256. ALDIZKARIA - 2020ko azaroaren 3a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

IGANTZI

Ordenantza, Herri-ondasunen aprobetxamendua arautzen duena. Behin betiko onespena

Igantziko Udalaren herri-ondasunen aprobetxamenduak arautzen dituen ordenantzaren hasierako onespena, 2020ko 166. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, uztailaren 28an.

Jendaurrean jartzeko epean inolako alegaziorik, eragozpenik edo oharrik egin ez denez, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1.c) in fine artikuluan xedatutakoaren arabera, aipatutako ordenantza behin betiko onartutzat jotzen da.

Testu osoa argitaratu da, herritar orok ezagutu dezan eta dagozkion ondorioak izan ditzan, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 326. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.

Igantzin, 2020ko urriaren 7an.–Alkatea, Juan Carlos Unanua Navarro.

IGANTZIKO UDALAREN HERRI-ONDASUNEN APROBETXAMENDUA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA

I. KAPITULUA

1.–Xedapen orokorrak

1. artikulua. Ordenantza honen xedea da arauak ezartzea, Igantziko Udalaren herri-ondasunen administrazioa, xedapen-egintzak, defentsa, berreskurapena eta aprobetxamendua erregulatzeko.

2. artikulua. Herri-ondasunak dira herri honetako bizilagun guztiek erabiltzen ahal dituztenak.

3. artikulua. Herri-ondasunak besterenezinak, preskribaezinak eta enbargaezinak dira eta ez dute beren gain tributurik izanen. Haien izaeran eta tratamendu juridikoan ez da aldaketarik izanen, edozein dela ere haiek erabiltzeko era.

4. artikulua. Herri-ondasunen gaineko arauak honako hauek dira: uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea eta haren erregelamenduzko xedapenak; Ondasunen erregelamendua (urriaren 18ko 280/1990 Foru Dekretua); Nafarroako Foru Zuzenbide Administratiboaren gainerako arauak; herri-lurren ordenantza hau eta, bestela, Foru Zuzenbide Pribatuaren arauak, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 40. artikuluko hirugarren apartatuan xedatua deusetan galarazi gabe.

2.–Administrazioa eta xedapen-egintzak

5. artikulua. Herri-ondasunak erabili, administratu, aprobetxatu eta antolatzeko ahalmenak Igantziko Udalari dagozkio, ordenantza honetan azaltzen den moduan. Herri-lurretako ondasunei buruz Udalak hartzen dituen erabakiek Nafarroako Gobernuaren baimena beharko dute bakarrik, herri-lurrei buruzko legean ezarritako kasuetan.

6. artikulua. Herri-lurrak saldu edo trukatzeko desafektazioa egin aitzinetik, Nafarroako Gobernuak haien onura publiko edo soziala deklaratu beharko du eta, hori baino lehen, Udalak justifikatu beharko du dagoen asmoa ezin dela beste bide batzuen bitartez lortu, hala nola lagapena eginez edo kargak ezarriz, horiexek lehentasuneko aukerak baitira.

7. artikulua. Herri-ondasunak desafektatu ondoren, beste batzuei lagatzeko edo kargak ezartzeko hartzen diren erabakietan, itzultze-klausula bat jasoko da betiere, egintza horien helburuak edo baldintzak desagertzen edo betetzen ez diren kasuetarako.

Halakorik gertatzen bada, lur horiek Udalaren ondarera itzuliko dira herri-lurretako ondasun gisa,

6/1990 Foru Legean eta Ondasunei buruzko Erregelamenduan zehaztutakoarekin bat etorriz.

3.–Herri ondasunak babestea eta berreskuratzea

8. artikulua. Igantziko Udala, herri-lurrek udalerriko biztanleentzat eta Udalarentzat berarentzat duten garrantziaren jakitun, ekologiaren eta ingurumenaren ikuspegitik nahiz ekonomiaren ikuspegitik, bere herri-ondasunak kontserbatu, babestu, berreskuratu eta hobetzeaz arduratuko da, eta horiek kaltetzen ahal dituen edozein pribatizazio edo ekintzaren aurka agertuko da.

9. artikulua. Igantziko Udalak Jabetza Erregistroak igortzen dizkion ediktuen berri emanen dio Nafarroako Gobernuari, lursailen immatrikulazioa edo herri-lurrekin mugakide diren lursailen gehiegizko hedadura dela eta. Udalak osoko bilkuran hartu beharko du komunikazio horien gaineko erabakia.

10. artikulua. Udalak, herri-lurretako ondasunen gaineko kontratuetan parte hartzen duenean, horiek interpretatu eta haiek betetzean sortzen diren zalantzak argituko ditu.

Interpretatzeko erabaki horiek berehala hartuko dute indarra, eta ez dute galaraziko kontratugileek bide jurisdikzionalean behar den deklarazioa lortzeko duten eskubidea.

11. artikulua. Igantziko Udalak berez berreskuratzen ahalko du jabetza, noiznahi eta aldez aurretik dagokion prozedura abiarazita, ofizioz edo salaketa bidez, interesdunari entzunaldia emanik eta udal-idazkariak edo legelariak txostena idatzirik, non agertuko baitira usurpatu den ondasuna egiaztatzeko behar adina froga, tokiko administrazioari buruzko legerian ezarritakoaren bat etorriz.

Egintza zibilak sustatuz, horiek beharrezkoak direnean herri-lurretako ondasunak berreskuratzeko eta defendatzeko.

12. artikulua. Udalak bere herri-ondasunak defendatzeko bidezko egintzak egikaritzen ez baditu, herritarrek jarduten ahalko dute, Toki Erakundeen Ondasunei buruzko Araudiaren 26. artikuluan ezarritakoaren arabera. Horrek aurrera eginez gero, sortutako gastuak itzuli beharko dizkie herritarrei Udalak.

4.–Herri-ondasunen aprobetxamendua

13. artikulua. Ordenantza honek aprobetxamendu hauek arautzen ditu:

a) Laborantzako herri-lurren aprobetxamendua.

b) Herri-larreen aprobetxamendua.

c) Iralekuen aprobetxamendua.

d) Zuraren eta egurraren aprobetxamendua.

e) Herri-lurretako beste aprobetxamendu batzuk.

14. artikulua. Igantziko Udala herri-lurren ekoizpena abian jartzen, hobetzen eta egoki aprobetxatzen ahaleginduko da, eta lur horiek duten izaera sozialarekin bateragarri eginen du hori.

15. artikulua. Orokorrean, Igantziko herri-lurretako aprobetxamenduen onuradun izateko, familia-unitateen titularrek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Adinez nagusi izatea, edo bere kontu bizi den adingabea edo judizialki gaitua izatea.

b) Udal-erroldan bizilagun gisa inskribatua egotea gutxienez urte bateko antzinatasunez.

c) Igantzin urtean bederatzi hilabetez gutxienez jarraian bizitzea.

d) Udal honekin dituen zerga-betebeharrak egunean izatea.

e) Aziendak Igantziko Udaleko Katastroan inskribaturik edukitzea, nagusiki bazkarako diren herri-aprobetxamenduen onuradunentzat.

16. artikulua. Etxebizitza berean bizi diren guztiak hartuko dira familia-unitateko kidetzat. Nolanahi ere, familia-unitate independentetzat hartuko da guraso erretirodunek osatua, familiakoekin bizi arren, baldin haien diru-sarrerak lanbide arteko gutxieneko soldata baino apalagoak badira.

II. KAPITULUA

1.–Laborantzarako herri-lurren aprobetxamendua

17. artikulua. Herri-lurren aprobetxamenduak honako modu hauetako batean eta lehentasunezko ordena honetan eginen dira:

a) Herritarrentzako zuzeneko esleipen bidez.

b) Antzinako ohiturari jarraikiz.

c) Enkante publikoan esleituz edo Udalak zuzenean ustiatuz.

Ordenantza honen 15. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia-unitateetako bizilagun titularrei zuzenean esleituko zaizkie herri-larreak.

18. artikulua. 1. Herri-lurren aprobetxamendua esleitzeko, Igantziko Udalak berdintasun eta justiziaren printzipioak beteko ditu, eta lehentasuna emanen die familia-unitatearen titular hauei:

a) Diru-sarrera gutxien dituzten familia-unitateei.

b) Jabetzan edo beste modu batez antzeko lurrik ez dutenei.

c) Herri-lurretako beste aprobetxamendurik ez dutenei.

2. Aurreko paragrafoko irizpideak datu objektiboetan oinarrituko dira, hau da, pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpena, soldatak, laborantzako lurrak errentamenduan nahiz beste edozein tituluren bidez edukitzea, landa-lurraren, aziendaren eta industriaren gaineko kontribuzioen kapital zergapegarria, hiri-lurraren gaineko kontribuzioarena, norberaren etxebizitzari dagokiona kenduta, baita horren gisako beste edozein datu ere.

19. artikulua. 1. Aprobetxamendu mota honetarako, Igantziko Udalak urteko kanona ezarriko du azalera unitate bakoitzeko (hektarea), eta hura urtero zehaztuko da Aurrekontu Arruntean.

2. Kanona ez da izanen antzeko lurrak errentan emateko eskualdean erabiltzen diren prezioen %90 baino gutxiago.

3. Aurreko apartatuan adierazten denaren ehuneko hogeita hamarra (%30) izanen da kanona, hala eskatzen duten onuradunentzat, baldin eta frogatzen badute beren familia-unitateko diru-sarrerak direla lanbide arteko gutxieneko soldata halako bat eta erdi baino gutxiago. Ondorio horietarako, familia-unitatean desgaitasun fisikoa edo mentala duen kide bakoitzeko, lanbide arteko gutxieneko soldataren ehuneko hirurogeiko (%60) diru-sarrerak daudela zenbatuko da.

20. artikulua. Herri-lurrak aprobetxatzeko epea hamar (10) urtekoa izanen da.

21. artikulua. 1. Herri-lurren aprobetxamendua zuzenean eta pertsonalki eginen da, eta ez da baimenik emanen azpierrentamendua egin edo beste batzuei lagatzeko.

2. Udalak zehaztuko du zenbat laborantzako lur esleitzen zaion bizilagun bakoitzari, kontuan hartuta dagoen herri-lurra eta esleitzen den lurraren produkzio-gaitasuna, baita eskatzailearen ustiategia edo beharrak eta familia-unitatearen egoera ekonomikoa ere.

22. artikulua. 1. Igantziko Udalak egokiak eta komenigarriak iruditzen zaizkion egiaztapenak egiten ahalko ditu edozein unetan, herri-lurretako aprobetxamendua zuzenean eta pertsonalki egiten dela ziurtatzeko.

2. Ondoko kasu hauetan ulertuko da herri-lurrak ez direla zuzenean eta pertsonalki aprobetxatzen ari:

a) Nekazaritzako makinak edukita, esleitutako herri-lurrak lantzeko erabiltzen ez dituztenean.

b) Udalaren Mendien Batzordearen txostenari jarraituz, lurrak zuzenean eta pertsonalki lantzen ez dituztenean.

c) Honako alderdi hauen gaineko egiaztagiriak eskatu eta agindutako epean aurkezten ez badira: lurra lantzea, lehengaiak erostea eta produktuak saltzeko lanak, berak edo Udalak baimendutako pertsonek eginak.

d) Laborantzako lurren jabe izanik, hirugarrenei errentan emanak dituztenak.

e) Bazka ekoizten duten herri-lurren esleipen-hartzaileak izanik, aziendak Igantziko Udalaren abere-aberastasunaren katastrotik ateratzen dituztenean.

23. artikulua. Herri-lurrak aprobetxatzen dituen aziendak osasun-ziurtagiria izan beharko du, indarrean dauden xedapenetan eskatzen diren baldintzak betetzen dituela dioena.

24. artikulua. Laborantzako herri-lurrak zuzen landu eta aprobetxatu beharko dituzte onuradunek.

25. artikulua. Onuradunek ezin izanen dituzte herri-lurrak erabili, Udalaren aldez aurreko baimenik gabe, esleipenekoak ez diren beste aprobetxamendu batzuetarako.

26. artikulua. Esleitutako herri-lurretan itxiturak egiteko Igantziko Udalaren baimena beharrezkoa da. Itxiturak egiteko honako material hauek erabiltzen ahal dira: harlauzak, zurezko hesiak, hesolak eta alanbrea edo landare-hesiak. Debekatuta dago fabrika-obrako itxiturak egitea, hala nola adreiluzkoak, edo hormigoi-blokekoak.

27. artikulua. Ezin izanen dira batera itxi herri-lurrak eta jabetza pribatuko lursailak.

28. artikulua. Herri-lurren aprobetxamendua ezin izanen da trukatu onuradunen artean, aldez aurretik interesdunek eskaria egin gabe eta Igantziko Udalak baimenik ematen ez badu.

29. artikulua. Igantziko Udalak, hiru hilabete aurretik onuradunei iragarri ondoren, aprobetxamenduen esleipenak eraginik gabe uzten ahalko ditu, herri-lur horietan zuhaitzak landatzea eta beste hobekuntza batzuk bultzatzen baditu. Aditzera ematen da laborantzako lurren aprobetxamendua bertan behera uzteak ez duela kalte-ordainak jasotzeko eskubiderik sortuko onuradunaren alde. Hobekuntza horiek Nafarroako Gobernuaren baimena beharko dute, aldez aurretik.

III. KAPITULUA

Herri-larreen aprobetxamendua

30. artikulua. Igantziko herri-lurretako larreen eta uren aprobetxamendua ohitura tradizionaltzat hartzen dena izanen da.

31. artikulua. Herri-lurretako larreen eta uren erabilera Igantziko bizilagunei dagokie.

32. artikulua. Ordenantza honen 15. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia-unitateetako bizilagun titularrei zuzenean esleituko zaie larre horien aprobetxamendua.

33. artikulua. Herri-larreak esleitzean, Igantziko Udala irizpide sozialetan oinarrituko da, eta diru aldetik apalenak diren familia-unitateei emanen die lehentasuna.

34. artikulua. Herri-larreen aprobetxamendua zuzenean eta pertsonalki eginen da, eta ez da baimenik emanen azpierrentamendua egin edo beste batzuei lagatzeko.

Horri dagokionez, Udalak ulertuko du ez direla herri-larreak zuzenean aprobetxatzen ari, familia-unitateko bizilagun titularrek aziendak udalerriko abere-aberastasunaren katastrotik ateratzen dituztenean.

35. artikulua. Herri-larreak aprobetxatzen dituen aziendak ordenantza honetako 23. artikuluan adierazitako osasun-ziurtagiria izan beharko du.

36. artikulua. Debekatuta dago ahuntz-aziendak larratzea.

37. artikulua. Udalak urtero finkatuko du larreen onuradunek aurrekontu arruntean ordaindu beharreko kanona, abere-espezie bakoitzarentzat.

38. artikulua. Igantziko Udalak, hiru hilabete aurretik onuradunei iragarri ondoren, aprobetxamenduen esleipenak eraginik gabe uzten ahalko ditu, herri-lur horietan zuhaitzak landatzea edo beste hobekuntza batzuk egitea sustatzen badu.

Hobekuntza horiek Nafarroako Gobernuaren baimena beharko dute, aldez aurretik.

39. artikulua. Udalak larreetara bideratutako herri-lurretan zuhaitzak landatzea eta beste hobekuntza batzuk egitea sustatzen duenean, esleipendunek ez dute kalte-ordainak jasotzeko eskubiderik izanen.

IV. KAPITULUA

Iralekuen aprobetxamendua

40. artikulua. Herri-lurrei buruzko maiatzaren 28ko 6/1990 Foru Legearen 173. artikuluan ezarritakoa betez, Igantziko Udalak, hemendik aurrera, ez du herritarren arteko iralekuen aprobetxamendurik emanen.

41. artikulua. 1. Gaur egun iralekuen emakida duten bizilagunen aprobetxamendua errespetatuko da, zuzenean aprobetxatzen badute eta beren abeltzaintzako ustiategirako bada, eta onuradunek ezin izanen dute hesirik jarri iralekuaren inguruan, ez eta ira aprobetxatzea ez den bestelako erabilerarik egin ere.

2. Ondorio horietarako, iralekuak aprobetxatzen dituzten bizilagunek horien aprobetxamendua eskatuko diote Igantziko Udalari, ordenantza hauek indarra hartu eta 6 hilabeteko epean, parajea eta gaur egun erabiltzen diren iralekuen hedadura adieraziz. Iralekuen aprobetxamendua berresteko erabakia hartuko du Igantziko Udalak, 15. artikuluko baldintzak beteta artikulu honen aurreko lerroaldean xedatua ere frogatzen dutenei; Udalak bere egiten du iralekuen kokapena aldatzeko edo azalera urritzeko eskubidea, justifikatuz gero.

3. Hamar urtean behin onuradunak iralekuen aprobetxamendua berresteko eskaera eginen du, eta egun iralekuak aprobetxatzen dituzten bizilagunen aprobetxamendua berretsiko du Udalak.

42. artikulua. Herri-lurretako iralekuen aprobetxamenduaren lehen eta ondoz ondoko berrespenetan, Udalak onuraduna aldatzea baimentzen ahalko du, onuradun berriak betetzen baditu aurreko artikuluan ezarritako baldintzak eta, legez baliozkoa den agiri baten bidez frogatzen badu aldatuko den iralekuaren aprobetxamenduaren jatorrizko abeltzaintzako ustiategiaren titulartasuna duela.

43. artikulua. Iralekuen aprobetxamendua zuzenean eta pertsonalki eginen da eta ez da baimenik emanen azpierrentamendua egiteko edo beste batzuei lagatzeko.

44. artikulua. Igantziko Udalak, 3 hilabete aurretik onuradunei iragarri ondoren, esleipenak eraginik gabe uzten ahalko ditu, herri-lur horietan zuhaitzak landatzea edo beste hobekuntza batzuk bultzatzen baditu.

Aditzera ematen da iralekuen aprobetxamendua bertan behera uzteak ez duela sortuko kalte-ordainak jasotzeko eskubiderik onuradunaren alde.

Hobekuntza horiek Nafarroako Gobernuaren baimena beharko dute, aldez aurretik.

45. artikulua. Igantziko Udalak iraleku guztiak erregistratzeko liburua edukiko du, eta hartan sartuko ditu onuradunen izenak, datu pertsonalak eta izandako aldaketak.

46. artikulua. Aprobetxamenduaren titularrak eskubideak galduko ditu, eta iralekuaren aprobetxamendua udalerriari itzuliko zaio, honako kasu hauetan:

a) Ordenantza honen 15. artikuluan ezarritako baldintzak ez betetzeagatik.

b) Ondoz ondoko bi urtetan edo txandakako bi urtetan (bost urteko aldian) iralekua ez erabiltzeagatik.

c) Aprobetxamendua saltzeagatik edo lagatzeagatik.

d) Kanona ez ordaintzeagatik.

e) Udal basozaintzaren aurretiko txostena edukita, Udalak baiesten badu iralekuaren ekoizpen-gaitasuna nabarmen galdu edo urritu dela, iralekuaren aprobetxamendu desegokiaren ondorioz, ira ez den beste landare espezie batzuen, otadien edo bestelako sastraken inbasioagatik.

47. artikulua. Iralekuen aprobetxamenduagatik ordaindu beharreko hektarea bakoitzeko kanona Udalak finkatuko du urtero.

V. KAPITULUA

Etxerako egurraren aprobetxamendua

48. artikulua. Mendian aski izan eta, Nafarroako Gobernuak baimendu eta Mendi Zerbitzuak markatu ondoren, Udalak etxeko epaitzak banatuko dizkie ordenantza honen 15. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia-unitateei.

49. artikulua. Udalak urtero finkatuko du familia-unitateei esleitu beharreko etxerako epaitzen bolumena, mendian dagoen egurraren arabera. Noizbait beharrezkoa baldin bada, eten eginen da aprobetxamendu hori, Udalari egoki iruditzen zaion denborarako.

50. artikulua. Epaitzak zuzenean erabili beharko dira, eta onuradunak ezin izanen ditu saldu.

51. artikulua. Egurra banatzerakoan Udala irizpide sozialetan oinarrituko da eta diru aldetik apalenak diren familia-unitateei lehentasuna emanen die.

52. artikulua. Aurreko artikuluan aipatzen diren familia-unitateen maila ekonomikoak zehazteko, Udala irizpide objektiboetan oinarrituko da, ordenantza honen 18. artikuluan azaltzen den bezala.

53. artikulua. Epaitzen aprobetxamenduarengatik ordaindu beharreko kanona urtero finkatuko du Udalak aurrekontu arruntean.

54. artikulua. Onuradunak behartuta daude egurra bildu ondoren hondarrak jaso eta pilatzera. Hondar horiek ezin izanen dira pilatu ez bideetan, ez mendi-pistetan, ez eta oztopo izaten ahal diren lekuetan ere. Betiere, kasu eginen diete Udaleko landazainek ematen dituzten jarraibideei. Egurra mozteko eta kentzeko epeak behar bezala adieraziko dira. Artikulu honetan ezarritakoa betetzen ez dutenei aprobetxamendu hori ukatuko zaie hurrengo urtean.

VI. KAPITULUA

Herritarrek herri-lurrak luberritzea

55. artikulua. Bizilagunek debeku dute herri-lurretan luberriak sortzea, horretarako aldez aurretik ez badute Udalaren baimena.

56. artikulua. Hau izanen da bete beharreko prozedura: interesdunak eskabidea aurkeztuko du Udaletxean, Udalari baimena eskatuz herri-lurrak luberritzeko eta lur horiek nahi dituen helburuetarako erabiltzeko, 66. artikuluan aipatutako agiriak erantsita.

Udalak luberritze hori onetsi edo ukatuko du.

Udalak onesten badu, espedientea Nafarroako Gobernuari igorriko zaio, onets dezan.

57. artikulua. Bizilagunek luberritutako herri-lurren aprobetxamendua 15 urtekoa izanen da.

58. artikulua. Emakidaren lehen bost urteetan, urteko kanona 19. artikuluan ezarritako ohiko kanonaren hamarrena izanen da; gainerako hamar urteetan, berriz, artikulu horretan ezarritakoa izanen da.

59. artikulua. Ordenantza hauen 17., 18. eta 21-29. artikuluetan xedatutakoaren arabera arautuko da herri-lurren lanketa.

VII. KAPITULUA

Herri-lurretan bordak eraikitzea

60. artikulua. Bordak eraikitzeko eskaera Udalari egin beharko zaio eta hark emanen du baimena, eraikuntzak bete behar dituen baldintzak ezarri ondoren.

Espedientea Nafarroako Gobernura bidaliko zaio, hark onespena eman dezan.

61. artikulua. Aurreko artikuluan zehaztutakoaren arabera eraikitako bordak ezin izanen dira erabili azienda ez den beste helburu batzuetarako. Horrenbestez, bordak Igantziko herri-lurren mesederako erabiliko dira emakidaren epea amaitzen denean edo baimenean zehaztutakoa ez den beste xede baterako erabiltzen direnean.

62. artikulua. Herri-lurretan eraikitako bordak dituzten auzotarrek baldintza egokietan mantendu beharko dituzte, eraikitzean eman zitzaion baimenaren xedeari dagokionez.

VIII. KAPITULUA

Herri-lurretako beste aprobetxamendu batzuk

63. artikulua. Herri-lurrak sartuz eraturiko barrutietako ehizaren aprobetxamendua eginen da gai horri buruzko foru araudian ezarritakoari jarraikiz.

64. artikulua. Udalak prestatzen dituen baldintza-agirien arabera eginen da ondareko uren emakida, herri-lurren okupazioa, herri-lurretako harrobien ustiapena eta herri-lurretan egin nahi den beste edozein aprobetxamendu edo hobekuntza. Gainera, jendaurrean eduki beharko dira 15 egunez gutxienez, eta Nafarroako Gobernuak onespena eman beharko du.

IX. KAPITULUA

Esleitzeko prozedura

65. artikulua. Udalaren erabakiaren ondotik eta iragarki-oholean ediktuak argitaratuta, 15 eguneko epea irekiko da eskubidea dutela uste dutenek herri-lurretako aprobetxamenduetarako eskabidea aurkez dezaten.

66. artikulua. Aprobetxamendu-eskabideei honako hauen zinpeko deklarazioa erantsiko zaie:

a) Igantziko biztanleak izatea, gutxienez urtebeteko antzinatasunez, eta udalerrian urtean bederatzi hilabetez bederen bizitzea.

b) Familia-unitatea osatzen duten kideena, familia-liburuaren edo agiri baliokidearen fotokopiarekin batera.

c) Udal honekin dituen zerga-betebeharrak ordainduta izatearena.

d) Udal honetan zein besteetan, jabetzan duen lurraren azalera eta zein laborantza mota (baratzeak, euntzeak eta abar).

e) Errentamenduan edo bestela baliatzen dituen lurrak.

f) Hiri-lurraren jabetza, etxebizitza kenduta.

g) Abelburuen kopurua eta haien espeziea; larreak baliatzea eskatuz gero, osasun-ziurtagiria erantsiko da.

h) Familia-unitateko kide bakoitzaren diru-sarrerak: nekazaritzaren, industriaren edo zerbitzuen sektorekoak, Gizarte Segurantzako pentsioen bidezkoak edo bestelako errentatakoak.

Aipatutako zinpeko aitorpena egiaztatzearren, Udalak badu ahalmena beharrezkotzat jotzen duen dokumentazioa eskatzeko, errenta-mailak egiaztatzeko.

67. artikulua. Eskaerak ikusita, Udalak aprobetxamendu bakoitzean onartutakoen zerrenda onetsiko du behin-behinekoz, adierazita zein den aprobetxamenduaren tokia edo lotea.

68. artikulua. Behin-behineko zerrenda udal honen iragarki-oholean jarriko da 15 egun balioduneko epean, alegazioak egin ahal izateko. Alegaziorik aurkezten ez bada, behin-behineko zerrendak behin betiko bihurtuko dira.

69. artikulua. Alegazioak eta zuzendu beharreko akatsak izanez gero, Udalak haien gaineko ebazpena emanen du, eta aprobetxamenduetako bizilagunen behin betiko zerrenda onetsiko du, aprobetxamenduaren tokiak edo loteak adierazita.

X. KAPITULUA

Arau-hausteak eta zehapenak

70. artikulua. Arau-hauste administratibotzat hartzen dira honako hauek:

a) Erabilera zuzenean eta pertsonalki ez egitea.

b) Ez betetzea Herri-larreetan bazkatzen den Aziendaren Osasuna Zaintzeari buruzko Foru Legea eta hori garatzen duen Erregelamendua.

c) Aprobetxamenduen kanonak Udalak ezarritako epeetan ez ordaintzea.

d) Herritarrek nabarmen gaizki egitea edo osorik ez egitea dena delako aprobetxamendu mota.

e) Zertarako esleitzen den herri-lurra, beste zerbaitetarako erabiltzea.

f) Animalia hilak lurperatu gabe uztea.

g) Bazkatzeko larreak eta eremuak ez errespetatzea.

h) Ordenantza honetan xedatutakoari kontra egiten dioten egitate edo egintza guztiak.

71. artikulua. Arau-hauste horiek honako zehapen hauek izanen dituzte:

a), b), c), d) eta e) arau-hausteengatik emakida kenduko da, galarazi gabe Nafarroako Gobernuaren organo eskudunek ezartzen ahal dituzten zehapenak.

Gainerako arau-hausteengatik, ordainduko da egindako kaltearen balioa halako bost gutxienez, eta halako hamar, gehienez, zehapen gisa. Balio hori zehazterik ez badago, 60 eurotik 1.200 eurora bitarteko zehapena ezarriko da.

Iragarkiaren kodea: L2011903