256. ALDIZKARIA - 2020ko azaroaren 3a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

390E/2020 EBAZPENA, urriaren 7koa, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez aldatzen baita Turismo, Merkataritza eta Kontsumo zuzendari nagusiaren irailaren 7ko 325E/2020 Ebazpena. Ebazpen horren bidez, deialdi bat onetsi zen, dirulaguntzak eman daitezen 2020an turismo elkarteek, toki entitateek eta turismo partzuergoek Plan Estrategikoaren eta COVID-19 Ekintza Planaren ondorioz turismo arloan egiten dituzten garapen eta marketin jardueretarako.

Turismo, Merkataritza eta Kontsumo zuzendari nagusiaren irailaren 7ko 325E/2020 Ebazpenaren bidez, deialdi bat onetsi zen, dirulaguntzak eman daitezen 2020an turismo elkarteek, toki entitateek eta turismo partzuergoek Turismoko Plan Estrategikoaren eta COVID-19 Ekintza Planaren ondorioz turismo arloan egiten dituzten garapen eta marketin jardueretarako. 665.000 euroko gastua baimendu zen deialdi horren ondoriozko konpromisoei aurre egiteko.

Ebazpen hori argitaratu da 2020ko 221. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, irailaren 29koan.

Ikusirik zein egunetan argitaratu den deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean (2020ko irailaren 29a), eta kontuan harturik eskaerak aurkezteko ezarritako epea (2020ko irailaren 30etik 2020ko urriaren 29ra) eta justifikazioa egiteko deialdian ezarritako egunak, justifikaziorako aurreikusitako bigarren epea (mugaeguna: azaroaren 4a) denboran lehenago dago justifikaziorako ezarritako lehen epea baino. Izan ere, aurreikusita dago justifikazioa 10 eguneko epean aurkeztu behar dela, deialdiaren ebazpena jakinarazten denetik hasita, eta ebazpen hori 2020ko azaroaren 4a baino geroago emanen da zalantzarik gabe, denbora tarte txikia baitago eskaerak aurkezteko azken egunetik (2020ko urriaren 29a) egun horretara arte.

Horregatik guztiagatik, dirulaguntza kudeatzen duen zerbitzuak proposatu du epe bakar bat ezartzea gauzaturiko jarduketak justifikatzeko, ezarrita zeuden bi epeen ordez, eta epe hori luzatzea 2020ko azaroaren 16ra arte, egun hori barne, entitate eskatzaileek aurkez ditzaten egindako jarduketen frogagiriak eta modu efizienteagoan kudeatu ahal izan dadin dirulaguntza deialdi hori, haren onura publikoa bermatze aldera.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Aldatzea Turismo, Merkataritza eta Kontsumo zuzendari nagusiaren irailaren 7ko 325E/2020 Ebazpena, eta, zehazki, ebazpen horren I. eranskinean jasotako 10.1 oinarri arautzailea. Ebazpen horren bidez deialdi bat onetsi zen, dirulaguntzak eman daitezen 2020an turismo elkarteek, toki entitateek eta turismo partzuergoek Turismoko Plan Estrategikoaren eta COVID-19 Ekintza Planaren ondorioz turismo arloan egiten dituzten garapen eta marketin jardueretarako. Hona hemen aldaketa:

Honako hau dioen tokian:

10.1. Frogagiriak aurkezteko epea.

Egindako jardueren justifikazioa epe hauetan aurkeztuko da:

a) 2019ko azaroaren 1etik 2020ko uztailaren 31ra bitartean gauzaturiko, ordaindutako eta osorik bukatutako jardueretarako, justifikazioa hamar egun balioduneko epean aurkeztu beharko da, dirulaguntza ematen duen ebazpena jakinarazten denetik hasita.

b) 2020ko abuztuaren 1etik 2020ko urriaren 31ra bitarte egindako jardueretarako, 2020ko azaroaren 4a izanen da azken eguna justifikazioa aurkezteko (egun hori barne).

c) Gizarte aseguru eta PFEZa dela bide egindako atxikipenei dagozkien ordainketak, urria hilabeteari dagozkionak, 2020ko abenduaren 4a arte aurkezten ahalko dira, egun hori barne.

Honako hau behar du:

10.1. Frogagiriak aurkezteko epea.

a) Gauzaturiko jarduketa guztien justifikazioa, beranduenez, 2020ko azaroaren 16an aurkeztuko da, egun hori barne.

b) Gizarte aseguru eta PFEZa dela bide egindako atxikipenei dagozkien ordainketak, urria hilabeteari dagozkionak, 2020ko abenduaren 4a arte aurkezten ahalko dira, egun hori barne.

2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal dute jurisdikzio-ordena eskudunari zuzendua, ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, hori guztia Nafarroako Gobernuaren aurrean aldez aurretiko errekerimendua egiten ahal dela ukatu gabe, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan finkaturiko modu eta epeetan.

Iruñean, 2020ko urriaren 7an.–Turismo, Merkataritza eta Kontsumo zuzendari nagusia, Maitena Ezkutari Artieda.

Iragarkiaren kodea: F2011869