26. ALDIZKARIA - 2020ko otsailaren 7a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

4E/2020 EBAZPENA, urtarrilaren 3koa, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez ofizioz berrikusten baita magnesita fabrikatzeko instalazio baten ingurumen baimen integratua. Instalazioa Esteribarko udal-mugartean dago, eta Magnesitas Navarras SA da titularra.

Instalazio horrek badu ingurumen baimen integratua, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren apirilaren 30eko 0889/2008 Ebazpenaren bidez emana, gero Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariaren urriaren 28ko 381E/2015 Ebazpenaren bidez eguneratu zena eta Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuko zuzendariaren ekainaren 6ko 148E/2017 Ebazpenaren bidez aldatu zena, instalazioa TEOei buruzko ondorioei buruzko 2013/163/EB Erabakira egokitzeko.

2019ko maiatzaren 16an, Ebroko Konfederazio Hidrografikoak eskaera egin zion Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari ingurumen baimen integratua berrikusteko prozedurari hasiera emateko, eta instalazioaren titularrari dokumentazio teknikoa eskatu zitzaion, instalazioaren isurketa baldintzak berrikuste aldera.

2019ko maiatzaren 20an, Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuak titularrari eskatu zion Ebroko Konfederazio Hidrografikoak eskatutako dokumentazioa, eta 2019ko abuztuaren 9an aurkeztu zuen titularrak.

2019ko abuztuaren 14an, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak Ebroko Konfederazio Hidrografikoari igorri zion titularrak aurkeztutako dokumentazioa.

Ebroko Konfederazio Hidrografikoak, 2019ko azaroaren 6an, instalazio horren hondakin urak isurtzearen onargarritasunari buruzko beste txosten lotesle bat eman zuen. Han baldintza berri batzuk ezarri ziren, ingurumen baimen integratuari erantsi beharrekoak.

Uste da ezen, kasu honetan, gertatzen direla Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginaren 26. artikuluaren d) letran aurreikusitako inguruabarrak (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onetsi zuen lege hori), eta horrenbestez, bidezkoa da ofizioz berrikustea ingurumen baimen integratuan ezarritako baldintzak, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legea garatu eta industriako isurien Erregelamendua onartzen duen urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuaren 16.5 artikuluan aurreikusitako administrazio prozedurarekin bat.

Ebazpen proposamena instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean egon da hamabost egunez, eta ez du proposamenaren aurkako alegaziorik aurkeztu.

Adierazitakoarekin bat, eta Ingurumeneko zuzendari nagusiaren azaroaren 8ko 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordeturik ditudan eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

Lehena.–Ofizioz berrikustea Esteribarko udal-mugartean magnesita fabrikatzen duen instalazio baten ingurumen baimen integratua, ebazpen honen eranskinean zehaztutako aldaketen arabera. Hortaz, instalazioak eta jarduerak berak instalazioari ingurumen baimen integratua eman, eguneratu eta aldatzeko lehendik tramitatutako administrazio espedienteetan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte, eta, horiez gainera, ebazpen honen eranskinean adierazitako baldintzak eta neurriak. Instalazioaren titularra Magnesitas Navarras SA da.

Bigarrena.–Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuko zuzendariaren ekainaren 6ko 148E/2017 Ebazpenaren bidez instalazio honi emandako ingurumen baimen integratuan hondakinen produkzioari eta kudeaketari buruz agertzen diren baimen eta inskripzioen indarraldia mantentzea, ebazpen honetan xedatutakoaren aurka ez dauden bitartean.

Hirugarrena.–Hondakin urak jabari publiko hidraulikora isurtzeko baimena eguneratzea, Jabari Publiko Hidraulikoaren gaineko Erregelamenduaren 245. artikulua aplikatuz eskatzen dena, Uren Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 20ko 1/2001 Legegintzako Errege Dekretuaren hamargarren xedapen gehigarriarekin bat.

Ingurumen baimen integratuaren II. eranskinean jasotzen dira zer isurketa egiten ahalko diren eta instalazioak zer baldintza bete beharko dituen. Baimenak bost urteko indarraldia du, eta iraupen bereko epeetarako berritutzat joko da, baldin eta isurketek unean-unean indarra duten ingurumen kalitatearen arauak betetzen badituzte.

Indarraldi horretan zehar legeriak isurketen baimenetarako epe luzeago bat ezarriko balu, ez litzateke eragozpen teknikorik izanen, besterik gabe, hasierako epea arauak ezartzen duen gehieneko eperaino zabaltzeko. Nolanahi ere, legeek ezarritako kasuetan, Ebroko Konfederazio Hidrografikoak organo autonomikoari eskatzen ahalko dio ingurumen baimen integratua aldatzeko prozedurari ekiteko (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsi zen Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginaren 26. artikulua eta uztailaren 20ko 1/2001 Legegintzako Errege Dekretuaren 104. artikulua).

Legediak eskatutako kasuetan, Ebroko Konfederazio Hidrografikoak erakunde autonomikoari eskatzen ahalko dio ingurumen baimen integratua aldatzeko prozedura hasteko (Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bategina onetsi zuen abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren 26. artikulua eta Urei buruzko Legearen testu bategina onetsi zuen 1/2001 Legegintzako Errege Dekretuaren 104. artikulua).

Bereziki, ezustean gertatzen direnean lehenago baimena ez ematea edo, emanez gero, bestelako baldintzetan ematea ekarriko luketen gorabeherak. Horien barruan sartzen dira titularrak aitortu gabeko gorabeherak edo argibideak, horiek ere baimena ez ematea edo bestelako baldintzetan ematea ekarriko luketenean.

Ohiz kanpoko kasuetan, lehorteengatik edo ofizialki deklaratutako muturreko egoera hidrologikoengatik, arroko erakundeak isurketaren baldintzak alda ditzake kalitate helburuak, ingurumen arloko kalitate arauak eta ingurune hartzailearen ingurumen helburuak bermatzeko.

Hondakin urak isurtzeko ezarritako baldintzak behin eta berriro ez betetzea, isurketarako baimena kentzeko arrazoia izanen da, Jabari Publiko Hidraulikoaren gaineko Erregelamenduaren 263. eta 264. artikuluetan ezarritako prozedurarekin bat.

Isurketa baimenak ez du baliorik izanen, baldin eta ur publikoak erabiltzeko Ebroko Ur Konfederazioak emandako nahitaezko emakidarik ez bada (Uren Legearen testu bateginaren 59. artikulua) edo ustiatzeko eskubidea frogatzen ez bada. Horrenbestez, eskubide hori aldatzen bada, beharrezko dokumentazioa aurkeztu beharko da isurketa baimenari dagozkion aldaketak egiteko, hala badagokio.

Laugarrena.–Titularrak honako jarduketa hauek egin beharko ditu gehienez ere bi hilabeteko epean, ebazpen hau ematen denetik aurrera zenbatzen hasita:

a) Ebroko Konfederazio Hidrografikoari laginak hartzeko guneetako segurtasuna eta osasuna hobetzeari dagokionez egiten diren erreformen berri ematea.

b) Emaria –berehalakoa eta metatua– neurtzeko sistema bat instalatzea, 2 zenbakiko metatze-guneko euritako jariatze-uretarako, instalazioaren euri-ur orokorretarako eta Txondola idoiko 1 zenbakiko gainezkatze gunerako.

c) Justifikatzea kutsadurarik gabeko euritako jariatze-uren fluxuak bereizi direla flotazio prozesuko uren fluxutik, tratamendu sistemara sartu aurretik.

Bosgarrena.–Instalazioan ikuskatu den zatia funtzionamenduan hasi baino lehen, titularrak martxan jartzearen gaineko erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko du Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuan, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariaren abenduaren 23ko 448/2014 Foru Aginduaren 16. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Seigarrena.–Ebazpen honetan jasotzen diren baldintzak ez betetzeak berekin dakar ingurumeneko diziplina-neurriak hartzea, hain zuzen ere, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginaren (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsia) IV. tituluan jasotakoak, ezertan galarazi gabe sektoreko legerian ezarritakoa, aplikagarri izaten segituko baitu, eta, modu subsidiarioan, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen VI. tituluan ezarritako zehapen-araubidean jasotakoak.

Zazpigarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Zortzigarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesdunek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira.

Bederatzigarrena.–Ebazpen hau igortzea Magnesitas Navarras SAri, Esteribarko Udalari eta Ebroko Konfederazio Hidrografikoari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2020ko urtarrilaren 3an.–Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumeneko Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña), Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuan, eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: http://www.navarra.es/home_es/Temas/Medio+Ambiente/Evaluacion+ambiental/Autorizaciones+ambientales/.

Iragarkiaren kodea: F2000131