26. ALDIZKARIA - 2020ko otsailaren 7a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

4E/2020 EBAZPENA, urtarrilaren 14koa, Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, ingurumen ukipenetarako baimena ematen diona proiektu honi: “Zigaurreko hustubiderako eta arazteko proiektua, 1. fasea”, Baztango udal-mugartean.

2019ko uztailaren 17an ingurumen ukipenetarako baimena eskatu zen goian aipatutako espedienterako. Espedientea abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko N) epigrafean sartua dago (Uraren goi hornidurarako eta saneamendurako hodiak, lurzoru urbanizaezinean paratzen direnean eta dekretu horren beste eranskin batean bilduta ez daudenean). Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du ingurumen ukipenetarako baimenak bere baitan bilduko duela lurzoru urbanizaezinean baimen daitezkeen jardueretarako baimena ere, eta uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuak, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duenak, 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela.

Proiektatutako jarduketak helburu du Zigaurreko hondakin urak eraman eta araztea, zenbait etxebizitzak ezin baitituzte ur horiek tratatu. Proiektuan, hondakin urak bideratzeko kolektore bat eginen da, Zigaurretik gainezkabidea duen putzu septiko bateraino (hori ere proiektatu da), eta efluentea lotuko da Iruritan Baztango saneamendurako kolektore nagusiarekin. Egokia izanik eta ibilgu egokirik ez dagoenez gero hondakin uren sare berritik hara isurtzeko, beharrezkotzat jo da obren lehenengo fase bat egitea hustubiderako kolektore bat, putzu septiko bat eta infiltrazio sistema bat (gainezkabidea) eraikitzeko. Obren bigarren fase baterako geroratu da efluentea Baztango saneamendurako kolektore nagusiarekin lotzea Iruritako udal-mugartean, eta sarbideak eta urbanizazioa egitea. Jarduketa eremua Belate ES2200018 kontserbazio bereziko eremuan dago.

Espedientean Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalak emandako txostena jaso da. Ingurumen Eraginaren Atalak aldeko txostena eman du.

Espedienteko txostenak ikusirik, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluan ezarritakoa betez; Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakariaren abuztuaren 6ko 22/2019 Foru Dekretua betez eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren oinarrizko egitura ezartzen duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretua betez,

EBAZTEN DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea proiektu honi: “Zigaurreko hustubiderako eta arazteko proiektua, 1. fasea”, Baztango udal-mugartean. Sustatzailea Nafarroako Toki Azpiegiturak SA da.

2. Baimen honek neurri hauek aplikatzeko betebeharra ezartzen du:

Ingurumen arlokoak:

–Obrak hasten direnean, landare lurreko geruza kendu eta aparte pilatuko da, hondeaketaren gainerako materialetatik bereiz, bukaeran obrek ukitutako gainazalak lehengoratzeko lanetan erabili ahal izateko. Horietan, landare lurra barreiatu eta profilatuko da, inguruko lurrarekin doitze fisiografiko egokia izan arte.

–Hustubiderako kolektorearen zanga Zigaurreko bidearen erditik joanen da, bidearen bi bazterretako erretenak ukitu gabe.

–Zerbitzurako eta mantentze-lanetarako zelaia egiteko, ez dira ukituko bide ertzeko zuhaitzak.

–Zuhaitz eta/edo zuhaixkak kendu behar badira, horren berri eman eta baimena eskatu behar zaio aldez aurretik Basoak Kudeatzeko Atalari, bat etorriz Nafarroako Oihan Ondarea Babestu eta Garatzeari buruzko abenduaren 31ko 13/1990 Foru Legean xedatutakoarekin (otsailaren 21eko 3/2007 Foru Legeak aldatu zuen lege hori) eta hura garatzen duen erregelamenduarekin.

–Lanek adarretan eta enborretan ebakiak eta urradurak egiten badituzte, lanak bukatutakoan errepasatuko dira, eta, hala, mozketa garbiak eta inausketa ongi eginak geldituko dira, zuhaitzek ez dezaten osasun problemarik izan.

–Sortzen diren hondakinak edo soberako materialak egoki kudeatu beharko dira, beren izaeraren arabera, Nafarroako Foru Komunitateko lurraldean eraikuntzako eta eraispenetako hondakinen sorrera eta kudeaketa arautzen dituen martxoaren 28ko 23/2011 Foru Dekretuarekin bat.

–Lanak bukatuta, garbitzeko kanpaina bat eginen da, proiektuaren jarduketa eremuan gelditzen diren hondar eta zabor guztiak kentzeko.

–72 ordu lehenago, gutxienez, obrak hasiko direla jakinaraziko dio sustatzaileak Ingurumena Zaintzeko Atalari (Bidasoko Koordinazio Unitatea). Horretarako, gmabidasoa@navarra.es helbidera mezu elektronikoa bidali beharko dio edo 608245812 telefonora deitu.

Hirigintza arlokoak:

–Baimen honen babesean lurzoru urbanizaezinean baino ezin da jardun.

–Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 111.2 artikuluaren arabera, instalazioaren edo azpiegituraren elementu irtenek 3 metroko zortasun eremua errespetatu beharko dute, bide publikoen kanpoko bazterretik neurtuta.

–Baimen honek ez du babesten lurzoru urbanizaezinaren gainean dauden edo horren gainean paratu gogo diren jarduerak saneamendu sarera lotzea.

–Egin gogo den jarduerak uki ditzakeen edo hartarako trabagarri izan daitezkeen azpiegitura eta zortasunei dagokienez, sustatzaileak, obrak egin baino lehen, behar diren kontsultak eginen ditu, eta, hala badagokio, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetatik.

–Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 117.4 artikuluan xedatutakoarekin bat, ebazpen honen bidez babesten diren jarduera edo jarduketak egin edo martxan jarri beharko dira baimena eman eta bi urteko epean. Epe hori iragandakoan, baimenaren ondorioak bukatuko dira, eta ez du eraginkortasunik izanen. Jarduera uzteak berarekin ekarriko du jardueraren titularrak ukitutako lurrak lehengoratu beharra, gehienez ere bost urteko epean, eraikuntzak eraitsita eta/edo kenduta. Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 119. artikuluarekin bat, lizentzia eman baino lehen, udalak sustatzaileari eskatuko dio aitorpen baten bidez konpromisoa har dezala, baimendutako jarduera utziz gero, bost urteko epean, gehienez, lurzorua lehengoratzeko.

3. Baimen honek, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen ditu; izan ere, artikulu horretan lurzoru urbanizaezinean eginen diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.

4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira.

5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Ebazpen hau igortzea Lurraldearen Antolamenduaren Atalera, Baztango Udalera, Ingurumena Zaintzeko Atalera (Bidasoko Koordinazio Unitatea) eta interesdunari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2020ko urtarrilaren 14an.–Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Enrique Eraso Centelles.

Iragarkiaren kodea: F2000610