256. ALDIZKARIA - 2020ko azaroaren 3a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

FUNES

Udal hilerria arautzen duen udal ordenantza.
Behin betiko onespena

Jendaurreko epea inork erreklamaziorik aurkeztu gabe iragan denez, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 326. artikuluan eta Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 13. artikuluan xedatuari jarraikiz, argitara ematen da Udal hilerria arautzen duen udal ordenantzaren behin betiko onespena. Hori hasiera batez onetsi zuen Udalak, 2020ko abuztuaren 27ko osoko bilkuran hartutako erabakiaren bidez. Iragarkia 2020ko 204. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, irailaren 10ean.

Ordenantzaren aldaketaren behin betiko onespenaren kontra, hautara, honako errekurtso hauek aurkez daitezke:

–Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik.

–Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari edo Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Funesen, 2020ko urriaren 13an.–Alkatea, Ignacio Felipe Domínguez Martínez.

FUNESKO UDAL HILERRIAREN ERABILERA ETA HURA ERABILTZEKO ETA HARTAN ZERBITZU EGITEKO ESKUBIDE ETA TASAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA

I. TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Toki Araubidearen Oinarriei buruzko Legearen 4., 25. eta 26. artikuluetan, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 4. eta 29. artikuluetan, eta Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legearen 12. eta 100.5 p) artikuluetan ezarritakoaren arabera, Funesko Udalari dagozkio udal hilerriaren administrazioa, zuzendaritza eta zaintza, batere ukatu gabe beste administrazio batzuek alor berean dauzkaten legezko eskumenak.

2. artikulua. Administrazioak, zuzendaritzak eta zaintzak honako ahalmen hauek dakartzate berekin:

a) Hilerriko higienearekin eta osasungarritasunarekin ikusteko duen guztia.

b) Hilotzak eramateari dagokiona eta hilerriaren barne araubidea ukitzen duen guztia.

c) Lurren eta hilobien antolaketa, banaketa, erabilera eta aprobetxamendua.

d) Eskubideak eta tasak kobratzea.

3. artikulua. Alkatetzaren ardurapekoak izanen dira hilerriaren antolaketa eta funtzionamendua; horretarako, behar diren langileak izanen ditu eta, bere eginbeharra ahalik eta hobekien betetzeko, proposamen zehatzak aurkeztuko dizkio Udalari; gainera, ordenantza honetan xedatua aplikatzeko behar diren erabaki puntualak hartuko ditu.

Dagokion kontratazio prozedura irekita, Udalak, komenigarri iritziz gero, ordenantza honetan jasotako udal lan eta egitekoak beste baten esku uzten ahalko ditu.

4. artikulua. Zein den udalerriko biztanleriaren zentsua, horren araberako hilobi edo horma-hilobi hutsen kopurua egonen da hilerrian, edo haietarako lur aski bederen bai.

Hilobiak era erregularrean banatuko dira, ondoz ondoko zenbakiak emanen zaizkie, eta berariaz egindako plano batean marraztuko dira.

II. TITULUA

Hilerriko barne antolamendua eta gobernua, eta hilobien eraikuntza, mantentzea eta zaintza

5. artikulua. Hilerrian ez da onartuko esparruaren seriotasuna eta solemnitatea zuzenean edo zeharka hondatzen dituen inolako ekintzarik edo hilobiak nahiz nitxoak profanatzea, suntsitzea edo bortxatzea dakarrenik.

Debeku da, halaber, era guztietako animaliak sartzea eta edozein motatako produktuen salmenta ibiltaria.

Debeku horiek hedatzen ahalko dira hilerriaren eragin eremura.

6. artikulua. 1. Ezin izanen da obra edo lanik egin Udalaren baimenik gabe, eta, horiek egiteko, artikulu honetan ezartzen diren arauak bete beharko dira.

Obra eta instalazio horiek, eta kontzesio bidez eskuratutako hobietan egiten diren eraberritze, zaharberritze edo ordezte lan guztiak, partikularrek ordainduko dituzte.

2. Lurzatiaren kontzesioa duenak, obra-lizentzia eskatzeko, eginen den lanaren dokumentazio xehakatua aurkeztuko du, neurriak, materialak eta kokapen zehatzak ongi zehazten dituena.

3. Udaleko teknikariek eskabidean atzemandako akatsak zuzentzea eska dezakete, eta ordenantza honetan ezarritakoaren araberako baldintzak edo aldaketak ezarri.

4. Debeku da hilerri barnean piezak edo marmolak zerratzea eta hargin, marmolari edo metalgin lanak egitea, baita hilobietako grabatuak ezabatzea edo gisakoak egitea ere. Inguruabar bereziak direla-eta horrelakoak egin behar badira, Udalari edo hilerriko ehorzketa zerbitzuaren kudeaketa adjudikatua duen enpresari eskatu beharko zaio, eta horiek zehaztu beharko dute zein tokitan eginen diren lan horiek.

5. Obrak egiteko materialen sarrera eta obrak berak soilik eginen dira Udalak horrexetarako finkatzen duen ordutegian. Prestaketak eta materialen, tresnen, lurraren edo uraren metaketak horretarako izendatzen diren lekuetan eginen dira, eta organo horrek kasu bakoitzean beharrezko juzgatzen duen babesarekin.

6. Obra bukatutakoan, tokia garbitu egin beharko dute eta handik eraman obra-hondakinak, puskak edo materialen hondarrak.

7. Ezin izanen da hilerrira sartu edo handik atera hilobien zerbitzurako gairik, Udalaren baimenik gabe.

8. Hilerrian egindako jarduketak direla-eta sortzen diren beste gorabehera guztietan, hilerriaren ardura duten langileek eta Alkatetzak aginduko dute nola jokatu.

7. artikulua. Udalaren organo eskudunek edo ehorzketa zerbitzuen adjudikaziodunak dute hilerria zaindu eta garbitzeko lan orokorren ardura.

8. artikulua. Titularren betebeharra da hilobiak edo nitxoak, gauzak eta muntadurak zaintzea, segurtasun, higiene eta apaindurako baldintzak behar bezala betez.

Hilobia garbitu ondoren, partikularrek atera egin beharko dituzte loreen hondakinak eta bestelako objektuak.

Partikularrek hilobiak garbitzeko eta zaintzeko betebeharrean huts egiten badute, eta narriatze zantzurik baldin bada, Alkatetzak errekerimendua eginen die interesdunei, 30 egunean beren zabarkeriaz eragindako narriadura konpontzeko. Epe hori amaitutakoan, Udalak subsidiarioki egiten ahalko ditu lanok, eta sortzen den kargua interesdunei pasatuko die.

9. artikulua. Udalak ez du bere gain hartuko erantzukizunik baldin zerbitzuarekin zerikusirik ez dutenek hilobiak edo haien gainean uzten diren gauzak ebatsi edo narriatzen badituzte.

10. artikulua. Baldin hilobiak edo hilerriko ikuspegi orokor nahiz partzialak jaso nahi badira irudi, argazki, marrazki edo pinturetan, Udalaren baimena beharko da lehenik.

III. TITULUA

Gorputegia

11. artikulua. 1. Hilotzak gorputegian utziko dira baldin hilerrira ailegatu eta berehala ehortzi behar ez badira.

2. Agintari judizialek eta osasun arlokoek agindua eman dezakete hilerrian ehortzi gogo diren hilotzak gorputegian sartzeko, baldin heriotzaz geroztik 24 ordu iragan ez badira.

3. Partikularrei ez zaie utziko gorputegian egoten hilotzak bertan dauden bitartean, salbu agintariek halako denbora mugatu batean egiten dituzten bisitaldietan.

IV. TITULUA

Ehorztea, hilobitik ateratzea, lekualdatzea eta autopsiak egitea

12. artikulua. 1. Hileta-osasunari buruzko Erregelamendua onesten duen urriaren 15eko 297/2001 Foru Dekretuaren arauei jarraituz eta titulu honetan xedatuaren arabera dira hilotzak edo hondarrak ehortziko, hobitik aterako eta lekuz aldatuko.

2. Inolaz ere ez dira onartuko hilotzen bilgarriak, gorpuen berezko deskonposizioa galarazten edo berandutzen badute.

3. Gorpu-hondakinak dituzten hilobietan ehorzteko, aldez aurretik horiek murriztu beharko dira, abisua emanda eskubidearen titularrari edo hark eskuordetutako pertsonari; gorpu bat utzi behar denean, gorpu-hondakin horiek berriz ere ehorzten ahalko dira.

4. Osasun baimena beharrezkoa izanen da hilotzak edo gorpu-hondakinak bertze hilerri batera eraman nahi direnean, arauetan ezarritako kasuetan.

13. artikulua. 1. Hilerrian, ehorzteko ekartzen den edozein hilotzi lur emanen zaio, legezko tramiteak bete badira; hori guztia, indarrean dauden osasun arloko xedapenetan ezarritakoari jarraikiz eta bat etorriz Hileta-osasunari buruzko Erregelamendua onesten duen urriaren 15eko 297/2001 Foru Dekretuan ezarritakoarekin.

2. Ehorzketa egiteko, honako agiri hauek aurkeztu beharko dira udal bulegoetan edo ehorzketa zerbitzuaren adjudikazioa hartu duen enpresaren bulegoetan:

a) Ehorzteko eskabidea, inprimakiko datuak behar bezala beteta, erregistroan jaso daitezen, bertan duela ehorzketa-eskubidearen titularraren sinadura edo haren ordezkariarena, eta, titularra hildakoa bada, haren familiakoen edo ahaideen sinadura.

Kontzesio baten titularra ez den pertsona izanez gero, ehorzketa eskatuko du kontzesioa ere eskatzen duen pertsona berak.

b) Lurperatzeko lizentzia, salbu errautsak ehortzi behar badira.

c) Eskatzailea kontzesioaren titularra ez denean, bere aldeko eskubide eskualdaketa frogatu beharko du, ordenantza honen V. tituluko V. kapituluan arautuari jarraikiz; bere gain hartuko ditu bai titulartasuna aldatzeko prozeduran inguruabar hori frogatu beharra bai bere jardunetik etor daitezkeen erantzukizunak.

14. artikulua. 1. Hilotzak hilerrian berean lekuz aldatzeko atera daitezke hobitik, baita beste hilerri batera eramateko ere, eta bi kasuetan hilobiaren gaineko eskubidearen titularraren eskabidea beharko da, salbu artikulu honetako 3. apartatuan aipatutako kasuan.

Hilotzak hobitik ateratzen badira hilerriaren barreneko beste hilobi batera eramateko, beharko da berrehorzketa egin nahi den hilobiaren gaineko eskubidea duen titularraren baimena.

2. Nolanahi ere, osasunari buruz indarra duten xedapenetan ezarritakoari jarraikiz aterako dira hilotzak, bisitetarako ez diren orduetan eta osasunaren aldetik behar diren neurri guztiak hartuz.

3. Udalak egin beharreko obra orokorrak egitearen ondorioz lekualdatu behar direnean, eskubidearen titularrari aldez aurretik abisua emanda, berrehorzketa behin-behinean eginen da Udalak horretarako ezarritako hilobi edo nitxoetan, edo behin betiko, ehorzketa-eskubidea atxikiko zaien beste hilobi batzuetan.

15. artikulua. Hilotzak hobitik zein egun eta ordutan atera behar diren, horren berri emanen zaie Udaleko arduradunei, lana gainbegira dezaten.

Eskatzaileak bere kontura kontratatzen ahalko ditu hilotza ateratzeko lanak. Udalari jakinarazi beharko dio aurretik, horrek baimena eman eta lanak ikuskatu beharko baititu.

16. artikulua. Hilerrian berean beste hilobi batera aldatzeko nahiz beste hilerri batera eramateko atera diren gorpu-hondakinak ez dira gorputegira eramaten ahal.

17. artikulua. 1. Heriotzaren arrazoiak osasun arriskurik ez badakar, baltsamatu gabeko hilotzak baldintza hauetan ateratzen ahal dira:

a) Lurperatu ondotik gutxienez ere 12 urte iraganda, panteoietan edo nitxoetan ehortzitako hilotzak atera daitezke, arrunt hezurturik baldin badaude.

b) Lurpean ehortzitako hilotzak lurperatu zirenetik gutxienez ere 10 urte iraganda atera daitezke, arrunt hezurturik baldin badaude.

c) Hilobi mota guztietan, zinkezko hilkutxan ehortzi bada, edozein unetan atera eta lekualdatzen ahal da, baldin hilkutxa kontserbazio egoera ezin hobean badago.

Ez da baimenik emanen hilotzak ateratzeko horiek baino epe laburragoetan, salbu eta epaile baten aginduz.

2. Ekainetik irailera bitarte, biak barne, ez da baimenik emanen hilotzik ateratzeko, salbu eta epaile baten aginduz.

Hala ere, bizitakoan hildako lagun baten ezkontide edo 2. mailako ahaide odolkide izandakoaren gorpu-hondakinak ateratzen ahal dira hilabete horietan, hildakoarekin batean ehorzteko, aldi berean eta haren ondoan. Edonola ere, ehorzketa hori egin ahal izateko, a), b) edo c) baldintzak bete beharko dira.

3. Hilotz baltsamatuak hobitik atera eta lekuz aldatzeko baimena noiznahi ematen ahal da, baina zerraldoaren kanpoko kutxa aldatu egin beharko da baldin ongi kontserbaturik ez badago.

4. Hobitik ateratzeak eginen dira hilerriko administrazioak adierazten duen ordutegian, ahal dela, esparruan ahalik eta jende gutxien dagoelarik.

18. artikulua. Hobitik ateratzean zerraldoetan agertzen diren gai baliotsuak, protesiak izan ezik, zenduaren oinordekoek eska ditzakete, baldin eskabidea egiten badute hobitik atera baino lehen, beren nortasuna eta oinordetza frogatu ondoan.

Udalak egokia iruditzen zaion xedea emanen die erreklamatzen ez diren gauzei.

19. artikulua. Lekuz aldatzeko nahiz berriz hobiratzeko, gorpu bat hilobitik ateratzen denean, horren oharra jasoko da erregistro liburuan, dagokion hilobian, titularraren baimena edukita.

V. TITULUA

Ehorzketa-eskubideak

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

20. artikulua. Nitxoen, kolunbarioen eta lurreko hilobien erabileraren gaineko ehorzketa-eskubidea titulu honetan aipatzen den kontzesio egintzaren bidez sortuko da, eta horretarako ordenantza honetan ezarritako tasa ordaindu beharko da.

Udalak eman eta onartuko ditu ehorzketa-eskubideak, ordenantza honen printzipioei jarraikiz.

21. artikulua. Ehorzketa-eskubide guztiak dagokien erregistro liburuan inskribatuko dira eta baldintzak behar den titulua emanez frogatuko dira, ordenantza honen 29. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

22. artikulua. Ehorzketa-eskubideak hilerriko hilobiaren, nitxoaren edo kolunbarioaren erabilera baizik ez dakar, hilerria Udalaren jabaria baita, ordenantza honen 1. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

23. artikulua. Merkataritzatik kanpoko ondasuntzat jotzen dira hilobiak, nitxoak eta kolunbarioak, halakorik eraikitzen bada, eta hilerrian dagoen beste edozein eraikuntza.

Hortaz, ezin dira salerosi, ezta trukatu edo inola eskualdatu ere.

Ordenantza honetan aurreikusten diren eskualdaketak baizik ez dira baliozkoak.

24. artikulua. Paratzen diren izaera artistikoko lanak Udalaren eskuetara joanen dira kontzesioa bukatzen denean. Lan horiek, dagokien hilobian paratutakoan, ezin izanen dira udal hilerritik atera Udalaren baimenik gabe.

Araubide bera aplikatuko zaio hilerriko hilobietan paratzen den edozein muntadura finkori, nahiz eta artistikoa ez izan.

Muntadura finkotzat hartuko da hilobiari erantsita edo eratxikita dagoen edozein, baldin eta, kenduz gero, narriadura eragiten ahal bazaio hilobiari, den txikiena ere.

25. artikulua. 1. Titularra testamenturik utzi gabe eta ahaiderik gabe hiltzen bada, Udalaren esku geldituko da ehorzketa-eskubidea, zer epetarako eman zen, hura iragan ondoan.

2. Iraungipena dela-eta kontzesioa galduz gero, hilobia Udalaren esku geldituko da, eta eskubidearen iraungipenetik ez da inolako ordainketarik edo kalte-ordainik sortuko titularraren alde.

Aitzinetik gaztigu eginda, dauden gorpuzkiak hezurtegi orokorrera eramanen dira, salbu zenduaren familiakoek edo haien baimena duten beste pertsona batzuek eskatzen badute beste hilobi batera eramateko, edo, pertsona ospetsuen gorpuzkiak izanda, Udalak hilobian uztea erabakitzen badu.

26. artikulua. Ehorzketa-eskubideaz baliatzeak behar den tasa edo ordainarazpena ordaintzea dakar berekin, ordenantza honetako VI. tituluan xedatutakoarekin bat.

II. KAPITULUA

Kontzesioak

27. artikulua. Honela emanen dira kontzesioak:

a) Pertsona fisiko bakar baten izenean.

b) Erlijio komunitate edo elkarte baten izenean, edo laguntzarako edo ospitale gisako establezimendu batenean, baldin horiek administrazio publikoak onartuak badira eta baldin soilik haien kide, onuradun edo babespekoek erabiltzeko bada.

c) Korporazio, fundazio edo legez eraturiko entitateen izenean, baldin soilik haien kide edo enplegatuek erabiltzeko bada.

d) Bi ezkontideren izenean, lehen aldiz eskuratzen den unean.

e) Hildakoaren guraso-ahala edo zaintza duenaren izenean, haurrak ehorzteko diren hilobien kasuan.

28. artikulua. Aseguru konpainiak eta gisakoak ez dira inola ere izaten ahal ez kontzesioen ez beste inolako ehorzketa-eskubideren titular. Hortaz, Udalari dagokionez, hitzartzen dituzten poliza edo kontratuen klausulek ez dute ondoriorik izanen baldin beren aseguratuei eman nahi badiete beste eskubiderik, kasuan kasuko ehorzketa-eskubidea ordaintzeko behar den kapitala emateaz aparte.

29. artikulua. Kontzesioak behar den tituluaren bidez egiaztatuko dira; udal administrazioak emanen du hura.

Kontzesioaren tituluetan honako hauek jasoko dira:

1. Hilobia eta titularra identifikatzeko datuak.

2. Udalak noiz egin zuen kontzesioaren administrazio egintza, eta zer epetarako.

3. Hirugarrenei eskualdatzearen gaineko xehetasunak.

30. artikulua. Hilobiaren titulua hondatu, ebatsi edo galduz gero, haren kopia emanen da, interesdunak eskaria eginda.

Baldin akatsik hautematen bada hilobi tituluetako izenetan edo bestelakoetan, arrazoitu eta frogatu ondoan zuzenduko dira, titularrak eskabidea egin ondotik.

31. artikulua. Ehorzteko kontzesio administratiboaren bidez erabiliko dira hilerriko lur guztiak, eta hura Udalak emanen du ordenantza honi jarraikiz, salbu eta 14.3 eta 40. artikuluetan xedatua.

32. artikulua. Ez da inoiz epe-mugarik gabeko kontzesiorik emanen, inola ere.

33. artikulua. Alkatetzaren ebazpen bidez emanen da nitxoak, lurreko hilobiak edo kolunbarioak erabiltzeko kontzesioa, honako arau hauei jarraikiz eman ere:

a) Adinez nagusia den pertsona orok eskatzen ahalko du nitxo, lurreko hilobi edo kolunbarioen kontzesioa.

b) Eskabideen arteko lehentasuna ezartzeko, ordena honi jarraikiko zaio:

1. Funesko herritarra den eskatzaile bat familia unitate bakoitzeko.

2. Herritarra ez den eskatzaile bat, Funesen etxebizitza duena, familia unitate bakoitzeko.

3. Funesen jaio baina bertan bizi ez den eskatzaile bat, familia-unitate bakoitzeko.

4. Maila bakoitzaren barnean, eskabidea nork lehenago aurkeztu hark izanen du lehentasuna.

c) Gaur egun familiak erabiltzen ari diren hilobiak titulurik gabeko isilbidezko kontzesioarekin, eskatu beharko dira ordenantza honetan araututako kontzesioen baldintza berberetan, eta erabateko lehentasuna izanen dute kontzesio titulua esleitzeko, artikulu honetan jasotako kopuru-mugen barnean, eta galarazi gabe d) apartatuan manatzen dena.

d) Artikulu honetako c) eta f) apartatuetan xedatua gorabehera, eskatzaileak gaur egun pertsona bakarreko familia-unitatea eratzen badu eta bi hilobi edo nitxo eskatzen baditu, frogatu beharko du horietako bat behar duela 45. artikuluan aipatzen diren ahaidetasun mailetako batekoa den familia kide batentzat, aurkeztuta hark emandako baimen idatzia eta Funesen erroldatua dagoelako ziurtagiria. Udalak eskatutako kontzesioa ukatzen ahalko du, erabakiaren arrazoiak emanda, uste badu proposaturiko pertsonak ez duela betetzen ordenantza honetan ezarritako baldintzetako bat ere edo beharra ez duela behar beste arrazoitu.

e) Kategoria bateko eskatzaile guztiei kontzesioak emateko behar beste hilobi edo nitxo ez badaude, Udalak, nahi badu, ez du bat ere emanen kategoria horretan, dauden hilobiak erreserbatuta 4. artikuluan xedatua betetzeko.

f) Eskatzaile bakoitzari gehienez ere hiru hilobi emanen zaizkio, aurreko apartatuetan ezarritakoaren arabera ulertuta, ukatu gabe artikulu honen d) apartatuan xedatua, eta haurrak ehorzteko hilobiak salbuespen direla, libreki emanen baitira, beharren arabera, aurrekoez gain.

g) Lurrean ehorzteko erabiltzeko kontzesioak 25 urterako emanen dira, eta bitan luzatzen ahalko dira. Luzapen bakoitzak 10 urte iraunen du.

h) Banakako nitxoen kontzesioak 25 urterako emanen dira, eta beste 25 urtez luzatzen ahalko dira.

i) Kolunbarioen kontzesioak 25 urterako emanen dira, eta beste 25 urtez luzatzen ahalko dira.

Kontzesioak amaitzean, herentzia edo beste titulu baten bidez subrogatzen direnek hautara izanen dute eskatzea gorpuzkiak beste nitxo edo hilobi batera eramatea edo hezurtegi orokorrera eramatea.

Hilobiak adjudikatzeko, segitu beharko zaio Udalak ezartzen duen okupazio ordena logiko eta hurrenez hurrenekoari.

34. artikulua. Hilobi edo nitxo berean hurrenez hurren egiten diren hobiratzeek ez dute aldatuko ehorzketa-eskubidea.

Hala ere, salbuespen bat egonen da, izan ere kontzesioa edo, bestela, luzapena bukatzeko falta den epea hilotzak lekuz aldatzeko legez ezarritako denbora baino txikiagoa izan daiteke; beraz, hilotz bat orduan hobiratzen bada, epe hori behar adina luzatuko da, egoera bat etor dadin 17. artikuluan ehorzketei buruz xedatuarekin.

Luzapen berezi horren amaieran, aplikatuko da 25. eta 33. artikuluek xedatua.

35. artikulua. Hilerrian ematen diren lurren kontzesio guztiak ehorzteko eta hilobietako elementuak paratzeko baizik ez dira ematen, eta horretara mugatzen dira kontzesioen eskubide guztiak.

Kontzesioko lurren gainean hilobi-elementuak paratzeak ez dakar haien gaineko xedatze-egintzarik.

36. artikulua. Kontzesioetarako epe horiek gorabehera, hilerria edozein arrazoi dela medio itxiko balitz epeok amaitu aurretik, eskubideen titularrek bete ez den epeari dagokion tasa itzultzeko eska dezakete.

37. artikulua. Ordenantza honen II. eranskinean ezartzen da zer tasa ordaindu behar den kontzesioengatik.

Tasa hori aurreko urteko KPIaren aldaketaren arabera igoko da, eta noiznahi aldatzen ahalko da, Udalaren Osoko Bilkuran hartutako erabaki bat dela medio.

30 egun balioduneko epean ordainduko da, jakinarazpena egiten denetik.

Kontzesio horrek ez du inolako eraginik izanen harik eta ordainketa frogatzen den arte, eta ordainarazpen horren subjektu pasiboa izanen da kontzesioaren titularra.

38. artikulua. Epitafioak edo hilarriak jarri ahal izateko, Udalaren aldez aurretiko baimena beharko da.

Elementu horiek beste hilobi batzuen espazioa hartzen badute, kendu egin beharko dira, hilerriko udal zerbitzuek hala eskatuta. Izan ere, interesdunek ez badituzte kentzen horretarako emandako epearen barruan, udal zerbitzuek berek ekinen diote hartutako erabakiak nahitaez betearazteari.

Lurreko panteoiek gehienez ere neurri hauek izanen dituzte: 2,30 x 1 metro.

Bi kontzesiodun ukitzen dituzten obretan, mehelinei buruzko xedapenek aginduko dute.

Kontzesiodunaren kargura izanen dira lurrerauzketa gastuak eta gainerako guztiak, lanak bukatu artekoak; hor sartzen dira hilobi bakoitzari lotuta daudela kontsideratzen diren urbanizazio eta egokitze gastuak.

Era berean, kontzesiodunaren kargura izanen dira aldez aurretik dauden gurutzeak, hilarriak, panteoiak, lauza astunak, etab., kentzeko kostu ekonomikoak, hilobiaren kontzesioari datxekion hobiratze bat egiteko, baldin eta horretarako behar badira ehorzketa-zerbitzu arrunta gainditzen duten bitarteko materialak edo langileak.

Kasu horietan, bai eta bestelako guztietan ere, baldin ezartzen diren apaingarriak ez bazaizkio lotzen ordenantza honetan ezarritakoari, aipatu elementuak ez dira berriz ezarriko, salbu eta balio artistiko berezia izan eta Udalak horrela erabakitzen badu. Ezartzen diren elementuak lotuko zaizkio ordenantza honetako 24. artikuluan xedatuari.

III. KAPITULUA

Hilerriko hilobien erregistroa

39. artikulua. Hilerrian egiten diren hilobi eta zerbitzuen erregistroa sortzen da, eta honako hauek jasoko ditu:

a) Hilobien identifikazioa.

b) Kontzesioa zer egunetan eman zen eta ordaindu diren tasak.

c) Eskubidearen titularraren izen-deiturak eta helbidea, eta titularrak bere eskubidea erabiltzeko oro har izendatzen ahal duen ordezkariarenak.

d) Eskualdaketak, honako hauek adierazita: eskualdatze data, titular berriaren datuak, eta eskualdaketaren zioa.

e) Ehorzketak, hobitik ateratzeak eta tokiz aldatzeak, honako hauek adieraziz: zein hilotz den, pertsona horren izen-deiturak, eta jarduketa noiz izan den.

f) Gorabeherak eta erreklamazioak: hilobia edo haren ingurua ukitzen duen beste gertaera oro.

Erregistroa Udaleko administrazio zerbitzuek kudeatuko dute, Udalaren Idazkaritzak lagunduta, eta, halakorik bada, hilerriaren kudeaketa adjudikatua duen enpresak. Neurriak hartuko dira datuen segurtasuna bermatzeko eta horiek aldatzea, galtzea edo baimenik gabeko tratamendu edo inoren sarrera eragozteko.

Inskripzioetan akats materialik bada, ofizioz zuzenduko da, zuzentzeko idatzizko ohar berria eginez eta akatsa argi eta garbi adieraziz.

IV. KAPITULUA

Ongintzako ehorzketak eta hobi orokorra

40. artikulua. Baliabide ekonomikorik ez daukaten pertsonen hilotzak ehorzteko zenbait toki egonen dira gordeta. Hobi horiek ez dira kontzesioetan sartuko, eta haien erabilerak ez du sorraraziko inolako ehorzketa-eskubiderik.

Kasu horretan, bada, ehorzketa doakoa izanen da, baldin eta baliabide ekonomikorik eza egiaztatzen bada gizarte zerbitzuek emandako txosten baten bidez.

41. artikulua. Aurreko 17. artikuluan ezarritako epea beteta, gorpuzkiak hezurtegi orokorrera eramanen dira.

42. artikulua. Hildako baten ahaideek, ezta beste interesdun batzuek ere, ez dituzte inola ere erreklamatzen ahal hezurtegi orokorrean lurperaturiko hilotza edo gorpuzkiak.

V. KAPITULUA

Ehorzketa-eskubideen eskualdaketa

43. artikulua. Udalak hilobien ondorengotzari buruz egiten duen onarpenak ondorioak sorraraziko ditu administrazio aldetik, baina horrek ez dakar inolako aurreusterik baldin arlo zibilean aferarik bada.

44. artikulua. Kontzesioan emandako hilobiak eta nitxoak, hala behar bada, oinordetza bidez eskualdatzen ahalko dira, haien titularrak testamentua egin ala ez, baita dohaintza bidez ere, eta horrelakoetan araubidea ondorengotzarena bera izanen da.

45. artikulua. Ehorzketa-eskubidearen titularrak dohainik laga dezake, inter vivos egintzaren bidez, honako hauei hain zuzen: titularraren ezkontideari, horien bien lerro zuzeneko ahaideei, lerroa gorakoa nahiz beherakoa izan, mugarik gabe, eta alboko lerrotik odol-ahaidetasunezko 4. maila zibileraino eta ezkontza-ahaidetasunezko 3. mailaraino, eskualdaketaren aitzin-aitzinetik titularrarekin gutxienez ere bi urtez bizi direnei, eta irabazi asmorik gabe ongintza edo laguntza lanetan ari diren pertsona juridikoei.

Titulartasun aldaketa dohainik eta inter vivos lagapenaren bidez baimentzen ahal da beste pertsona batzuentzat, Udalak uste badu zioren bat badela lagapena arrazoitzeko, baldin kontzesioa eman zenetik hilobian inor ehortzi ez bada eta hamar urte iragan badira. Kasu honetan, eskuratzaile berriak Udalari pagatu beharko dio bi hauen arteko aldea: kontzesioa eman zenean lurraren truke ordaindu zen prezioa, batetik, eta, bestetik, subrogazioaren egunean tarifen arabera ordaindu behar dena.

46. artikulua. Mortis-causa eskualdaketari dagokionez, hots, ehorzketa-eskubidearen titularraren heriotza gertatzen denean, eskualdaketarako eskubidea izanen du eskubidearen oinorde izanik herentziari uko egin ez dionak.

Titularrak oinordetzarik xedatu ezean, ehorzketa-eskubidea ahaideei eskualdatuko zaie, Nafarroako Foru Zuzenbide Zibilari buruzko Konpilazioan ezarritako ordenari jarraikiz.

Eskualdaketa baten ondorioz titular bat baino gehiago bada, ondorengo guztiek beren artean gehiengoz hautatzen dutenaren alde onartuko da ehorzketa-eskubidearen titulartasuna. Hori hiru hilabeteko epearen barnean egin behar da kausatzailearen heriotzatik edo ondorengoak deklaratzeko egintza eman zen egunetik hasita.

Udalak ez du titulartasunaren aldaketarik baimenduko adostasun hori frogatzen ez bada, baina edozein partaideri utziko dio ehorzketa-eskubidea erabiltzen, baldin gainerakoak horren aurka ez badaude.

47. artikulua. Ezinezkoa bada inolako zalantzarik gabe zehaztea eskubidea nori eskualdatzen zaion, titulartasuna behin-behinekoz onartzen ahalko zaio aldaketa eskatzen duenari, baldin eta eskubidea izan ahal badu 46. artikuluan xedatutakoaren arabera.

Behin-behineko titulartasun horren muga da ondotik hobitik hilotzak ateratzeko debekua, epaile batek baimendu ez badu, eta hilotz bat ehorzteko eskubidea erabiltzeko beharrak sortua ez bada.

Inork kontra egiten ez badu, titulartasuna behin betikoa bilakatuko da hamar urte iragandakoan.

Hilobia erabiltzeko eskubidea nork duen une oro jakiteko, erregistroko liburuan paratuko da nor den eskubide horren jabea eta harengandik abiatuta kontatuko dira 45. artikuluak aipatzen dituen ahaidetasun mailak.

Eskubide horien eskualdaketak ere idatziz jasoko dira kontzesioaren tituluan.

Interes kontrajarriak badaude lurperatzeko ehorzketa-eskubidea erabili behar den tokiaren gainean, era berean jokatuko da, baina Udalak, kasu honetan, beste kontzesio bat esleituko du, behin-behineko titulartasunarekin, jaraunspen-komunitatearen izenean, eskubidearen titulartasuna erabakitzen ez den bitartean.

Artikulu honetan aipatzen diren behin-behineko kontzesioak ez dira behin betiko bilakatuko baldin behin-behineko titularra 33.c) artikuluan aurreikusitako kasuan sartzen bada edo, Udalaren iritziz, ez baldin badu kontzesioa eskuratzeko oinarririk artikulu horretako gainerako kasuetako batean berean ere. Hori gertatuz gero, behin-behineko titulartasuna ondoriorik gabe geratuko da hura onartu eta hamar urte iragan direnean.

48. artikulua. Hilerriko lurren edo nitxoen kontzesioak hilobia erabiltzeko eskubidea sorrarazten die titularrari eta ahaideei, ordenantza honetako manuei lotuz betiere. Udalak beste edozein ehorzketa baimentzen ahal du, titularrak baimen idatzia ematen badu aldez aurretik eta baimentzeko unean dagozkion eskubideak ordaintzen baditu.

49. artikulua. Ehorzketa-eskubide bat zer epetarako eman zen, haren hurrenez hurreneko eskualdatzeek ez dute epe hori aldatuko.

50. artikulua. Titularrak uko egiten ahal dio ehorzketa-eskubideari, dagokion hilobian gorpuzki ehortzirik ez bada. Horretarako, eskaera egin beharko dio Udalari.

VI. KAPITULUA

Ehorzketa-eskubideen galera edo iraungipena

51. artikulua. Ehorzketa-eskubidea galdu edo iraungiko da eta kasuan kasuko hilobia Udalari itzuliko zaio, kasu hauetan:

a) Eraikuntzaren hondamen egoerarengatik, zeina aurretik deklaratu behar baita txosten tekniko batean, eta titularrak ez betetzeagatik konpontzeko eta egokitzeko ematen zaion epea. Lehenago espedientea ireki behar da, eta interesdunari entzunaldia eman.

b) Hilobia abandonaturik uzteagatik. Halakotzat hartuko da, titularra hil eta 3 urte geroago ondorengoek edo herentzia edo bestelako tituluren baten bidez subrogaturiko pertsonek eskaririk egin ez badute beren aldeko eskualdaketa egin dadin.

Baldin ondorengoak edo herentzia edo beste tituluren baten bidez subrogaturiko pertsonak agertzen badira eskualdaketa eskatzera eta hilobia egoera okerrean aurkitzen badute, hiru hilabete izanen dute hura egokitzeko. Epe hori konponketak egin gabe iraganik eta 8. artikuluko izapideak egindakoan, ehorzketa-eskubidearen iraungipena dekretatuko da, eta Udalaren eskuetara itzuliko da.

c) Eskubidea zer eperako eman zen, hura iragateagatik.

d) Eskubideak edo tasak ez ordaintzeagatik ezarritako epearen barruan.

e) Titularrak 50. artikuluan aurreikusitako moduan uko egiteagatik.

f) Hilerria desagertzeagatik.

VI. TITULUA

Tasak hilerrian zerbitzuak emateagatik

52. artikulua. Zerga-egitatea sortzen da zerbitzu hauek gauzatzean:

1.–Ehorzketak.

2.–Hobitik ateratzea.

3.–Lekualdatzeak (hilobitik ateratzea eta ehorzketa).

4.–Hilerriko beste lan batzuk.

53. artikulua. Ordenantza honetan araututako zerbitzuren bat eskatzen dutenak dira tasa hauen subjektu pasiboak, izan pertsona fisikoak, izan pertsona juridikoak edo izan, nortasun juridikorik gabe, batasun ekonomikoa edo ondare banatua eratzen duten entitateak.

54. artikulua. Zerga-oinarria ordenantza honen kuoten eranskinean agertzen da.

Tributu-kuota eta zerga-oinarria berdinak dira.

55. artikulua. Lizentziak ematen ahalko dira hobi berean bi hilotz edo gorpuzki edo gehiago batera lurperatzeko, baldin eta ehorzketa lekuak behar bezain zedarriturik badaude, baina hilotz bakarra lurperatzetik gorako lanak partikularrak berak egin beharko ditu, bere kontura.

56. artikulua. Hilerri honetako hilobi batetik gorpuzkiak atera eta bertako beste batean ehortziz gero, hilobitik ateratzeagatik eta ehorzteagatik ordaindu beharko dira tasak. Gorpuzkiak beste hilerriren batetik ekarriz gero, ehorzketari dagokion tasa ordainduko da bakarrik.

57. artikulua. 52. artikuluko 1, 2, 3 eta 4 zenbakietan aipatzen diren zerbitzuei dagozkien tasak zerbitzuak egin baino lehen ordaindu behar dira, premia larriko kasuetan edo udal bulegoek jaieguna dutenetan izan ezik. Horrelakoetan langileak oharra jasoko du eta horren berri emanen die udal bulegoei, behar den tarifa ordainarazteari ekin diezaioten.

Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Erregelamenduaren 273.3. artikuluan xedatuari jarraikiz, tasen likidaziotik sortzen diren tributu-zorrak “jakinarazpen gabetzat” hartuko dira.

TASEN ERANSKINA

1. epigrafea.–Ehorzketak: 200,00 euro.

2. epigrafea.–Hobitik ateratzeak: 200,00 euro.

3. epigrafea.–Lekualdatzeak (hobitik ateratzea eta ehorzketa), ireki beharreko hobira: 200,00 euro.

4. epigrafea.–Beste zerbitzu batzuk. Inork eskatzen badu ordenantza honetan zehazturik ez dagoen zerbitzurik edo ehorzketa bat arau orokorretik kanpo egin nahi bada eta, beraz, Udalak baimendu behar badu, zerbitzuaren kostu osoa kobratuko da, Udalak egiten badu edo, bestela, eskatzaileak bere kontura kontrataturiko pertsonek egiteko baimena emanen da.

PREZIOEN ERANSKINA

–Lurrean ehorzteko kontzesioa, 25 urterako: 300,00 euro.

–Banakako nitxoen kontzesioa, 25 urterako: 800,00 euro.

–Banakako nitxoen erreserba, 25 urterako eta gehienez ere erreserba bat: 1.500,00 euro.

–Banakako kolunbarioak, 25 urterako: 350,00 euro.

–Banakako kolunbarioen erreserba, 25 urterako eta gehienez ere erreserba bat: 350,00 euro.

XEDAPEN IRAGANKOR BAKARRA

Iraungirik gelditzen dira isilbidezko eta titulurik gabe egindako kontzesioak, gaur egun familia batek erabiltzen dituenak eta libre gelditzen direnak ordenantza hau aplikatzearekin eta ordenantza behin betiko onetsi ondoren irekitzen den kontzesio-emateen prozedurarekin; eta iraungitze horrek ez du berekin ekarriko titularraren aldeko konpentsaziorik edo kalte-ordainik.

Aitzinetik gaztigu eginda, berrerabili behar denean, dauden gorpuzkiak hezurtegi orokorrera eramanen dira, salbu zenduaren familiakoek edo haien baimena duten beste pertsona batzuek eskatzen badute beste hilobi batera eramateko, edo, pertsona ospetsuen gorpuzkiak direnean, Udalak hilobian uztea erabakitzen badu.

AZKEN XEDAPEN BAKARRA

Ordenantza honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra, ondorio juridiko osoak sorraraziko dituela.

XEDAPEN INDARGABETZAILE BAKARRA

Indarrik gabe gelditzen da ordenantza hau osorik betetzea eragozten edo trabatzen duen hilerriaren erabileraren gaineko udal xedapen oro.

Iragarkiaren kodea: L2011958