25. ALDIZKARIA - 2020ko otsailaren 6a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

AEZKOAKO BATZARRE NAGUSIA

Batzarrekideak hautatzeko deialdia

Aezkoako Batzarre Nagusiaren Ordenantzen 13. artikuluan ezarritakori jarraikiz, batzarrekideak hautatzeko deia egiten da. Hauteskundeak 2020ko martxoaren 22an, igandez, eginen dira.

Ariben, 2020ko urtarrilaren 31n.–Batzarreburua, karlos Bueno Reka.

EGUTEGIA

Hautagai-zerrenden aurkezpena.

Hautagaiak aurkezteko epea otsailaren 4etik 17ra bitartekoa da, biak barne. Aurkezteko interesa duenak inprimakiak hartu ahal ditu Batzarre Nagusiko Idazkaritzan edo Aezkoako edozein herritako udaletxean.

Hautagai-zerrendak Batzarre Nagusiko Idazkaritzan aurkeztuko dira honako ordutegian: astelehenetik ostiralera, 09:00etatik 13:00etara. Horiekin batera errolda agiria aurkeztuko da.

Alegazioak egiteko epea.

Otsailaren 18an, aurkeztutako hautagai-zerrendak paratuko dira udaletxe bakoitzeko eta Batzarreko iragarki-tauletan, eta inpugnazioak egiteko hamar egun naturaleko epea irekiko da. Epea otsailaren 28an (barne) bukatuko da. Erreklamaziorik baldin badago, Batzarre Nagusiak ebatziko ditu horretarako eginen duen bilkura berezian, eta ondoren ezagutzera emanen dira hautagaiak eta behin betiko zerrendak argitaratuko dira.

Hauteskunde kanpaina.

Hauteskunde kanpaina hautagaien behin betiko zerrendak argitaratzen direnean hasi eta martxoaren 20an bukatuko da.

Hauteskundeak.

Udal bakoitzak hauteskundeen mahaiburua eta bi mahaikide eta dagozkion ordezkoak izendatuko ditu. Mahaia bozketa hasi baino ordu erdi bat lehenago osatuko da.

Martxoaren 22an, igandea, goizeko 09:00etatik 14:00ak arte, eginen da bozketa udal bakoitzak prestaturiko gelan eta hautesleei dagokien hauteskunde mahaian.

Alegazioak.

Martxoaren 24an, hautagaiek lortutako emaitzak jendaurrean jarriko dira udaletxe guztietan eta Aezkoako Batzarre Nagusian, eta inpugnazioak eginen ahalko dira 2020ko apirilaren 3a arte.

Batzarre Nagusiaren osaketa.

Hautatutako batzarrekideek Batzarre Nagusi berria osatuko dute 2020ko apirilaren 18an, larunbata, eguerdian.

HAUTESKUNDEETARAKO ARAUAK

1.–Boto-txartelen banaketa.

Aurkeztutako hautagai-zerrenden txartelak herri bakoitzera igorriko dira, beharrezko denborarekin, eta boto-emaileen eskura ere egonen dira bozketa egiten den lekuan eta egunean. Boto-emaileek aurkeztutako zerrenden arteko bat aukeratuko dute. Ezinen da hautagairik aukeratu zerrenda bat baino gehiagotik, zerrenda itxien sistema erabiltzen delako orain. Beraz, zerrenda osoari eman behar zaio botoa.

2.–Boto baliogabea.

Botoa baliogabetu eginen da boto-txartelean izenak aldatu, ezabatu edo tokiz aldatzen badira, ofizialak ez diren boto-txartelak edo gutun-azalak erabiliz gero, eta boto-txartelak gutun-azalean sartzen ez badira edo gutun-azal batean txartel bat baino gehiago sartzen bada. Hauteskunde-mahai bakoitzak erabakiko du botoen baliogabetasunari buruz.

3.–Posta bidezko bozketa.

Boto-paperak eta gutun-azalak Batzarreko bulegoetan eta udaletxeetan egongo dira hautesleen eskura. Botoa postaz eman nahi duten hautesleek honako prozedurari jarraituko diote:

–Boto-txartela bozketarako propio prestatutako gutun-azalean sartuko da. Gutun azal hori beste gutun-azal batean sartuko da, nortasun agiriaren fotokopia konpultsatuarekin batera. Horren atzealdean “Aezkoako Batzarre Nagusirako hauteskundeak” idatziko da, eta boto-emaileak sinatuko du.

–Hautesleak botoa ematea dagokion udalera bidaliko du posta ziurtatuaren bidez. Gutun-azalak martxoaren 20ra arte onartuko dira (ostirala, hilak 19, barne).

4.–Hautagaiek bete beharreko baldintzak.

Ordenantzan ezarritakoaren arabera, Aezkoako Batzarre Nagusiko kide izateko hautagai izan ahalko da Aezkoako edozein bizilagun, adin nagusikoa edo emantzipatua, baldin eta Aezkoa bailara osatzen duten udalerriren bateko Biztanleen Udal Erroldan izaera horrekin inskribatuta badago. Batzarre Nagusirako hautagai gisa aurkeztu nahi dutenek hautagaitza aurkezteko eredu bat izango dute eskura udaletako eta Batzarreko idazkaritzetan. Gutxienez 1 eta gehienez 9 hautagaiez osatutako hautagaitzak aurkeztu ahal izango dira. 5 hautagai edo gehiago aurkezten dituzten zerrendek gutxienez 2 ordezko aurkeztu beharko dituzte. Hauteskundeak egiteko 7 hautagai, gutxienez, aurkeztu beharko dira.

Batzarre Nagusia gutxienez 7 kidek eta gehienez 9 kidek osatuko dute.

Edozein zalantza argitzeko, deitu Batzarre Nagusiaren Idazkaritzara: 948 76 43 75.

Iragarkiaren kodea: L2001636