256. ALDIZKARIA - 2020ko azaroaren 3a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

994E/2020 EBAZPENA, urriaren 9koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez onesten baitira, 2020-2024 aldirako, Iruñerriko hiri aglomerazioko zaratari buruzko ekintza planak, Iruñerriko hiri aglomerazioko zarata-mapa estrategikoaren lurralde eremuari dagozkionak.

Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legearen 22. artikuluak hauxe ezartzen du: administrazio eskudunek kutsadura akustikoari buruzko ekintza planak prestatu eta onetsi behar dituztela, gutxienez hilabeteko epean jendaurrean egoteko tramitea pasatu eta gero, zaratari buruzko mapen lurralde eremuak kontuan hartuta.

Ingurumeneko eta Lurralde Antolamenduko zuzendari nagusiak ekainaren 29an emandako 533E/2018 Ebazpenaren bidez, Iruñerriko hiri aglomerazioko zaratari buruzko mapa estrategikoa onetsi zen, Ingurune-zarataren ebaluazioari eta kudeaketari buruzko 2002ko ekainaren 25eko 2002/49/EE Zuzentarauaren hirugarren fasearen aplikazioari dagokiona.

Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiak emandako maiatzaren 27ko 296E/2019 Ebazpenaren bidez, eguneratu egin zen Iruñerriko hiri aglomerazioko zarata-mapa estrategikoaren lurralde eremuan sartutako eremu akustikoen mugaketa, Ingurune-zarataren ebaluazioari eta kudeaketari buruzko 2002ko ekainaren 25eko 2002/49/EE Zuzentaraua aplikatzeko hirugarren fasearen barruan, eta hiri-garapen berriei aplikatu beharreko mugaketa akustikoak onetsi ziren.

Ingurumeneko zuzendari nagusiaren ekainaren 30eko 566E/2020 Ebazpenaren bidez, berrikusi egin zen Iruñerriko hiri aglomerazioko zarata-mapa estrategikoaren lurralde eremuan sartutako eremu akustikoen mugaketa, Ingurune-zarataren ebaluazioari eta kudeaketari buruzko 2002ko ekainaren 25eko 2002/49/EE Zuzentaraua aplikatzeko hirugarren fasearen barruan.

Halaber, Zaratari buruzko Legeak ezartzen du administrazio eskudunek ekintza planak prestatuko dituztela, eremuen araberako berariazko planez osaturik, bateraezintasun akustikoaren eremuetan ingurumeneko hobekuntza akustikoa lortzeko pixkanaka, aplikatzekoak diren kalitate akustikoaren helburuak lortzera bideraturik eta bost urteko epean egin nahi diren jarduketak zehazturik.

Bateraezintasun akustikoaren eremuak dira urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuak ezarritako kalitate akustikoaren helburuak gainditzen dituzten eremu urbanizatuak. Dekretu horrek Zaratari buruzko Legea garatzen du zonifikazio akustikoari, kalitate helburuei eta emisio akustikoei dagokienez.

Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legearen 25.1 artikuluan ezarritakoarekin bat, eremu horiek ez daudenean sartuta azpiegitura baten zortasun akustikoaren eremuaren barruan, babes akustiko bereziko eremu deklaratu beharko ditu administrazio publiko eskudunak.

Bestalde, Zaratari buruzko Legea ingurumeneko zarataren ebaluazio eta kudeaketaren arloan garatzen duen abenduaren 16ko 1513/2005 Errege Dekretuaren 10. artikuluak ezartzen duenaren arabera, ekintza planek bidezkotzat jotzen diren neurri zehatzak jasoko dituzte, eta, horiek, muga balioak gaindituz gero gauzatu beharreko lehentasunezko ekintzak zehaztuko dituzte, edo administrazio horiek hautatutako beste irizpide batzuk. Zaratari buruzko mapa estrategikoetan ezarritako eremu nabarmenetan aplikatu beharko dira neurriak.

Horregatik, Iruñerriko hiri aglomerazioan atzeman diren bateraezintasun eremuak sailkatu dira, eta lehentasun irizpide bat aplikatu zaie. Irizpide hori eremu bakoitzak jasaten duen afekzio akustikoaren mailan oinarritzen da.

Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legearen 4. artikuluak ezartzen du autonomia erkidegoaren administrazioak duela eskumena eremu akustiko bat babes akustiko bereziko eremu deklaratzeko, baita kutsadura akustikoaren arloko ekintza plana prestatu, onetsi eta berrikusteko ere, zarataren mapa baten lurralde eremuaren barnean, baldin eta eremu horrek udal mugape bat gainditzen badu.

Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak, Lurralde Kohesiorako Departamentuko Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiarekin batera eta bateraezintasun akustikoko eremuak atzeman direneko udal-mugarteekin batera, zaratari buruzko ekintza planak prestatu ditu.

Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariaren ekainaren 15eko 137E/2020 Ebazpenaren bidez, jendaurrean jarri ziren hilabetez, onetsi aurreko betekizun gisa, babes akustiko bereziko eremuen aldarrikapena eta zaratari buruzko ekintza planen onespena (Iruñerriko hiri aglomerazioko zaratari buruzko mapa estrategikoaren lurralde eremuari dagozkionak), Ingurune-zarataren ebaluazioari eta kudeaketari buruzko 2002ko ekainaren 25eko 2002/49/EE Zuzentaraua aplikatzeko hirugarren fasearen barruan. Ebazpen hori 2020ko 143. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, ekainaren 30ean. Ebazpen honen eranskinean zerrenda bat gehitu da aurkeztutako alegazioekin eta haiei egindako arrapostuekin.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 36. artikuluak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Iruñerriko hiri aglomerazioko zaratari buruzko 2020-2024 aldirako ekintza planak onestea, Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren ekainaren 29ko 533E/2018 Ebazpenaren bidez onetsitako Iruñerriko hiri aglomerazioko zarata-mapa estrategikoaren lurralde eremuari dagozkionak, Ingurune-zarataren ebaluazioari eta kudeaketari buruzko 2002ko ekainaren 25eko 2002/49/EE Zuzentaraua aplikatzeko hirugarren fasearen barruan. Plan horiek barne hartzen dituzte ingurumeneko hobekuntza akustikoa pixkanaka lortzeko neurriak bateraezintasun eremuetarako, zeinak sailkatu eta lehenetsi egin baitira, abenduaren 16ko 1513/2005 Errege Dekretuaren 10. artikuluak ezartzen duenaren arabera; dekretu horrek Zaratari buruzko Legea garatzen du ingurumeneko zarataren ebaluazio eta kudeaketaren arloan.

2. Babes akustiko bereziko eremu deklaratzea eremu urbanizatu batzuk. Eremu horiek Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren ekainaren 29ko 533E/2018 Ebazpenaren bidez onetsi zen Iruñerriko hiri aglomerazioko zarata-mapa estrategikoaren lurralde eremuaren barruan eta azpiegituren zortasun akustikoaren eremutik kanpo daude, eta urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuak ezarritako kalitate akustikoaren helburuak gainditzen dituzte (dekretu horrek Zaratari buruzko Legea garatzen du zonifikazio akustikoari, kalitate helburuei eta emisio akustikoei dagokienez).

3. Babes akustiko bereziko eremuen lurralde eremuaren mugaketa zehaztea, “shape” formatuko fitxategi digitaletan sartutako informazio geoerreferentziatua erabiliz; fitxategi horiek interesdunen eskura egonen dira Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuan, bai eta Nafarroako Gobernuaren webgunean ere.

4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira.

6. Ebazpen hau jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan, Antsoain, Aranguren, Barañain, Beriain, Berriobeiti, Berriozar, Burlata, Zizur, Egues, Esteribar, Ezkabarte, Galar, Uharte, Noain Elortzibar, Oltza Zendea, Orkoien, Iruña, Atarrabia eta Zizur Nagusiko udalei; Iruñerriko Mankomunitateko Eskualdeko Hiri Garraioko Zerbitzuari, Lurralde Kohesiorako Departamentuko Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiari; Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuko Lurralde eta Paisaia Zerbitzuari; eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuari eta Araubide Juridikoaren Atalari.

Iruñean, 2020ko urriaren 9an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.

ERANSKINA

Aurkeztutako alegazioak eta erantzunak

A) 2020ko uztailaren 29an, jendaurreko epean, Cordovillako Kontzejuko buruak kontzeju hori ordezkatuz aurkeztutako alegazioa:

“Cordovilla Goitiko hirigunea, PA-15 autobiari eragiten dion aldean, ia erabat urbanizatuta dago, eta urbanizatzeko dagoelakoan bateraezintasun eremu gisa duen sailkapena kentzea ez dator bat errealitatearekin. Izan ere, urbanizazioa alde horretan % 90eraino eginda dago eta Izaga ikastetxeari lotuta. Horregatik, Cordovillako Kontzejuan uste dugu okerrenean ere San Fermin ikastolak Zizurren duen sailkapen bera izan behar lukeela, eta, horrenbestez, PA 15 Mendebaldeko Ingurubideak Izaga ikastetxea eta bizitegien urbanizazioa dauden osasun, irakaskuntza eta kultura eremuan sortutako “bateraezintasuna” dagokiola, hots, lehentasun handiko sailkapena.

Horregatik, kontzeju honek proposatzen du eremuko plan bat egin dadila eremu horretarako, eta bertan jaso dadila PA-15 Mendebaldeko Ingurubideak irakaskuntzako erabilerako eremu horretan sortzen duen bateraezintasuna, ez dadila kendu “zaratarekiko bateraezintasun eremua” sailkapena, beharrezkoak diren neurri zuzentzaileak har daitezela, eta, nolanahi ere, egungo asfaltoa berritu dadila bizitegi guneari eta ikastetxeari eragiten dien errepide tartean, zarata moteltzen duen asfalto mota jarriz.”

–Erantzuna:

Alegazioan Cordovilla Goitiko hirigunea deitzen zaion eremua egiaz urbanizatuta egon daiteke, baina hartzen duen lurzorua ez dago hiri lurzoru gisa sailkaturik hirigintzarako.

Eremu horren barruan zeuden lurzatiak hiri lurzati gisa sailkaturik egon ziren eta, horrenbestez, osasun, irakaskuntza eta kultur eremu gisa sailkaturik egon ziren zaratari dagokionez, Cordovillako (Galar) eta Iruñeko udal-mugarteetan etxebizitza babestuko bizitegietarako eremu bat garatzeko udalez gaindiko plan sektorialaren (UPS) arabera. Plan hori Nafarroako Gobernuaren 2015eko ekainaren 24ko erabakiaren bidez onetsi zen.

Baina UPS hori deuseztatu egin zuen Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salaren 2018ko otsailaren 6ko 44/2018 Epaiak. Beraz, lurzatiek hirigintzarako hiri lurzoru gisa sailkaturik egoteari utzi zioten, eta, horregatik, jada ez zen bidezkoa sailkapen akustikoa edukitzea, urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 5. artikuluan ezarritakoaren arabera. Dekretu horrek Zaratari buruzko Legea garatzen du zonifikazio akustikoari, kalitate helburuei eta zarata emisioei dagokienez.

Horregatik, Ingurumeneko zuzendari nagusiaren ekainaren 30eko 566E/2020 Ebazpenaren bidez, 1. poligonoko 720. eta 743. lurzatien eta 2. poligonoko 191. eta 193. lurzatien mugaketa akustikoa berrikusi zen, eta lurzatiok sailkapen akustikoa izateari utzi zioten.

Lurraldeko eremu horrek sailkapen akustikorik ez duenez, ez dago han bete beharreko kalitate akustikoko helbururik, eta, beraz, ezin da inola ere izan zaratari buruzko ekintza planen barruan eremuko plan bat eginez zuzendu beharreko bateraezin akustikorik. Horrenbestez, alegazioa ezesten da.

B) 2020ko uztailaren 29an, jendaurreko epean, Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuko Lurralde eta Paisaia Zerbitzuak aurkeztutako txostena, PZ-17 eremu-planari buruzkoa (PA-30-Sarriguren):

“Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariaren ekainaren 15eko 137E/2020 Ebazpenaren bidez jendaurrean jarri ziren hilabetez babes akustiko bereziko eremuen aldarrikapena eta 2020-2024 aldiko zaratari buruzko ekintza planen onespena (Iruñerriko hiri aglomerazioko zaratari buruzko mapa estrategikoaren lurralde eremuari dagozkionak).

Dokumentazio hori dela eta, hona zerbitzu honen ohartarazpena:

Dokumentuaren “12.1.7. PA 30-Sarriguren (PZ 17)” apartatuan hau adierazten da: “Merkataritza eremuaren garapenean proiektatutako hesi akustikoak (lerro horia) 300 bat metroko luzera du, eta altuera desberdinak.” Baieztapen hori ez da zehatza.

Salestarretako udalez gaindiko plan sektorialeko UE-1 exekuzio unitateko urbanizazio proiektua Herri Lanetako zuzendari nagusiaren uztailaren 21eko 169E/2014 Ebazpenaren bidez onetsi zen, eta Ingurumeneko eta Lurralde Antolamenduko zuzendari nagusiaren azaroaren 8ko 1306/2016 Ebazpenaren bidez aldatu. Proiektuak babes akustikorako neurri hauek jasotzen ditu, aurrekontu eta guzti:

a) Babes akustikoko lubeta Olatzen. Hilerrirako sarbidearen hegoaldetik hasita, paralelo doa PA-30 ingurubidearekin eta Olazko “eraztun”etik Badostaingo noranzkoan ingurubidera sartzeko bide berriarekin.

b) Babes akustikoko lubeta eta pantaila, PA-30 ingurubidearen alboan. 100 m luzeko lubeta bat eta hiru tartetan zatituta dagoen 220 m-ko pantaila akustiko bat konbinatzen ditu.

Goian aipatutako Ingurumeneko eta Lurralde Antolamenduko zuzendari nagusiaren azaroaren 8ko 1306E/2016 Ebazpenak, berriz, hau ezartzen du: “4. Urbanizazio obren azken harrera egin aurretik, sustatzaileak eremuko hotsen neurketen txostena egin beharko du, Hotsari buruzko 37/2003 Legean eta urriaren 19ko 1513/2005 Errege Dekretuan ezarritako metodoari jarraikiz. Neurketa horiek Herri Lanetako Zuzendaritza Nagusira igorri beharko dira, balorazioa egiteko. Obrak egin ondoren, UPSaren eremurako ezarritako kalitate akustikoko helburuak betetzen ez badira, entitate sustatzaileak, harrera egin aurretik, helburu horiek betetzeko behar diren neurri zuzentzaile, gehigarri edo osagarriak hartu, aplikatu eta ordainduko ditu”.

Uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuak, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duenak, 159. artikuluan ezarritakoaren arabera, jarduketa pribatuko sistemetan partikularrek zuzenean exekutatzen dituzte urbanizazio obrak, beren kontura, nahiz eta jabe ez izan, eta urbanizazio obrak bukatutakoan Administrazioari entregatu behar dizkiote, hark jaso ditzan, behar bezala eta onetsitako urbanizazio proiektuari jarraituz egin direla egiaztatu ondoren. Administrazioak eta konpentsazio batzordeak sinatutako akta batean formalizatzen dira entregatze eta harrera horiek. Akta jabetza erregistroan sartzearekin batera Administrazioari eskualdatzen zaio mantentzeko eta kontserbatzeko betebeharra, ordura arte partikularrei zegokiena.

Aztergai dugun kasuan, Foru Administrazioak urbanizazio proiektua onetsi du lurralde antolamendurako tresna batetik eratorria zela aintzat harturik, baina Toki Administrazioak jaso behar ditu zuzkidura eta zerbitzu espazioetarako nahitaez laga beharreko lurrak, bai eta eremuak duen hirigintza-aprobetxamenduaren % 10a ere, eta pentsatu behar da, beraz, Toki Administrazioak berak duela eskumena urbanizazio obren harrera egiteko, baita obra horiek kontserbatu eta mantentzeko ere, zeren bestela Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak izan behar bailuke laga beharreko lur horien titularra, eta ez kasuan kasuko udalak.

Aurreko guztia kontuan izanik, Eguesibarko Udalak, urbanizazio proiektuan eta ondoren proiektu horren aldaketan aurreikusitako obren harrera egin aurretik, egiaztatu behar du obra horiek behar bezala egin direla, barnean hartuta babes akustikorako neurri egokiak. Gainera, lehen aipatutako Ingurumeneko eta Lurralde Antolamenduko zuzendari nagusiaren azaroaren 8ko 1306/2016 Ebazpenari jarraituz, urbanizazio proiektuaren aldaketan aurreikusitako urbanizazio obren harrera egin baino lehen, toki entitate horrek Herri Lan Zuzendaritza Nagusiaren adostasunezko balorazioa jaso beharko du eremuko zarata-neurketen gaineko txostena dela eta. Sustatzaileak egin behar du txostena, Zaratari buruzko 37/2003 Legeak eta geroago urriaren 19ko 1513/2005 Errege Dekretuak ezarritako metodoa erabiliz, eta zuzendaritza nagusi horri igorri behar dio.

Ondorioz, babes akustikorako neurri hori eremuko urbanizazio obrei lotutako neurria da, eta ez dago lotuta merkataritza eremuaren edo ikastetxearen garapenari.”

–Erantzuna:

Ontzat eman dira txostenean azaldutako ohartarazpenak eta zehaztapenak, eta, horrenbestez, zaratari buruzko ekintza planen dokumentuan jaso dira (17. eremu-plana deskribatzen duen testuan) bai UPSaren eremuko hegoalderako aurreikusitako babes akustikoko neurrien ezaugarriak, bai lurzoruaren jabeek (Salestarretako UPSeko UE-1eko konpentsazio batzordea) beren kontura neurri horiek gauzatu beharra urbanizazio obren zati gisa, baita Eguesibarko Udalak urbanizazio obra horien harrera egiteko duen eskumena ere.

Iragarkiaren kodea: F2011955