26. ALDIZKARIA - 2020ko otsailaren 7a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

11E/2020 EBAZPENA, urtarrilaren 14koa, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez berraztertzen baita Iruñeko udal-mugartean hondakinak kudeatzen dituen instalazio baten ingurumen baimen integratua. Instalazioaren titularra Ecoiruña Tratamiento de Residuos SL da.

Instalazio horrek badu ingurumen baimen integratua, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak ekainaren 24ko 1041/2011 Ebazpenaren bidez emana, gero Ingurumen Kalitatearen eta Aldaketa Klimatikoaren zuzendariaren urriaren 5eko 356E/2015 Ebazpenaren bidez eguneratu zena.

Aparatu Elektriko eta Elektronikoen Hondakinei buruzko otsailaren 20ko 110/2015 Errege Dekretuak 2015eko otsailaren 22an hartu zuen indarra, eta bere bosgarren xedapen iragankorrean, instalazioen baimenak berraztertzeari buruzkoan, alegia, hau ezarri zuen: aparatu elektriko eta elektronikoen hondakinak kudeatzeko instalazioek baimenaren berrikuspena eskatu behar dutela, Errege Dekretua indarrean jarri eta sei hilabeteko epean, horren aurreikuspenetara egokitzeko, hala behar denean.

Ebazpen honetan aipatzen den instalazioak hondakinak kudeatzeko baimena du, Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean ezarriarekin bat. Baimen hori jasoa dago instalazioaren ingurumen baimen integratuan, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren ekainaren 24ko 1041/2011 Ebazpenaren bidez emanikoan.

Hori horrela izanik, 2017ko urriaren 2an, beharrezkoa zen dokumentazio teknikoa aurkeztu zuen instalazioaren titularrak, haren ingurumen baimen integratuan jasotako baldintzak otsailaren 20ko 110/2015 Errege Dekretuan ezarritako baldintzetara egokitzeko (errege dekretu horrek hizpide ditu aparatu elektriko eta elektronikoen hondakinak), eta ingurumen baimen integratua berriz aztertzeko eskaera egin zuen.

Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuak, aurkeztutako eskaera aztertuta, onargarria dela ondorioztatu du; izan ere, eskatzen dena bat dator instalazioak ingurumen aldetik eduki beharreko funtzionamendu egokiarekin eta teknika erabilgarri onenen aplikazioarekin.

Kasu honetan, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 27. artikuluko d) letran aurreikusitako inguruabarrak gertatzen direla ikusi da, eta, horrenbestez, bidezko da ingurumen baimen integratuan ezarritako baldintzak ofizioz aldatzea, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 28. artikuluan aurreikusitako administrazio prozedurarekin bat, aldaketa-espediente hau ez dela jendaurrean jarri behar iritzita.

Ebazpenaren proposamena instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean egon da 30 egunez. Ebazpen honen eranskinean jaso dira titularrak aurkeztu dituen alegazioen zerrenda eta haiei emandako erantzunak.

Adierazitakoarekin bat, eta Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren urriaren 4ko 760/2016 Ebazpenaren bidez eskuordetuak ditudan eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

Lehena.–Iruñeko udal-mugartean hondakinak kudeatzen dituen instalazio baten ingurumen baimen integratua berraztertzea, Aparatu Elektriko eta Elektronikoen Hondakinei buruzko otsailaren 20ko 110/2015 Errege Dekretuari egokitzeko. Hortaz, instalazioak eta jarduerak berak instalazioari ingurumen baimen integratua emateko lehendik tramitatutako administrazio espedienteetan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte, eta, horiez gainera, ebazpen honen I. eranskinean adierazitako baldintzak. Instalazio horren titularra Ecoiruña Tratamiento de Residuos SL da.

Bigarrena.–Suteen aurkako segurtasun neurriak direla eta (abenduaren 3ko 2267/2004 Errege Dekretua), instalazioan biltegiratutako hondakin kopuruak ez du handitu behar ingurumen baimen integratua ematen duen espedientearen dokumentazio teknikoan kalkulatutako arrisku intrintsekoaren maila.

Hirugarrena.–Ebazpen honetan jasotzen diren baldintzak ez betetzeak berekin dakar ingurumeneko diziplina-neurriak hartzea, hain zuzen ere, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginaren IV. tituluan jasotakoak (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onetsia), ezertan galarazi gabe sektoreko legerian ezarritakoa, aplikatzekoa izaten segituko baitu, eta subsidiarioki, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen VI. tituluan ezarritako zehapen araubidean jasotakoak.

Laugarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Bosgarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesdunek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira.

Seigarrena.–Ebazpen hau Ecoiruña Tratamiento de Residuos SLri eta Iruñeko Udalari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2020ko urtarrilaren 14an.–Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumeneko Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña), Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuan, eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: http://www.navarra.es/home_es/Temas/Medio+Ambiente/Evaluacion+ambiental/Autorizaciones+ambientales/.

Iragarkiaren kodea: F2000705