256. ALDIZKARIA - 2020ko azaroaren 3a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

180/2020 FORU AGINDUA, urriaren 22koa, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak emana, aldatzen duena Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariak irailaren 8an emandako 318/2016 Foru Agindua, zeinaren bidez arauak ezarri baitziren 2016-2020 aldian lanbide heziketako eta gaitasunak eskuratzeko jardueretarako laguntzak erregulatzeko, eta laguntzen deialdia onesten duena 2020. urterako. DDBN identifikazioa: 529776.

Batzordearen 2015eko azaroaren 18ko Erabakiaren bidez onetsi zen Nafarroako Foru Komunitateko Landa Garapenerako 2014-2020 Programa, Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren laguntzak emate aldera.

Programa horretako 1. neurria zen “Ezagutzen eta informazioaren transferentziarako jarduerak”, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren abenduaren 17ko 1308/2013 (EB) Erregelamenduaren 14. artikulua aplikatuz. Neurri hori horizontala da programazio estrategikoaren testuinguruan eta lagungarria da landa garapenerako lehentasun guztietan eta EBko Focus Area direlakoen zerrenda luze batean, besteak beste, hauek osatua: nekazaritzari buruzko ezagutzen transferentzia eta berrikuntzak bultzatzea, ustiategien bideragarritasuna eta nekazaritza mota guztien lehiakortasuna hobetzea, nekazaritzari lotutako ekosistemak lehengoratzea, zaintzea eta hobetzea, baliabideen efizientzia sustatzea eta landa eremuen gizarteratzea eta garapen ekonomikoa garatzea.

Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren irailaren 8ko 318/2016 Foru Aginduaren bidez, arauak ezarri ziren 2016-2020 aldian lanbide heziketako eta gaitasunak eskuratzeko jardueretarako laguntzak erregulatzeko. Jarduera horiek beharrezkoak dira nekazaritza arloko prestakuntza egin behar baita ustiategiak egokiak eta lehiakorrak izan daitezen, elikagai seguruak eta kalitatezkoak lortzeko eta landa eremuei eta nekazaritzako industriaren jardunari eusteko.

Foru agindu hori gerora aldatu egin zen, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren ekainaren 8ko 182/2017 Foru Aginduaren bidez, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren martxoaren 22ko 88/2018 Foru Aginduaren bidez eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren ekainaren 18ko155/2019 Foru Aginduaren bidez.

Departamentuaren Erakunde Ordaintzailearen Zerbitzuko Barne Kontrolerako Atalak emandako gomendioek nahitaezko egiten dute oinarri arautzaileak aldatzea, prestakuntzara bideratutako funtsen kontrola eraginkorragoa izan dadin.

Landa Garapenerako Programaren jarraipen batzordeak, 2020ko abuztuaren 10ean, jarduketak hautatzeko irizpideak onetsi zituen, 2017ko abenduaren 7an onetsitakoak ordeztuko zituztenak Nafarroako Landa Garapenerako 2014-2020 aldirako Programaren 1.1 neurriaz bezainbatean.

Ikusirik Nekazaritza Zerbitzuko zuzendariak, Nafarroako Landa Garapenerako 2014-2020 Programa kudeatzeko agintaritzak eta jarraipen batzordeak foru agindu honen aldeko txostena eman dutela, eta aurrekontuetan dagoen diru erabilgarria ikusirik.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea aplikatuko zaio foru agindu honi.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak ematen dizkidan eskumenak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. artikulua. Aldatzea Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariak irailaren 8an emandako 318/2016 Foru Agindua, zeinaren bidez arauak ezarri baitziren 2016-2020 aldian lanbide heziketako eta gaitasunak eskuratzeko jardueretarako laguntzak erregulatzeko.

Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariak irailaren 8an emandako 318/2016 Foru Aginduaren I. eranskina aldatzen da, foru agindu honen I. eranskinean jasotzen den moduan.

2. artikulua. Laguntzen deialdia 2020. urterako.

1. Deialdia onesten da 2020an lanbide heziketako eta trebetasunak eskuratzeko jardueretarako laguntzak emateko.

2. Deialdi honetan, foru agindu honetan ezarritako arauez gain, aplikatzekoa izanen da Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariak irailaren 8an emandako 318/2016 Foru Agindua, zeinaren bidez arauak ezarri baitziren 2016-2020 aldian lanbide heziketako eta gaitasunak eskuratzeko jardueretarako laguntzak erregulatzeko. Foru agindu hori aldatu zuten Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren ekainaren 8ko 182/2017 Foru Aginduak, martxoaren 22ko 88/2018 Foru Aginduak eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren ekainaren 18ko 55/2019 Foru Aginduak.

3. artikulua. Eskaerak aurkezteko epea.

2020. urtean eskaerak aurkezteko epea 15 egunekoa izanen da, foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

4. artikulua. Aurrekontuko kredituak.

200.000 euroko gastua baimentzen da, 2021eko Gastuen Aurrekontuetako “Prestakuntza jarduerak. LGP LGENF 2014-2020” izeneko 710000 71210 4400 412109 partidaren kargura, edo horretarako gaitzen den partida baliokidearen kargura, betiere foru agindu honen ondoriozko konpromisoei aurre egiteko kreditu egoki eta nahikorik badago.

5. artikulua. Dirulaguntzen deialdia erregistratzea.

Foru agindu hau Nafarroako Gobernuaren Dirulaguntzen Datu Basean (NGDDB) erregistratzeko agintzea.

6. artikulua. Errekurtsoak

Laguntzen deialdiaren aurka gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2020ko urriaren 22an.–Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilaria, Itziar Gómez López.

I. ERANSKINA

Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariak irailaren 8an emandako 318/2016 Foru Aginduaren I. eranskinaren aldaketa. Foru agindu horren bidez, arauak ezarri ziren 2016-2020 aldian lanbide heziketako eta gaitasunak eskuratzeko jardueretarako laguntzak erregulatzeko

1. artikulua. Irailaren 8ko 318/2016 Foru Aginduaren I. eranskineko 5. artikuluan 3. puntua gehitzen da, onuradunak onartzeko irizpideei buruzkoa, hitzez hitz honako hau dioena:

“3. Onartua izateko irizpideen justifikazioa, bai eta 3. artikuluan azaldutako dedikazioarena ere, onuradunaren erantzukizunpeko adierazpen bidez eginen da.”

2. artikulua. Irailaren 8ko 318/2016 Foru Aginduaren I. eranskineko 7. artikuluko 4. puntua aldatzen da, gastu eta jarduera diruz lagungarriei buruzkoa, eta honela idatzita geldituko da:

“4. Diruz lagungarri diren kostu horiek atal hauetan banatzen dira:

a) Langileriaren zuzeneko gastuak, ondoko kontzeptuak batuz kalkulatuko direnak:

–Soldaten kostua.

–Enpresaren kargurako Gizarte Segurantza.

–Langileriaren gastu orokorrak. Kontzeptu horretan, entitatearen gastu orokorrak egozten dira, hala nola zuzendaritza eta koordinazioa, zerbitzu informatikoak, kontularitza zerbitzuak, telekomunikazioak, administrazio zerbitzuak, amortizazioak, eta bulego eraikinen, ekipoen eta instalazioen konponketak eta mantentze-lanak, errentamenduak eta alokairuak, argiaren, uraren, gasaren eta abarren hornidura, papergintza, finantza gastuak, eta abar. Gastu orokor horiek, behar bezala justifikaturik, ez dute gaindituko langileria gastu osoaren %15 (soldaten kostua + gizarte segurantza).

Entitate eskatzailearen langileria gastuetatik (soldaten kostua + gizarte segurantza), erreferentziatzat lanordu bat hartuta, ordu baten kostua aterako da, eta ez dira kontuan hartuko, laguntza kalkulatzeko, orduko 40 eurotik gorako kopuruak.

b) Zuzeneko beste gastu batzuk, prestakuntzako eta trebetasunak eskuratzeko jarduerei zuzenean egotz dakizkiekeenak:

–Laguntza teknikoa eta hirugarrenen lanbide zerbitzuak, irakaskuntzakoak ez direnak, ikastaro bakoitzaren kostuaren %20ko mugarekin. Laguntza teknikoagatik ordaindutako zerbitzu-sariek ez dute gaindituko orduko 45 euroko muga.

–Laguntza teknikoa eta hirugarrenen lanbide zerbitzuak, irakaskuntzakoak direnak, kostua, gehienez, 100 eurokoa dela eskolako ordu bakoitzeko. Kontzeptu hori argi bereizi behar da asistentzia edo zerbitzua justifikatzeko fakturan.

–Berariazko materialen eta material didaktikoen erosketa, 20 euroko mugarekin bertaratzen den pertsona bakoitzeko, edo 2.000 eurokoarekin ikastaro bakoitzeko.

–Ikasgelen alokairua, egun bakoitzeko 200 euroko mugarekin.

–Banakako ekipamenduen alokairua itzulpenerako, 50 euroko mugarekin bertaratzen den pertsona bakoitzeko, edo 2.000 eurokoarekin egun bakoitzeko.

–Itzulpen zerbitzuak, 250 euroko mugarekin itzultzailearen lan ordu bakoitzeko eta itzuli beharreko hizkuntza bakoitzeko.

–Antzeko beste gastu batzuk, behar bezala identifikatu eta justifikatzen ahal direnak.

c) Jarduera behar bezala gauzatzeko egin beharreko bidaia eta joan-etorrien gastuak. Honako hauek barne:

–Jarduera eman edo hartan parte hartzen duten langile teknikoen kilometrajea; hori kalkulatzeko, kilometroko 0,30 euroko kostua hartuko da erreferentziatzat, eta bakoitzaren joan-etorrien zerrendaren bidez justifikatuko da.

–Jarduera eman edo hartan parte hartzen duten langile teknikoen mantenu gastuak, otorduak edo ostatu gastuak izan. Haien kostuaren egiaztagiria aurkeztu beharko da, eta gehienez ere 150 euro ordainduko zaie eguneko kanpoko irakasleei otorduengatik eta ostatuagatik, eta 20 euro otorduko, irakasle propioei.

–Jarduera eman edo hartan parte hartzen duten langile teknikoen autobideko bidesariak, halakorik bada. Horien egiaztagiria ere aurkeztu beharko da.

–Autobusaren alokairua ikasleak eta irakasleak eraman eta ekartzeko prestakuntza jarduera propioetara; unitate bakoitzeko 400 euro gehienez.

–Otordu zerbitzua prestakuntza jardunaldi eta ikastaroetarako; 5 euro gehienez bertaratzen den pertsona bakoitzeko, edo 500 jardunaldiko.”

3. artikulua. Irailaren 8ko 318/2016 Foru Aginduaren I. eranskineko 10. artikuluaren 2. puntua aldatzen da, norgehiagokako prozeduraren aplikazioari buruzkoa, eta honela idatzita geldituko da:

“2. Aurrekontuan zuzkidura nahikoa izanik ere, laguntzarako eskubidea izateko, nahitaezkoa izanen da aurreikusitako balorazio irizpideen gehieneko puntuazioaren %30 eskuratzea gutxienez ere.”

4. artikulua. Irailaren 8ko 318/2016 Foru Aginduaren I. eranskineko 12. artikuluan 6. puntua gehitzen da, kostuen moderazioaz bezainbatean, eta honela idatzita geldituko da:

“6. Kostuen moderazio printzipioa aplikatzen dela bermatze aldera, onartzen diren kostuek ez dituzte inola ere gaindituko 7. artikuluan ezarritako mugak.”

5. artikulua. Irailaren 8ko 318/2016 Foru Aginduaren I. eranskineko 18. artikuluko 2. eta 3. puntuak aldatzen dira, murrizketei eta bazterketei buruzkoak, eta testu hau izanen dute:

“2. Onartuak izateko 5. artikuluan aipatutako betebeharretako edozein ez betetzeak edo 6. artikuluko d), e), f), g), h), i), j) edo k) letretako konpromisoei ez eusteak ekarriko du urteko ordainketa ukatzea. 6. artikuluko b) letra ez betetzeak ekarriko du ukitutako prestakuntza ekintzari dagokion laguntzaren %100 murriztea.

3. 6. artikuluko a), c), l), eta m) letretako konpromisoak bete ezik, lehenengo urtean laguntza %20 murriztuko da, bigarrenean %40 eta, hirugarrenetik aurrera, %100. Jarduera bat bertan behera gelditu dela ohartarazten bada jarduera hasteko 48 ordu baino gutxiago falta direnean, urteko ordainketa 300 euroan murriztuko da, epez kanpo bertan behera uzten den jarduera bakoitzeko.”

Iragarkiaren kodea: F2012480