256. ALDIZKARIA - 2020ko azaroaren 3a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

TAFALLA

Hiri-jarduketarako plan berezia, 34. poligonoko 105. eta 106. lurzatietan. Behin betiko onespena

Tafallako Udalak, 2020ko irailaren 29an egin osoko bilkura arruntean, honako erabaki hau hartu zuen:

“Tafallako Udalak 2020ko irailaren 29an egin osoko bilkuran hartutako erabakia, zeinaren bidez behin betiko onesten den hiri-jarduketarako plan berezia, 34. poligonoko 105. eta 106. lurzatietan (Garcia Goyena kalea 24 eta Auroroen plazatxoa 5), Construcciones Orbari SLLk sustatua.

2020ko ekainaren 18an, Tafallako Udaleko alkateak, hasiera batez onetsi zuen hiri-jarduketarako plan berezia, 34. poligonoko 105. eta 106. lurzatietan, Construcciones Orbari SLLk sustatua, 2020ko maiatzaren 19an aurkeztua (1.755 zenbakiko sarrera erregistroa). Planaren helburua da 34. poligonoko 105. lurzatian, beheko solairuan, garaje erabilera ahalbidetzea eta 106. lurzatian ibilgailuendako bi garaje (bata independentea eta bestea mankomunatua) sortzea, Tafallako Garcia Goyena kalea 24an eta Auroroen plazatxoa 5ean.

Aipatutako plan berezia jendaurrean egon da, 2020ko 165. Nafarroako Aldizkari Ofizialean iragarkia argitaratuz, uztailaren 27an, baita Nafarroako Foru Komunitatean editatutako eguneroko prentsan iragarkia jarriz ere, hots, Diario de Noticiasen uztailaren 2an eta Diario de Navarran uztailaren 4an, eta bat etorriz Foru Dekretuaren 72.1 artikuluarekin.

Ikusirik Nafarroako Gobernuko Ondare Arkitektonikoaren Atalaren 2020ko uztailaren 23ko txostena (2.787 zenbakiko sarrera erregistroa), Hirigintzako Zerbitzuen Alorreko Zuzendaritzak 2020ko abuztuaren 31n eta Aholkularitza Juridikoak 2020ko irailaren 1ean emandako behin betiko onesteko txostenak eta, orobat, Hirigintzako Batzordearen aldeko irizpena, 2020ko irailaren 22koa; betez Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 72.1.c) artikuluan xedatua eta bat etorriz Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 22.2.c) artikuluan zehaztuarekin, Tafallako Udaleko Osoko Bilkurak, Udalbatzako alkatearen proposamenari jarraikiz,

ERABAKITZEN DU:

Lehenbizikoa.–Behin betiko onestea hiri-jarduketarako plan berezia, 34. poligonoko 105. eta 106. lurzatietan, 2020ko maiatzaren 19an aurkeztua (1.755 zenbakiko sarrera erregistroa) eta Construcciones Orbari SLLk sustatua. Planaren helburua da 34. poligonoko 105. lurzatian, beheko solairuan, garaje erabilera ahalbidetzea eta 106. lurzatian ibilgailuendako bi garaje (bata independentea eta bestea mankomunatua) sortzea.

Bigarrena.–Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea aipatutako plan bereziaren behin betiko onespenaren erabakia, baita hartan jasotako hirigintza arauak ere, bat etorriz Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 79.1 artikuluarekin.

Hirugarrena.–Espediente osoaren kopia bat igortzea Nafarroako Gobernuko Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentura - Lurralde eta Paisaia Zerbitzura, erabakia hartu eta hurrengo 10 egunen buruan, urriaren 16ko 253/2019 Foru Dekretuaren 9. artikuluari jarraikiz (foru dekretu horren bidez arautzen dira Nafarroako Planeamenduaren Erregistroa eta Nafarroako hirigintza eta lurralde plangintzarako tresnak aurkezteko formatua).

Laugarrena.–Erabakia argitaratzea iragarki-taulan eta Udalaren egoitza elektronikoan, baita igortzea ere Udaltzaingora eta Aholkularitza Juridikora, dagozkion ondorioak izan ditzan.

Bosgarrena.–Erabaki hau jakinaraztea sustatzaileari eta interesdunei, ohartaraziz erabaki honek administrazio bideari amaiera ematen diola eta bere kontra honako errekurtso hauek aurkez daitezkeela:

–Berraztertzeko errekurtsoa, hautara, erabakia hartu duen organoari berari zuzendua, hilabeteko epean, erabakia jakinarazi eta biharamunetik hasita.

–Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, erabaki hau jakinarazten denetik hasita.

–Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, erabaki hau jakinarazi eta biharamunetik hasita.

Seigarrena.–Ohartaraztea onetsitako araudiaren aurka, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondotik, honako errekurtso hauek aurkez daitezkeela:

–Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, testu arauemailea Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hasita.

–Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, araudia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Xedatutakoak ez ditu ukatzen Nafarroako Foru Komunitateari eta Estatuko Administrazio Orokorrari uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 326. artikuluan esleitutako eskudantziak (foru lege hori Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa da), ezta uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan xedatutakoa ere (lege horren bidez arautu zen Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa gainerako administrazio publikoetarako).”

Tafallan, 2020ko irailaren 29an.–Alkate udalburua, Jesús Arrizubieta Astiz.

ERANSKINA:

Hiri-jarduketarako plan berezia (PDFa).

Iragarkiaren kodea: L2012210