaren prozedura egokiro burutu dela, eta horregatik proposatzen du ingurumen eraginaren adierazpen aldekoa egitea “Lekunberriko industrialderako OPM16 gas naturalaren hornidurarako antena” proiektuari. Nedgia Navarra SLk sustatu du proiektu hori.

Adierazitakoarekin bat, eta honako hauek ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren abuztuaren 6ko 22/2019 Foru Dekretua eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretua.

EBAZTEN DUT:

1. Ingurumen eraginaren adierazpena egitea, “Lekunberriko industrialderako OPM16 gas naturalaren hornidurarako antena” proiektuaren aldekoa. Proiektuaren sustatzailea Nedgia Navarra SA da.

2. Espedienteari atxikitako dokumentazio teknikoan jasotako ezaugarrien arabera eginen da jarduera, eta prebentzio eta zuzenketa neurriak ere beteko dira, honako baldintza hauez gainera:

Obraren aurretik:

–Proiekturako administrazio-baimena onetsi baino lehen, eta Nafarroako Oihan Ondarea babestu eta garatzeari buruzko 13/1990 Legeari jarraikiz, zeharkatuko diren onura publikoko mendiei dagokienez, hornidura-antenaren onura publikoa mendiaren onura publikoaren gainetik dagoela deklaratu beharra dago. Hala eginez gero, Eskualde Atlantikoa Kudeatzeko Atalaren txostenaren arabera, kanon bat ezarriko da, urtero eguneratzen ahalko dena, Nafarroako Oihan Ondarea babestu eta garatzeari buruzko 13/1990 Foru Legearekin bat.

–Sustatzaileak basoberritze proiektua aurkeztu beharko du, eta proiektu horren eremua ez da okupatutako eremua baino txikiagoa izanen, Nafarroako Oihan Ondarea babestu eta garatzeari buruzko 13/1990 Foru Legearekin bat.

–Zuhaitzak mozteko, Basoak Kudeatzeko Atalaren baimena beharko da. Basozaingoa Ingurumena Zaintzeko Ataleko langileek markatuko dituzte zuhaitzak. Enpresa eskatzaileak hitz egin beharko du ukitutako titularrekin, hornidura-antenako lan-zerrendetatik ateratzen den zuraren edo egurraren xedea zehazteko. Titularrek etxerako egur sortak egitea erabakitzen badute, enpresak akordio batera iritsi beharko du, ea zur edo egur hori non utziko duen, geroago bana dadin.

–Obrak hasi baino lehen, Vianako Printzea Erakundea-Kulturako Zuzendaritza Nagusiaren aldeko txostena lortu behar da, ondare arkeologikoak jasan ditzakeen ukipenei buruz.

–Sustatzaileak ingurumenaren jarraipen eta zaintza plana aurkeztuko du Ingurumen Eraginaren Atalean, bai obren faserako eta bai gasbidearen funtzionamendu-faseko lehen urteetarako ere. Obra egokiro egiteko beharrezkoak diren ekintza guztiak bilduko ditu, kontuan harturik ebazpen honetan ezarritako baldintzak, proiektuaren edukia eta sustatzaileak aurkeztutako ingurumen dokumentua. Aurreikusitako zuzenketa-neurrietarako aurrekontua (besteak beste, obrek basoan ukitutako guneak lehengoratzekoa) eta gauzatze epea ezarriko ditu, baita lanak egiteko eta txostenak aurkezteko kronograma ere.

–Lekunberriko industrialdera iritsi aurretiko tartean, 1 x 1 km-ko UTM laukian, Nafarroako Florako Espezie Mehatxatuen Katalogoan jasotako espezie hauek daude: Orchis laxiflora, Epipactis palustris eta Sanguisorba officinalis. Obra hasi baino lehen, floran aditua den espezialista batek azterketa egin beharko du, lan-pistaren trazaduran espezie horiek ez direla ukituko ziurtatzeko. Horri buruzko txostena aurkeztu beharko da Ingurumen Jarraipenaren Bulegoan (seguimiento.ambiental@navarra.es).

–Obra hasi baino lehen, batik bat baso eta zuhaiztiak ukitzen dituzten tarteetan, hornidura-antenaren trazadura aztertu beharko du faunan (batez ere abifaunan) espezialista den aditu batek, ea espezie mehatxaturik dagoen, eta, hala bada, espezie hori ez ukitzeko neurri egokiak hartuko dira, bereziki ugalketa sasoian. Horri buruzko txostena aurkeztu beharko da Ingurumen Jarraipenaren Bulegoan (seguimiento.ambiental@navarra.es).

Obraren fasean:

–Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko teknikariek obraren zuinketan parte hartuko dute. Horretarako, gutxienez 72 ordu lehenago abisua emanen zaio Ingurumen Jarraipenaren Bulegoari (seguimiento.ambiental@navarra.es).

–Enpresa sustatzaileak ingurumen arloko prestakuntza duen arduradun bat jarri beharko du obraren jarraipena egiteko eta ebazpen honetan jasotako baldintza guztiak zaintzeko, bai eta aurkeztutako proiektuan eta ingurumen eraginaren azterketan jasotako neurriak ere. Halaber, proiektuan aurreikusi gabeko kalterik gerta ez dadin arduratuko da. Ingurumen Jarraipenaren Bulegoan aurkeztu beharko dira obren bilakaerari buruzko hiru hilean behingo txostenak, bai eta obraren amaierako txostena ere. Bertan jasorik utziko dira inguruabar aipagarri guztiak, zuzenketa neurriak, aurreikusi gabeko ingurumen eraginak eta abar. Halaber, aurreikusitako zuzenketa neurrien ebaluazioari buruzko txostenak aurkeztuko dira obrak amaitu eta hurrengo hiru urteetan.

–Trazadurak baso autoktonoak zeharkatzen dituen tarteetan, ahalik eta kalte txikiena eginen da zuhaitzen mozketa edota inausketekin. Lan-zerrendaren zabalera 8 metrotik 6ra murriztuko da, teknikoki ahal denean.

–Ez dira inola ere ukituko ezarritako lan-zerrendatik kanpoko zonak. Hori bereziki garrantzitsua da lan-zerrenda 6210 “Albitz-belardi kantauriarrak” Batasunaren intereseko habitatera hurbiltzen den tokietan, Oderitz eta Astitz parean. Habitat hori ezin izanen da inola ere ukitu. Obraren zuinketan erabakiko da non kokatu materialak metatzeko guneak eta horrelakoak.

–Obrak aldatzen dituen eremu guztiak lehengoratu beharko dira.

–Lur soberakinik edo bestelako material soberakinik izanez gero, baimendutako hondakin-kudeatzaile batek kudeatu beharko du. Aurrez baimendu gabeko isurketa-eremuen beharra izanez gero, obrak hasi baino nahikoa denbora lehenago izapidetuko dira, ingurumen ukipenetarako baimenaren bitartez.

–Ur-ingurunean sortzen ahal diren ukipenei dagokienez, Ebroko Konfederazio Hidrografikoaren 2019ko urriaren 14ko txostenaren arabera, ingurumen eraginaren azterketan eta ingurumena zaintzeko programan jasotako prebentzio eta zuzenketa neurri guztiak bete beharko dira, bai eta proiektatu den jarduketak bere eremuko ur-ingurunean ahalik eta ukipen txikiena izateko beharrezkoak diren neurriak ere. Bermatu behar da, halaber, ez dela aldaketa nabarmenik eraginen eremuko dinamika hidrologikoan, eta une oro segurtatuko da azaleko eta lurpeko uren kalitatea. Konturik handienaz jardun beharko da obren fasean, eta arreta berezia jarri Larraun ibaia eta Altzoko erreka gurutzatzean, ur-laster horien gaineko ukipena ahalik eta txikiena izan dadin.

–Ur-laster garrantzitsuak gurutzatzen direnean —esaterako Larraun ibaia, Lekunberriren hegoaldean— zulatze gidatuaren teknika erabiliko da, ibai eta urertzen eta horiei lotutako landarediaren gaineko ukipenak ahal den heinean murrizteko.

–Organo substantiboak baiesten baldin badu 10. alegazioa, Ignacio Aizpun jaunak egina, ezin izanen dira ukitu errekako jabari publiko hidraulikoaren zortasun-eremua (5 metro) eta lotutako landaredia, eta, beraz, eremu hori balizatu egin beharko da.

–Organo substantiboak baiesten baldin badu 11. alegazioa, Astizko Kontzejuak egina, Herri Lanetako zuzendari nagusiaren urriaren 18ko 232/2019 Ebazpenari jarraituz, Ingurumen Eraginaren Atalak dio aldaketa horrek ez duela ingurumenean ukipen nabarmenik sortuko, betiere ebazpen honetan ezarritako baldintzak betetzen badira; batez ere, ez bada ukitzen 6210 “Albitz-belardi kantauriarrak” Batasunaren intereseko habitata, Astitz inguruetan.

–Aurreikusi gabeko anomaliaren bat aurkitzen bada hondeatze-lanetan —esaterako, aldaketak geruzetan edo horien ezaugarrietan, leizeak, gas jarioak, eroanbideak, eraikuntzen hondarrak, etab.—, obra gelditu eginen da eta gertatutakoa lehenbailehen jakinaraziko zaie zuzendaritza fakultatiboari eta erakunde eskudunei, behar diren neurriak hartzeko.

–Behin obrak amaituta, lehengoratu egin beharko dira ukitutako bide guztiak, bai eta lan-zerrendak gurutzatzen dituen toki-ibilbideak edota natura-ibilbideak ere; esaterako, Oderitz eta Astitz artean daudenak.

3. Sustatzaileak abala jarri behar du, Hidrokarburoen Sektoreari buruzko urriaren 7ko 34/1998 Legearen 73.4 artikuluarekin bat etorriz. Abal horrek bermatuko du behar bezala gauzatuko direla proiektua bera eta aurreikusitako zuzenketa eta prebentzio neurriak, eta aurreikusi gabeko ingurumen-gorabeherak zuzenduko direla, halakorik gertatuz gero.

4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 41.3 artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

5. Ebazpen hau jakinaraztea Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuari, Biodibertsitatearen Zerbitzuko Ingurumen Eraginaren Atalari, Basoen eta Ehizaren Zerbitzuko Basoak Kudeatzeko Atalari, Ingurumen Kudeaketaren Kalitatearen eta Zaintzaren Zerbitzuko Ingurumena Zaintzeko Ataleko Sakana-Mendialdeko koordinazio unitateari, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko Lurraldearen Antolamenduaren Atalari, Arakilgo, Larraungo, Lekunberriko eta Irurtzungo udalei, Madozko, Alliko, Astizko, Egiarretako, Etxarrengo, Etxeberriko eta Oderizko kontzejuei eta Irurtzun-Etxeberri Fazeroari.

6. Ebazpen hau jakinaraztea Astiz-Irujo Fundazioari,Mariano Ramón Legarra Villanueva jaunari, Juan María Michaus Villanueva jaunari, María Dolores Valverde Lamsfus andreari, Fermín Galarza Larrayoz jaunari, Emilio Azpirotz Satrustegi jaunari, Rubén Goñi Urroz jaunari, Lorenzo Echarri Iribarren jaunari, M.ª Pilar Martija Azcue andreari, Luis Marcelo Los Arcos Pérez jaunari, Vicente Azpiroz Oquiñena jaunari, Fermín Iriarte Olaechea jaunari, Juan Percaz Arrayago jaunari, Martín Arroqui Latasa jaunari, José Ignacio Aizpun Etulain jaunari, Fco. Javier Iriarte Ollo jaunari, Sustraia Erakuntza Fundazioari, Margarita Oderiz Zubillaga andreari, Kalaxka Elkarteari, Venancio Astiz Buldain jaunari, Victoriano Arano Arrechea jaunari eta Antonia Galarza Arangoa andreari.

Iruñean, 2019ko abenduaren 31n.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.

I. ERANSKINA

Proiektuaren deskribapena eta aukeren azterketa

Proiektuaren xedea da 16 bar-eko OPMko gasbidea eraikitzea, hodi bidezko gas hornidura eman ahal izateko bai Lekunberriko hiriguneari bai industrialdeari. Horretarako hiru aukera edo korridore nagusi planteatu ditu Nedgia SAk: Sakanatik abiatu eta Astiztik pasatzen dena, zenbait aldaerarekin; Irurtzundik abiatu eta Plazaola trenbidearen trazadurari jarraitzen diona; eta Leitzatik abiatzen dena. Plazaola trenbide berdearen trazadurari dagokion aukera baztertu egin du sustatzaileak, hiru arrazoirengatik: lan-zerrendaren zabalera ez delako eraikuntzarako teknikoki behar den adinakoa; trazadura horrek tunelak zeharkatzen dituenez, asko zailduko litzatekeelako eraikuntza; eta trazaduraren zati bat Nafarroako Gobernuaren errepide-sareko galtzada delako. Leitzatiko alternatiba ere baztertu egin da hornikuntza-antena kolokan egonen litzatekeelako; izan ere entrega-puntuan dagoen berme-presioak ezin du bermatu Lekunberriko industrialdearen hornikuntza.

Horregatik guztiagatik, planteatutako hiru aukera nagusietatik sustatzaileak bakarra jotzen du bideragarritzat: 1. aukera, Astiztik pasatzen dena; eta horren lau aldaera dira aztergai, Sakanatik Oderitzeraino, hortik aurrera denek trazadura berdintsua izanen bailukete, NA-7500 errepidearen inguruetan. Errepide hori “Aralar” ES2200020 kontserbazio bereziko eremuaren ekialdeko muga da.

Sakanatik abiatzen den 1. aukera horren 1. eta 3. aldaerak baztertu egin ditu sustatzaileak, paisaian eta Natura 2000 Sarean sortuko lituzketen eraginak kritikotzat jotzen dituelako. Biak Arakilgo udal mugartetik abiatu eta Aralarko KBEan barneratzen dira kareharrizko harkaizti bat zeharkatuz. Inguru horretan flora guztiz espezializatua dago, endemismo ugarikoa, eta Batasunaren intereseko UE 8210 habitata ere badago. Gasbidea habitat horretatik pasatuz gero, oso zaila eta zalantzazkoa izanen litzateke hura lehengoratzea. Gainera, tarte horretan paisaiaren gaineko eragina oso handia litzateke. Ingurumen Eraginaren Atala azterketa horrekin ados dago.

Ingurumen eraginaren ebaluazio erraztua izapidetzean, sustatzaileak 1. aukeraren 2. aldaera jo zuen ingurumen eragin txikienekotzat. Ebaluazio horri buruzko ebazpenean —”13E/2019 Ebazpena, urtarrilaren 8koa, Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiak emana, ingurumen eraginaren txostena ematen duena proiektu honetarako: Lekunberriko industrialderako 16 bar-eko OPM hornidura-antena; Sustatzailea Nedgia Navarra SA da”— ondorioztatu zen aldaera horrek ondorio nabarmenak sortzen ahal zituela ingurumenean, eta, beraz, ingurumen eraginaren ebaluazio arrunta egin behar zitzaiola, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen III. eranskinean ezarritako irizpideei jarraituz.

1. aukeraren 4. aldaerak 2. aldaeratik nahiko gertu dauka trazadura gehiena, baina hobekuntza hauek eskaintzen ditu ingurumenaren ikuspuntutik:

Eragin txikiagoa du Aralarko hego-mazelako baso autoktonoetan eta paisaian. Izan ere, 4. aldaerak lehendik dauden baso-pistak erabiltzen ditu zenbait tartetan, eta trazadura aldatu zaio haran hondoko baso hostozabal misto bat (Quercus sp. ugarikoa) saihesteko. Horren ordez belardiak eta landatutako Pinus nigra sail bat ukitzen ditu, ingurumen balio askoz apalagoa dutenak. Gainera, 4. aldaerak toki maldatsu batzuk zeharkatzen dituen arren, 2. aldaerakoak baino leunagoak dira. Horrenbestez, trazadura ez da hain agerian gelditzen eta eragin txikiagoa du paisaian. Baso-pista utzi ondoren trazadura pagadi eta belardietan barrena doa Oderitz parera iritsi arte.

Oderiztik aurrera, 2. eta 4. aldaerak NA-7500 errepidearen ondoko pasabide batetik doaz, eta belardiak eta baso hostozabal mistoak (pagoak, haritzak, lizarrak, astigarrak, hurritzak, etab.) zeharkatzen ditu. Lekunberriko hirigunearen inguruan, errepidetik aldentzen hasten da, industrialdera ailegatu arte. Tarte horretan 2. aldaera NA-7500 errepidearen ekialdetik doa, eta 4. aldaera mendebaldetik. Oderitz eta Alli artean errepide hori Aralarko kontserbazio bereziko eremuaren muga da, eta lurraren malda aldatzen den zonan eraikita dago. Hala, 2. aldaera lur maldatsuagoan zehar doa, baso eta sastraka artean, eta 4. aldaera lur leunagoan, belardi eta larre artean, eta basoguneren bat ere zeharkatzen du. Horrek garrantzi berezia hartzen du bi aukera horietatik eragin txikiena izanen duena hautatzerakoan, zeren lur maldatsua lantzen zailagoa izanen baita eta hondakin gehiago sorraraziko baititu. Gainera, zenbat eta pikoagoa malda, orduan eta nabarmenagoa izanen da paisaiaren gaineko eragina, ingurumen eraginaren azterketak berak dioen bezala. 2. aldaerak dituen bi inguruabar horiek, alegia, lurra maldatsuagoa izateak eta paisaiaren gaineko eragin handiagoa sortzeak, zaildu eginen dute obrek aldatutako eremuak lehengoratu eta berreskuratzea. Beraz, ikuspuntu horretatik eragin txikienekoa 4. aldaera litzateke, sustatzaileak hautatu duena. Ingurumen Eraginaren Atala horrekin ados dago.

Behin obrak bukatu eta ukitutako gune guztiak lehengoratuta daudenean, ez da sortuko ez hesi-efekturik ez konektibitate galerarik, gasbidea lur azpian egonen delako eta soildutako zortasun-eremua 3 metro zabal izanen delako, baso-pista asko edota lurraldean dauden beste azpiegitura lineal asko baino estuagoa.

Natura 2000 Sarearen ukipenak.

4. aukeraren trazadura, sustatzaileak hautatu duena, KBEaren muga den errepidearen albotik doa landazabalean zehar. Inguru horretan baso hostozabal misto autoktonoak eta landatutako harizti amerikarrak larre eta belardiekin txandakatzen dira.

Hautatutako aukeraren trazadurak ez du Batasunaren intereseko habitat bat ere ukitzen KBEan. Beraz, ez du eremu horren osotasunaren gaineko ukipenik sortzen habitatak ukitzearen ikuspegitik, arloko legerian jasotako eran.

“Baso autoktonoak” eta “belardi eta sastrakadiak” gako elementutzat jotzen dira KBEa Kudeatzeko Planean. Nolanahi ere, sortuko diren ingurumen ukipenak moderatutzat kalifikatzen ahal dira, eta bateragarri bilakatzen ahal dira aurreikusten diren zuzenketa eta prebentzio neurriak hartuz gero; bereziki, lan-zerrendan zortasunik ez duen zona (lan-zerrendak zabaleran duen 8 metroetatik 5 metro) landareztatuz gero.

II. ERANSKINA

Aurrekariak

2018ko ekainaren 25ean, Energiaren, Meatzaritzaren eta Industria Segurtasunaren Zerbitzuak Lekunberriko industrialderako OPM 16 antenaren espedientearen ingurumen eraginaren ebaluazio erraztua hasteko eskaera igorri zion Lurralde eta Paisaia Zerbitzuari, proiektua Ingurumen Ebaluaziori buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen II. eranskineko 4.e) multzoan sailkatuta zegoelako, eta, beraz, ingurumen eraginaren ebaluazio erraztuaren prozedura zegokiolako.

Proiektuaren xedea da 16 bar-eko OPMko gasbidea eraikitzea, hodi bidezko gas hornidura emateko bai Lekunberriko hiriguneari bai industrialdeari. Hala, etorkizunean eraitsi eginen dira gas natural likidotuaren egungo bi estazioak.

Nedgia Navarra SAk bere ingurumen dokumentuan hiru aukera aurkeztu ditu Lekunberriko industrialdea gasez hornitzeko antenaren trazadurarako.

–1. Astiztik abiatzen den trazadura.

–2. Irurtzundik abiatu eta Plazaolaren bide berdeari jarraitzen dion trazadura.

–3. Leitzatik abiatzen den trazadura.

Nedgia Navarra SAk aukera bakarra jotzen du bideragarritzat: Astiztik abiatzen dena (bere aldaerekin).

Nedgia Navarra SAk, gainera, trazaduraren hiru aldaera planteatu ditu, Sakanan lehendik dagoen saretik hasi eta Oderizko hegoalderaino. Oderizko hegoaldeko puntu horretatik aurrera trazadura bakarra aurreikusi du Lekunberriko industrialderaino:

Nedgia Navarra SAren arabera, trazaduraren 2. aldaerak sortzen du eragin txikiena ingurunean. Hona hemen aldaera horren ezaugarriak:

Hautatu den aldaera Arakilgo udal mugartean dagoen Etxeberriko Kontzejuko hiri lurzorutik abiatzen da, eta gero, mendiaren hego-magaleko aldapa latzetan kokatuta dauden baso-eremuak ukitzen ditu. Aralarko mendi-magaleko igoeraren hasieran haritz kandudunez (Q. robur) osaturiko multzoak daude, eta gorago, ametz ilaundunez (Q. humilis) osaturikoak. Gune horretan espezie horietako zuhaitz asko dauden arren, Nafarroako eskualde atlantikoan, orokorrean, ez dira oso ugariak. Baso horrek aniztasun itzela du eta oso ongi kontserbatuta dago. Zuhaitz asko enbor lodidunak dira eta, hainbatek barrunbeak dituztenez, balio handia dute inguruko faunarentzat. Gero, aldapan gora egin ahala, trazadurak pagadiak zeharkatzen ditu, eta harkaitz-azaleratzeak dituen goi-larre batera ailegatzen da. Ondoren, pagadiak zeharkatzen ditu berriro ere, behera bidean, eta Oderizko inguruetara ailegatzen da. Puntu horretatik aurrera, trazadura NA-7500 errepidearen ondoko pasabide batetik doa, eta belardiak eta baso mistoak zeharkatzen ditu (pagoak, haritzak, lizarrak, astigarrak, hurritzak). Lekunberriko hirigunearen inguruan, errepidetik aldentzen hasten da, industrialdera ailegatu arte.

21/2013 Legearen 46. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuak kontsulta egin zien ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei, beren eskumeneko gaietan oharrak edo iradokizunak egin zitzaten. Kontsulta egin zitzaien Arakilgo, Larraungo eta Lekunberriko Udalei, Ingurune Naturalaren Zerbitzuko Eskualde Atlantikoa Kudeatzeko Atalari, Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiari, Herri Lan Zuzendaritza Nagusiari, Plazaola Partzuergoari, Ekologistak Martxan erakundeari, Gurelurri, Lurra izeneko lurraren defentsarako erakundeari eta Sustrai Erakuntza Fundazioari. Herri Lan Zuzendaritza Nagusiaren erantzuna jaso zen.

Horrez gain, 2018ko 140. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, uztailaren 20koan, argitaratutako iragarkiaren bidez, Energiaren, Meatzaritzaren eta Industria Segurtasunaren Zerbitzuak jendaurrean jarri zuen Nedgia Navarra SAk eginiko eskaera, Hidrokarburoen Sektoreari buruzko urriaren 7ko 34/1998 Legean aurreikusitako ondorioetarako. Hona hemen eskaera hori: “Lekunberriko industrialderako 16 bar-eko OPM antenaren administrazio-baimena eta exekuzio proiektua onartzea, eta haren onura publikoaren deklarazioa egitea”.

Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren urtarrilaren 8ko 13E/2019 Ebazpenaren bidez, ingurumen eraginaren txostena formulatu zen Nedgia Navarra SA enpresak sustatutako “Lekunberriko industrialderako 16 bar-eko OPM hornidura-antena” proiektuari buruz; ondorioztatu zen proiektuak ingurumenean eragin nabarmenak izaten ahal zituela, eta, hortaz, ingurumen eraginaren ebaluazio arrunta egin behar zitzaiola, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen III. eranskinean ezarritako irizpideen arabera.

Ebazpen hori jakinarazi zitzaien Ingurumen Eraginaren eta Paisaiaren Atalari, Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalari, Ingurune Naturalaren Zerbitzuaren barneko Kantaurialdeko Kudeaketa Atalari, Energiaren, Meatzaritzaren eta Industria Segurtasunaren Zerbitzuaren barneko Azpiegitura Energetikoen Atalari, Larraungo Udalari, Arakilgo Udalari, Lekunberriko Udalari, Alliko Kontzejuari, Astizko Kontzejuari, eta Energiaren, Meatzaritzaren eta Industria Segurtasunaren Zerbitzuaren jendaurreko aldian alegazioak aurkeztu zituzten interesdun guztiei. Zehazki, Astiz-Irujo Fundazioari, Mariano Ramón Legarra jaunari, Juan María Michaus jaunari, María Dolores Valverde andreari, Fermín Galarza jaunari, Emilio Azpirotz jaunari eta Rubén Goñi jaunari.

III. ERANSKINA

Alegazioak

NEDGIA NAVARRA SAk 2019ko martxoaren 29an aurkeztutako eskaera dela eta jaso diren alegazioak eta txostenak

Kontsulten izapidearen eta jendaurreko aldiaren ondorioz jaso diren txostenak eta alegazioak behean ageri dira zerrendatuta eta laburbilduta. Gainera, ingurumen edukia duten alegazioak aztertzen dira, eta organo substantiboaren irizpenpean uzten dira gainerako alderdiak.

1. alegazioa. Lorenzo Echarri Iribarren jauna.

Lorenzo Echarri jauna 24. poligonoko 38. lurzatiaren (NA-LA-022) jabea da. Alegazioan dio ez dagoela ados trazaduraren aldaketarekin, zeinak kontserbazio bereziko eremu bat ukitzen baitu. Uste du Oderizko mugartean ukitutako eremu zuhaiztuna askoz handiagoa dela, eta eroanbidea herritik askoz hurbilago pasatzen dela.

Mistotzat kalifikatuta dago NA-LA-022 finka, eta eroanbidea handik pasatzeak finkan eraikitzeko aukera oro deuseztatuko du. Horregatik, uste du ez dela nahikoa proposatutako kalte-ordaina. 2014. urtean lurzatiaren kalifikazioa aldatzeko eta hiri lurzati bihurtzeko eskatu zela jakinarazten du. Kontzejuak eskaera onetsi zuen, baina Larraungo Udalak oraindik ez du onetsi.

Erantzuna.–Alegazioaren ingurumen edukiari dagokionez, eta, zehazki, Natura Sarean dagoen Aralarko KBEaren gaineko ukipenak direla eta, erantzuna emanda dago ebazpen honen I. eranskinean.

2. alegazioa. Juan María Michaus Villanueva jauna.

Juan María Michaus jaunak, maiatzaren 23ko eskabidean, Lekunberriko 12. poligonoko 563., 611., 562., 561., 560. eta 552. finken gaineko ukipena saihesteko eskatzen du. Beste trazadura bat proposatzen du, paralelo doan udal bidetik, eta ingurumenean eta basoan eragin txikiagoa izanen lukeela dio. Obrak bukatu ondoren bideak orain dauden bezala utzi behar liratekeela gaineratzen du.

Erantzuna.–Ingurumen Eraginaren Atalak adierazi du hautatutako aukera bideragarritzat jotzen dela ingurumenaren ikuspuntutik. Ebazpen honetako baldintzetan badago jasorik ukitutako bideak lehen bezala utzi beharko direla.

3. alegazioa. Raúl Oroz Martín jauna, M.ª Pilar Martija Azcue andrea ordezkatuz.

M.ª Pilar Martija andreak maiatzaren 27ko 2019/428528 eskabidean adierazten du Oderizko (Larraun) 24. poligonoko 374. lurzatiaren (NA-LA-024) jabea dela. Alegazioan azaltzen du ez dagoela ados Nedgia Navarra SAk planteatutako trazadurarekin, eta bere lurzatia hiri lurzatitzat kalifikatzeko gai dela, zeren eta 2019ko apirilean urbanizazio proposamen xehakatua igorri baitzion Larraungo Udalari, hiriguneari hiru etxebizitza eransteko aukera jasotzen zuena. Horrenbestez, eskatzen du gas hodiaren trazadura alda dadila bere lurzatia ukitzen duen zatian.

4. alegazioa.–Luis Marcelo Los Arcos Pérez jauna.

Luis Marcelo Los Arcos jaunak, ekainaren 3ko eskabidean, adierazten du proiektuak ez dituela aipatzen obretan azaleratzen ahal diren leize eta kobazuloak. Antzinako gizakien hilobiak aurkitzeko aukera ere aipatzen du, halakoak ohikoak baitira kobazuloetan. Beraz, beharrezkotzat jotzen du espeleologoek parte hartzea (zerbait berria aurkituz gero), leizeak eta kobazuloak aztertzeko, barruan zer dagoen jakiteko eta aurkitutakoa babesteko.

Erantzuna.–Alegazio hori aintzat hartu da ebazpen honetako baldintzetan.

5. alegazioa. Vicente Azpiroz Oquiñena jauna.

Vicente Azpiroz jauna Larraungo 23. poligonoko 403. eta 411. lurzatien (NA-LA-054 eta NA-LA-060) jabea da. Ekainaren 4ko 2019/459641 eskabidean adierazten du 2019ko maiatzaren 5ean egindako Batzarrean aho batez onetsi dela eroanbidea Astizko hirigunean barrena joatea, egungo NA-7500 errepideari jarraituz hirigunea pasatu arte. Kontzejuak hiri lurzoruaren hirigintza-hedapena aurreikusten du. Proiektatutako trazadura ES22000020 kontserbazio bereziko eremutik igarotzen dela gaineratzen du.

Erantzuna.–Alegazioaren ingurumen edukiari dagokionez, eta, zehazki, Natura Sarean dagoen Aralarko KBEaren gaineko ukipenak direla eta, erantzuna emanda dago ebazpen honen I. eranskinean.

6. alegazioa. Fermín Iriarte Olaechea jauna.

Fermín Iriarte jauna Larraungo 23. poligonoko 415. lurzatiaren (NA-LA-063) jabea da. Ekainaren 4ko eskabidean alegatzen du proiektatutako trazadura ES22000020 kontserbazio bereziko eremutik igarotzen dela. Proposatzen du trazadura alda dadila eta bere finka gurutzatzen duen goi tentsioko linea elektrikoaren mendebaldetik joan dadila, horrela ukipen txikiagoa sortuko bailuke.

Erantzuna.–Alegazioaren ingurumen edukiari dagokionez, eta, zehazki, Natura Sarean dagoen Aralarko KBEaren gaineko ukipenak direla eta, erantzuna emanda dago ebazpen honen I. eranskinean.

Azpiegitura egungo linea elektrikoen inguruetan kokatzeari dagokionez, Nedgia SAk adierazi du linea elektrikoekin paralelo doan hodia lineetatik halako distantzia batera kokatu behar dela, altzairuzko hodiari korrosioaren kontrako babes katodikoa jarri behar zaiolako eta, gainera, hala agintzen duelako ITC-LAT-07 araudi elektrikoak berak, eta, hortaz, ez dela bideragarria trazadura alegatzaileak proposatu duen moduan aldatzea.

7. alegazioa. Juan Percaz Arrayago jauna.

Juan Percaz jauna Sagarra-Astitz-Larraungo 23. poligonoko 405. lurzatiaren (NA-LA-056) jabea da. Ekainaren 4ko eskabidean adierazten du 2019ko apirilean bere lurzatiaren antolamendua aldatzeko proposamena bidali ziola Larraungo Udalari, bi etxebizitza eraiki ahal izateko. Gas hodiaren trazadura aldatzea proposatu du: behin 405. finkara iritsita, hodia linea elektrikoarekin paralelo kokatzea, lineatik ahalik eta hurbilen.

8. alegazioa. Martín Arroqui Latasa jauna (1. alegazioa).

Martín Arroqui jaunak, ekainaren 4ko eskabidean, alegazioak aurkeztu ditu Larraungo 23. poligonoko 400. lurzatiari buruz (NA-LA-050) eta 23. poligonoko 25. lurzatiari buruz (NA-LA-058).

Alegazioetan adierazten du 400. lurzatiaren sailkapena mistoa dela, eta gas hodiaren trazadura aldatzeko eskatzen du, finkaren mugatik joan dadin, NA-7500 errepidearen trazadurarekin paralelo. 25. lurzatiari dagokionez, adierazten du haren sailkapena aldatu eta urbanizagarri bihurtzeko eskaera aurkeztekotan dela. Gas trazaduraren aldaketa ere eskatu du.

9. alegazioa. Martín Arroqui Latasa jauna (2. alegazioa).

Martín Arroqui jaunak, ekainaren 4ko eskabidean, alegazioak aurkeztu ditu 23. poligonoko 396. lurzatiari buruz (NA-LA-045), 23. poligonoko 428. lurzatiari buruz (NA-LA-070) eta 23. poligonoko 402. lurzatiari buruz (NA-LA-053), zeina mistotzat sailkatuta baitago.

Adierazten du 2019ko maiatzaren 5ean egindako Batzarrean aho batez onetsi dela eroanbidea Astizko hirigunean barrena joatea, eta Astizko hiri lurzoruaren hirigintza-hedapena aurreikusten duela Kontzejuak. Ohartarazten du kontserbazio bereziko eremu bat ukitzen duela sustatzaileak proposatutako trazadurak, eta gaineratzen du eroanbideak inpaktu handia duela ikuspegian eta horrek eragina izan lezakeela Astizko Aterpearen erabileran.

Erantzuna.–Alegazioaren ingurumen edukiari dagokionez, eta Natura Sarean dagoen Aralarko KBEaren gaineko ukipenak direla eta, erantzuna emanda dago ebazpen honen I. eranskinean.

10. alegazioa. José Ignacio Aizpun Etulain jauna.

José Ignacio Aizpun jaunak ekainaren 3ko eskabidean alegatzen du ezen trazaduraren proposamen berriak ukipen handiagoak eragiten dituela Arakilgo 4. poligonoko 256. eta 248. lurzatietan. Aldaketa-proposamenaren planoa igorri du; bertan errekatik hurbilago dago eroanbidearen trazadura.

2019ko irailaren 10ean, Nedgia Navarra SAk eskabidea aurkeztu dio Energiaren, Meatzaritzaren eta Industria Segurtasunaren Zerbitzuari. Bertan, Arakilgo 4. poligonoko 37. lurzatiaren inguruan Etxeberriko Kontzejuarekin lortutako akordioa ikusirik, onartu egiten du José Ignacio Aizpun Etulain jaunak aurkeztutako alegazioa. Arakilgo 4. poligonoko 256. eta 248. lurzatien gaineko ukipen berriak direla eta alegatzaile horrekin egin duen akordioa ere aurkeztu du.

Ingurumen Eraginaren Atalak alegazio hori jaso du ebazpen honetako baldintzetan.

11. alegazioa. Astizko Kontzejua.

Astizko Kontzejuak ekainaren 4ko eskabidean adierazten du ezen 2019ko maiatzaren 5ean egindako Batzarrean aho batez onetsi dela eroanbidea hirigunean barrena joatea, eta Astizko hiri lurzoruaren hirigintza-hedapena aurreikusten duela Kontzejuak. Gaineratzen du proiektatutako trazadura ES2200020 kontserbazio bereziko eremutik igarotzen dela.

Erantzuna.–Alegazioaren ingurumen edukiari dagokionez, eta, zehazki, Natura Sarean dagoen Aralarko KBEaren gaineko ukipenak direla eta, erantzuna emanda dago ebazpen honen I. eranskinean.

Hiri lurzoruan zehar doan trazadurari dagokionez, espedientean jasorik dago Herri Lanetako zuzendari nagusiaren urriaren 18ko 232/2019 Ebazpena, zeinaren bidez Nedgia Navarra SAri baimena ematen baitzaio NA-7500 errepideko galtzadaren zati bat okupatzeko, ezkerreko erreian, 10+590 eta 10+730 KPen artean.

12., 14., 16. eta 18. alegazioak. Fco. Javier Iriarte Ollo jauna, Sustraia Erakuntza Fundazioa, Kalaxka Elkartea eta Irurtzun-Etxeberri Fazeroa.

Honako hau adierazi dute, laburbilduta, Francisco Javier Iriarte jaunak, Etxeberriko (Arakil) 4. poligonoko 247. lurzatiaren (NA-AR-022) jabeak, ekainaren 3ko eskabidean, Sustraia Erakuntza Fundazioak, ekainaren 5eko eskabidean, Kalaxka Elkarteak, ekainaren 4ko eskabidean, eta Irurtzun-Etxeberri Fazeroak, ekainaren 10eko eskabidean:

1. Alternatibei buruz aurkeztu den azterlana, korridore aukerei eta bideragarritasunaren azterketari dagokienez, batere zehaztasunik gabekoa da.

2. Hautatutako aukerak gizakiak gutxi eraldatu dituen eta balio natural handia gordetzen duten naturagune batzuk zeharkatzen ditu, eta “Aralarko mendilerroa” ES2200020 kontserbazio bereziko eremua edota haren eragin zuzena jasotzen duten guneak ukitzen ditu. Adierazten du, halaber, gasbideak konektibitate galera ekarriko duela, hesi-efektua sortuz, eta horren ukipena, txikia izanagatik ere, garrantzitsua izanen dela.

3. Proiektuak akuifero garrantzitsu batzuk eta haien birkarga eremuak ukitzen ditu, jendearentzako edateko uraren hornidura arriskuan jarriz.

4. Proiektuak ez du planteatzen zer neurri hartuko liratekeen obrak egin bitartean kobazulo edo leizeren bat agertuko balitz.

5. Proiektuak eragin sozioekonomikoa planteatzen du, zeharkatzen dituen landa-eremuetan. Lurraldea zatitzen du, eta zortasunak sortzen ditu, desegituratze soziala eraginez, baita nekazaritza eta abeltzaintzako jardueretan jarraitzeko zailtasun handiagoak ere. Lurraldean biztanleria finkatzeko bidea ematen duten jarduerei eragiten die.

Hori guztia ikusirik, aurrean aipatutako alegatzaileek eskatzen dute ez dadila onetsi proiektuaren ingurumen eraginaren azterketa, eta ingurumen eraginaren adierazpena kontrakoa izan dadila.

Erantzuna:

1. Alegazioei erantzunez, sustatzaileak Leitzatik eta Irurtzundik abiatzen diren trazadurak baztertzeko arrazoiak azaldu ditu. Ingurumen edukirik ez duten alderdiak hartu ditu oinarritzat, neurri handian:

Zehazki, Leitzatik abiatzen den trazadurari dagokionez, adierazi du garraio eta banaketa enpresen legezko betebeharra dela horniduraren gutxieneko presioa bermatzea beren konexio guztietan, bai zuzeneko erabiltzaileei eta bai beste enpresa banatzaile batzuei ere. Leitzan hasten den konexioa Nortegas enpresatik abiatuko litzateke, eta enpresa horrek gutxieneko presioa bermatzen du Nedgia SAren banaketa sareari gasa entregatzen dion puntuan, baina bermatutako presio hori ez da nahikoa Nedgia SAk ere gutxieneko presioa bermatu ahal diezaien bere sarera konektatzen diren erabiltzaile berriei, Lekunberriko industrialdekoak tartean direla, eta jada sarera konektaturik dauden erabiltzaileen hornidura kolokan egonen litzateke.

Irurtzundik irteten den trazadurari dagokionez, azterlan bat aurkeztu du non adierazten baita zein diren eraikuntza arazorik gabeko tarteak eta zein halako arazoak dituzten tarteak. Zehazki, hauek izanen lirateke eraikuntza arazoetako batzuk:

a) A-15 autobiako zortasun-eremuaren gaineko ukipena.

b) Eraikuntza lanen zailtasuna, bi tartetan. Tarte horietan Plazaolaren bide berdea NA-1300 errepidearen, Larraun ibaiaren eta A-1 autobiaren artetik doa, eta gidatutako bi zulaketa egin beharko lirateke, 400 metrokoa eta 800 metrokoa, NA-1300 errepidea eta A-15 autobia gurutzatu ahal izateko.

c) Ingurumen eragin larria, 1.700 metroko eta 2.950 metroko bi tartetan. Izan ere, ingurumen balio handiko zuhaiztietan zehar 8 metro zabaleko lan-zerrenda ireki beharko litzateke.

Aukerak alderatuta, sustatzaileak dio hautatutako aukera dela onena.

2. Hautatutako aukeraren eta aldaeraren proiektu zehatzaren ingurumen ukipenak ebazpen honen I. eranskinean aztertzen dira, Natura 2000 Sarearen gaineko ukipenak eta konektibitatea barne direla.

3. Espedientean jasorik dago Ebroko Konfederazio Hidrografikoak emandako txostena. Aldekoa da, baina baldintza gisa adierazten du zenbait neurri aintzat hartu behar direla eta, gainera, sustatzaileak ingurumen eraginaren azterketan jasotako prebentzio eta zuzenketa neurri guztiak ezarri behar dituela.

4. Sustatzaileak hau adierazi du bere erantzunean: aurreikusi gabeko anomaliaren bat aurkitzen bada hondeatze-lanetan —esaterako, aldaketak geruzetan edo horien ezaugarrietan, leizeak, gas jarioak, eroanbideak, eraikuntzen hondarrak, aztarna arkeologikoak, etab.—, obra gelditu eginen da eta gertatutakoa lehenbailehen jakinaraziko zaie zuzendaritza fakultatiboari eta erakunde eskudunei, behar diren neurriak hartzeko.

5. Sustatzaileak bere erantzunean esan du eroanbidea lur azpian egonen dela, eta, beraz, ez duela trabarik eginen animalien edo nekazaritzako ibilgailuen joan-etorrietan. Belardi eta larreak mantendu eginen dira, eta ez da landa-eremuan inolako ondoriorik sortuko ikuspuntu sozioekonomikotik, zuhaitzik gabeko hiru metroko zerrendatik harago, halakorik izanen den tarteetan.

13. alegazioa. Oderizko Kontzejua.

Ekainaren 5eko eskabidean, Oderizko Kontzejuak adierazten du Batzarrean aho batez onetsi dela eroanbidea 2. aukeraren arabera igaro dadila hirugunetik, aldaketa txiki bat eginda.

15. alegazioa. Margarita Oderiz Zubillaga andrea.

Margarita Oderiz andrea 24. poligonoko 33. eta 376. lurzatien (NA-LA-025 eta NA-LA-026) jabea da. Ekainaren 6ko 2019/468149 eskabidean adierazten du 376. lurzatia mistotzat sailkatuta dagoela, eta, gainera, aurreikusita dagoela bi lurzatien antolamendua aldatzeko proposamena aurkeztea, urbanizagarri bihurtzeko.

Trazadura aldatzeko eskatzen du, eta Oderizko Kontzejuak bezala 2. aukeraren alde egiten du, eragin txikiagoa duelako ikuspuntu sozioekonomikotik eta ingurumen aldetik.

Erantzuna.–Sustatzaileak hautatutako aukera eragin txikienekotzat jotzeari dagokionez, eta, zehazki, 1. aukeraren 2. eta 4. aldaeren ingurumen ukipenen azterketari dagokionez, kontu horiek guztiak ebazpen honetan jasotako azterketa teknikoan jorratzen dira. Horrenbestez, sustatzaileak hautatutako aukerak eta aldaerak alegatzaileak eskatutakoak baino ingurumen eragin txikiagoa dutela uste da.

17. alegazioa. Venancio Astiz Buldain jauna.

Venancio Astiz jaunak, ekainaren 6ko eskabidean, honako hau adierazten du, laburbilduta:

–Proiektuak Larraungo 21. poligonoko 518., 484., 482. eta 150. lurzatiak ukitzen ditu (NA-LA-078, NA-LA-085, NA-LA-090 eta NA-LA-094). Bera da lurzati horien jabea.

–Urriaren 7ko 34/1998 Legean eta abenduaren 27ko 1434/2002 Errege Dekretuan ezarritakoa ikusirik, trazaduraren ordezko aukera teknikoak planteatu behar dira, beraren jabetzako finken gaineko ukipena ahalik eta txikiena izan dadin, printzipio hau errespetatuz: “saihestu behar da jabetza pribatuak ukitzea, edozein motatakoak direla ere”.

–Proposatzen du gasbidearen trazadura aldatu eta birplantea dadila aipatutako lau lurzatien parean, eta lehendik dagoen linea elektrikoaren ondoan koka dadila.

Eskatzen du, hori guztia ikusita, erabaki dadila atzera egitea proiektuaren egungo tramitazioan, proiektu berri bat egin dadila, errealitatearen eta arrazionaltasun logiko eta teknikoaren araberakoa, eta proiektuan jasotakoaren ordez beste trazadura bat onets dadila, linea elektrikoaren trazadurarekin bat eginen duena.

19. alegazioa. Victoriano Arano Arrechea jauna eta Antonia Galarza Arangoa andrea.

Victoriano Arrano Arrechea jauna eta Antonia Galarza Arangoa andrea 21. poligonoko 520. eta 515. lurzatien (NA-LA-077 eta NA-LA-073) jabeak dira; ekainaren 10eko 2019/480141 eskabidean adierazten dute ez daudela ados trazadura-aldaketarekin. Gainera, azaltzen dute ez daudela ados sustatzaileak proposatu dituen kalte-ordainekin.

Espedientean jasotako beste txosten batzuk

Ondare Historikoaren Zerbitzuaren txostena.

Ondare Historikoaren Zerbitzuak txostena eman du 2019ko apirilaren 17an. Bertan adierazten du ez duela ukipenik sumatzen, Ondare Arkitektonikoaren Atalaren eskumeneko gaiei dagokienez.

Herri Lan Zuzendaritza Nagusiaren txostena.

2019ko ekainaren 5ean, Herri Lanetako zuzendari nagusiak Azterlan eta Proiektuen Zerbitzuaren txostena eta Zainketa Zerbitzuaren txostena igorri ditu.

Azterlan eta Proiektuen Zerbitzuak txostenean adierazten du kontuan hartu beharko dela 2010-2018 aldirako III. Errepide Plan Zuzendarian jasotako 182. jarduketa, eta, horrenbestez, NA-7500 toki errepidea gurutzatu ondoren errepidearen albotik doan zatian tartea utzi beharko dela, noizbait galtzada zabaltzen bada horrek ez dezan eraginik izan Nedgia Navarra SAk sustatutako zerbitzuan.

Zainketa Zerbitzuak txostenean zenbait ohar egiten ditu, gai hauek direla eta: errepide sarekoak diren zirkulazio bideetako babes-eremua, eraikuntza-lerroa eta publizitaterik gabeko eremua, zulaketa gidatuaren bidez egindako gurutzaguneak, errepidearekin paralelo kokatutako azpiegiturak, tutueriak eta kutxatilak. Nafarroako errepide sarearen gaineko ukipena dela eta, Zainketa Zerbitzuak honako hau gehitzen du: sustatzaileak, lanak egin aurretik, eta horiek baimentzeko nahitaezko eskaerarekin batera, egin beharreko obrak argi zehazten dituen dokumentazio teknikoa aurkeztuko du, hala badagokio, baimentzeko.

Halaber, espedientean jasorik dago Herri Lanetako zuzendari nagusiaren urriaren 18ko 232/2019 Ebazpena, zeinaren bidez Nedgia Navarra SAri baimena ematen baitzaio NA-7500 errepideko galtzadaren zati bat okupatzeko, ezkerreko erreian, 10+590 eta 10+730 KPen artean. Astizko hiri lurzorutik doa, eta puntu horretatik aurrera errepidetik bereizten da kale eta bideetan barrena jarraitzeko.

Lekunberriko Udalaren txostenak.

Baimena emateko prozeduraren esparruan Udalak bi eskabide aurkeztu ditu:

1. Maiatzaren 14ko eskabidea, eta, hari erantsita, 2019ko maiatzaren 9ko txostena, zeinean baloratzen baita erabileraren eta aurreikusitako obren hirigintza-bateragarritasuna. Ez du txostenik eman espedientearen ingurumen edukiei eta tramitazioari buruz.

2. Ekainaren 26ko eskabidea, eta, hari erantsita, 2019ko ekainaren 25eko txostena, zeinean baloratzen baita proiektuaren hirigintza-bateragarritasuna. Ez du txostenik eman espedientearen ingurumen edukiei eta tramitazioari buruz.

Arakilgo Udalaren txostena.

Arakilgo Udalak eskabidea aurkeztu du maiatzaren 31n, eta, hari erantsita, Alkatetzaren 102 zenbakiko Ebazpena, maiatzaren 28koa. Arakilgo Udalaren iritziz:

Alternatibei buruz aurkeztu den azterlana, korridore aukerei eta bideragarritasunaren azterketari dagokienez, batere zehaztasunik gabekoa da.

–Hautatutako aukerak gizakiak gutxi eraldatu dituen eta balio natural handia gordetzen duten naturagune batzuk zeharkatzen ditu, eta “Aralarko mendilerroa” ES2200020 kontserbazio bereziko eremua edota haren eragin zuzena jasotzen duten guneak ukitzen ditu.

–Proiektuak akuifero garrantzitsu batzuk eta haien birkarga eremuak ukitzen ditu, jendearentzako edateko uraren hornidura arriskuan jarriz.

–Proiektuak ez du planteatzen zer neurri hartuko liratekeen obrak egin bitartean kobazulo edo leizeren bat agertuko balitz.

–Proiektuak eragin sozioekonomikoa planteatzen du, zeharkatzen dituen landa-eremuetan.

Hori guztia ikusirik, aurrean aipatutako alegatzaileek eskatzen dute ez dadila onetsi proiektuaren ingurumen eraginaren azterketa, eta ingurumen eraginaren adierazpena kontrakoa izan dadila.

Erantzuna.–Ingurumen alderdiei dagokienez, txosten horren edukia 12., 14., 16. eta 18. alegazioen berdin-berdina da. Beraz, erantzuna jada emanda dago alegazio horien erantzunetan.

Iragarkiaren kodea: F2000063