256. ALDIZKARIA - 2020ko azaroaren 3a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

309E/2020 EBAZPENA, urriaren 5ekoa, Telekomunikazioetako eta Digitalizazioko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez onesten baita Telefónica Móviles Españak Nafarroako Foru Komunitateko bere azpiegituren lurralde plana aldatzeko eta eguneratzeko aurkeztu duen 8. espedientea, 3100702-Burlada-Centro estazioari dagokionez.

Nafarroako Foru Komunitatean uhin elektromagnetiko ez-gidatuen bidezko telekomunikazioko oinarrizko estazioak antolatzeko maiatzaren 6ko 10/2002 Foru Legearen arabera, operadoreek Nafarroako Gobernuko departamentu eskudunari komunikatu beharko diote planaren edukiaren edozein aldaketa, planean beharrezko eguneraketak eginez.

Informatikaren, Telekomunikazioen eta Berrikuntza Publikoaren zuzendari nagusiaren abenduaren 18ko 619E/2019 Ebazpenaren bidez, hasiera eman zitzaion Telefónica Móviles España SAk Nafarroako Foru Komunitateko azpiegituren lurralde plana aldatu eta eguneratzeko aurkeztu duen 8. espedientearen tramitazioari, eta agindua eman zen eskatutako kokapenak Nafarroako Gobernuaren gobernu irekiaren atarian argitaratzeko, interesdunek bidezko alegazioak aurkez zitzaten.

Orobat, ebazpen horretan errekerimendua egin zitzaien Biodibertsitatearen Zerbitzuari, Elikagaien Segurtasunaren eta Ingurumen Osasunaren Zerbitzuari, Ondare Historikoaren Zerbitzuari eta Lurralde eta Paisaia Zerbitzuari txostena egin zezaten, nork bere eskumenen esparruan, azpiegituren lurralde planaren aldaketa horiei buruz. Aipatu unitateek eta Azpiegitura Teknologikoen eta Euskarri Zentroaren Zerbitzuak txosten horiek egin dituzte, dagozkien determinazioekin, eta ebazpen honen II. eranskinean bildu dira.

Telekomunikazioetako eta Digitalizazioko zuzendari nagusiaren martxoaren 25eko 32E/2020 Ebazpenaren bidez, partez onetsi zen Telefónica Móviles Españak Nafarroako Foru Komunitateko azpiegituren lurralde plana (ILPa) aldatzeko eta eguneratzeko aurkeztutako 8. espedientea, ebazpenaren I. eranskinean agertzen diren kokapenak barne, eta 3100702-Burlada-Centro_V04 estazioa 8. espediente horretatik atera zen, geroago bereiz tramitatu zedin.

3100702-Burlada-Centro_V04 estazio horri buruz, gobernu irekiaren atarian jendaurrean egon zen epean, alegazio hauek aurkeztu ziren:

Burlatako Udalaren alegazioak:

1. Alegatzen da ez dela justifikatu instalazioa beharrezkoa edo komenigarria denik, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legeak eskatzen duen bezala.

Hori dela eta, hona erantzuna: Ingurumen Zuzendaritza Nagusiko Ingurumen Eraginaren Atalak txostena eman du (espedientean jasorik dago), eta bertan azpiegituren lurralde planaren 8. aldaketa onestearen alde egin du, ez delako ukipen nabarmenik sortuko ingurumenean; adierazi du, gainera, 3100702-Burlada-Centro_V04 estazioa hiri lurzoruan dagoenez, ez dela baloratzeko modukoa ingurune naturalaren gaineko ukipenaren ikuspegitik. Azpimarratu behar da, beste alde batetik, zein den espedientearen xedea: bermatzea ukitutako estazioek betetzen dutela maiatzaren 6ko 10/2002 Foru Legea, Nafarroako Foru Komunitatean uhin elektromagnetiko ez-gidatuen bidezko telekomunikazioko oinarrizko estazioak antolatzen dituena. Beste erakunde batzuen ardura da araudi sektorialak betetzen direla egiaztatzea eta jarduketak baimentzea, hala badagokie. Beraz, ALP bat onestea arauzkoa da baldin eta planteatutako irtenbideak esposizioa ahalik gehien murrizten badu erabilera sentikorrekoak esaten zaien eremuetan eta emisioek ez badituzte gainditzen 10/2002 Foru Legean ezarritako mugak. Aipatu behar da, bestalde, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariaren azaroaren 27ko 1324/2000 Foru Agindua, telekomunikazioko oinarriko estazioak batera erabiltzeko prozedura arautzen zuena, baliogabetu egin zuela Auzitegi Goreneko Administrazioarekiko Auzien Salak, 2007ko abenduaren 27ko epaian, erabilera partekatua ezartzen duelako bata bestetik distantzia jakin batera dauden instalazioetarako, Estatuko araudiaren kontra, azken horrek ez baitu halako debekurik edo azpiegituren kopuruaren mugarik ezartzen.

2. Alegatzen da izapidetutako dokumentuak ez dituela behar bezala aztertzen instalazioa kokatzen den ingurunearen gaineko eraginak.

Hori dela eta, hona erantzuna: nahiz eta hasiera batean espedientean ez zen sartu emisio irrati-elektrikoen mailei eta erabilera sentikorreko eremuei buruz egin beharreko txostena, errekerimendua egin zitzaion operadore interesdunari (Telefónica Móviles España SAU) informazio hori osatzeko. Operadoreak informazio hori eman zuen espedientean sar zedin, eta hala hutsunea zuzendu zen. Eta, horren ondorioz, 2020ko maiatzaren 5ean alegatzaile guztiei bidalitako ofizioaren bidez, kokapenaren fitxa osoa igorri zitzaien informazio guztiarekin, egokitzat jotzen zituzten alegazio gehigarriak egin zitzaten hilabeteko epean. Ez da alegaziorik aurkeztu gai horren gainean.

3 eta 4. Alegatzen da izapidetutako dokumentuak ez duela justifikatzen gune sentikorren gaineko ukipena, ezta Burlatako ordenantza betetzen denik ere; eta, halaber, lehendik dagoen immisio mailaren neurketa jaso behar dela dokumentuan.

Hori dela eta, hauxe da erantzuna: lehen esan denez, dagoeneko espedientea behar bezala osatu da, emisio irrati-elektrikoaren mailei eta erabilera sentikorreko eremuei buruz egin beharreko txostena ere gehituta. Informazio horretan egiaztatzen ahal da emisio maila guztiak 10/2002 Foru Legean ezarritako mugez oso azpitik daudela. Gainera, oroitarazi behar da foru lege horrek gune sentikortzat jotzen dituela instalazioaren inguruetan 100 metro arteko distantziara dauden osasun etxeak, ospitaleak, zahar etxeak eta parke publikoak. Hala, osatutako informazio horretan 100 metro erradioko eremu horretako hiru gune sentikorrak identifikatzen dira (Francisco Zubiate “Parrita” plaza, Asketako plaza eta Ezkazabal plaza), emisio elektromagnetikoen azterketa teoriko banarekin, eta ez dira gainditzen 10/2002 Foru Legean ezarritako mugak. Azkenik, erantsi behar da, jada aipatu den bezala, espediente honen bidez bermatu behar dela aurkeztutako ILPa bat datorrela 10/2002 Foru Legearen preskripzioekin, eta ez ILPak gutxi edo asko betetzen duen Burlatako udal ordenantza, udal horri baitagokio ordenantza bete dadila eskatzea, bere jarduketa eremuan bidezkoak diren espedienteen bitartez.

Jesús Manuel Álvarez García jaunaren alegazioak:

Alegatzen du burugabekeria dela estazioa osasun etxe baten edo ikastetxe batzuen ondoan kokatzea. Alegatzen du, halaber, adinekoak eta haurrak bizi diren eraikinen alboan kokatu dela estazioa. Gune sentikorrei dagokienez, adierazten du inguruetan zenbait plaza eta botika daudela, are osasun etxe bat. Bestalde, estazio hau lehendik dagoen Vodafoneren estazioari gehituko zaiola eta emisioak batuko direla alegatzen du.

Hori dela eta, hona erantzuna: aurreko erantzunetan azaldu den moduan, instalaziotik 100 metrora baino gutxiagora hiru gune sentikor baino ez daude (parke publikoak dira), gune horietan emisio elektromagnetikoen nahitaezko azterketa egin da, eta ez dira gainditzen 10/2002 Foru Legean ezarritako mugak; azterketa horretan kontuan hartu da inguruko instalazio guztien emisioen batura.

María Teresa Cruchaga Archanco andrearen alegazioak:

Alegatzen du emisioek inguruetan bizi diren zahar, haur eta gaixoei eraginen dietela. Halaber, aurkeztutako fitxan babes-paralelepipedoaren neurriak 14,7 × 3,96 × 19,8 direla alegatzen du. Gune sentikorrei dagokienez, zenbait plaza, zenbait botika, mediku kontsulta pribatuak, osasun etxea eta zaharren egoitza aipatzen ditu. Zuhurtasun printzipioa ere alegatzen du, bai eta 10/2002 Legearen xedea ere: “Herritarren osasuna dela eta aurreneurriak hartzea eta hura zaintzea, eta ingurumen eragina gutxitzea”.

Horri dagokionez, erantzun behar da ezen, aurreko erantzunetan azaldu den bezala, instalaziotik 100 metrora baino gutxiagora hiru gune sentikor baino ez daudela (parke publikoak dira), gune horietan emisio elektromagnetikoen nahitaezko azterketa egin dela, eta ez direla gainditzen 10/2002 Foru Legean ezarritako mugak; azterketa horretan kontuan hartu da inguruko instalazio guztien emisioen batura. Erantsi beharra dago aipatutako osasun etxea eta zaharren egoitza instalaziotik 100 metrora baino gehiagora daudela. Paralelepipedoak, berriz, 10/2002 Foru Legean ezarritako mugak betetzen ditu.

Osasunaren gaineko balizko kalteei dagokienez, lehenik eta behin, adierazi beharra dago Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak dagoeneko eman duela bere iritzia herritarren osasunaren gaineko kalteei buruz, eta aldeko txostena eman duela espedienteari buruz; adierazi du ezen aurkezten den konponbidean oinarrituta teorikoki kalkulatu diren esposizio mailak telekomunikazioen arloko indarreko araudiak ezarritakoak baino txikiagoak direla.

Orobat, gogoan hartu behar da jendea eremu elektromagnetikoen eraginpean jartzeari buruzko Europar Batasuneko Ministro Kontseiluaren 1999ko uztailaren 12ko 1999/519/EE Gomendioan jasotako osasun babesaren irizpideak bere egin dituela irailaren 28ko 1066/2001 Errege Dekretuak, zeinak jabari publiko irrati-elektrikoa babesteko baldintzak, emisio irrati-elektrikoen murrizketak eta emisio irrati-elektrikoen aurreko osasun babeseko neurriak ezartzen dituen Erregelamendua onesten baitu. Aipatu 1066/2001 Errege Dekretuarekin bat, operadoreak Industria, Turismo eta Merkataritza Ministerioan (gaur egun Gai Ekonomikoetako eta Eraldaketa Digitaleko Ministerioa) tramitatu behar ditu instalazio bakoitzari dagozkion proiektu irrati-elektrikoak. Orobat, esan behar da aipatu ministerioak berak egiten dituela neurketak eta, ondorioz, telefonia mugikorreko estazioak baimentzeaz eta abian jartzeaz gain, hark egiten duela urtero neurketa horien kontrol zorrotza, urteko ziurtagiri edo autoziurtagirien bitartez.

Areago, eremu elektromagnetikoen eraginpean egoteak osasunarentzat izan ditzakeen ondorio kaltegarrien kasuei dagokienez, beren erabakia hartu dute hainbat erakundek; besteak beste, Munduko Osasun Erakundeak, zeina ondorio hauetara iritsi baita eremu elektromagnetikoei eta osasun publikoari buruz: “Kontuan hartuta esposizioaren maila oso apalak eta orain arteko ikerketetan jasotako emaitzak, ez dago froga zientifiko sinesgarririk oinarrizko estazioetatik eta hari gabeko sareetatik datozen RF seinale ahulek eragin kaltegarririk dutenik osasunean.”

2015eko ekainaren 24ko Erabakiaren bidez, Nafarroako Gobernuak erabaki zuen telekomunikazioen arloan eskumenak dituen departamentuak tramitatu eta ebatziko dituela Nafarroako Foru Komunitateko azpiegituren lurralde planak, 10/2002 Foru Legean arautzen diren horiek.

Horrenbestez, indarreko legedian ezarritakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluaren bidez ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Telefónica Móviles Españak Nafarroako Foru Komunitatean duen azpiegituren lurralde plana aldatzeko eta eguneratzeko aurkeztu duen 8. espedientea onestea, 3100702-Burlada-Centro estazioari dagokionez, barne direla ebazpen honen I. eranskinean agertzen den kokapena eta II. eranskinean agertzen diren determinazioak, ukitutako instalazioak bete beharko dituenak.

2. Ebazpen hau igortzea Biodibertsitatearen Zerbitzura, Elikagaien Segurtasunaren eta Ingurumen Osasunaren Zerbitzura, Ondare Historikoaren Zerbitzura, Lurralde eta Paisaia Zerbitzura eta Azpiegitura Teknologikoen eta Euskarri Zentroaren Zerbitzura.

3. Ebazpen hau eta dagozkion eranskinak Telefónica Móviles Españari eta alegatzaileei jakinaraztea, eta aditzera ematea ebazpenak ez duela administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126. artikuluan eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan xedatutakoarekin bat.

4. Ebazpen hau eta dagozkion eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.

Iruñean, 2020ko urriaren 5ean.–Telekomunikazioetako eta Digitalizazioko zuzendari nagusia, Guzmán Miguel Garmendia Pérez.

I. ERANSKINA

ESTAZIOAREN KODEA

UDALERRIA

UTMX

UTMY

ESPEDIENTEA

3100702

Burlata

613029

4742390

8. aldaketa

* Koordenatuak Datum sisteman (ETRS-89, 30. EREMUA) eman dira.

II. ERANSKINA

Determinazio orokorrak

–Elikagaien Segurtasunaren eta Ingurumen Osasunaren Zerbitzuak emandako txostenean ezarritakoa betez:

Irekitzeko lizentziaren fasean, eta oinarrizko estazioak martxan jarri baino lehen, teknikari eskudun baten ziurtagiria aurkeztuko da dagozkion udaletan. Txosten horretan justifikatuko da estazioak proiektu teknikoarekin eta aurkeztutako eranskinekin bat egin direla, eta emisio irrati-elektrikoetako esposizio mailen neurketa errealen emaitzak emanen dira. Neurketak erradiazio handiena den tokian eginen dira (bertaratzerik bada), barne direla bereziki aintzat hartu beharreko erabilera-eremuak, urtarrilaren 11ko CTE23/2002 Aginduan eta geroko aldaketetan ezarritako prozedurari jarraikiz eta maiatzaren 6ko 10/2002 Foru Legean ezarritakoarekin bat.

–Ondare Historikoaren Zerbitzuak emandako txostenean ezarritakoa betez:

Ondare historikoaren arloan indarra duen legedian ezarritakoarekin bat (Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legearen 59. artikulua eta Espainiako Ondare Historikoari buruzko 16/1985 Legearen 42.3 eta 44. artikuluak), ezagutzen ez den aztarna arkeologikoren bat agertzen bada aurreikusitako lanak egin bitartean, lanak gelditu eta horren berri eman beharko zaio, berehala, Arkeologia Atalari. Aipatu foru legearen 101.h artikulua aplikatuz, ohartarazpen hori ez betetzeagatik ondare historikoari eragiten zaion edozein ukipen arau-hauste larritzat hartuko da.

–Azpiegitura Teknologikoen eta Euskarri Zentroaren Zerbitzuak emandako txostenean ezarritakoa betez:

Operadoreak abenduaren 31n martxan dauden estazioen zerrenda aurkeztu beharko du, egun hori baino lehen, gutxienez datu hauekin: estazioaren kodea, UTMX eta UTMY koordenatuak, erabilitako teknologiak (GSM, UMTS, LTE, etab.), emisio frekuentziak eta sektoreen potentziak. Azken urtean estazioan aldaketarik izan ez bada, aski izanen da estazioaren kodea ematea eta adieraztea ez duela aldaketarik izan.

–Biodibertsitatearen Zerbitzuak emandako txostenean ezarritakoa betez:

Sustatzaileari gogorarazi behar zaio ezen, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren arabera, obretako udal lizentziak eman baino lehen instalazio bakoitzaren ingurumen ukipenetarako baimen egokia tramitatu beharko dela, baldin eta instalazioa lurzoru urbanizaezinean kokatzen bada eta aldez aurretik baimen hori ez badu.

–Lurralde eta Paisaia Zerbitzuak emandako txostenean ezarritakoa betez:

Lurzoru urbanizaezineko kokapenek, lurzoru urbanizaezineko jardueretako baimena behar badute, instalatu baino lehen tramitatu beharko dute baimena, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuan xedatutakoarekin bat. Orobat, aditzera ematen da baimen horiek eskatzeko behar den dokumentazio teknikoa aipatu uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuan zehaztuta dagoela, horren bidez onetsi baitzen Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina, eta ohartarazten da ezen, egin gogo diren instalazioak nahi diren tokietan gauzatzeak uki ditzakeen edo gauzatze hori baldintzatzen ahal duten azpiegiturei eta/edo zortasunei dagokienez, operadoreek, obrak gauzatu baino lehen, behar diren baimen eta txosten guztiak eskuratu beharko dituztela kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetatik.

Iragarkiaren kodea: F2011918