25. ALDIZKARIA - 2020ko otsailaren 6a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

IRAGARKIA. Epe irekiera, honako honetan parte hartzeko eskaerak aurkezteko: Nafarroako Gobernuak Mexiko Hirian antolatutako enpresa-misioa, gourmet eta bio elikaduraren eta Nafarroako turismoaren sektoreetarako.

Nafarroako Gobernuak Nafarroako hirugarren Nazioarteko Plana prestatu du, Foru Komunitatearen posizionamendua hobetzeko asmoz.

Nazioartekotze Planaren arabera, Mexiko da elika-katearen sektorearen ahalegina fokalizatzea merezi duten lehentasunezko merkatuetako bat.

Mexikok 127 milioitik gora biztanle ditu, eta oso agerikoak dira elikadura ohituretan izandako aldaketak, bai eta bizi estandarren igoera, saltoki handien hedapena eta elikagaien gero eta inportazio handiagoa ere. Horrek aukera handiak irekitzen ditu elikadura osasungarrirako eta gourmet motako elikadurarako.

Mexikoko merkatua aukera handi bat da sektoreko enpresa nafarrentzako, elikadura industriaren balizko hornitzaile izan baitaitezke. Horregatik, Nazioarteko Planaren lehentasunezko merkatuen eta nazioartean zabaltzeko laguntzen ardatzen barnean, Nafarroako Gobernuak enpresa-misio bat antolatuko du Mexiko Hirian maiatzaren 11tik 14ra.

Ekintzaren helburua da Nafarroako gourmet elikaduraren eta turismoaren sektorea sustatzea, topaketak bultzatuz eta bilera agendak antolatuz Nafarroako enpresen eta Mexikoko balizko bezeroen artean.

EKINTZAREN EDUKIA

Finantzatutako ekitaldiak honako jarduera hauek bilduko ditu:

–Mexikoko inportatzaile-banatzaile baten hitzaldia.

–Bisita gourmet produktuen kate eta saltokietara, merkatua ezagutzen hasteko.

–Sustapeneko ekitaldia, eta bertan, Nafarroako produktu eta plateren dastaketak, showroom-a eta showcooking-a, gastronomiako eta turismoko preskriptoreekin.

–Banakako bilerak antolatzea Nafarroako enpresen eta banatzaileen, inportatzaileen, gourmet produktuekin diharduten kateak erosteko arduradunen, eragile turistikoen eta aseguru-etxeen artean.

–Animazioak eta dastaketak dagoeneko Nafarroako produktuak saltzen dituzten Mexiko Hiriko supermerkatuetan eta gourmet produktuetan espezializatutako saltokietan.

–Ekitaldia Mexikoko Colegio Superior de Gastronomía delakoan, Nafarroako produktuekin eta sukaldaritzarekin.

–Sustapen liburuxka.

–Barneko joan-etorriak taldean.

Nafarroako Gobernuak bere gain hartzen ditu ekitaldiaren, topaketa enpresarial eta instituzionalen eta bisiten antolakuntza gastuak.

Hegaldiak, otorduak, ostatua edo bestelako gastuak enpresa bakoitzaren kargura izanen dira.

ENPRESA PARTE-HARTZAILEEK BETE BEHARREKO BALDINTZAK

Parte hartzen duten enpresek honako baldintza hauek beteko dituzte:

–Klusterrak.

–Elkarteak.

–Nafarroako Gobernua. Interesa duten departamentuak.

–Gourmet eta bio kanalerako produktuak dauzkaten enpresak.

–Nafarroan egoitza edo helbide soziala izatea eta bertan garapen eta/edo ekoizpen lanak gauzatzea.

ESKABIDEA AURKEZTEKO EPEA

Eskaerak nahitaez telematika bidez aurkeztuko dira, Nafarroako Gobernuaren Interneteko atarian dagoen zerbitzuen katalogoaren berariazko fitxaren bidez, iragarkia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasi eta martxoaren 6ra bitarte. Hona helbidea:

http://www.navarra.es/home_es/Servicios/ficha/8437/Convocatoria-para-participar-en-la-mision-que-organiza-el-Gobierno-de-Navarra-en-Ciudad-de-Mexico-para-los-sectores-de-alimentacion-gourmet-bio-y-turismo-navarros

Fitxa horretan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko esteka bat izanen da. Identifikatzeko, ziurtagiri digitala eduki behar da.

GEHIENEZ PARTE HAR DEZAKETEN ENPRESEN KOPURUA

Misioan 20 enpresak parte har dezakete, gehienez, eta gutxienez 8 enpresak parte hartu beharko dute. Parte-hartzaileak izen emateen hurrenkeraren arabera hautatuko dira.

Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuak eskaera onartu dela jakinaraziko die inskripzio-fitxan adierazitako helbide elektronikora mezua bidalita, eta ekintzarako prestatzeko bilera baterako dei eginen die.

ENPRESA PARTE-HARTZAILEEN BETEBEHARRAK

–Enpresaren datuak ematea, ekintzan parte hartzeko eskaeran ageri direnak.

–Misio komertziala egiten denetik hasita eta 15 eguneko epean, Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuak igorriko dien balorazio inkesta betetzea.

Iruñean, 2020ko urtarrilaren 16an.–Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuko zuzendaria, Miren Ausín Lecuna.

Iragarkiaren kodea: F2000800