256. ALDIZKARIA - 2020ko azaroaren 3a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

LEGASA

Ordenantza fiskala, zeinaren bidez tasak arautzen baitira Kontzejuak ur banaketa eta saneamendua emateko eta zerbitzu egiteko. Behin betiko onespena

Legasako Kontzejuko Batzarrak, 2020ko ekainaren 19an egindako osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen udal ordenantza fiskal bat, zeinaren bidez tasak arautzen baitira Kontzejuak ur banaketa eta saneamendua emateko eta zerbitzu egiteko.

Bat etorriz uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1 artikuluarekin (foru lege horrek Nafarroako Toki Administrazioa du hizpide), ordenantza jendaurrean egon zen 30 egun baliodunean, iragarkia argitaratu eta biharamunetik hasita (2020ko 157. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, uztailaren 17koa). Jendaurreko epean ez da alegaziorik aurkeztu; hortaz, behin betiko onetsita gelditu da. Testu osoa Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

Legasan, 2020ko urriaren 7an.–Kontzejuko burua, Jesus Etxart Ansalas.

ORDENANTZA FISKALA, ZEINAREN BIDEZ TASAK ARAUTZEN BAITIRA KONTZEJUAK UR BANAKETA ETA SANEAMENDUA EMATEKO ETA ZERBITZU EGITEKO

I. KAPITULUA

Oinarria

1. artikulua. Ordenantza fiskal hau ezartzen da babes harturik Nafarroako toki-erakundeen ahalmenak, hain zuzen ere toki-erakundeei aplikatzekoa zaien araudi fiskalak ematen dizkien ahalmenak, eta haiekin bat.

II. KAPITULUA

Ordainarazpenaren izaera

2. artikulua. Ordenantza honen xede diren tasek oinarri dituzte edateko uraren hornidura zerbitzua eta uren saneamendu zerbitzua, bai eta horiekin zerikusia duten gainerako zerbitzuak ere.

III. KAPITULUA

Aplikazio-eremua

3. artikulua. Ordenantza hau Legasako kontzeju-mugarte osoan aplikatuko da.

IV. KAPITULUA

Zerga-egitatea

4. artikulua. Honako hauek ekartzen dute zerga-egitatea, tasa bakoitzerako:

a) Eskura izatea edateko uraren hornidura zerbitzua eta mantentzea, hau da, hornidura zer lekutarako kontratatu zen, edateko ura berehalakoan hantxe izateko aukera.

b) Eskura izatea saneamenduaren zerbitzua eta mantentzea, hau da, hornitutako leku batean hondakin edo soberakin urak berehalakoan husteko aukera, Kontzejuaren saneamendu sarearen bitartez.

c) Kontzejuak ematen duen edateko ura erabiltzea eta eskura izatea. Tasa hau aldatzen ahal da, uraren erabileren edo xedeen arabera.

d) Saneamendu zerbitzua benetan erabiltzea.

e) Hargunea edo lotunea egitea edo aldatzea, edateko uraren zerbitzurako eta saneamenduko uraren zerbitzurako.

Eskatzailearen kontura izanen da hargunea egitea eta haren kostua. Kontzejuak ematen duen zerbitzua, tasaren zerga-egitatea sortzen duena, hau izanen da: hargunea egiteko gainbegiratze teknikoa, bai eta, etxebizitzek eta lokalek zerbitzua izateko, Kontzejuak inbertsio orokorretan egin beharreko konpentsazioa ere.

f) Erabiltzaileak eskatutako ikuskatze lanak. Horren barnean daude Kontzejuak, abonatuak hala eskatuta, egin beharreko ikuskapen lan guztiak, hala nola kontagailuen funtzionamendua egiaztatzea, kontagailuen irakurketak berrikustea (ustez oker egindakoak) eta gisako jarduketak, baldin ikuskapena burutu ondotik egiaztatzen bada erabiltzaileak ez duela behar beste arrazoirik izan ikuskapena eskatzeko.

g) Mantentze-lanetako taldeek edo administrazio edo obretako langileek egindako joan-etorriak, honako kasu hauetan:

g-1) Joan-etorria egiten denean erabiltzaile batek hala eskatuta, partikularraren instalazioari dagozkion matxurak konpontzeko.

g-2) Interesdunaren eskaerak sortua denean, sare orokorretik hornidura mozteko, instalazio partikularretan obrak edo konponketak egiteko xedeaz.

g-3) Interesdunak eskatuta egiten denean, edo ofizioz egiten denean, erabiltzaile bati hornidura mozteko, Kontzejuarekiko beharkizunak ez betetzeagatik.

h) Ikuskatze lanak, egiten direnak egiaztatzeko ea betetzen ote diren zerbitzuaren erregelamenduko eta ordenantza teknikoetako arauak, horiek urratzen direnean.

V. KAPITULUA

Subjektu pasiboak

5. artikulua. 1. Zergadun diren aldetik, ordainarazpen honen subjektu pasiboak dira pertsona fisiko eta juridikoak eta izaera juridikorik gabeko entitateak, baldin unitate ekonomiko bat badira edo ondare bereizia badaukate eta eskatu badute edateko uraren etxeko hornidura zerbitzua eta saneamendukoa, edo hartaz baliatzen badira.

Kasuan kasuko etxeko jabeak hartuko dira zergadunaren ordezkotzat. Horiek onuradunei pasatzen ahalko dizkiete kuotak, halakorik bada.

2. Pertsona fisikoek edo juridikoek ustiategi bat baldin badute edo jarduera ekonomiko batean ari badira, eta horren ondorioz zorrik badute, zorra eskatzen ahalko zaie titulartasunean edo jardueran ondorengo direnei, edozein kontzepturengatik izanik ere ondorengo.

Ustiapen edota ekonomia jardueraren titulartasunaz jabetu nahi duenak, aldez aurretik titular denaren onespena izanik, eskubidea izanen du Kontzejuari eskatzeko jarduerak edo ustiapenak sorrarazitako tributu-zorren ziurtagiri zehaztua.

VI. KAPITULUA

Zerga-oinarria

6. artikulua. Testu honen 4. artikuluko zerrendan aipatutako zerga-egitateetan, hauek dira bakoitzaren karga-oinarriak:

a) Testu honen 4. artikuluaren a) apartatuan ezarritako zerga-egitaterako: edateko uraren hodietan paratutako kontagailuaren diametroa.

b) Testu honen 4. artikuluaren b) apartatuan ezarritako zerga-egitaterako: saneatutako lekuak aldi berean baldin badu Kontzejuaren edateko uraren hornidura, edateko uraren hodietan paratutako kontagailuaren diametroa izanen da zerga-oinarria.

Saneatutako lekuak ez baldin badu aldi berean Kontzejuaren edateko uraren hornidurarik, harguneko hodiaren diametroa izanen da zerga-oinarria.

c) 4. artikuluaren c) apartatuan ezarritako zerga-egitaterako: kontsumitutako uraren metro kubikoen kopurua, kontagailuaren bidez neurtua edo, kontagailurik ez bada edo hondaturik badago, aitzineko bi urtean kontagailuak erregistratutako datuak estrapolatuz neurtu eta zenbatespena eginez.

Aitzinetik aipatu zenbatespena ezin bada egin ez dagoelako daturik estrapolaziorako, metro kubiko kontsumituak kalkulatuko dira arlo horretan indarra duen legeriak ezarritako prozeduren bidez.

d) Testu honen 4. artikuluaren d) apartatuan ezarritako zerga-egitaterako: erabiliko da artikulu honen aurreko apartatuan ezarritako oinarri bera.

e) Testu honen 4. artikuluaren e) apartatuan ezarritako zerga-egitaterako: etxebizitza edo lokal bakoitza hornidura edo saneamendu zerbitzuari lotzeko kuota, baldin banaka erabili edo aprobetxatzeko modukoa bada.

f) Testuaren 4. artikuluaren f) apartatuan ezarritako zerga-egitaterako, zerbitzua egiteko behar diren lanen kostua.

g) Testuaren 4. artikuluaren g) apartatuan ezarritako zerga-egitaterako: zerbitzua egiteko behar diren lanen kostua.

VII. KAPITULUA

Tarifak

7. artikulua. Tasa bakoitzari dagokion tributu-kuota kalkulatzeko, ordenantza honen eranskinean ezartzen diren tarifak aplikatuko zaizkie aitzineko artikuluan agertzen diren zerga-oinarriei.

VIII. KAPITULUA

Tributu-kuotak

8. artikulua. Tasa bakoitzaren tributu-kuota da zerga-oinarriari bere tarifa aplikatzetik ateratzen den emaitza.

9. artikulua. Ateratzen den tributu-kuotaren gainean aplikatuko dira legeek une oro finkatzen dituzten zeharkako zergak, legeek ezarritako moduan eta baldintzetan.

IX. KAPITULUA

Salbuespenak

10. artikulua. Ez da salbuespenik eginen ordainarazpen honi dagokionez.

X. KAPITULUA

Kudeaketa arauak

11. artikulua. Higiezin batean hargunea paratu nahi duten sustatzaileek, eraikitzaileek, pertsona juridikoek edo fisikoek, eskabidea aurkeztu beharko diote Legasako Kontzejuari. Hartan adierazi beharko dute zenbat etxebizitza, etxabe edo lokaletan paratzen ahal den hornidura partikularra eta zein den paratu nahi den hargunearen diametroa. Beharrezkoa da kontagailu bat izatea herritar edo familia-unitate bakoitzeko.

Etxebizitzen kasuetan, horrez gain, bizigarritasunaren zedula aurkeztu beharko da (horren ordez, aurkezten bada behin-betiko kalifikazioaren zedula edo zaharberritzekoa, lehen okupazioaren lizentzia aurkeztu beharko da).

Merkataritzako eta industriako lokalen kasuetan, horrez gain, aurkeztu beharko dira Irekitzeko lizentzia eta Lizentzia fiskaleko altaren frogagiriak.

Eskabidea ikusita, Udalak eskaria ebatziko du. Egoki iritziz gero, argibide osagarriak eskatzen ahalko ditu eta komenigarritzat jotzen dituen jarraibideak emanen ditu hargune orokorra egiteko.

12. artikulua. Udalak ardura handiz zainduko du ur horniduraren zerbitzua, lanak eta antzeko zerbitzuak ahalik eta baldintza hoberenetan emateko, baina horregatik ez da erantzule izanen erabiltzaileek jasan ditzaketen kalte edo galeretan, presio gutxiegi izanez gero, ur hornidura etenez gero edo zerbitzuan bertze edozein goiti-beheiti gertatuz gero. Udalak bando bidez ohartaraziko du etenaldi luzeak izaten direnean, salbu eta larritasun handiko kasuak badira.

Aurreneurri moduan, ur hornidura mozten ahalko zaio etxe edo instalazio barrenean ur galera dakarten matxurak dituen hargunearen titularrari.

13. artikulua. Erabiltzaileak behin ere ez du urez hornitzen ahalko beste pertsona bat, eta ez die erabiltzen utziko horretarako eskubiderik ez dutenei. Utzikeriagatik izan litekeen iruzur oro saihestu beharko du. Hala gertatuz gero, erabiltzailea izanen da errudun bakarra.

14. artikulua. Erabiltzaileak behartuak daude toki-erakundeari lehenbailehen jakinaraztera ura banatzeko sare nagusiko matxura baten ondorioz gertatutakoak.

ERANSKINA

Ur tasak:

–Tarifa, m³ bakoitzeko: 0,25 euro, etxeko urteko kontsumoa 250 m³ baino txikiagoa denean eta etxekoaz kanpoko kontsumoan, edozein kontsumo motatan.

–Tarifa, m³ bakoitzeko: 0,30 euro, etxeko urteko kontsumoa 250 m³ baino handiagoa denean eta etxekoaz kanpoko kontsumoan, edozein kontsumo motatan.

–Tarifa, m³ bakoitzeko: 0,42 euro industria, merkataritza eta abeltegietako erabileretarako, eta urteko kontsumoa 750 m³ bitartekoa denean.

–Tarifa, m³ bakoitzeko: 0,50 euro/m³ bakoitzeko industria, merkataritza eta abeltegietako erabileretarako, kontsumoa 750 m³ baino handiagoa denean.

–Tarifa, m³ bakoitzeko: 0,60 euro/m³ bakoitzeko industria, merkataritza eta abeltegietako erabileretarako, kontsumoa 1000 m³ baino handiagoa denean.

–Kontagailuaren kuota finkoa: 40,00 euro.

Tasa, irakurketarik gabeko kontagailua: 50,00 euro.

–Tasa, kontagailua aldatzeagatik: haren kostuaren arabera.

–Tasa, eraikuntza eta eraikin berrietako harguneagatik: zerbitzuaren kostuaren arabera.

–Tarifa: ezkutuko ur-jarioen ondoriozko kontsumoa: 0,10 euro/m³.

Tarifa hau aplikatzeko ondoko egoera hauek guztiak gertatu beharko dira, eta behar bezala justifikatu beharko:

1. Kontsumoa 100 metro kubikotik goitikoa izan beharko da.

2. Ezkutuko ur-jarioa izan beharko du, subjektu pasiboak ez dakiela hodiak edo neurketa ekipoak hondatuta daudela.

3. Egiaztatu beharko da ez dela inolako utzikeriarik izan ur-jarioa eragin duten egintzetan, ez ur-jarioaren ondoko jarduketan.

Apurtu edo hondatu eta, horren ondorioz, ur-jarioa izan duen instalazioa 7 eguneko epean konponduko da, gehienez ere, ur-jarioa atzematen denetik aitzina. Ordainagiria aurkeztuta frogatu beharko da.

4. Tarifa hau zergadunak eskatuta aplikatuko da beti; eskaera bi hilabete baino gutiagoko epean egin beharko da, ordainagiria igortzen denetik aitzina.

Iragarkiaren kodea: L2011871